Brusela-Turkia, xenofobiarekin jolasean

Eta errefuxiatuak gu bagina? Zer jarrera nahiko genuke erakustea edozelako herrialdek gurekin? Galdera begi bistakoa da, beraz, egitea ere soberan legokeela pentsa liteke. Baina ez da hain argia, antza, Europar Batasuneko gure agintariak Ekialde Erdiko errefuxiatuekin egiten ari direna kontuan hartuta. Esan nahi du mataza askatzeko oinarri-oinarritik abiatu behar dugula, bestela jai. Enpatia eta elkartasunetik ekin ezean, erantzunak itsas hondoan amaituko baitu, Egeo Itsasoan siriar errefuxiatuak nola; edo Lesvos eta Idomeniko kanpalekuetan harrapatuak; edo berriz Turkiako errefuxiatu esparruetan.

Ez dakit zein distantzia dagoen Alepotik Atenasera, Via Michelinek esan dit ezin didala kalkulatu. Baina badakit elkartasunetik beldurrera oso tarte gutxi dela, eta EBren jokaldia  beldurrean oinarritzen dela, honek bultzatzen dituela EBko gobernu buruak Turkiarekin duintasunaren aurkakoa den akordioa sinatzera.

Askoz demagogia handiagoa da Europar Batasuna elkartasuna eta elkarlanean oinarritzen dela azpimarratzea, iheslarien arbuiatzetik xenofobia elikatzen denean

Agintarien klabea ez da etxea edo ongizatea galtzeko beldurra, botoa galtzekoa baizik. Agintariarena ez, baina gero eta herritar gehiagorena bai: lana, etxea, autoa... ongizatea atzamar artean labaindu eta galtzeko beldurra gero eta handiagoa da prekarietatearen gizartean. Kaleko eskalearen kartela ezin argiago mintzo da: “Zu izan zaitezke hurrengoa”. Mezu gero eta zuzenagoek argi adierazten diote atzerritarrak kenduko diola lana eta deskuidatzen bada, gizonezkoari emaztea edo alaba bortxatu. Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan gertatzen ari den lotsagarrikeria handienetakoa bideratzeko ardatza ez da elkartasuna, beldurra baizik.

Hala bakarrik uler daiteke Europan xenofobiaren mamua gero eta indartsuago agertzea. Kontrakoa erakusteko gai ez bagara, hori da errefuxiatuen krisitik atera litekeen ondorio nagusietakoa, eta ez dira gutxi horrek epe ertainera ekar ditzakeen ondorio larriak.

Demagogia itzela litzateke esatea milioi bat edo bi milioi pertsonaren etorrera samur kudeatu litekeela. Baina askoz demagogia handiagoa da Europar Batasuna elkartasuna eta elkarlanean oinarritzen dela azpimarratzea, iheslarien arbuiatzetik xenofobia elikatzen denean. Ez dakit zenbateraino begiratzen den Europaren historia hurbilera gaur egun, baina sarean  arakatzen duenak samur ikusiko du hortik faxismora ez dela tarte handirik.

IRUN-GURS bai, Via Michelinek dio Saliesetik (Biarno) barrena 143 km daudela milaka euskal eta espainiar errefuxiatu jaso zituen konzentrazio esparrura. Espainiako Gerra Zibiletik ihesi joandako milioi erdi pertsonatik gora jaso zituen Frantziak hainbat gunetan, baldintza negargarrietan.

Bigarren Mundu Gerraren biharamunean, alemaniar jatorriko 11 milioi pertsona egotziak izan ziren Europako ekialdeko hainbat lurraldetatik nazien aurkako mendekuz. Beste milioika herritarrek, jatorrizkoa ez zen beste lurralderen batean ekin behar izan zion bizitza berri bati. 90. hamarkada hasieran Balkanetako gerrak ere milaka errefuxiatu barreiatu zituen Europan barrena.
Turkiak 2,7 milioi errefuxiatu jaso ditu, gehienak siriarrak. Libanok, Jordaniak, Irakek eta Egiptok ere milioika iheslari jaso dituzte. EBren eskuzabaltasunak ez du mugarik: irailean 160.000 errefuxiatu jasotzeko prest zegoen, orain 72.000ra egin du atzera. Turkiarekin sinatutako akordioaren muina horixe da: Turkiak mugazain lana egin dezala EBrentzat. Trukean, dirua, turkiarrek EBn libreago mugitzeko eskubidea irabaztea, eta EBra sartzeko negoziazioetan ekonomia alorreko gai batzuk azkartzea.

EBk Turkiatik Greziara iristen ari diren milaka iheslari kanporatuko ditu berriz Turkiara, eta teorian, kanporatutako bakoitzagatik beste bat jasoko du Turkiatik, baina oraingoz 72.000 pertsonako mugarekin. Milaka pertsona kanporatzea ez dator bat EBren legediarekin, baina legea non amarrua han. Legeak dioen moduan, hauek banan-bana eskatu ahal izango diote babesa EBri eta ondoren honek automatikoki kanporatuko ditu, hori bai, europar molde zibilizatuan, zuzenbide estatuak ematen duen helegiterako eskubidea betez. Hipokrisia maila handiagorik erakustea gaitza da.

Hainbeste gurtzen den memoria horrek balioko ote digu zerbaiterako?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Eguneraketa berriak daude