Gasteiz, berrogei urteko inpunitatea

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aste honetan, martxoaren 3an, berrogei urte dira polizia frankistak Gasteizko bost langile tiroz sarraskitu zituela. Eliza batean asanblada egiten ari ziren, aldarrikapen sozial eta laboralak zituen greba orokorraren baitan. Haien izenak –beste edozeinenak ere izan zitezkeen– ezagunak zaizkigu jadanik: Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Perea. Asko eta asko balaz zauritu ziren. 1976tik hona, Espainiako Estatuak krimen frankista haien arduradunei eskainitako berrogei urteko inpunitatea dago, jadanik hilda dagoen Manuel Fraga orduko Gobernazio ministroari, eta Martin Villa orduko harreman sindikaletarako ministro zenari.

Espainiako Estatuaren jarreraren aurrean, Europar Parlamentuak egunotan Martxoak 3 elkartearen salaketa entzungo du. Ikerketa bat ireki eta Madrili justizia, egia eta ordaina eskatu diezaiola nahi dute.

1976ko greba hartatik bi irakasgai nabarmendu beharko genituzke. Lehena: greba hura aurrera atera zen langileen eta herriaren artean sorturiko batasunari esker, bereziki emakumeei esker, ekarpen handia egin baitzuten mobilizazioa sostengatu eta garatzeko. Bigarrena: greba orokorra mantendu zen enpresa ezberdinen arteko langileen elkarlanari esker, ez sindikatuen bidez, asanbladan aukeraturiko langileez osatu zen koordinadoraren bidez baizik. Asanblada orokorra, ohikoan elizan egiten zena, greba aurrera eramateko erabakigunea izaten zen. Auto-antolaketa hori ez zitzaion gustatzen ez patronalari ezta Gobernuari ere. Haiek nahiago zuten sindikatuekin negoziatu. Eta zalantzarik gabe, hori izan zen arrazoi nagusia asanbladari eraso egin eta tiroka desegiteko, bost hildako eraginez. Horixe izan zen Gasteiz 1976.

 


Azkenak
Eguneraketa berriak daude