Britainia Handian nuklear berriak ere ‘Made in China’ dira

  • Xi Jinping lehendakari txinatarrak Londresen lurra hartu baino ordu batzuk lehenago iritsi arazi zien oparia ingelesei: Txinak bere gain hartzen duela Hinkley Pointeko zentral nuklear berriaren herena, EDF multinazional frantsesarekin ezkonduta. Ez dea iraultza energia nuklear zibila asmatu zuen Ingalaterrak orain Txinaren esku uztea?

Zentral nuklear berria eraikitzeko obrak Changjiangen, Hainan eskualdean.
Zentral nuklear berria eraikitzeko obrak Changjiangen, Hainan eskualdean. AP

Alderdi Komunista eta militar txinatarrak Britainia Handiko zentral nuklearrak kontrolatzen... ez ote da amesgaiztoa kontserbadore neoliberal ingelesentzako? Ez, bada, eta ituna Xi Jianpingekin txin-txin eginez ospatu dute Elisabeth erregina zaharrak, Kate noizbait erregina izango denak eta David Cameron lehen ministroak.

Txerriak bezala, dena probetxugarri izango du, omen, EDF Ellectricite de Francek eta China General Nuclear Power Corporationek Nikley Pointen 2025erako lanean edukiko duten zentral atomikoak. Erresuma Batuak behar duen argindarraren %7 ekoiztuko du. 35 urtez megawat 92 libratan eskainiko du –gaurko prezioa halako bi, horra tatxa bakarretakoa–.

24.500 milioi libra (34.500 milioi euro) kostako delarik, bere eraikuntzak 100 milioi libra ekarriko dizkio inguruko ekonomiari, 2.000 milioi inguru bizirik egongo den 35 urtetan. Bi milioi kotxek botatakoa adina karbono aurreztuko dizkio ingurumenari. 25.000 lanpostu eraikitzen ariko diren urteetan...  

Hain da etekinez betea nuklear txinatarrekin lortutako tratua, ezen eta Londresko gobernuak eraiki nahi dituen gehiagotara ere zabalduko baita ziurrenik. Bi aipatzen dira dagoenekoz: Sizewell herrian eraiki nahi dena Suffolk eskualdean eta Essexeko Bradwellen eraikitzekoa.

Azken hogei urteotan ez da zentral berririk eraiki Erresuma Batuan. Orain, ordea, zazpi daudenez iraungitze datatik hurbil eta ixtekotan, zortzi berri altxatzea aipatu du Cameronen gobernuak. Somerset eskualdean dagoen Hinkley Pointen, lehengo zaharraren lekua hartu behar du.

European Pressurised Reactors (EPR) motako erreaktoreak aurreikusten dira Erresuma Baturako. EDFk sortutako sistema honek, hala ere, askori piztu dio zalantza bai epe eta bai kosteei dagokienez. EPR motako bi zentral ari dira eraikitzen Europan, Flamanvillekoa Frantzian eta Olkiluotokoa  Finlandian, eta bietan okertu dira kalkuluak, epeak luzatuz eta kosteak espero baino askoz gehiago garestituz.

Herritar askok, berriz, galdetu du ea zertara datozen txinatarrak herrialde batentzako hain estrategikoa den energia atomikoa antolatzera. David Cameronek funtsean sosen argudioa atera du mahaira: Londresko gobernuak ez daukala dirurik horretan inbertitzeko. 

George Osborne, Erresuma Batuko Ogasun ministroak esan duenez, “horretan xahutzen badugu dirua, ez zaigu geratuko osasun sistema eta eskolak finantzatzeko”. Modu salgarriagoan azaldu nahi izan du Cameron eta kontserbadoreek aspalditik oso garbi utzia daukatena: estatuaren defizita murriztea da lehentasuna. Beraz, energia atomikoa hain ona izanik, horretan inbertitzeko modua konpainia pribatuak erakartzea da.

‘Low Cost’ atomikoak

The Guardian egunkarian Aditya Chakraborttyk grafikoki deskribatu du kontserbadoreen amarrua: “Osbornek orain [energiaren] ber-nazionalizazioa aldarrikatzen du, nahiz eta Britainia ez den nazio bati uzteko”. Bitxia baita politikari eskuindarrak izatea, azpiegiturak eta konpainia estrategikoak esku publikoetan egotearen aldekoak marxista irrigarritzat mesprezatzen dituztenak berak, energia atomikoa Txinaren esku lagatzen dutenak.

Dio Chakrabortty britainiarrak: “Cameronek geratzen zaigun guztia saldu nahi du, ikasleen kredituak barne. Nuklearrena ez da azken errematea baizik. Guk ez dugu eraikiko, ez gara jabe izango, ez dugu kontrolatuko. Baina faktura geuk ordainduko dugu: lanpostuak galduz, zergak desagertuz, neguetan energia garestiago pagatuz”.

The Ecologist aldizkarian bi alde oso ezberdinetatik analizatu dute Cameronen erabakia: negozioaren ezaugarri ekonomiko eta politikoak batetik, zentral berriok eta oro har Txina atomoetan egiten ari den urratsek eragindako arriskuak bestetik.

Bristoleko unibertsitatean irakasle den Jeffrey Hendersonek argudiatu du Hinkley Pointen abiatutako bideak pagotxa dakarkiela banku handiei eta ezer onik ez herritarrei. Izan ere nola ulertu militar asko ere kontra dauzkan horrelako itun bat, atari ondoko zentral nuklearrak atzerritarren (komunisten!) mende uzten dituena?    

Hendersonek dioenez, “paradoxa ulertzeko arretaz begiratu behar diogu gobernu britainiarrak Xi Jinping lehendakariarekin daukan flirtaren beste osagai bati: bi herrialdeen finantza zerbitzuek elkarrekiko daukaten harreman gero eta estuagoari”.

Londresko City famatuak aspaldi hartu zuen bere gain Erresuma Batuarekiko independentzia. XVII. mendetik espekulazioan berezitu da eta gaur agintean dagoen elite politiko-ekonomikoa City horren ordezkaria da, ez herritar britainiarrena. Horregatik Xi Jianpiang eta Cameronek urrats berriak egin dituzte Shangai eta Londresko burtsak elkarri lotzeko.

“Tamalez, Txinako finantza sistema ere beteta dago kreditu ustelez. Hango atzeraldi ekonomikoak kreditu pozoitsu horiek askoz arriskugarriago bilakatu ditzake. Ez al goaz elkarrekin Txinak sortu eta Britainia Handiak bermatutako hurrengo kolapso ekonomikora?”.

The Ecologisten zuzendari Oliver Tickellek azaldu ditu Txinako beroaldi atomikoak mundu osoko ingurumenari dakarzkion arriskuak. Britainia Handira eta mundura zabaltzen hasi aurretik, Txinak aurreikusi baitu bere lurraldean bertan eraikitzea... 400 erreaktore berri!

Munduko nuklearzaleak pozarren daude Pekineko agintariekin: “China Shows How to Build Nuclear Reactors Fast and Cheap” titulatu du Forbesek. Txinak erakusten digu nola eraiki nuklearrak arin eta merke. 2050erako 350 giga-wattetik gorako potentzia edukiko omen du Txinak, epe horretan eraikita 400 erreaktore, bilioi bat dolar inbertituz.

Zenbat denbora beharko da Fukushima bezalako hondamendi bat ikusteko Txinan? Ez gehiegi, tamalez. Istripu larri bat kalkulatzen da erreaktoreen funtzionamenduzko 3.000-4.000 urteko. Dio Tickellek suitzarren perfekzionismoarekin luza litezkeela arrisku epeak, baina txinatarrek segurtasunean axolagabekeria handia erakutsi dutela. Zertarako jarri adibiderik...

Arin eta merke, berriz, zeren kontura? Eskulana Txinan merkeagoa delako, ziur, baina Tickellen iritzian “hain merkea soilik gertatu liteke segurtasuna asko murrizteari esker”. Alemaniatik nuklearren itxiera Europan zabaltzen ari zela uste genuenean, Hinkley Pointen barrena atzeko atetik datorkigu atomoa.


ASTEKARIA
2015eko azaroaren 22a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude