Karl Polanyi

Neoliberalismoaren arrakalak

  • Karl Polanyiren (1884-1964) izena indartsu ari da aurrera egiten. Ez diogu guk, Joan Martínez Alier ekologia politikoan adituak baizik. Hamarkada askoan kasik ahaztuta izan ondoren, aktualitate osokoak egiten zaizkigu orain bere ideiak. Berrargitaratu dira liburuak, antolatu dira konferentziak, eta estatuburu aurrerakoiek bere esaldiak erabiltzen dituzte diskurtsoa sendotzeko: “Merkatua zerbitzari bikaina da, baina nagusi oso txarra”, zioen Rafael Correa Ekuadorko presidenteak Polanyi parafrasetatuz; eta horretaz zerbait badakite Sumak Kawsay lurraldean.

    XX. mendeko antropologo inportanteenetakoa izan zen Polanyi, eta ikuspegi sozial hori ekonomiaren historiara eraman zuen. Bere ustez ekonomia jendarteak gidatu izan du iraganean, merkatu librean oinarritutako sistema XIX. mendeko exotismo moderno bat baino ez da. Eraldaketa handia liburuan idatzi zuen kapitalismoaren azken deriba horrek perturbazio handiak sortu zituela herritarrengan eta totalitarismoa ekarri zuela. 1944an idatzi zuen liburua, ordurako bizituak zituen 1929ko krisia, faxismoaren gorakada eta gerra.

    Ez al gara antzeko egoera batera iristen ari? Neoliberalismoaren azken 40 urteetako doktrinak ingurumen eta ekonomia krisi orokorra ekarri dizkigu. Ez da harritzekoa ekologisten eta borroka sozialak daramatzatenen artean Polanyiren ideiak kariño handiz hartzea. Esku artean duzun LARRUN honetan antropologoaren biografia eta pentsaera aztertuko ditugu, bere lanen testu hautatuak ere aurkituko dituzu, eta ikertu zituen antzinako zibilizazioen hartu-eman ekonomiko sozialen berri ere jakingo duzu. Era berean, Polanyiren teoria gaur egungo borroka sozialen testuinguruan berrirakurtzen duen artikulu esanguratsu baten pasarteak dakarkizugu.

     

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2016ko martxoaren 27a
Karl Polanyi eta Ilona Duczynska senar-emazteak. Ez da aski ikertu emakume iraultzaile anarkistak zer nolako eragina izan zuen antropologo hungariarraren pentsaeran. (Concordia unibertsitatea / Kari Polanyi Levitt)
Karl Polanyi eta Ilona Duczynska senar-emazteak. Ez da aski ikertu emakume iraultzaile anarkistak zer nolako eragina izan zuen antropologo hungariarraren pentsaeran. (Concordia unibertsitatea / Kari Polanyi Levitt)

Davosen 2012an Mundu Ekonomia Foroa egiten ari zirela, Karl Polanyiren mamua hegan pasa omen zela zioen The Guardian egunkari ingelesak. Eraldaketa Handia leloa jarri zioten ekitaldiari. Egiaz, aspaldian urtero sumatzen da Polanyiren itzala luxuzko eski estazioan barrena, kasik falta zaio esatea: “Abisatu nuen”. Hain dira gaur egunekoak bere ideiak. Agian oraindik ez dira nazioarteko agintari ekonomikoen agendan tokatzen, baina kapitalismoari alternatiba eraikitzen ari direnen artean oso presente daude.

Maiatzaren 19an eta 20an Karl Polanyiren izena daraman nazioarteko bigarren mintegia egingo dute Parisen. EMES unibertsitate ikertzaileen nazioarteko sareak eta Frantziako CNAM arte eta lanbideen kontserbatorio entzutetsuak antolatu dute ekitaldia. Bertan landuko dituzte, besteak beste, ekonomia sozial eta solidarioa, buen vivir eta “komunaren” ikusmoldeak. Azken aldian indar handiz bultzaka datozen korronte ekonomiko-ideologiko horiek Polanyiren lanaren aterkipean aztertzea, bada zerbaiten seinale.

Karl Paul Polanyi –sortzez Károli Pál Pollacsek– Vienan jaio zen 1886an. XIX. mende amaieran Austria-Hungariako Inperioaren hiriburua intelektualen Europako kabi nagusia zen; metropoli horretan liberalismoaren pisua oso handia zen, baina sozialismoaren bide-orriak ere diskutitzen ziren. Haurra zela egin zuen alde Danubio ertzeko hiritik, baina gaztaroan itzuli zen, eta beregan eragin itzela izan zuen.

Aita ingeniari eta enpresari hungariarra zuen, ama berriz, errusiar jatorriko pentsalaria. Ondo bizi zen familia judu burges batean hazi izan zen beraz. Lau urte baino ez zituenean Budapestera aldatu ziren eta hiri hartako unibertsitatean filosofia eta zuzenbide ikasketak egin zituen. Polanyik, oraindik lumatu berria zela hartu zuen kontzientzia politikoa. Unibertsitatean Galilei izeneko zirkulua sortu zuen; bertatik igaro ziren gerora pentsalari garrantzitsu izandako hainbat lagun. Urte asko igaro ondoren Polanyik penaz aitortu zuen ez zutela Galilei ekintza politikorako tresnatzat erabiltzen jakin.

Eskola austriar ahaltsuari erronka

Lehen Mundu Gerran parte hartu eta zauritua izan ondoren, eta behin Hungariak independentzia lortuta, 1919an Vienara itzuli zen ekonomia-kazetaritza lanak egitera. 1920ko hamarkadako Vienan sozialismorako kalkulu ekonomikoa zegoen eztabaidaren zurrunbiloan. Sobietar iraultza gertatu berria zen, baina ekonomia errusiarra birrinduta zegoen gerra zibilaren ondorioz. Testuinguru horretan, ekonomia sozialista planifikatu baten bideragarritasunaz kritika oso zorrotza jaurti zuen eskola austriarreko Ludwig Von Mises-ek. Merkatu librearen teorian gehien sakondu zuen ekonomialariak zioen ezinezkoa zela sozialismoak merkatua antolatzea, Googlen, smarth gailuen eta metadatuen garaiotan harrigarria dirudien gauza batengatik: horretarako beharrezkoa zen egitura zentralizatuak ez lukeelako nahikoa informaziorik izango.

Polanyik erronka bota zion Misesi. Antropologoak arbuiatu egiten zituen hala merkatu ekonomian oinarritutako sistema, nola sozialismo zentralizatua, biekin sumatzen zuen “libertate” falta. Bere ustez ekonomia “ikuspegi orokor” batetik aztertu beharra zegoen: “Hitz egiten dugu ekonomiaz objektu natural bat balitz bezala, eskualde baten gainetik hegan egiten dugunean gure begiz osorik ikus dezakegun paisaia baten antzera. Baina ekonomia ez da objektu naturala, naturala bezain soziala da”. Eta erreflexio hori orainaldira ekarrita: Noiz hitz egingo dugu ekonomiaz irabazien eta lehiakortasunaren parametroetatik kanpo? Ez dirudi Confebaskek “lan harremanen eredu berria” proposatzean hori duenik buruan.

Merkatu-ekonomia baino “ekonomia merkatuduna” aldezten zuen Polanyik; kapitalismoan merkatuek berezko bizitza independentea zutela zirudien. Berak kooperazioa eta eskualdeetako hartu emanak zituen begipean, herritarren ardura soziala erdigunean zuen sistemaren alde zegoen. Ekonomia sozialistaren teoria positibo bat eraikitzeko saiakera hori oso garrantzitsua izan zen bere pentsaeran ahalduntzeko.

Zein da faxismoaren esentzia?

Gerraostean ezagutu zuen Ilona Duczynska, Hungariako kontrairaultzaileen terrore zuritik Vienara ihesi joan zen anarkista; urte gutxiren buruan ezkondu ziren. Komeni da emakume honen bizitza ezagutzeko geldialdi bat egitea. Duczynska Lehen Mundu Gerran hurbildu zen anarkosindikalismora eta Zurichen ikasketak egiten ari zela gerraren kontra zeuden sozialistak ezagutu zituen, tartean Lenin bera. Vienara erbesteratu zenean, Moskuk aginduta Bigarren Internazional Komunista antolatzen aritu zen kazetari moduan –gero alderditik bota zuten Rosa Luxemburgen ideiak defendatzen zituelakoan–. 1934an Vienako langileen iraultzan sartuta ibili zen; Bigarren Mundu Gerran Ingalaterran hegazkinak egiten jardun zuen –matematiketan jakintza handia zuen–; pilotu izateko eskaera ere egin zuen, baina ukatu egin zioten. Duczynskak harreman estua izan zuen hungariar poeta eta idazleekin, haien izkribu asko itzuli zituen ingelesera. Gerrilla-urbanoari buruzko lan bat ere idatzi zuen, 70eko hamarkadan Alemaniako RAF talde armatu ezkertiarraren eskuliburu izango zena.

Ez da gehiegi ikertu Ilona Duczynskak zer nolako eragina izan zuen Karl Polanyiren jarreretan. Bistan da baina, emakume iraultzailea ekintza politikoekin eta mugimendu sozialekin oso lotuta egon zela, eta horrek Polanyiren alde erradikalena indartu zuela. “Badakit bizitza birrintzea zer den, bere distira etengabea izan eta halako batean erortzea. Egin duzun gauza bakoitza laguntza handia izan da niretzat”, leitu daiteke Montrealgo Concordia Unibertsitsatean gordetzen dituzten Polanyiren gutunetako batean. Gertatzen dena da, kasik ikusezina dela Duczysnkaren irudia, 1936ko Espainiako anarkosindikalistak ziren moduan, edota gaur egun Donbass eta Kurdistanen diren bezala. Toki horietako gatazketan armak eskuan ala negarrez ikusten ditugu emakume estereotipatuak, baina dikotomia horretatik aparte makina bat lagun daude isilean zapalkuntzari paparretik heldu nahian. Horietako bat zen Duczysnka.

Austrian egoera gero eta zailago bihurtu zen faxismoaren gorakadarekin. Polanyik Volkswirt egunkariarentzat egiten zuen lan eta arretaz jarraitu zituen nazioarteko albisteak. Faxismoak Mendebaldeko kristautasunaren balore demokratikoak birrindu zituela jabetu zen: “Sistema faxistak treguarik gabe jarraitu behar du mugimendu faxistak emandako zeregina: deuseztatzea alderdiak, erakunde demokratikoak eta gizartea. Faxismoa, giza kontzientziaren izaera bera aldatzen saiatu behar da”, idatzi zuen. 1933an, jadanik Engelbert Dollfuss kantzilerrak Austrian demokrazia deseginik zuela, lankide eta lagunek aholkatuta hanka altxa zuen Ingalaterrara. Viena ez zen toki segurua judutar jatorriko ezkertiar batentzat.

Speenhamland: Oinarrizko Errenta Unibertsalaz eztabaida

Ingalaterran helduei klaseak ematen jardun zen hainbat hiritan. Lan horren bidez auzo langile ingelesen miseria bekoki aurrean ikusi zuen Polanyik, eta errealitate horren ezagutzatik edan zuen Eraldaketa Handia bere liburu sonatuena idazteko. Besteak beste, XVIII. mende amaieran Speenhamland hirian abian jarritako behartsuentzako laguntza sistemari erreparatu zion. Ingalaterrako hegoaldeko zenbait konderritan nekazal guneetako goseteari aurre egiteko karitatezko laguntzak eman ziren garai horretan, aurretik existitzen ziren “pobreentzako legeetan” inspiratuta. Eztabaida handia izan zen, langile ororentzako gutxieneko diru-sarrera ezartzea baitzen beste aukera, baina askoren ustez horrek lanerako estimulua kentzen zuen eta ekonomia apaldu.

Speenhamland sistema hainbat urteren ondoren bertan behera geratu zen. Polanyirentzat industrializazio gizagabeari emandako erantzuna izan zen, baina arazo nagusietako bat zen gutxieneko diru-sarreren muga oso behetik ezarri zela. Aldi berean, enpresariek soldatak ahalik eta gehien jaisten zituzten, bazekitelako zergadunen poltsikotik ateratako diru-laguntzekin konpentsatuko zirela; eta lan-merkatua eratze bidean zegoenez, ez zegoen sindikaturik prekarizazioari hortzak erakusteko.

Gaur egun Speenhamland askoren ahotan dabil Oinarrizko Errenta Unibertsalaz (OEU) hitz egitean, eta badirudi duela bi mendeko eztabaidak berriz ere bizkortu direla –Euskal Herrian, jaiotzeagatiko soldataren eskariak indar handia izan du beti, Gipuzkoan OEU ezartzeko simulazioa ere egin zuen Aldundiak–. Baina Ingalaterrako adibide historikora baino, gehiago jotzen da Brasilen edo Alaskan indarrean dauden esperientzietara, paternalismotik emantzipaziora jauzi egitea alegia. Nolanahi ere, Polanyiren ideia nagusia berekin doa: kapitalismoaren amildegiaren gainetik “bizitzeko eskubidea” dago. Kapitala edo bizitza.

Merkatu librea, fikzio moderno hori

1941ean beka bati esker Amerikako Estatu Batuetara joan zen. Aurretik ere maiz izan zen kapitalismoaren lurralde handienean, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan zuen 1929ko hondoratzeari aurre egiteko Roosevelt presidenteak abian jarritako New Deal politika. Estatuaren interbentzionismo hori merkatu librearen logikaren erabat kontrakoa zen eta Polanyiren ideiak baieztatu baina ez zituen egin.

Urte horietan higatu zituen buru-fuinak 1944an Eraldaketa Handia argitaratzeko, orain berriz ere bazterrak nahasten ari den merkatuari buruzko bere tesi nagusia. Polanyi azterketa antropologiko batetik abiatzen da eta ondorioztatzen du ekonomia, merkatuek ez ezik, jendartean dauden beste hainbat indar sozialek ere mugitzen dutela, hala nola pertsonen arteko harremanek, ohiturek, erlijioak eta ideologiak, betebehar moralek, errespetuak, beldurrak eta elkartasunak... Historian zehar, ekonomia jendartearen “instituzioei” lotutako zerbait izan da pentsalari hungariarrarentzat, eta merkatuak periferian egon dira, sistema horren osagarri.

XIX. mendean Ingalaterran industrializazio prozesua azkartu zenean, eredu kapitalista nagusitu zen globoaren toki gehienetan. Merkatuak instituzioen eta gizartearen araupean egotetik euren kasa funtzionatzen hasi ziren, etekin ekonomiko hutsa helburu. Polanyik embedded deitu zion fenomeno horri, merkatuak erlazio sozialengandik “deslotzea” alegia. Utopia baten momentu fundazionala izan zen: auto-erregulatu daitekeen merkatu librearena, egungo neoliberal gotorrenek oraindik hain kuttun duten laissez faire edo “utzi egiten” doktrinarena. Pertsonen jokabide erreala motibazio ekonomikoek baino ez dute determinatuko, gainerako motibazioak hutsaren hurrengoa dira, ameskeria ez materialak. Gainera, pentsaera hori naturalizatu egin zen, gizakiaren izatean bertan balego bezala. La pela es la pela esango lukete katalanek, eta txin-txin diruaren hotsa euskaldunek.

Kapitalismoak lana eta lurra merkantilizatu zituen, salmentan jarri. Polanyirentzat hori “fikzioa” zen, biak ahala biak ez baitira sekula produzitzeko edo salgai jartzeko sortu. Nolanahi ere, merkatu bat sortu zen eta prezioa ezarri zitzaion: soldata eta errenta. Patriarkatu horren barruan, soldatapekoa ez zen lan erreproduktibo eta zaintza orok balioa galdu zuen, gaur egun badakigun arren ekonomiaren izebergaren zati handiena direla.

Jakina, hungariarrarentzat “lana” idatzita dagoen tokian “pertsona” behar luke, eta “lurra” dagoen horretan “natura” edo ingurumena. Bata zein bestea era agresiboan desjabetu zitzaizkien herritarrei, eta orain ere hala da: Ingalaterran XIX. mendean enclosurearekin zelaiak hesitu zituzten moduan botatzen dituzte gaur Amazoniako indigenak euren bizitokitik baliabide naturalak erauzteko, edo hiltzen dituzte Berta Cáceres moduko lider ekologistak.

Merkatu librearen legeak ikaragarrizko tentsioak eta asaldurak sortu zituen jendartean, ekonomiaren deslotze horrek erreakzioa eragin zuen. Mugimendu batzuk esperantzagarriak izan ziren Polanyirentzat, sozialismo demokratikoa kasu; bestetzuk ordea munduaren hondoratzea ekarri zuten, 30eko hamarkadako atzeraldi totalitarioak egin bezala: “Kataklismoaren jatorria, Bigarren Mundu Gerran bere zenita izan zuena, liberalismoaren proiektu utopikoan zegoen –idatzi zuen antropologoak bere maisulanean–. (...) 1930etik aurrera merkatu ekonomia krisian sartu zen, krisi orokortua izan zen gainera. Urte gutxian faxismoa munduko potentzia bilakatu zen”.

Amesgaizto polanyiarra bizitzen ari al gara?

Polanyiren eta, batez ere, Duczynskaren curriculum ezkertiarra zela-eta, senar-emazteek ezin izan zuten inoiz AEBetan bizitzeko bisaturik lortu, Polanyik Columbiako Unibertsitatean irakasle lanpostua zuen arren. McCarthyismoaren garaiak ziren, sorgin ehizarenak. Kanadan jarri ziren, Toronto ondoan, eta jubilatu arte joan-etorrian ibili behar izan zuen hungariarrak.

Columbiako Unibertsitatean ikerketa talde bat sortu zuen hainbat kolaboratzailerekin, eta seguruenik ekarpen akademiko garrantzitsuena egin zuen: merkatu ekonomiatik kanpoko sistemak erabiltzen zituzten antzinako zibilizazioak aztertzea (ikusi 10. eta 11. orrialdeak). Askoren ustez, Polanyiren tesiek badute balio erantsi bat: ekintzara bultzatzen duten eredu “alternatiboak” eskaini zituela. Merkataritza eta merkatuak antzinako inperioetan (1957) liburuan merkatu periferikoetan, birbanaketan eta elkarren arteko faboreetan oinarritutako iraganeko herriak aztertu zituen. Marcel Mauss etnologoaren oinordeko den mugimendu dekrezionistak, Polanyik irekitako bide horretan sakondu du esanez jatorrian obligazioa zegoela “eman, hartu eta itzultzeko”, eta ideia hori ez dela gizarte arkaikoetara mugatu behar, gaur egungoek ere onartu beharko luketela.

Polanyi 1964an hil zen Kanadan, keynesianismoak Europan goia jo zuenean. Estatuak, kapitalismoak sortzen zituen desorekak estaltzen zituen ekonomian interbenituz, baina eredu kapitalista zalantzan jarri gabe. Merkatu librearen utopiak porrot egin eta gerraren ondoren, inoiz pentsatu al zuen hungariarrak berriz errepika zitekeela halakorik? 70eko hamarkadan Margaret Thatcher eta Ronald Reaganen politika neoliberalek berriz ere heldu zioten “utzi egiten” banderari, esperimentu monetarista eta pribatizatzaileak abian jarriz nazioarteko erakunde eta funtsen bidez. 1987tik bi hamarkadaz AEBetako Erreserba Federaleko buru izan zen Alan Greenspanek –kontrolik gabeko finantza eta desarautzearen erantzule– oso garbi azaldu zuen merkatuek “euren burua korrejitu” behar zutela. Kredituan oinarrituriko ekonomiaren hasiera izan zen, 40 urteko beste “fikzio” bat, Polanyiren hitza erabiliz.

Eta orain TTIP eta antzeko ezkutuko tratatuak sinatzen dituzte estatuek, Bruselako lobbyen eta Troikaren presiopean, merkatu librearen ilusioa azken muturrera eramanez. Baina ez gaitezen engaina, Josep Fontana historialariak azaldu bezala, ekonomia estatuen kontrolpetik enpresari pribatuen kontrolpera baino ez da igaro. Eta hemen dira antropologoak iragarritako lehen erreakzioak: Europako ateak errefuxiatuei ixtea, xenofobia, eskuin-mutuarren gorakada, herrialde arabiarretako gerrak… Eta badirudi amesgaizto polanyiar bat bizitzen ari garela beste behin.

Txanponak baditu ertz gehiago ordea. Jendea antolatzen hasi da beste eredu baten bila eta ikus ditzakegu zor bidegabea kitatzeko auditoriak, “B” planak, alternatiba sozial eraldatzaileak, ekonomiari ikuskera feminista ematen dioten betaurrekoak… Lana eta lurrarekiko beste harreman bat, jendarte konplexu batean.

Testu hautatuak I: Gure merkatu pentsamolde zaharkitua

Berez elikatzen zen prozesu bat sorrarazi zen, eta haren ondorioz lehen batere kalterik egiten ez zuen merkatu egitura, izugarrikeria soziologiko bat bihurtzeraino zabaldu zen. (...) Gosea eta irabazia motibazio “ekonomiko” gisa definitu ziren, eta eguneroko bizitzan giza-jarduera sustatzen zutela suposatu zen, gainontzeko motibazioak etereoagoak eta izatearen oinarri materialarekin zerikusirik ez zutenak bailiran hartu zirelarik. Ohorea edo harrotasuna, hiritarren eskubideak eta betebehar moralak, norberekiko errespetua eta umiltasuna ekoizpenarentzat garrantzirik gabekotzat hartu ziren, eta, bereziki, motibazio “idealista” gisa hartuak izan ziren.

Hala, gizakiak bi osagai zituela pentsatu zen, bata goseari eta irabaziari lotua, eta bestea, ohoreari eta botereari. Bata “materiala” zen, eta bestea “ideala”; bata “ekonomikoa”, eta bestea “ez-ekonomikoa”; bata “arrazionala”, eta bestea “irrazionala”. Utilitaristek, urrutirago joanez, bi termino multzoak bereizi zituzten, gizatasunaren parte “ekonomikoari” arrazionaltasunaren aura emanez. Horregatik, irabaziak sortzeko xedeaz soilik aritzen zela pentsatzeari uko egiten ziona ez zen soilik inmoraltzat hartzen, baita zorotzat ere.

[Karl Polanyi, Commentary, 1947. Euskarazko itzulpena: Iñaki Heras, Gogoa, 2002]

 

Testu hautatuak II: Ekonomia eta demokrazia

Leize bat ireki da ekonomia eta politikaren artean. Hori da, hitz gordinez, garai honetako diagnostikoa. Ekonomia eta politika, gizartearen bizitzeko bi era horiek, autonomo bihurtu dira, eta elkarren artean gerran ari dira etengabe; kontsigna bihurtu dira, alderdi politikoek eta klase ekonomikoek interes gatazkak dituzte haien izenean. Hainbesteraino, non ezkerra eta eskuina aurrez aurre dauden demokraziaren eta ekonomiaren izenean, gizartearen oinarrizko funtzio horiek ordezkatu ahal izango balira bezala bi alderdi ezberdinengan! Esloganek beti ezkutatzen dute errealitate krudela. Ezkerra demokrazian sustraitzen da, eta eskuina ekonomian. Hain justu, horrelaxe, ekonomia eta politikaren arteko harreman disfuntzionala hondamendia dakarren polaritate batean hedatzen da. Demokrazia politikoaren eremutik datoz ekonomiari eragiten dioten indarrak, eta perturbatu egiten dute, kateatu. Ekonomiak erantzuten du demokraziaren kontrako asalto orokorrarekin, ematen baitu anti-ekonomizismo arduragabe eta irreala haragiztatzen duela.

[Karl Polanyi, Der Österreiche Volskswirt, 1932]

 

Testu hautatuak III: XIX. mendeko zibilizazioaren akabera

Garai honen hasieran, XIX. mendeko ereduak goienean zeuden, haien eragina inoiz ez zen hain handia izan. Azkenean, gure gizarte mota  munduko lidergora eraman zuen sistema horretatik ez zen ezer geratu.
    Nazio mugen esparruan, demokrazia ordezkatzaileak askatasunen erregimena zaindu zuen, eta nazio zibilizatuen ongizatea sekula ez bezala hazi zen kapitalismo liberalaren abaroan; botereen orekari esker ez zen izan gerra luze eta basatirik, beste garai batzuekin alderatuta, eta urre-patroia euskarri sendoa bihurtu zen ia eskala globalean funtzionatzen zuen kooperazio ekonomikoan oinarritutako sistemarentzako. Mundua perfektua izatetik urrun zegoen arren, bazirudien perfekziora bidean zihoala. Eta bat batean, eraikin paregabea amildu egin zen: gure gizartearen existentzia posible egiten zuten baldintzak betirako hil ziren. Uste dugu gaurko zereginak ezin direla ulertu, ez bada nazionala eta internazionala den gertaera izugarri honen argitan, eta instituzio guztiak daude nahasirik. Historialariak ez daki nondik hasi ere.

[Karl Polanyi, Columbiako Unibertsitatean emandako konferentzia, 1941]

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Zer egin Hitlerrekin meme digitalen garaian

Antzezpena apartekoa zen, uste dut mundu guztia egon zela ados: 2004an Der Untergang (Hondoratzea) filmean Adolf Hitlerren larruan sartu zenean, Bruno Ganzek goia jo zuen. Baita polemika eragin ere, pelikulak lider naziaren azken egunak erakusten baitzituen Berlingo bunker batetik ia atera gabe, zaharkitua, bere onetik aterea, amildua, lider sendo gisa agertu nahi eta ezin, sortu gura izan zuen inperioa pikutara joaten ari zelako bere azken maniobra militar inpotenteak gorabehera. Hitler... [+]


2019-02-19 | ARGIA
Maitasun erromantikoaren aurkako pintaketak egitea egotzita hiru pertsona Mozal legeaz zigortu dituzte

Otsailaren 14aren bezperan maitasun erromantikoaren aurka Donostian pintaketa batzuk egitea egotzita Mozal Legeaz zigortu dituzte hiru gazte. Poliziaren tratua salatzeaz gain, ez dutela isuna ordainduko adierazi dute ARGIAra bidalitako oharrean. "Mozal legea, poliziaren jarrera eta ekintzak onartezinak dira. Horregatik, pertsona hauek uko egingo diote isuna ordaintzeari, desobedientzia moduan eta estatu zapaltzailearekin inondik inora ez kolaboratzeko".


2019-02-19 | ARGIA
Libre utzi dute Stytianos Messinezis, Sara Majarenasen alaba hiltzen saiatu zen gizona

Baldintzapean libre da otsailaren 15etik duela bi urte Sara Majarenasen alaba Izar hiltzen saiatu zen gizona: Stytianos Messinezis. Berriak eta Naizek jakinarazi dutenez, Picassent-eko (Herrialde Katalanak) instrukzio epaitegian asteazkenean berriz bista bat izango dute erabakitzeko akusatuak libre jarraituko duen ala bere aurkako prozesua amaitu arte espetxean izango den.


2019-02-19 | ARGIA
Langile bat hil da Bilboko portuan

Astearte goizean gertatu da ezbeharra. Honekin, zazpi dira urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripuz zendutakoak, LAB sindikatuaren kontaketaren arabera.


2019-02-19 | ARGIA
Gasteizko emakume arrazializatuek greba feministan parte hartzeko deia egin dute

Martxoaren 8a geroz eta gertuago dagoen honetan, hiri eta herrietan greba deialdiak hedatzen ari dira. AMAR Gasteizko kolektibo feminista antiarrazista ere grebari batu zaio, eta parte hartzera dei egin.


2019-02-19 | Zabalik elkartea
Xamarren 'Etxera bidean' liburua
MULTIMEDIA - elkarrizketa

2019ko otsailaren 14an, Xamarrek Donapaleun aurkeztu zuen bere belaunaldiaren ibilbidea biltzen duen liburua: Etxera bidean. Nola belaunaldi akulturatuak, bere buruaz 'beste' egitera dedikatu dutenak, nerabe garaian deskubritu zuen bere muineko izatea gorderik eta estalirik atxiki zaion euskara eta euskal kultura dela. Aitzinera so den itzulera bidai bat.


Adin txikikoek apustu etxean jokatzeko oztoporik ez Azpeitian

Adin txikiko batek oztoporik gabe herriko apustu etxe batean nola jokatu dezakeen grabatu du Azpeitiako (Gipuzkoa) Ernaik. Ekintzaren bideoarekin batera idatzi bat egin dute publiko, Uztarria.com-ek argitaratu duena.


2019-02-19 | ARGIA
Artedrama Euskal Laborategiaren aurtengo edizioan irakasle guztiak emakumeak izango dira

Apirilaren 22tik 27ra egingo da Aulestin (Bizkaia) Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) 14. aldiz. Euskal antzerkiarentzat erreferentziazkoa bihurtu den zitaren aurtengo nobedade nagusia genero-ikuspegian emandako urratsa izango da: ikastaroetako irakasle guztiak emakumeak izango dira.


2019-02-19 | ARGIA
Euskal Herriko basogintza politiken inguruko mahaingurua antolatu du Alkartasuna Fundazioak

Villabonan (Gipuzkoa) izango da eztabaida, asteazkenean, 19:00etan Subijana Etxean.


Zigorrean oinarrituko ez den justizia baten alde

Joan den asteazkenean ezohiko epaiketa bat izan da Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Akusatuen aulkian bi ertzain, legez kanpoko bi atxiloketa egin izana egotzita. Akusatzaileak berriz, orain hiru udaberri Donostiako Gipuzkoa plazan erraustegiaren aurka abiatutako kanpaldian parte hartu zuten bi kide. 2016ko ekainaren 2an atxilotu zituzten, euren burua ez identifikatzeagatik. Bi agenteen gainean Damoklesen ezpata: bost urteko espetxe zigorra eta seiko inhabilitazio eskaera.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude