III. mendeko Brexita

  • Galia, 286. Maximiano erromatar enperadore berriak bagauden aurkako kanpaina abiatu zuen. 285ean, Dioklezianok matxino bagaudak mendean hartu zituen euskal lurraldeetan eta urtebete geroago Galian geratzen ziren erreboltariak txikitu zituzten. Kanpaina horretan, besteak beste, Marko Aurelio Karausio nabarmendu zen. Galia Belgika probintzian jaioa, Karausio menapioa zen jatorriz, baina inperioaren alde ari zen. Aurrez marinel lanetan izandako esperientziari bagauden kontrako arrakasta erantsita, Karausio Classis Britannica Britania probintziako itsas armadako komandante izendatu zuten. Senatuak Mantxako kanalaren alde banatako herriei erasotzen zieten piratak egozteko agindua eman zion.

Portchester gotorlekua, Ingalaterrako kostaldean, 1786ko ilustrazio batean. Gotorlekua Dioklezianoren aginduz eraiki zuten, baina Marko Aurelio Karausiok, berehala, erromatarren aurka erabili zuen.
Portchester gotorlekua, Ingalaterrako kostaldean, 1786ko ilustrazio batean. Gotorlekua Dioklezianoren aginduz eraiki zuten, baina Marko Aurelio Karausiok, berehala, erromatarren aurka erabili zuen.

Urtebetean, komandanteak egitekoa bikain bete zuen, harrapatu zituen itsasontzi kopuruari erreparatuz gero. Metodoari begiratuta, arrakasta ez zen hain garbia. Karausiok herriak arpilatzen uzten zien piratei eta gero ontziak atzematen zituen –Erromaren mesedetan– eta harrapakina ere bai –bere buruarenean–. Piratekin tratuak ere egin omen zituen, lapurtutako ondasunak banatzeko. Praktika zalantzagarrien zurrumurrua Erromaraino iritsi zen eta Maximianok Karausio exekutatzeko eskatu zuen. Epaiaren berri izan zuenean, Karausiok modu nabarmenean erantzun zuen: Classis Britannicaren, inguruko piraten, Britaniako hiru legioren eta Galiako beste legio baten babesaz, Britaniako independentzia aldarrikatu zuen eta bere burua bertako enperadore izendatu.

Eta Erromaren etsai bihurtuta, lagun berriak erraz egin zituen: piktoek eta erromatarren menpean zeuden beste herri batzuek Britaniako enperadore berriarekin bat egin zuten. 288an, Maximiano probintzia ohia berreskuratzen ahalegindu zen, baina Karausiok eta bere inguruan bildutakoek lortu zuten garaipena.

Erromatar Inperioaren agintea lautan banatuta zegoen: bi Augusto (Diokleziano eta Maximiano) eta bi Zesar (Galerio eta Konstanzio). Ezegonkortasun hori baliatu zuen Karausiok bere boterea egonkortzeko, harreman diplomatikoak abiaraziz, aliantza berriak bultzatuz eta Mantxako kanalaren kontrola indartuz. Txanpon propioak ere egin zituen, bere aurpegiarekin eta Restitutor Britanniae eta Genius Britanniae lelo apalekin. Eta abenturak zazpi urte iraun zuen.

293an Konstanziok Karausioren tropak menperatu zituen Galian. Beste hiru urte beharko zituzten Britainiar uharteak berreskuratzeko, baina Karausio 293an bertan hil zuen Alekto adiskideak. Heriotzean ez zuen Erromatik bereiztea lortu, lagunak laguna hiltzea erromatar "tradizioa" baitzen.


ASTEKARIA
2017ko irailaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromatarrak
Gerra Hotza eta Erromatar Inperio baketsua

Ekialde Hurbila, K.o. II.-III. mendeak. Erromatar Inperioak 1.000 kilometro inguruko defentsa lerro bat osatu zuen ekialdeko limes edo muga zaindu eta persiar armadaren nahiz tribu nomaden erasoei aurre egiteko. Lerro hura iparraldetik hegoaldera luzatzen zen, Palmiratik egungo... [+]


Erromatar legioaren "hozkailua"

Varsoviako unibertsitateko arkeologoek, Danubio bazterreko erromatar garaiko indusketa gune batean Antzinaroko "hozkailua" aurkitu dute.


Erroma salbatu zuten antzarak

Erroma, K.a. 406. Hiriak gerra deklaratu zion Veii herriari, handik 10 milia ingurura zegoen kokaleku etruriarrari. Urte luzez Veii aberastu egin zen, nagusiki gatz merkataritzaren kontrolari esker, pixkanaka erromatarrei itzal eginez.


Ponpeia baino lehen

Vesuvio, duela 3.800 urte. Sumendiak eztanda egin zuen enegarren aldiz, eta mendi magaleko Brontze Aroko Afragola herrixka errautsek estali zuten, K.o. 79an Ponpeia eta Herkulanorekin gertatu bezala.


Eguneraketa berriak daude