Hego Amerikatik hasi eta Bilboraino, periferian bizi diren milioika herritar ikusezinak gerturatuz, zapalduei omenaldia da Norte Apacheren Juanito Laguna azken diskoa.
Doinu sarkorren bidez internazionalismoak zeharkatzen duen kritika soziala, eguneroko bizitzaren zailtasunak eta euskal raparen apologia jorratu dituzte berriz ere aho bilorik gabe.
Rayco, Aitor eta Ibon Ezkerraldeko indio metropoliarrek agur esan dute gainera. Albiste hau nahiko oharkabean igaro izanak baieztatzen du euskal kulturaren ertzean kokatutako talde ausarta izan dela Norte Apache. Zazpi urtean lau diskorekin eta Euskal Herri osoan emandako ehunka kontzerturekin, beren ekarpena balorean jartzeko modukoa da.