ARGIA.eus

2020ko ekainaren 02a

Orbeldi errioa

  • Mizpirak ekarri zuen itulan udazkena, baina azaroa haizeak udazkentzen du. Orain, egun-argia motzenera ekarri zigun sasoiari errematea eman eta neguari ere haizeak irekiko dio kereta. Haizeen mende bizi behar.

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2016ko abenduaren 25a
(Argazkia: Jakoba Errekondo).
(Argazkia: Jakoba Errekondo).

Udazkentzearena egun batekoa izan ohi da, niretzat. Jeneralean, haizete batek baino gehiagok biluzten eta azal-bizitzen dituzte landareak, pixkanaka, hostoak prestatu ahala. Aurten, baina, nabarmena izan da. Garoak ebakitzeko lizentzia ekarri zuen irailetik hasi eta gaztainazituan segi, urtaro gozoa izan da; haizeak azaroa bururatu duen arte. Haize horri behar bezalako harrera egiteko, zuhaitzek, arboleek eta zuhaixkek ikaragarrizko kolore deigarrizko soinekoak jantziak zituzten. Haizea berandutzen, eta landareek, luze etsita, soinekoak aspaldiko kolore sorta ederrenekin loratuta. Ufako bolada arte, haizea indarrean harrotu eta biluztea ikusgarria izan da. Haizeak jantzi zuen basoaren soinekoa. Haize guztia baso zen. Haize bat hosto. Gau osoan dantzan ibili zen hosto jendea, denak elkarren arrimuan, haize-sokan. Eta halako batean, haizea nekatu zenean, bazterretara bildu eta ezkutatu egin zen. Soinekoa bazter horietan geratu da. Hostaia orbeldu da. Orbeldi izena duen zokoa bada gure auzoko herrian, haize hotzak habia orbeletan egiten duen bazter ospela.

Bazterretatik urak bereganatu eta mugitu du orbela. Errekak, ibaiak, errioa eta itsasoak jantzi dute orduan hosto soinekoa. Gure etxepeko errioan mareak gora jo zuenean, ur gaina erabat hosto zen. Errio bat orbel.

Badira, haizeak haize, oraindik ere koloretako soinekoari soinean eusten diotenak. Etxetik urrutira gabe, egunero ikusten dudan sagarrondo bat (Malus x domestica) aspaldiko urteetan ezagutzen dut, eta, urtetik urtera, bere egoskorkeria txalotzera geratzen naiz bere azpian. Gehiago maite dut bere hostaiaren kolore dantzagatik, bere fruituengatik baino. Gaur, negu, oraindik gorri dago. Eguna nola luzatzen den ikusten.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Bestelakoak

Bestelakoak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2016ko abenduaren 25a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude