Miguel Javier Urmeneta

Frankismoaren amaraunean harrapatutako jeltzalea

  • Migel Jabier Urmeneta (1915-1988). Bigarren Errepublika, Frankismoa eta Trantsizioa liburua idatzi berri du Roldán Jimenok eta euskarara itzuli Asisko Urmenetak, Miguel Javierren semeak. Pertsonaiaren biografia ezohikoaz berehala ohartuko da lerroon irakurlea. Eztabaida sutsuak pizten ditu, 2014an Yolanda Barcinaren Gobernuak domina eman zionean argi ikusi zen gisan. 

Xabier Letona @xletona
2016ko urtarrilaren 17a
Urmeneta Iruñeko alkate makila jasotzen 1958an. Sei urtez jardun zuen alkate eta Trantsizio garaian itzuli zen zinegotzi gisa. Ikurriña Iruñeko Udalera eraman zuen zinegotzi taldean zegoen.
Urmeneta Iruñeko alkate makila jasotzen 1958an. Sei urtez jardun zuen alkate eta Trantsizio garaian itzuli zen zinegotzi gisa. Ikurriña Iruñeko Udalera eraman zuen zinegotzi taldean zegoen.Miguel Javier Urmeneta (1915-1918) liburua

1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen ondorioz, lehenengo atxiloketa eta afusilatzeak hasi ziren Nafarroako hiriburuan. Aurreko egunetan Alejo Heletak esana zion Maria Ajarnauteri, bere senar Ataulfo Urmeneta fusilatu behar zutela. Berriozarreko erretore eta erreketeen konfesore José Solabrek ere jakinarazi zien zerbait gertatzekotan Miguel Javier semea haren bila joateko berehala.

Ataulfo Urmeneta EAJko kide ezaguna zen Iruñean eta Miguel Javier Urmeneta bera ere EGIko kide nabarmena. Ondorengo egunetan lagunak bildu zituen Urmeneta gazteak eta zera esan zien: “Dagoeneko ez duzue pentsatu behar noren alde eginen duzuen gerra, baina nola duzuen eginen”. Eta hala joan ziren erreketeekin Madrilgo frontera, Nafarroako beste ehunka gazte eta nagusi bezala, “bolondres”. Hamaika seme-alabaren aita izanik, Ataulfo gerrara joatetik salbuetsi zuten; ondorengo urteetan auzipetu egin zuten eta ondasunak bahitu zizkioten, baina bizirik atera zen. Aita salbatzeko jo zuen semeak gerrara, baina burua nahasi: “Alistatu egin nintzen arrazoi esplikagaitzak direla-eta, bai eta neure buruarentzat ere”, utzi zuen idatzia Miguel Javierrek.

Francoren alde egin zuen gerra karlistekin eta gerra amaitu ondoren boluntario joan zen Dibisio Urdinean, naziekin borrokatzera Errusiako gerra frontera, kapitain gisa. Hitlerren armadak Burdinezko Gurutzearekin saritu zuen. Handik itzuli eta Espainiako armadan jarraitu zuen teniente koronel kargua lortu arte. Abokatu ikasketak zituen eta ingelesa zekien, ikasle fina zen aurretik eta militarren artean ere bai. AEBetara bidali zuten ikastera Espainiako Armadaren ordezkari gisa. 33 urterekin Armadaren Estatu Nagusiko komandante izendapena lortu zuen. Militarren irakasle ere aritu zen eta taktika militarrez ere idatzi zuen militar argitalpenetan.

Iruñeko alkate eta foru-diputatu

Espainiako armadan bide garrantzitsua egin zuen eta bazen nor, horrek ate asko ireki zizkion Iruñean ondorengo hamarkadatan. 1954an Iruñeko Aurrezki-Kutxa Munizipaleko zuzendari izendatu zuten, aurreko zuzendaria zen Ataulfo aitaren heriotzaren ondoren; 28 urtez jardungo zuen karguan. Tartean, ordea, beste kargu eta lan ugari bereganatu zituen, besteak beste Iruñeko alkate (1958-64) eta foru diputatu (1964-1971) izan zen.

Francoren alde egin zuen gerra karlistekin eta hau amaitu ondoren boluntario joan zen Dibisio Urdinean, naziekin borrokatzera

Frankismoko agintari ez ohikoa izan zen, gertukoenek frankista ez zela esateraino. Denbora horretan guztian ez zuen gaztetako abertzaletasuna ahaztu, ezta euskara eta Euskal Herria batuaren ideia ere, beti ere Espainia barruan. Frankismoaren amaraunean harrapatua geratu zen 1936an, baina hala ere ez zen geldi egotekoa. Kutxako zuzendaritzatik eta alkatetzatik Iruñean proiektu aurrerazale ugari bideratu zituen etxegintza alorrean edo auzoetan. Industrializazioari ere bultzada garrantzitsua eman zion, Armadarena zen Iruñeko Zitadela berreskuratu zuen hiriarentzat, euskara eta euskal kultura bultzatu zituen, diputaziotik euskara “planak” egiteraino… eta  60ko hamarkadan, Diputazioko bere aulkia giltzarri izan zen Nafarroako ikastolen sorrerarako. Opus Deiko Nafarroako Unibertsitateari Iruñeko ateak ireki zizkiona ere bera izan zen. Aginte molde pertsonalistarekin, alkate eta diputatu herrikoia izan zen, egindako omenaldi ugariek erakusten duten gisan. Euskaltzaindiako ohorezko kide ere izendatu zuten.

Kargu ugari eskaini zizkioten Madrildik eta gehienei uko egin zien: ministro izatea; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernadore zibila Trantsizioan; Felipe printzearen hezitzaile… Beste asko legez, bera Francorik gabeko garaira beha zegoen jada. Baina langileen grebetan artekari lanak egiten zituen agintari-militar bitxi hark gero eta etsai gehiago pilatu zuen errejimenaren hainbat gunetan, Diputaziora itzul ez zedin konspirazio eta guzti baztertu zuten frankismoaren amaieran. Kutxako zuzendari postutik jarraitu zuen lanean eta, Arturo Kanpionen miresle, berak sortutako Frente Navarro Independientearekin aurkeztu zen 1977ko hauteskundeetara. Porrot egin zuen.

Manifestazioetako iheslariak etxean jaso zitzakeen gizon heterodoxo hura, batez ere euskal kultura eta euskara bultzatzen jardun zuen azken urteetan bere lagun ugariekin, besteak beste Jose María Jimeno Jurio, Pablo Antoñana edo Jorge Cortes Izal: UEU sustatu, Korrika lagundu, edo Euskalerria Irratia sortu. Irratia sostengatzen duen Iruñeko Komunikabideak elkartearen sortzaile, akzionista eta lehen lehendakaria izan zen. Grinaz bizi zuen margoketan eta bere memorien idazte lanetan ere murgildu zen. Emaztea eta sei seme-alaba utzita hil zen 1988an.

Urmenetaren “biografia harrigarriaz mintzo da” Iván Giménez El Corralito Foral liburuan: “80etan Herri Batasunarekiko zaletasuna ere agertu zuen, biraketa ideologiko sinesgaitza eginez, Dibisio Urdinetik ezker abertzaleko ingurumarietara”. Urmenetaren esaldi esanguratsu honek izan dezake zerikusirik ikusmolde horretan: “Nik har nezake zati handi bat Partido Sozialistarengandik, europar sozialismotik; eta gauza bera egin nezake, jarrera intrantsigenterik gabe, EAJko area zabalekin; eta azkenik, bene-benetan, Herri Batasunarengandik”.

Argi-itzalez betetako bizitza du baita ere Miguel Beroizek, Jon Alonso idazle iruindarraren Hodei Berdeak eleberriaren alegiazko pertsonaiak. Beroiz ere jeltzalea zen gaztetan, gero 36ko Gerrara Francorekin jo zuenetakoa, eta hala dio eleberriko bere lehengusu batek haren gerra kontakizunak baloratzerakoan: “Eta gainera, hor konpon, hemen gaia zen Beroizek gerra egiteko moduak zeintzuk ziren kontatzea, eta hori eginda dago, itsusiagoak eta makabroagoak izango ziren beste pasarte batzuk alde batera utzita, horiek ez baititu kontatzen, eta, zer nahi duzue esatea, ez naiz ni izango bekatua aurpegiratuko diodana, gizonak ere badu bere burua edertzeko eskubidea, kontatzen duena, oinarrian, egia izateko baldintza bakarrarekin, eta alde horretatik aski frogatua geratu da enetzat ez duela tatxarik”.

Roldan Jimeno, liburuaren egilea:
“Memoria historikoan pioneroa izan zen Urmeneta, eta hori ez zaio aitortu”

Zuk egin nahi zenuen liburua da hau edo familiaren enkargua?

Bata zein bestea. Barru-barruan nuen eta aspaldi ari nintzen esaten Miguel Javier Urmenetari buruzko doktorego tesia behar beharrezkoa zela. Baina ez dut inor konbentzitu hortaz. Nire obsesioetako bat zen, ezin baita Nafarroako XX. mendeko historia politiko-instituzionala ulertu Urmenetaren figura argi izan gabe. Duela lau urte Asisko adiskideak aipatu zidan 2015erako gustatuko litzaiekeela aitaren historia bat egitea eta azkenean ni neu animatu nintzen. Eta ekin nion, besteak beste, familiak Urmenetaren artxiboa digitalizaturik zuelako eta hori ikerlari batentzat sekulako abantaila delako.

Zer egin zaizu zailena?

Uste nuen bere historia ezagutzen nuela eta, gainera, lehendik berari buruz zegoen lanik mamitsuena nire aitak [José María Jimeno Jurio] idatzitako sarrera bat zen, bere memorien bigarren alera. Orain XX. mendeko gure historiaz eta Urmenetari buruzko gauza berri asko ikasi ditut, eta baita familiak berak ere, batzuk oso gogorrak, nire ideologiaren guztiz aurkakoak.

Liburuan dokumentazio lan itzela dago, baina iruditu zait bere gauza onak azpimarratzen direla batez ere.

Ez. Ezezagunak ziren gauza asko ateratzen dira, eta bere memorietan agertzen ez direnak. Adibidez, gerra zibilaren ondoren, bere lehen destinoa Auritzen izan ziren preso errepublikarren kontzentrazio gune bateko buru. 23-Fko militarrekin zituen adiskidetasunak eta beste asko. Dibisio Urdinean Burdinezko Gurutzea lortu zuela aipatzen badut, ez dut gauza positibo gisa esaten, jakina, baina lortu zuen eta kontatzen dut. Gauza onak eta txarrak zituen, eta guztiak aipatzen dira.

Gerraz gutxi hitz egiten da liburuan.

Berak bere memorietan oso gutxi hitz egiten du, ikusten da ez duela nahi hortaz aritzea, baina militarra izan zenean, irakaslea izan zen eta bere obran baditu hainbat artikulu aldizkari militarretan teknika militarrei buruz. Badu doktrina militarra, baina ez doktrina ideologikoa eta hori salbuespen nabarmena da garai hartan idazten zuten militarretan.

Asko egin zuen eta asko idatzi zuen, baina frankismoaz ez du hitz egiten oro har. Frankismoaren barruko gizon teknikoa da bera?

Berak ez zuen bere burua frankistatzat hartzen, nahiz eta alkate kargua edo diputatu kargua hartzen zuenean eta hitzaldia egin zerbait esan behar zuen; baina halakoak gutxi ziren eta egoerak eskatuta. Bere politika oso teknikoa izan zen, baina bere ideologia ez frankistatik apustu irmoak egin zituen politikatik. Bera alkatetzara heldu aurretik Txantreako kale guztiei bando nazionaleko erorien izenak jartzen zitzaizkien eta bera heltzean politika hori moztu eta herrien izenak jarri ziren. 1965ean, adibidez, diputatu zenean eta Enbatakoekin zuen harreman handia medio, Kristiane Etxaluz etakidea lagundu zuen hau Iruñeko espetxean zela, Erorien Monumentua zartatzeko ahaleginaren ondoren. Erorien Monumentuari izaera frankista kentzeko proposamena egin zuen orduan Urmenetak, baina ez zioten onartu. Garai hartarako memoriaren oso ikuspegi aurreratua zuen. Zeresanik ez euskara eta euskal kulturarekiko, berarengatik izan ez balitz, garai hartan ez zen ikastola bakarra irekiko Nafarroa osoan. Oso teknikoa zen, baina bere ideologia ere sartzen zuen.

Sartzen zuen frankismoarentzako ere mehatxua ez zelako, areago, batzuetan irudi zabal hori izatea ere komeni zitzaiolako.

Frankismoan militarrek oso teorizatua zuten haiek izan behar zutela gidari politikan. Goi mailako militarra izanik, bere estatusak ez zuen parekorik Nafarroan eta inork ezin zion deus ere esan. Noiz hasi zitzaizkion gauzak okertzen? Frankismoaren amaieran edo Trantsizioan, militarren izar hura itzaltzen hasi zenean.

Nola baloratzen duzu Nafarroako Gobernuak 2014an emandako dominen afera?

Felix Uharteri eta Urmenetari eman zizkien dominak, baina uste dut batez ere Uharteri eman nahi ziotela eta horretarako Urmeneta baliatu zuela, Uharteri bakarrik ematea legez kanpokoa izango zelako memoriaren ikuspegitik: frankismoan egindakoagatik ematen zitzaion domina eta gainera bera frankismoan hil zen, gero ez zuen ibilbide demokratikorik izan. Beraz, Urmeneta sartu zuten, aurreikusten zen polemika itzali asmoz.

Memoriaren Autobusa eta halakoetatik kritika gogorrak egin zitzaizkien bi dominei eta Urmenetaren kasuan txinpartak sortu ziren. Zuk aipatu izan duzu ez zenituela kritika horiek ulertzen.

Ez, ez da horrela. Nik kolektibo horietako partaide naiz eta oso gertukoak sentitzen ditut, baina esan izan dut egindako kritika batzuk testuingurutik kanpo egin zirela eta beste batzuk datu faltsuetan oinarritzen zirela, esaterako Urmeneta Uharteren enpresetan sartuta zegoela eta halakoak. Urmeneta izan zena izan zen, gerra zibilean aritua, Errusian Dibisio Urdinean… hori guztia nik ere esaten dut liburuan, baina memoria historikoaren ikuspegitik aztertuta, aitortu behar zaio pioneroa izan zela estatu mailan modu instituzional batean frankismoaren sinboloak kentzen, eta hori ez zaio aitortu.

Gauza asko entzun eta irakurri ziren, baina funtsean, aipatzen zen ez zuela domina hori merezi.

Ni ere ados nago horrekin, ez zuen merezi frankismoan egindakoagatik zelako; aldiz, bere ibilbide osoagatik izan balitz, ados nengoke dominarekin. Bere ibilbideak iluntasun handiak izan zituen, baina bere bizitza guztia hartuta Nafarroarentzat oso positiboa izan zen.

Liburuaren originala erdarazkoa da eta egile gisa zu agertzen zara azalean. Euskarazkoan zu eta Asisko Urmeneta –itzultzailea– agertzen zarete, eta ez du ez oin-oharrik, ez bibliografiarik, mutilatua dago beraz. Zergatik?

Itzulpena Asiskorena da, baina hori baino gehiago ere bai. Berari gustatuko litzaiokeen liburua egin du, nire edukia aldatu gabe, baina ekarpen batzuk eginda: sarrera oso pertsonala, oin-ohar asko testuan integratu ditu, bibliografia kendu dio... Nire liburua formaz ortodoxoagoa da, Asiskoren lana, batez ere itzulpenean euskararekin egindako apustuagatik, literarioagoa.

Asisko Urmeneta, Miguel Javier Urmenetaren semea:
“Liburuarekin liberatu naiz eta aita lurperatu dut”

Liburuarekin irudi luke arantza bat kendu duzula.

Arantza baino gehiago, liberatu naiz eta aita lurperatu dut. Hil zenean 22 urte nituen, bosgarren semea, garai hartan nahiko punkia… aita zaharra, militarra izana Iruñea txiki hartan… Izena galdetzen zidatenean Asisko esaten nuen eta abizena Urmeneta, baina azken hau aho txikiarekin eta berdin haren semea nintzela. Maite nuen, baina urtetan gaizki eraman izan nuen. Gero, iazko dominen afera bizi izan genuen eta oso gogorra izan zen. Roldánen lan hau oso ongi etorri zait alde horretatik, barrenak mugitu dizkit, negar franko egin dut eta asko ikasi dut aitaz. Ez dut bere ibilbidea justifikatuko, ez da nire lana –hark ere ez luke egingo seguruenik–, baina Roldánek eman ditu manera koherente batean nik etxean nituen aitaren argazki haiek guztiak. Azkenean aita ezagutu dut.

Erdarazko liburuan Roldán Jimeno da egilea. Euskarazkoan aldiz, itzulpenean, biok agertzen zarete egile gisa eta liburuak ez du oin-oharrik eta bibliografiarik. Zergatik?

Nolabait esateko, Roldánen lana da zientifikoa eta nirea agitatzailearena. Nire asmoa zen kapitulu bakoitzean aipatzen zena etxekook nola bizi genuen lehen pertsonan kontatzea. Denbora faltagatik azkenean dena aitzin solasean bildu behar izan nuen. Itzulpena oso fidela da Roldánek idazten duenarekiko, baina testuaren lagungarri diren ohar erudituak kenduta.

Frankismoko pertsonaia garrantzitsua izan zen Nafarroan, baina liburuan aipatzen da ez zela frankista izan. Nola ulertzen da hori?

Une historiko honetan frankismoko gertaerak frankistatzat hartzen ditugu. Biharamunean Euskal Herriak independentzia lortuz gero, erran ahal izango genuke, erraterako, Uxue Barkos monarkia borbonikoaren agente bat dela? Hartu Dominique Garat Ustaritzekoa: borbondarren monarkian aritu zen diputatu lapurditik, gero Estatu Orokorretan saiatu zen Lapurdiren alde egiten, geroago berak irakurri zion heriotza kondena erregeari, Konbentzioan ere ibili zen… beti boterearen bueltan baina beti Lapurdiren alde. Aitaren kasuan ere, beharrik izan direla jende batzuk etorkizuna ikusi dutena eta herriaren alde lan egin dutenak. Bera ez zen aberastu, esaterako [Felix] Uhartek egin zuen bezala.

Etxeko giroaz. Aita armadako teniente koronela izan zen, baina etxean ez zen giro militarrik bizi. Esaterako, berak lagundu zigun soldaduzkatik libratzen. Nik liburuarekin jakin izan dut aitatxi abertzalea zela, bere familia osoa… etxean isiltasun erabatekoa zegoen halakoen inguruan. Euskaltasuna bai, Iparraldea… baina dena oso lausotua.

Familia jeltzalea eta bereziki aita salbatzeko joan omen zen reketeekin Francoren alde. Berak hitz egin al zizuen noizbait ataka horretaz etxean?

Ez hortaz, ez gerraz. Noizbait atera zen etxean karlistak fatxak ote ziren, eta berak ezetz, XIX. mendeko gerra karlistetako karlistak espartinetako jendea zela zioen. Aita bulego gizona izan zen, baina beti espartinetako jendeen alde, oso ikuspegi sozial handia zuen. Potasaseko langileen greban [1974], adibidez, bera hautatu zuten bitartekari lana egiteko enpresarekin.

Aitzinsolasean aipatzen duzu amarauna eta hartan harrapatua gelditzen den eulia, aita alegia. Eta betirako geratu zen harrapatua sarean.

Obszenitatea zen 1936ko uztailaren 18aren biharamunekoa. Jendea behartzen zuten haien alde soldadu joatera, baina egiazki ez zirela haietakoak. Horixe zioen Rafael García Serranok aitari buruz: “Ez lehen, ez orain, Miguel Javier Urmeneta ez da inoiz izan gutarra”. Frankismoaren amaieran aita saiatu zen eratzen elkarte demokratiko bat Nafarroan, irekidura maila bat eta Euskal Herriaren aldeko jarrera izango zuena, baina Arias Navarro, Fraga, Martín Villa eta beste hainbatek bide guztiak itxi zizkioten berriz ere Diputaziora itzultzeko. Domina nazia eta beste hainbat domina militar izanagatik ere, erregimenak nahiko argi zuen nor zen Mikel Xabier hori, bai 1935ean bai 1974an ere.

Nola bizi izan zenuen iazko dominaren afera?

Izugarri gogorra izan zen. Diario de Navarratik sekulako loreak aitari, egunkari hori beti aitaren aurka ibili zenean eta aitak ikusi ere ezin zuenean. Eta euskal medioetatik kritika ikaragarri gogorrak aitaren borroka beti haien alde izan denean. Liburuaren azken kapituluan Roldánek dominaren aferari buruzko kronika egin du eta han bakoitza ondo erretratatua ateratzen da. Yolanda Barcinaren maniobra politikoa izan zen aita eta Felix Uharteri domina batera ematea, eta denok erori ginen haren tranpan. Lehen unean oso ahots gutxi atera ziren aitaren alde, gero bai. Laburbilduz, uste dut garai historiko bakoitzean begiratu behar dela nork egiten duen egiazki herriaren alde eta nork ez.

Humanoa, humanoegia

(Santi Leone historialariaren iritzia)

Segur aski, bigarren kapituluan dugu Migel Jabier Urmenetaren biografiako analisi ideologiko luzeena, Amayur aldizkarian Urmenetak eta haren aita Ataulfok Euzkadiko Historia grafikoari eskaintzen diotena hain zuzen ere. Hortik abiatuta, etorriko diren urteetako eboluzioan gauza anitz esplikatzeko balio duen oinarrizko oposizioa ezartzen zaigu: barneko abertzalea vs kanpoko erregimeneko gizona; edo iraganeko abertzalea vs haren pindarrak barnean daramatzan itxurazko frankista; edo gauza “txarrak” –barkatu sinplekeria– behartuta egin zituen gizona vs gauza “onak” egin zituen politikari eskuzabala. Eskuzabala izan zela argi gelditzen baita biografia honetan, eta herrikoia, eta hurbila, eta zintzoa, eta langilea. Eta nik ez dut hori –argi gera bedi– zalantzan jarriko. Baina alde humanoa baino gehiago, alde politikoa ezagutu nahiko genukeen. Euskaltzalea zela erratea ez baita aski, euskaltzaletasuna kontestualizatu beharrik ez duen kategoria balitz bezala.

Hein handi batean, gizonaren biografia dugu hau, ez politikariarena: ez jarduera politikoaren berri ematen ez delako, baizik eta hura bertute humanoen bidez azaltzen delako. Eta hori akatsa da. Akatsa den bezala Asisko Urmenetari, itzultzailea izanik, egiletza aitortu izana euskarazko bertsioan, eta itzultzaileari inolaz ere ez dagozkion erabakiak hartzea –oin-oharrak eta bibliografia desagerraraztea– onartu izana, hark “zer monografia-mota irakurriko lukeen” aintzat hartuta. Hortxe baitago, naski, koxka nagusia. Liburu baliotsua idatzi du Roldán Jimenok, eta euskara ederrera bihurtu du Asiko Urmenetak, baina, halere, uste dut aukera galdua dela biografia hau. Migel Jabier Urmenetaren lan onak zerrendatzea gutixko da, eta euskal irakurleari narrazioa inolako aparatu kritikorik gabe sinets dezala eskatzea, soberaxko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude