“Badago bandetan tendentzia snob bat: musika hobeto egin ezean, azken modako musika egitea”

  • Musikari bakoitzak atrilean, bere partitura, bere zuhaitza. Ahots guztiak biltzen dituen planoa zuzendariak berean. “Nik basoa ikusarazi nahi dizuet”. Besoak astindu eta isilka, inori hegoak moztu gabe biltzen ditu 50 “ego” berera. Eta putz kolektiboa arte bilakatu. Birika erraldoia, perkusio taupadak gehituta. Hori baita haize eta perkusio orkestra. Hori baita banda.

Argazkia: Dani Blanco

Zuk idatzia da “partitura ez da Musika, erre daitekeen paper bat da”.

Gizakiek sorrarazten dute norbaiten musika, une batean, norbaitentzat, nonbait.

“Historikoki herri ezberdinetako kulturek banda baten doinu hotsak izan dituzte euren soinu paisaia” diozu zure webgunean. Eta musika, kultura, hizkuntza... sorterriko ekosistemari guztiz lotuta daude zuretzat. Lurrak emandako fruitutzat dituzu artistak ere….

Nire kasuan ere, kulturak berak eraman ninduen. Nik herriko bandan bonbardinoa, Kontserbatorioan pianoa eta elizan organua jotzen nituen. Eta emakume korua eta dultzaina taldea zuzendu. Piano ikastaro bat egitera joan eta bertan behera gelditu zenez, zuzendaritzako ikastaroan sartu nintzen. Banda zuzendari holandar famatu bat zen irakaslea, Jan Cober… eta txundituta utzi ninduen. Niretzat guztiz berria zen mundu bat ireki zidan begien aurrean parez pare eta mundu harekin maitemindu egin nintzen. 22 urte nituela, Filologia Klasikoko karrera 3. mailan utzi eta berarekin ikastera joan nintzen Holandara.

Sustraiak oso agerian daude entseguetan; amonek sukaldean garbantzuen sobrekin egindako kroketak sinfonia konplexu bateko garapenaren nondik norakoa ulertarazteko… guztiak balio dizu musikalki oso abstraktua dena azaltzeko.

Bai, bizipen ezberdinek elkarren artean izan dezaketen lotura bilatzea gustatzen zait eta ahal badut, guztietatik ikastea.

Baina begira, zuri gustatzen zaizun puntua izan da hain justu Coberrekin izan dudan desadostasunik handiena. Bere ustez lotuegi nengoelako nire herrira. Nik uste dut kanpora joateak etxekoa gehiago baloratu arazi didala baina era berean hainbeste bidaiatzeak ikusarazi dit leku bakoitzean bere kulturaz eta hizkuntzaz maiteminduta dagoen jendea dagoela.

Badira zuzendariak diotenak nahiko direla 6 hitz orkestra bat ederki zuzentzeko; azkarrago/mantsoago, ozenago/isilago, luzeago/motzago. Baina zure kasuan, obraren inguruaz hitz egiten diguzu, bere barne egituraz, konposagileen trikimailu eta barne josturak erakusten dizkiguzu. Kontzertua aurrera ateratzea baino urrunago doan lan intelektuala nabarmena da.

Bai, guztiz. Ezagutzen dut Zuzendaritza eskola hori eta eztabaidatu dut honi buruz nire modua gustatzen ez zaien lankideekin. Errespetatzen dut: sei hitz erabiltzen dituzten zuzendariak badaude…eta are gehiago; sei hitz bakarrik erabiltzea gustatzen zaien musikariak ere badaude. Baina nik Santo Tomasek bezala, oker nabilela ikusten dudanean aldatuko dut jarrera. Eta nire esperientziak hala erakutsi dit: musikariak obraren heltze prozesuan parte sentiarazi eta nire ideia zein den helarazten diedanean, taldea hobetzen doa eta denborarekin gero eta sendoagoa bilakatzen. Niretzat oinarri-oinarrizkoa den ideia bat dago: zuzendariak ez ditu aginduak eman behar, norbanakoz osaturiko taldea konbentzitu egin behar du. Eta horretarako azalpen bat eman behar badiot taldeari, ba eman egiten diot. Eskaera tekniko bat azalpen lojiko batekin joateak lan ildo bat sortzen du eta denborarekin askoz eraginkorragoa da lan egiteko modu hau. Kontua ez da ni azkarragoa naizela, nik geihago dakidala, ni… kontua da konklusio horretara iristeko lan asko egitea aurretik, hausnarketa sakon bat. Honek ematen dio sendotasuna nire lanari.

Eta horrek autoritate bat ematen dizu. Halako talde handietan… autoritarismoaz baliatzen direnak badaude.

XX. mendean zuzendariaren figuraren garapenak elkarrizketa luze baterako ematen du! Autoritatearekin gertatzen dena da zuzendariei autoritatea aldez aurretik suposatzen zitzaiela eta nik ez dut uste horrela denik. Autoritatea zeure lana ongi eginez irabazi egin behar duzu, ez doa zuzendari paperari atxikita nahitaez.

Banda amateur eta profesionalen arteko ezberdintasunez eta bakoitzak gizarteari eskaintzen dionaz galdegin nahi nizuke.

Banda amateurrak Europan sorturiko gertakari bat dira. Ekarpen aldetik, antzokietako musika herri txikietaraino eraman dute; garai eta egoera hartan, bestela ez zen iritsiko. Bestalde, musika bandetatik dantza taldeak atera dira, herri musiketako material asko berreskuratu edo oinarri hartuta sortutako musika asko egin da bandetarako…Bandak XIX. eta XX. mendeetan kulturgune zabalak izan dira, herrietako bizitzan era askotan ekarpenak eginez. Nire aitak kontatzen zidan bere osaba batek tuba jotzen zuela eta testuak ez baina partiturak irakurtzen bazekiela…

Banda amateurren arazoa izan da, nire ustez, garaiak aldatzen joan ahala, ez direla gizartearen pare garatu. Adibidez, nire garaian banda lagunekin elkartzeko lekua zen. Baina gaur egun, aukerak izugarri zabaldu dira, Internet hor dago, kalera ateratzeko dirua… Nik uste dut gaur egun ere, bandek badutela gizarte erantzukizun handi bat. Baina bandak bere jarduna inguruan duen gizartearekin lotu behar du ezinbestean. Eta erakargarri bihurtzeko, ondo neurtu zer eta nola egin.  

Diozu banda asko kanporantz begira jarrita daudela garatzeko nahi horretan…

Globalizazioak kanpokoa imitatzera eraman gaitu, batere hausnarketarik egin gabe.

Gustuko dugun errepertorio bat entzun eta gurean egin nahi dugu, ongi egiteko maila ote dugun pentsatu gabe. Beharbada pentsatuko bagenu “zer behar dut talde bezala hobetzeko? Ze obra dauzkagu artxiboetan honetarako lagungarri litezkeenak?”. Izan ere, obra klasikoen moldaketak jotzetik azken modakoa jotzera pasa gara, ia ehun urtean bandarako propio idatzitako obrak ezagutu ere egiten gabe. Badago halako tendentzia snob bat, musika hobeto egin ezean, azken modako musika egitean datzana.

Orain hitz egidazu banda profesionalei buruz. Zein den ezberdintasuna eta zein funtzio duten gizartean.

Niretzako, ezberdintasun nagusia gizarte funtzioan dago. Gizarteari erakunde sinfoniko ezberdin bat eskaini behar dio, identitate propio bat duena, aukera artistiko anitzeko ekimenak eskaintzeko gai dena eta beste erakunde sinfonikoen mailan dagoena. Eta entzulegoa hezi eta banda amateurrak eraman ezin dituen lekutara eramateko erantzukizuna dauka.

Gatozen Bilbora; nire helburua garapen ildo bat jorratu eta banda zaleek musika talde honetaz duten ikuspegia zabaltzea da.

Zure lehenengo Euskaldunako denboraldiaren izenburua “Bandarekin bazterrak ezagutzen” da. Eta kontzertu bakoitza gai baten inguruan jorratu da. “Klasikoetatik Japoniaraino”, “Pintura ezagutzen”, “Musika berriak ezagutzen”, “Dantza ezagutzen”, “Musika helvetiarra ezagutzen”…

Banda profesional bat “kultur tresna” bat da nire ustez. Haize eta perkusio orkestra bat. Artea egiteko. Eta gai dena jorratzeko musika herrikoia eta garaikidea. Eta beste adierazbide artistikoekin harremanetan dagoena, hainbat sortzaile erakar ditzakeena. Lur sail zabal, eklektiko eta anitz bat delako. Euskaldunako kontzertuetara beste arte eremu batzuetatik etorri den hainbat jende txundituta gelditu da, ez zuten espero banda batek horrela jo zezakeenik. Bilboko Banda hiriko musika erakunde zaharrenetarikoa izaki, berrezagutzeko dago oraindik.

Zuretzat zuzendari on bat izatea da…

Bizitza planteamendu bat kasik. Zeren, zuzendari izateak berarekin ekartzen ditu inplizituki formakuntza ordu etengabeak, baina baita jokaera molde batzuk ere. Zure funtzioa partitura errespetuz baina planteamendu ausartez interpretatzea da. Konposatzailearen sorkuntza mundura gerturatu eta zeure galbahetik pasa ondoren transmititzea. Eta hori talde lana eginez. Pertsonekin lan egiteak dakarren alde konplexu zein zoragarriekin.

“Zuzendariak ez ditu aginduak eman behar, norbanakoz osaturiko taldea konbentzitu egin behar du”

Umore handiz, ze lan serioa!

Egia esan, ez dut umorerik falta eguneroko bizitzan ere! Umorea, ongi erabilita, komunikatzeko bide bat da. Zuzendari zakar, lotsagabe, harro eta agintariak ez du lekurik gaurko gizartean.

“Ikigai” deitzen diote japoniarrek: izateko arrazoia, zure lekua munduan, grina... Zein da zure “ikigai” hori? (“Irrikagai” esan beharko nuke euskaraz?)

Nik uste dut bakoitzak baduela bere papera munduan, baina ez norberarena besteena baina hobea delako. Bakoitzak badugu izaera bat, alde onekin zein txarrekin, baina honek oreka bat sortzen du besteekin batera. Orkestra handi bat bezala, mudua musika-tresna ugariz osatua dago, bakoitza bere kolore eta izaerakoa. Eta gogoa baldin badugu eta elkarrekin komunikatzeko gai bagara, guztion artean arte lan bateratu, sendo eta eder bat osa dezakegu. Zuzendariok elkar ulertu ahal izateko bideak sortzen  jakin behar dugu. Nire ikigaia nire buruarekin hasi eta inori min eman diezaiokedan lekuan amaitzen da. Egoera bakoitzean niretik onena ematen saiatzea dela esango nuke.

Behar dugunaz... artikuluan diozu “beharbada ongizate estatu deitzen dioten horren arduradunek usteko zuten emozioak ez direla premiazko produktuak eta ezagutza eta herriaren hazkunde kulturalak euren posizio pribilegiozkoa erauzi dezakeela”.

Eguberri goiz batez idatzirikoa dut, ondo altxa nintzen, kar, kar… Nik uste dut krisi garaietan urgentea ez denari kentzen zaiola lehenik laguntza. Eta artistikoa ez da urgentea. Baina gogoeta hau egiten dut hain justu kontrako lekura iristeko; noski, galdera bada haur bati janari beroa jarri ala Euskaldunan kontzertu bat egitea, ez dago zalantzarik. Baina horrek ezin du ekarri beti kulturatik  kentzea. Eta beharrez mozorrotzea beste interes batzuk… Beharbada kultura ez baita urgentea baina bada premiazkoa bizitzarako. Ez da huskeria pentsatzea nola eraiki gizarte bat non bizirauteaz gain, pixka bat zoriontsuago bizi garen.

Bukatzeko…

Uste dut garrantzitsua litzakeela pentsatzea ez dagoela ongizate gizarterik, denontzat ez bada. Zaila da zoriona zer den azaltzea baina beharbada bakoitzari egitea suertatu zaigun lana dakigun ondoen egiten saiatzea izan daiteke, munduaren jardunari bakoitzak bere esfortzua eskainiz. Bakoitzak baduela leku bat sentitu (nahiz eta pentsatu, hitz egin, sinistu ezberdin) eta beretik onena emanez. Hain xumea eta hain eraginkorra, era berean.


Azkenak
Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


Iruñeko Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko ultren kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Greba arrakastatsua Nafarroako Hezkuntza Publikoan

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


2024-09-26 | Euskal Irratiak
Baionako Ospitaleko ehunka langile mobilizatu dira lan-ordutegien berrantolaketaren kontra

Euskal Kostaldeko ospitaleko zuzendaritzak aurkeztu duen lan denboraren berrantolaketa proiektuaren salatzeko, intersindikalak mobilizaziorako deia egin zuen asteartean. Berrantolaketa proiektu horrek 2002an sortutako hitzarmena hausten duela diote sindikatuek, besteak beste RTT... [+]


2024-09-26 | Gedar
Ertzain bat Desokuparen parte dela argitaratu dute

Otavio da Silva ertzaina irakasle aritzen da Desokupan, eta emakume gisa dago erregistratuta. Bestalde, badirudi udan bere bikotekidea erailtzen saiatu zen ertzaina ez dutela Poliziatik bota.


Gaza iparraldeko zibil guztiak kanporatzea aztertzen ari da Netanyahu, begirada Libanon jarrita dagoela baliatuta

“Zonalde militar itxia” bilakatuko litzateke Gaza iparraldea, eta palestinar zibil guztiak kanporatzea ekarriko luke. Astebetean joaten ez diren guztiak helburu militar gisa hartu eta hil egingo lituzkete, planaren arabera.


Armen salmenta sekretupean mantentzeko akordioa daukate Israel eta Espainiaren artean

José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


Sara Torres. Potentzia eta desira
“Desirak ez du berezko objekturik: polimorfoa da, eta desbideratzera jotzen du”

Poesia-irakurraldi bat, jendaurreko elkarrizketa bat eta sei orduko tailer bat eskaini zituen orain bi aste Sara Torres idazle eta pentsalariak Gasteizko Artiumen, Trama programaren barruan. Ondoren, eskuzabal eta gertuko hitz egin zidan bere lanari buruz, igande arratsalde... [+]


Eguneraketa berriak daude