Flotatzen duen luxua

THE WORLD izeneko oporretarako itsasontzia uztail honetan gure kostaldera iritsi zenean, zure buruari galdetu zenion horrelako tramankuluan nolako jendeak bidaiatzen ote duen. Eta zergatik. Zein da, izan ere, flotatzen duen luxuzko hotel batean egotearen abantaila, flotatzen ez duen luxuzko hotel batekin alderatuta?

Zure patrika ez dagoenez bi esperientziak nolakoak diren konparatzen hasteko moduan, akaso David Foster Wallaceren kronika honek emango dizu pistaren bat: “Ur handitan zaudenean sehaska batean bezala sentitzen zara, norbaitek xamurki eraginda; leihoko aparrak zurrumurru gozo bat osatzen du, eta motorraren taupadek amaren arnasa dirudite”. Ba horixe: idazle estatubatuarrak Harper’s aldizkariaren enkarguz idatzi zuen lan honetan esplikatzen zaigu mota honetako itsas-bidaiek sakon-sakonean gordetzen duten promesa: oporraldi batez amaren sabelera itzultzea, kezkarik, buruhausterik eta presarik ez zeneukan garaira; ezertaz arduratu behar ez zenuen bizimodu amniotikora.

Erreportaje hitza motz geratzen da Foster Wallaceren hau deskribatzeko: AEBetan zoriontasunaz daukaten ideia –agian hemen ere nahiko barneratua daukaguna– disekzionatzen du, dena perfektua izan behar duen gizarte bat zein punturaino izan daitekeen jasangaitza erakutsiz. Estilo sarkastikoan idatzia, egileak nonahi tartekatzen dituen oin-ohar luzeek hipertestu itxura ematen diote; garrantzitsuena ez da hasieratik bukaeraraino irakurtzea, handik eta hemendik mokaduak hartuz ere leitu daiteke. Barku honetako txartela 15 euro dira. Modu oneko luxua.

Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat
David Foster Wallace
Itzultzailea: Danele Sarriugarte
Pasazaite, 2015
141 orrialde


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude