Papuarraren mezua: "Oihana desagertuz gero gizadia desagertuko da"

  • Papua Ginea Berrikoa da munduko hirugarren oihan handiena, Amazonas eta Kongo arroakoen atzetik. Astero iristen da handik landare edo abere espezie berri baten aurkikuntzaren berri, bertako milatik gora etnia eta hizkuntzak osorik ikertu gabe daude. Eta hala ere, munduko azken paradisutzat daukaten hura zuhaitzik gabe soilduz doa, haietako zura mundu osoan saltzeko Txinan transformatuta.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko apirilaren 02a
‘Frčres des arbres’ dokumentaletik hartutako irudian, Mundiya Kepanga –Huli leinukoen buruko eta sudurra trabesten dion apaingarri eta guzti– bere sorterritik eramandako enbor erraldoietako baten tamaina erakusten, Txinara zura esportatzeko Papua Ginea Be
‘Frčres des arbres’ dokumentaletik hartutako irudian, Mundiya Kepanga –Huli leinukoen buruko eta sudurra trabesten dion apaingarri eta guzti– bere sorterritik eramandako enbor erraldoietako baten tamaina erakusten, Txinara zura esportatzeko Papua Ginea Berrian espres eraikitako kaietako batean. Trafikatzaileek Malasian eraitsiak balira bezala faltsututa, Txinan enborrotako batzuk ohol edo altzari bihurtuko dituzte, baina beste asko okume tipoko kontraxaflatu merkeak ekoizteko baliatuko.

Martxoaren 21ean Oihanen Nazioarteko Eguna ARTE telebista frantses-alemanak ospatu du basoei lotutako film sorta eskainiz. Horien artean Frères des arbres (Zuhaitzen senideak), bigarren titulu daramana “Buruzagi papuar baten aldarria”. Interneten dago ikusgai.

“Munduaren hasieran ez zen ezer, isiltasuna eta gaua besterik ez. Egun batez txoriak hasi ziren kantari eta zuhaitz handiak erori lur gainera. Hurrengo goizaldean nire leinuko jendeak esnatu ziren eta geroztik naturaren erdian bizi izan dira, zuhaitzen artean. Ni Mundiya Kepanga naiz, Huli tribu papuarraren buruzagia eta basoaren enbaxadorea. Munduan zehar nabil denoi dagokigun mezu bat zabaltzen: oihana mehatxatuta dago, eta oihana desagertzen baldin bada gizadia osorik desagertuko da”.

Huli tribua mendi aldeko baso tropikalean bizi da Papua Ginea Berrian, Itsaso Barean Australia handiaren goiko aldean. Oihan primario bakanetako bat da, Kongo eta Amazonasekoekin batera gizakiak eraldatu gabe iritsi zaizkigunetakoa. Bertan bizi diren animalietako asko munduan beste inon ezin dira aurkitu: zuhaitzetako kanguroa, Victoria usapala, herrialdearen ikurra den Paradisuko hegaztia... Hegaztietan handiena, eta gizakiarentzako arriskutsuena haserrarazten baldin badute, 1,80 metroko altuera duen Casuariusa, indioilarraren itxura adina ostrukarena duena. Papuako Hulitarrek beren buruak dauzkate antzinako Casuarius baten oinordekotzat, haren arrautza batetik sortuak omen.

Marc Dozier frantsesa da dokumentalaren beste protagonista. 20 urte daramatza Papuako oihana iruditan biltzen. Hark kontatuko dio ikusleari Papuako oihanak berak bakarrik Europa osoak baino bioaniztasun aberatsagoa daukala. 20.000 landare mota, 1.500 zuhaitz klase, 3.000 xomorro espezie, 750 gora txori. Mundiyak hosto batzuk eman dizkio Marci: “Landare magikoa da, emakumeak seduzitzeko”.

Oihana benetako supermerkatua da, bizitzeko behar duten guztia eskaintzen die jendeei: fruituak, aleak, hostoak, onddoak eta jateko bezala edozertarako baliagarri diren landareak, lokarriak egiteko lianak… Janari preziatuak ere bai: enbor ustelduetan hazten diren harrak, atzamarra bezain potxoloak.

Mundiyak bere zuhaitz propioa dauka, amak orbel gainean erditu zuen lekuan aitak landatua. Arbola eta Mudiya senideak dira, honek besarkatzen du hunkiturik: “Ez dakit biotatik zein hilko den lehena. Baina ni hildakoan honen oinetan lurperatuko naute. Baldin eta orduan oihanik baldin bada…”.

Egunero milaka zuhaitz handi eraisten baitituzte Papua Ginea Berrian. Hitz egitera konbidatzen duten bakoitzean, Mundiyak erakusten ditu mapetan dagoenekoz oihanez soildutako eremuak. Huli jendea bizi den eskualdeko basoen erdia suntsitua izanen da 2021rako.

Dozierrek Mundiya famatu egin du batik bat Frantzian; eskoletara eraman, du legebiltzarrera, Nazio Batuen Erakunderaino... “Papuar baten ibilerak Frantzian” liburuarekin etekin arrakastatsua atera die oihanean sortutako Mundiyak Mendebaldeko zibilizazioan eduki dituen bizipenei.

Paradisua lapurrei oparitu

Marcek eta Mundiyak oihanak eraisten ari diren eremu bat bisitatu dute. Han beste papuar batzuk langile ari dira baso mozketan, jornalean. Malasia, Filipinak eta Indonesiatik etorritako atzerritarrak kontratatu dituzte, mundu modernoan biziraun behar, arbasoek utzi arbola adinik gabeak botaz. “Motozerrek zuhaitzak ebakitzen dituzte banana helduak bezain erraz. Erortzerakoan arbolek garrasi egiten dute, familiari eta munduari agur esanez bezala”.

Papua Ginea Berrian gaur 300 kontzesio daude oihanak eraisteko. 15 milioi hektarea atzerriko konpainia handiek ustiatuak. Frantziaren heren baten tamainako eremua motozerraren eta bulldozerren esku utzia.

Dokumentalean bisitatu dituzte dagoenekoz deforestatutako eskualdeak. Eta herritar triste haserretuak aurkitu: “Hutsaren truke eraman digute oihana, ez digute ezer utzi, ez eskola, ez osasun etxe, ez azpiegitura. Gure herriko boteretsuenek sinatu dituzte kontratuok. Larriena da gero edozein kexarekin jotzen baduzu konpainia horien bulegora… gure polizia aurkitzen duzula bertan, geure larruazal bera dutenak, geuk pagatuak, baina atzerritarren interesak defenditzen”.

Eraitsi ostean, zuhaitz erraldoiak itsasorantz daramatzate kamioi handietan. Horietatik itsasontzietara. Papua Ginea Berria munduko zura esportatzaile nagusia da. Urtero 50 milioi metro kubo enbor doaz Txinara, baina tartean paperak faltsifikatuta nazioarteko trafikoaren kontrolak engainatzeko; bitartekari malasiarrek trikimailua antolatu dute. Txinan bihurtzen dituzte ohol, lur-zoru, paper, kaxa, ate, aulki… ondoren AEBetara, Amerikako beste herrialdeetara eta Australiara saltzeko. Herritarrei merbau edo wenge zura 10 euro pagatzen diete metro kubikoa, nazioarteko merkatuan 342 euro kobratzeko.

Konpainiak indartsuegiak dira herritar hain ahulentzako. Nahi adina diru daukate jendea erosteko, basogintzarako antolatu diren langile-herrixka berrietako bizimodu eroan ikusten den bezala. Botere politikoak amen esaten die denetan: 2007an Papua Ginea Berriko legedia aldarazi dute herrialdeko oihan gehienetan atzerriko konpainiek eskua sartu ahal izan dezaten.

Frères des arbres dokumentalak iradokitzen du Oro probintziako gobernadore Garry Juffa dela salbuespena, legea urratuz zuhaitzak eraisten dituztenak pertsegitzen dituen bakarra. Nahiz eta irudietan agertzen duen jite autoritario demagogoak ikusleari zenbait susmo pizten dion.

Oihanen beste eremu handiak oliotarako palmondoz ordezkatu dituzte. Milaka urtetako ekosistemak suntsituta, palmondo soro itzelak, eta haietan obrero papuarrak halamoduzko bizimodua irabazten, umetako oihanak galdurik. Batek Mundiyari: “Baina benetako arbolarik uzten ez badugu ez da gehiago izanen zuk buruan daramatzazun lumak bezalakoak dauzkaten hegaztirik”.

900 tximeleta espezie daude Papua Ginea Berrian. “Ornithoptera Alexandrae” munduko handiena da, emeak 27 zentimetroko zabalera eduki dezake. Tximeleten esportazioa ere diru iturri dute hainbat herritarrek eta jatorrizko oihanen kontserbazioaren aldeko talde batzuek sustatzen dute, pizgarri eraginkorra direlakoan.  Baina tximeletak, Huli jendearen ohiturak eta errituetarako behar dituzten osagarri guztiak bezala, oihana bizirik atxikitzearen baitan daude. Mundiyak diotso Marc zinegileari: “Zuek zuriok, jende bitxia zarete, zuen basoak asko zaintzen dituzue, baina ez duzue errespetu bera urruti bizi garenon oihanekiko”.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Deforestazioa

Deforestazioa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude