Euskal erakundeak, bidelagun baino gehiago

  • Kirol profesionalaren eta administrazioaren arteko lotura garai ez hain urrun batean estuagoa zela diote askok, krisiaz geroztik gizartea eta klase politikoa ez daudela prest edozein inbertsio onartzeko, lehentasun garrantzitsuagoak badirela-eta. Oparoaldi urteak pasa omen dira jada. Baliteke, baina harremana indarrean dago oraindik, intentsitate apalagoarekin azaleratzen bada ere. Laguntza publikoak bide desberdinetatik heltzen dira: zuzeneko diru-partidak (babesletzak, uneanuneko kanpaina instituzionalak edota azpiegituren finantzaketa), abantaila fiskalak, instalazio publikoen erabilera (ia) esklusiborako alokairu irrigarriak, higiezinen espekulazioa eta abar. Baita Euskal Herrian ere. “Ez egin demagogiarik”, entzungo duzue hala ere laguntzen egokitasuna zalantzan jarriz gero. Egia da hamaika adar duen gai korapilatsua dela eta ez dagoela gauzak sinplifikatzerik, baina zer eztabaidatu badago bederen. Larrun honetan saiatu gara zenbaki artean ez katramilatu eta datuak testuinguruan kokatzen, baliatuz besteak beste Athletic futbol taldeko eta Bizkaiko Diputazioko ordezkarien, Indar Baskonia hintxa taldeko Ibai Trebiñoren eta EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko dekano Maite Fuentesen azalpen eta iritziak.

BBK-ko, Bilboko Udaleko, Bizkaiko Diputazioko, Athletic-eko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, 2009an, San Mames Barriaren maketaren aurkezpenean. Guztiek egin dute ekarpen ekonomikoa.
BBK-ko, Bilboko Udaleko, Bizkaiko Diputazioko, Athletic-eko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, 2009an, San Mames Barriaren maketaren aurkezpenean. Guztiek egin dute ekarpen ekonomikoa.BIZKAIA.EUS

1992an Donostiatik abiatu zen Frantziako Tourra. Ordura arte ez zen sekula Espainiako Estatuko hiri batetik atera, eta 25 urteotan ez da berriro halakorik gertatu. Urte hartan Sevillan egin zen Expo Erakusketa Unibertsala, Madril izan zen Europako Kulturaren Hiriburu, Bartzelonak antolatu zituen Olinpiar Jokoak eta, txirrindularitza albo batera utzi gabe, jokatu ziren Munduko Txapelketa Benidormen eta Nazioen Sari Handia Mallorcan. Instituzioek patrikak bero-bero zituzten garai oparoetan ekarri zuten Frantziako Tourra Gipuzkoara, 300 milioi pezeta ordaindu eta gero.

Tourraren gaur egungo zuzendari Christian Prudhomme Bilbon izan zen pasa den irailean, Espainiako Vueltako etapa bat han amaitu zen egunean, Udaleko eta Diputazioko ordezkariekin biltze aldera, Tourra etorkizun hurbilean Bizkaiko hiriburura eramateko asmoa iragarri baitute bertoko instituzioek. Udalak 120.000 euro ordaindu ditu Vueltako etapagatik, eta 100.000 (etapa hasiera baldin bada) edo 600.000 euro (helmuga) ordain litzake, gutxi gorabehera, Tourreko karabana erraldoia  ekartzeagatik, horri gehituz segurtasun, argiztapen edota mantenu lanek sor ditzaketen gastuak. Balantzaren beste aldean, agintarien argudiorik erabiliena, hiriaren promozioa –helikopterotik hartutako irudiak medio– eta lasterketak utziko lukeen dirutza, ostalaritzaren sektorean batez ere (Iturria: Expansión).

Europako Batzordearen “zigorra” athletic eta osasunari

2013an inauguratu zuten Bilboko San Mames Barria. Futbol zelaia eraikitzeko 186 milioi euro baliatu dira eta horietatik 43 jarri ditu Athletic-ek. Beste hainbeste bideratu dute Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta BBK kutxak, eta 11 milioi euro Bilboko Udalak.

Duela hiru urte jasotako salaketa bat tarteko, Europar Batasuna (EB) aztertzen aritu da futbol zelai berriaren finantzazioan Udalak, Diputazioak eta Jaurlaritzak parte hartu izana interpreta ote zitekeen Athletic taldeari emandako estatu-laguntza moduan. Ezetz esan du, kontuan eduki behar direlako besteak beste klubari ezarri zaizkion kanon eta kontra-prestazioak, estadioari emango zaion erabilera publikoa eta eraikiko diren instalazio berriak.

Aldiz, Bruselak eskatu die Athletic eta Osasunari, baita Madril eta Bartzelonari ere, Ogasunari 5 milioi euro (gehienez) itzultzeko, Estatuak emandako laguntza publikoen zati bat legez kanpokoa baita. Europak dio klub horiek jaso dituzten pribilejio fiskalek lehiakortasun printzipioak urratu dituztela, mesede egin dietela beste talde batzuen kalterako. Kontua da, haien izaera bereziagatik, irabazi asmorik gabeko entitate bezala tratatuak izan direla, Espainiako gainerako futbol talde profesional guztiak kirol elkarte anonimoak (SAD) direnean. Alegia, sozietateen gaineko zergari dagokionez %5 gutxiago ordaintzen aritu direla: %25eko tasarekin eurak eta %30arekin beste denak. “Zergadunen dirua futbol talde profesionalak finantzatzeko baliatzea txapelketak faltsutu ditzake”, azaldu du EBko Lehia komisario Margrethe Vestager-ek: “Fondo publikoak ezin dira talde zehatz batzuei mesede egiteko baliatu, kasu honetan gertatu den bezala”. Real Madrilek, bere aldetik, 18 milioi euro gehiago itzuli beharko ditu Udalari saldu zizkion lursail batzuen balioa gehitxo puztu zutelako.

Hain justu, Europako Batzordearen erabakira egokitzeko, kirol talde profesionalen zerga trataera aldatzeko foru araua onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek hilaren 14an, alderdi guztien onespenarekin. Osoko bilkurak araua berretsita, klub profesionalek sozietate anonimoen trataera bera jasoko dute aurrerantzean. Ikusteke dago, dena den, aldaketak berarekin ekarriko ote duen Athletic-ek dirua (%5eko alde hori) itzuli behar izatea ala ez. Itzultzekotan, 2012az geroztik aurreztutakoa itzuli beharko du, hortik atzerakoek preskribitu egin dutelako jada.

Bi kasuek, ziklismoaren esparrukoa lehenengoa eta futbol mundukoa bigarrena, erakusten dute oparoaldi garaiak amaitu ziren arren, administrazioen eta kirol profesionalaren arteko lotura mantendu egiten dela. 2007az geroztik, gainera, krisi ekonomikoa medio, laguntzen egokitasunari eta kasu batzuetan legezkotasunari buruzko eztabaida biziago dago lehen baino. Larrun honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errealitateari heldu diogu batez ere, gizonezkoen futbola eta saskibaloia ardatz hartuta, diru-laguntza publikoen konplexutasunaz jabetzeko adibiderik argienak direlakoan.

San Mames Barria, obra “estrategikoa”

Kirol talde profesionalek jasotzen duten laguntza publikoari buruzko datu zehatzak biltzea ez da erraza, besteak beste haien politikaren parte delako egoera ekonomikoaren ingurukoak gehiegi ez haizatzea, eta konfidentzialtasun legeak debekatzen duelako zergadunen gaineko informazioa ematea, Athletic futbol taldearen eta Bizkaiko Diputazioaren prentsa bulegoetatik azaldu diguten moduan. Gutxi gorabeherako zifra batzuk ematerik badago, dena den.

Aipatu bezala, San Mames Barria estadioaren aurrekontua 186 milioi eurokoa izan da. 43na milioi jarri dituzte Athletic-ek, BBK-k (Kutxabank), Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Diputazioak (horietatik 17 zelai berria dagoen lursailaren balioagatik); eta 11 milioi Udalak (beharrezko lizentziak ez kobratuta). Teilatuaren handitzea (12,6 milioi euro) klubak hartu du osorik bere gain. Urteko alokairuagatik 500.000 euro kobratzen zaizkio futbol taldeari eta mantenu nahiz segurtasun gastuak haren bizkar daude. San Mames Barria S.L. sozietatea da estadioaren jabea, hura finantzatu zuten bost entitateek osatzen duten erakundea.

Merkatuko balioaren azpitik dagoela iritzita, Podemos-Ahal Dugu edota UPyD alderdiek alokairuaren prezioaz galdegin diote Ogasun diputatu Jose Maria Iruarrizagari. Haren hitzetan zentzuzko kopurua da, kontuan hartuta Bizkaiko Foru Aldundiak urtean bi ekitaldi antola ditzakeela bertan, eta eskubidea duela palkoa eta aparkalekua erabili edota publizitate instituzionala jartzeko. “Obra estrategikoa da, lurraldearen promoziorako garrantzitsua”, azaldu digute Diputaziotik.

Kontraprestazio horien guztien balioa 1,5 milioi eurokoa dela azaldu zuen Iruarrizagak, irailaren 28an Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Orduan zioenez, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari (HKEE) zegokion operazioaren zilegitasunaz erabakitzea, oposizioak mesfidantzaz hartu zuena hein batean, Jose Luis Bilbao delako erakunde horretako presidentea, futbol zelai berriaren operazioa gauzatu zenean Bizkaiko ahaldun nagusia zena. Edonola ere, ez Europak ezta kontuen epaitegiak ere ez dute motiborik ikusi alokairu-baldintzak aldarazteko. “Epaitegi honen ustetan, San Mames Barria sozietateak [bizpahiru espedientetan topatutako lege hausteak alde batera] zuzentasunez bete du 2007tik 2014ra bitarteko ekitaldietan ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia”, irakurri daiteke HKEEren Fiskalizazio Txostenean. Akordioak jasotzen duenez, 50 urterako sinatu duen alokairu-hitzarmena amaitzean, futbol zelaia 66 milioi euroren truke erosi ahal izango du Athletic-ek.
Podemos-Ahal Dugu eta UPyD-ko ordezkariek salatu dute salmenta-prezio hori “pagotxa” dela, klubak “fabore tratua” izan duela eta San Mames Barria sozietatea eta kontu epaitegia ez direla “gardentasunez” jokatzen ari. Zentzu horretan, klubak gogorarazi du Espainiako Estatuko futbol taldeen artean Athletic-ek ordaintzen duela alokairurik altuena, bigarrenarekiko alde nabarmenarekin gainera. Realak, esaterako, bere garaian 500 milioi pezeta (3 milioi euro) baino ez zituen ordaindu 40 urtez Anoeta erabiltzeagatik.

Atletismo pistak kentzea, aspaldiko nahia

Anoeta estadioa 1993an inauguratu zuten. Hura eraiki eta ingurunea birmoldatzeko 48 milioi euro baliatu ziren. Kopuru horretatik %85 instituzio publikoek jarri zuten: Udalak 18 milioi, Eusko Jaurlaritzak 13, Gipuzkoako Diputazioak 10 baino zertxobait gehiago, Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) 3,6 eta Realak aipatutako 3 milioiak besterik ez. Instalazioak Udalak kudeatzen ditu, Anoeta Kiroldegia sozietatearen bitartez.

Ia inaugurazio egunetik bertatik zelaia inguratzen duten atletismo pistak eztabaida-iturri izan dira, eta urteetan apenas erabili direla ikusita, sektore batzuetatik maiz egin da korrikalarientzako eremua kentzeko eskaera, euren hitzetan harmailak joko-zelaira hurbilduta Atotxa zaharreko giroa berreskuratuko litzatekeelako. Baina dela krisiak eztanda egin zuelako edo instituzioak San Mames Barriara begira zeudelako –hedabide ugarik interpretatu duen moduan–, proiektuak ez du aurrera egiterik lortu, harik eta Realak iragarri zuen arte eraberritze obren zatirik handiena klubak ordainduko zuela.

Anoeta berritua, atletismo pistarik izango ez duena, 2019an inauguratuko dute, aurreikuspen baikorrenak betetzen badira. Obren aurrekontua 51 milioi eurokoa da. Hilaren 14an Kutxabankekin lortutako aurre-akordioak zehazki zein kopuru jasotzen dituen jakiteke dagoela, Realak %50 jarriko du –zuzenean– eta beste erdia Anoeta Kiroldegiak. Zentzu horretan 12 milioi gehiago bideratuko ditu klubak, Donostiako Udalari mailegu, Anoetaren erabilera eta ustiaketarako kanon bezala. Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro jarriko ditu eta Diputazioak 4 milioi. Kontraprestazio gisa, estadioa ustiatzeko epea 2033tik 2067ra arte luzatuko zaio Realari. Udaleko bost alderdietatik lau (EAJ, PSE, Bildu eta PP) agertu dira proiektuaren alde, eta bakarra (Irabazi) aurka.

Eneko Goia Donostiako alkatea, Jokin Aperribay Realeko presidentea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia / REAL SOCIEDAD

Hain justu, Eneko Goiak, Donostiako alkate eta Anoeta Kiroldegia sozietateko lehendakariak, urriaren 11n jakinarazi zuen kargutik kenduko dutela sozietatearen administrazio kontseiluan Irabazik duen ordezkari Loïc Alejandro, “estadioaren birmoldaketaren aurka azaldu eta bere jardunak Anoeta Kiroldegiari kalte egin diolako”. Arrazoia da, labur azalduta, Irabazik Eusko Jaurlaritzako Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoari (KEAO) aurkeztutako helegiteak, partzialki onartua izan zenak, baldintza-agiriak aldatzera behartu eta obrak atzeratu dituela. Alejandro kargugabetzeko erabakia EAJ eta PSEk babestu dute; EH Bilduk “alkatearen jauntxokeria” salatu du eta PPrentzat “gogor samarra” izan da.

Proiektuak kostatuko duen 51 milioi euroetatik 44 bideratuko direla Anoetara, ia 3 milioi miniestadiora, 800.000 Kirol Etxera, 500.000 Ernest Lluch zentrora eta 180.000 Gipuzkoako Federazioaren egoitzara.

Markel Olanoren aurkako kereila

Pasa den martxoaren 16ean Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak tramitera onartu zuen Realeko presidente ohi Iñaki Badiolak Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanoren aurka jarritako kereila. “Faltsifikazio eta prebarikazio” zantzuak atzeman ditu epaileak, 2009an futbol taldeari 6,4 milioi euroko zorra barkatu zitzaiola-eta (gainera, 6 milioi euroko laguntza eman zion). Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2012ko otsailean argitaratutako txostenak egin zuen publiko zor barkatzea. Realeko kontseiluak bere garaian argitu zuen “legeak aurreikusitako baldintzapean” barkatu zitzaiola zorra: “1982ko irizpide bati jarraiki, bazkideen ordainketen zati bat ez dago BEZari lotuta”. Klubak azaldu berri du 2009az geroztik Ogasunarekikoak konponduta daudela. (Iturria: ARGIA)

Alaves eta Eibar: Alokairua, debalde

Anoetaren kasuan bezala, Udalarenak dira Eibarreko Ipurua eta Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaiak ere bai. Aitzitik, Eibar eta Alaves taldeek ez dute alokairurik ordaintzen. Ipurua handitzeko obren kostua (3,2 milioi euro) Eibarrek hartu du ia osorik bere gain; Gipuzkoako Diputazioak %10 (320.000 euro) jarri du.

Bereziagoa da, bestalde, aspaldian lokatzetan ibili den Osasunaren kasua. Sadar estadioa (laguntza publikoen arabera beste izen ofizial bat hartu izan duena) eta Taxoareko instalazioak Ogasunari eman zizkion 2014an, 53 milioi euroko zorraren parte handi bat (43 milioi) kitatzeko, eta alokairuagatik urtean 150.000 euro besterik ez ditu ordainduko datozen 30 urteetan (75.000 euro berriro 2. mailara jaisten bada). Ez da harritzekoa, beraz, Osasunako presidente Luis Sabalzak esatea klubak ez duela Sadar eta Taxoare berreskuratzeko batere beharrik: “Agian, hobe da dirua bankuan izatea, adreiluetan inbertitzea baino. 30 urterako kontratua dugu sinaturik; ordurako jada ez naiz biziko”, adierazi du. Kontuan izan behar da, halaber, instalakuntzen tasazioak eragin duen zalaparta, hasiera batean Ogasuneko teknikariek kalkulatu baitzuten 30,5 milioi euroko balioa zutela, eta ez 43koa.

Publikoak dira, era berean, Bilbao Basket eta Baskonia saskibaloi taldeek erabiltzen dituzten pabilioiak. Udalarena da Miribillako kiroldegia eta Arabako Diputazioarena Buesa Arena. Kluben ardura da instalazioak txukun mantentzea. Baskonia Taldeak emandako datuen arabera, 2008-2013 artean 3.670.000 euro ordaindu zituen Buesa Arena eta Mendizorrotzaren mantenu-lan eta ur edota argindar hornikuntzagatik.

Bilbao Basket: Zurrunbiloaren erdian

Miribillako kiroldegia (Bilbao Arena da izen ofiziala) 2010ean inauguratu zuten (lehenago BECen jokatzen zuen Bilbao Basketek). 38 milioi euroko faktura erdibana ordaindu zuten Udalak eta Diputazioak.

Taldeko akzionista nagusia zen Gorka Arrinda enpresariarekin lehen eta hura gabe orain, Bilbao Basketek instituzioekin mantendu duen harremanak zeresan ugari eman du azken urteotan, onerako zein txarrerako. 2012-2014 epealdia bereziki nahasia izan zen; jokalariek greba ere hasi zuten soldatak kobratu ez zituztelako. Bizkaiko Diputazioak erabakita zuen kirol talde profesionalentzako laguntzak kenduko zituela (Bilbao Basketek 1,9 milioi euro jasotzen zituen), baina babesle pribatuak (Uxue energia enpresak) zegokion kopurutik euro bakarra ere ordaindu ez zuela-eta, 2013an kluba erreskatatzea erabaki zuen, horretarako 5,2 milioi euro bideratuta. 1,5 milioi fondo publikoetatik atera ziren, eta Ogasunarekin zuen 3,7 milioi euroko zorra barkatu egin zitzaion taldeari. Instituzioak akordioa zuen sinatua Bilbao Basketekin, 2014-2016 bitartean 5,7 milioi euro emateko (urtean 1,9 milioi). Hitzarmena bertan behera utzi eta dirua aurreratzea hobetsi zuten. “Zorra kitatu eta 2016rako hitzarmena bertan behera utzita, une honetatik aurrera ez dago kontratuzko harremanik Bilbao Basketekin”, adierazi zuen Jose Luis Bilbao diputatu nagusiak: “Taldearen salbazioa ekarri du, baina orain gestoreei dagokie bideragarritasun plana egitea, Diputazioaren babesletzarik gabe”.

Gorka Arrinda (ezkerreran) eta Pedrag Savovic (eskuinean), Bilbao Basketeko akzionista nagusi eta presidente ohiak, Uxue enpresako ordezkariarekin (erdian). 2012-13 denboraldi nahasian babestu zuen (nolabait esatearren) energiaren sektoreko konpainiak saskibaloi taldea. / EITB.EUS

Ahaldun nagusiaren hitzetan, Bilboko kluba erreskatatzea erabaki zuten 2014ko Munduko Txapelketako lehen fasean AEBetako selekzioak BECen jokatzeko –eta horrek lekarkeen inpaktu ekonomikoa ez galtzeko– ezinbestekoa zelako taldea ez desagertzea. EH Bilduko ordezkariek ordea bestelako datua eman zuten: Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioak Espainiako Saskibaloi Federazioarekin sinatutako hitzarmenaren arabera, AEBetako selekzioa BECera ekartzeko nahikoa zen instituzioek 700.000 euro ordaintzea (Munduko Txapelketako egoitzetako bat izateagatik Bilbok jada ordaindu zituen 1,8 milioi euroez gain), kluba desagertu ala ez. (Iturria: Naiz.info)

>>> Munduko saskibaloi txapelketak 35 milioi euro utzi ditu Bilbon eta Bizkaian (Datuak grafikoki)

Erabakiak polemika eragin zuen, testuinguru berezian gertatu zelako. Izan ere, 2012ko abenduaren 22an onartutako foru-aurrekontuetan %80 murriztu ziren Gizarte Inklusiorako Laguntza Berezietarako baliabideak. 2011n 3.615.000 euro bideratu ziren, eta 2012an 737.000 euro. (Iturria: El País)

Zorra atzeratu eta erreskate berria

Denbora igarota, saskibaloi taldearen egoera konpontzeke zegoen. 2015eko abenduaren 30ean Diputazioak onartu zuen klubak Ogasunarekin zuen 6,5 milioi euroko zorraren zati bat (3,1 milioi) hiru urtera atzeratzea, babesle nagusiaren (Dominion) abalari esker.

Eta 2016ko ekainean, “Administrazioak taldea erreskatatu du” moduko titularrak azaldu ziren berriro ere. ACB ligatik kanporatuko lukeen hartzekodunen konkurtsoari iskin egin zion klubak, milioi bat euroko kreditu-lerroa lortuta. Zuzendaritzak iragarri zuen 2,7 milioi euroko zorrari aurre egiteko modurik topatu ezean ordainketak eten behar izango zituela, eta Rural Kutxak aipatu kreditu-lerroa eman bazion, Bilboko Udalak egindako ahaleginagatik izan zen, hark jarri baitzuen operazioak eskatzen zuen milioi bat euroko abala. Udalak urtetik urtera berritu ohi zuen lankidetza hitzarmena Bilbao Basketekin, baina egoerak behartuta bost urterako diru-laguntza onartu berri du: 200.000 euro urtean, 2017tik 2021era bitartean. Bilboko alkate Juan Maria Aburtok adierazi du laguntza hori jaso ezean taldea desagertu egingo litzatekeela: “Bilbao Basket ez da kaudimengabe deklaratu edo porrot egin duen enpresa bat, altxortegi-arazoak dituen kluba baizik”. PSEk eta PPk akordioa babestu zuten, EH Bilduk eta Udalberrik aurka bozkatu eta Ganemos-Goazen Bilbao abstenitu egin zen. “Laguntza hori jaso ahal izateko taldeari eskatzen zaion bakarra partidak jokatzea da, ez dago batere gaizki”, zioen EH Bilduko bozeramaile Lander Etxeberriak. “Klubak hiriari balio erantsia ematen dion arren, pribatutik kudeatu beharreko enpresa pribatua izaten jarraitzen du”, gehitu zuen Ganemos-Goazen Bilbao alderdiko Francisco Samir Lahdou-ek.

Zorrak kudeatzeko moduak Araban ere sortu du eztabaidarik, Baskonia saskibaloi taldearen inguruan bereziki.

Baskonia: Baldintza onuragarriak

Javier de Andrés (PP) buru zuen Diputazioak “ordainketa plan berezia” onartu zuen 2014ko abenduaren 30ean, taldeak Ogasunarekin zuen 7,5 milioi euroko zorrari aurre egiteko. “Arabako Ogasunak Saski Baskonia erreskatatu zuen”, irakurri zitekeen Eldiario.es agerkariak 2016ko abuztuaren 9an plazaratutako artikuluan. 725/2014 akordioa medio, zorrari aurre egiteko epea 2020ra arte luzatu zitzaion Baskoniari. “1995az geroztik sinaturiko plan ‘bereziak’ hobetzen ditu akordio horrek”, nabarmendu zuen Iker Rioja kazetariak. Bi egun beranduago, abuztuaren 11n, Baskoniak idatzia kaleratu zuen. Zioenez, 2014an zituen zorrak ez ziren 7,5 milioi eurora iristen, nahiz eta onartu atzeratutako dirua ordaintzeko egutegi berria negoziatu zuela.

Zera dio, hitzez hitz, 2014ko abenduaren 30eko Arabako Aldizkari Ofizialak: “Diputatuen Kontseiluaren 725/2014 erabakia, Saski-Baskonia SAD sozietateari onartzen diona ordainketa plan berezi bat, Arabako Foru Ogasunarekin ordaintzeke dituen hainbat zerga zor kitatzeko”. Eta beste hau, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aurkeztutako 2014ko fiskalizazio txostenak (15. orrialdean):  “Diputatuen Kontseiluaren 725/2014 erabakiaren bitartez zordun bati 7,5 milioi euroren printzipalaren gainean zatikapena eman zaio; horietatik 5,1 milioi euro aurrez geroratu eta zatikatutako zorrak dira, 5 urteko aldirako, araudi arautzailean ezarritako epea gaindituz eta inongo bermerik aurkeztu gabe”. Ezin esan, beraz, Eldiario.es-ek emandako datua oso aldrebesa denik.

Are gehiago, SER irrati katearen arabera, Ramiro Gonzalez (EAJ) ahaldun nagusiaren gobernuak ere Baskonia “erreskatatu” zuen 2015eko abenduan, Ogasunarekin zuen 6,5 milioi euroko zorra atzeratu eta zatikatzeko eskariari berriro men eginda. Plan berria adar bikoa da: batetik, ordainketak 5 urtetan zatikatzen dituena; bestetik, Baskoniak jaso ohi duen diru publikoa baliatuko zen zorraren parte bat kitatzeko. Alegia, kasu honetan Diputazioak publizitate terminoetan bideratutako 1,3 milioi euro ez zituen Baskoniak jasoko, baizik eta zuzenean pasako zela Kultura eta Kirol Departamendutik Ogasunera.

Ogasuneko iturrien arabera horrek ez du esan nahi Baskoniari zorra “barkatzen” zaionik, kontraprestazioa jada egon badagoelako: Arabaren publizitatea Buesa Arena pabilioian eta taldearen ekipamenduetan. Klubak ere horixe dio, inork ez diola deus barkatu, 725/2014 akordioak goiburuan “zorrak kitatu” aipatzen duen arren. Josean Querejeta buru duen enpresa-taldeak (barnean biltzen dituena Alaves edota BAKH kirol hiria ere bai) adierazi du Baskoniak sekula ez diola Ogasunari ordaintzeari utzi, eta gizarteari gehiago itzultzen diola jasotzen duena baino. Dioenez, Baskonia Taldeak 27 milioi euro bueltatuko ditu 2017an BEZ, PFEZ eta Gizarte-Segurantzaren artean. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak El Mundo egunkariari eskainitako elkarrizketa batean zioenez, “kirol elkarte anonimoek ez dute pribilejiorik jasotzen; egoera zailean dauden enpresa guztiei eman behar zaizkie erraztasunak, ordainketak atzeratu edota zatikatuta”.

Diputazioak soilik ez, Gasteizko Udalak ere laguntzen du Baskonia, bai zuzenean, baita Alaves futbol taldea barnean hartzen duen 5+11 Fundazioaren edota BAKH kirol-hiriaren bitartez ere. Eusko Jaurlaritzak aldiz ez du babesletza-akordioaren zati bat berritu (200.000 euro ingurukoa, nazioarteko txapelketak jokatzeari zegokiona), Ogasunarekin edota Gizarte-Segurantzarekin zordun diren entitateek ez dutelako laguntza publikoak jasotzeko eskubiderik, Aldizkari Ofizialean publikatutako ebazpen baten arabera. (Iturria: Noticias de Alava)

Ekitaldi handien gose oraindik ere

Txirrindularitza kontuak aipatuta hasi dugu erreportajea, eta amaitu ere halaxe egingo dugu. Izan ere, amateur mailako Infisport-ArabaEus txirrindulari taldea desagertu egingo da 2017an, laguntza publikoen murrizketek eta babes pribatu nahikorik aurkitu ez izanak bultzatuta. 2014az geroztik Jaurlaritzak, Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak laguntzen zuten taldea. Ez da bakarra. Duela gutxi gauza bera iragarri zuen Seguros Bilbao historikoak, eta EDP-k jakinarazi du Euskadi Fundazioa babesteari utziko diola.

Bien bitartean, gogora dezagun Espainiak bere burua aurkeztu duela Europako Futbol Txapelketaren edota Joko Olinpikoen anfitrioi izateko, ekitaldi ponpoxoak antolatzeko grina itzaltzeke. Testuinguru horretan kokatu behar da 2017an Tarragonan egingo diren Mediterranear Jokoei buruzko albiste hau: Udala aztertzen ari da instalazioen kudeaketa 2057ra arte enpresa pribatu baten esku uztea. “Negozio-eredua argi dago”, dio Ciclismo2005-eko blogari Sergiok, laguntza publikoez luze eta sakon idatzi duenak. “Bi asteko festa –apenas duena oihartzuna–  denon diruarekin ordaintzen da, eta behar larriagoak albo batera utzita eraiki diren instalazioak, kanon barregarrien truke uzten dira enpresa pribatuen eskuetan. Hamar urte igaro ditugu jada krisian eta enpresa-eskema mantendu egiten da: kirol ekitaldiak antolatzeko eskatzen dugu harri filosofala balira bezala, propaganda, laguntxokeriak eta ustelkeria izanik ezaugarri. Espainian eman diren korrupzio kasuen parte handi batek harremana du ekitaldi handiei loturiko kirolaren industriarekin”. Gurean hala gertatzen denik ezin esan daiteke, baina zer pentsatu eman beharko lukete hitz horiek.

 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude