Irauten duen gauza bakarra aldaketa omen da eta ideia horri jarraituz, datorren astetik aurrera itxura aldatuta jasoko duzu aldizkari hau. Diseinu berriaren gakoak azaltzen saiatu gara hurrengo orrialdeetan.
Eskuetan hartzen duzunetik nabarituko duzu: tamainaz konpaktuagoa den Argia jasoko duzu datorren astean eta aldizkariaren izena letra larriz agertuko da berriro azalean hurrengo zenbakitik aurrera. Ez da itxura-aldatze hutsa, aldizkari honen ondareari omenaldi txikia ere egingo diogu, ia mende batez irakurle euskaldunengana iristen aitzindaria izan den medio honen izena horrela agertu izan baita lehen orrian. Handinahikeriarik gabe, hori bai: letra-tipo soil eta eraginkorra hautatu dugu aldizkariaren fase berrirako. Etxeko beste marka, azken hamarkadetan mantxeta osatzen duen bonbilla, hortxe aurkituko duzu, pixka bat txikiago –aztarna ekologikoa gutxitzea logotipoen ardura ere bai baita–.
Berrikuntza nabarmenenetako bat aldizkariaren hasierako partea da. Panorama izeneko sail berria estreinatuko dugu azaroaren 15eko zenbakian, asteroko albiste, adierazpen eta datuak bilduko dituen aktualitate atala. Informazioaren munduak hartu duen abiada dela-eta, jabetzen gara geroz eta zailagoa dela edonorentzat hemen eta munduan gertatzen dena taxuz segitzea. Dena ezin da irakurri, dena ezin da kontatu, baina garrantzia duena behintzat ez dadila oharkabean pasa: erronka hori jarri diogu gure buruari. Asteko argazkiarekin irekiko dugu saila, pil-pilean dagoen gai baten isla. Albisteak, analisi laburrak, infogramak, sarean arrantzatutako adierazpenak… Bizi dugun garaiaren pultsua, erredakzioak hartua.
Gaurkotasunari eskainitako atal horretara etorriko dira orain arte aldizkaria itxi duten bi artikulu ezinbesteko. Xabier Letonaren Maltzagatik analisi politikoa –aurrerantzean Gaztelu plazatik– eta Pello Zubiriaren eskutik bestelako munduaren berri ematen duen Net Hurbil erreportajea. Asisko Urmenetaren asteroko bineta ere aurreko orriotara ekarri dugu, ez dadila umorea falta.
Aste honetako zurrunbiloak utzi duena argitzen saiatu ostean, patxada pixka batekin irakurtzeko zerbait eskainiko dizugu: Jendeak sailarekin orain arte Pertsonaia atalean argitaratutako elkarrizketen onena hartu nahi dugu eta zerbait gehiago erantsi: egile-kazetaritza da bete-betean, esateko zerbait daukaten norbanakoekin solasean ondua, orain argazki ikusgarriagoekin, baita protagonistak hizpide izango dituen gaiak lehen begi-kolpean kokatzeko erraztasun handiagoekin ere.
Diseinu aldetik egin dugun hautu inportanteenetakoa da hori, Jendeak sailean eta beste hainbat artikulu, elkarrizketa eta erreportajeetan ere erabiliko duguna. Argian informazioa lantzeko dugun moduarengatik, kazetaritza klasikoaren kanonek ezartzen duten gai bakarreko kokapena zurrun samar geratzen zaigu. Zehar-lerroen bila gabiltza, kulturari buruzko artikulu bat idazteak ez du esan nahi politikaz ere idazten ez dugunik; nazioarteko analisiak egiten ditugu genero-ikuspegiarekin. Hori hobeto islatuko dute orrialdeen goiko partean paratuko ditugun etiketa tematikoek.
Gaikako sailkapen hori gure lan egiteko modu berriaren ispilu ere bada. Paperezko Argia eta webgunea hobeto koordinatzeko lan talde tematikoak osatu ditugu, bi euskarrietan batera ariko direnak. Eta zehar-lerro ugari ukituko dituzten artikuluak izango dira aldizkariaren erdigunea: erreportaje nagusi batek astero gai baten inguruan sakontzeko aukera emango digu eta atzetik beste zenbait artikuluk gurean ardatz diren ildoak landuko dituzte.
Ez dira faltako gure orrietan jada klasikotzat jo ditzakegun atalak. Jakoba Errekondok astero-astero idazten duen artikulua indartu nahi izan dugu, Lurrak irauliko gaitu sailarekin. Bizi Baratzea liburuaren egilearen artikuluak topatuko dituzu bertan, baita landareekin zerikusia duten beste hainbat kontu interesgarri ere. Bestalde, Nagore Irazustabarrenak historiaren zirrikituetatik urrea ateratzen jarraituko du bere Denboraren makinarekin.
Aldizkariaren azken orrietarako ere erreserbatu dugu berrikuntzarik. Hasteko, zuzeneko emanaldien, filmen eta beste zenbait kultur adierazpideren kronikak argitaratzen hasiko gara, gurean ohikoak diren liburu eta diskoei eskainitako orrialdeen osagarri. Argia osatzen dugun guztiok –harpidedun, langile, irakurle, iragarle...– gure txoko partikularra izango dugu astero argitaratuko den Komunitatea orrialdearekin –bertan bilduko ditugu proiektu komunikatibo honetan ematen diren berrikuntzak eta inguruan txikitik eragiten ari diren guztien testigantzak–.
Postrerako berriz, bi gutizia berri –tira, bat berri berria eta bestea, nola esan, birziklatua–. Argikontra elkarrizketa bereziak astekariaren eduki serioei akabera emango die: bertan elkarrizketatuek, lan arlo edo kezka oso partikularretatik, mundua begiratzeko beste modu bat erakutsiko digute. Azken orria aldiz, erredakzioan bilketa selektiboarekin eta berrerabilpenarekin daukagun konpromisoaren erakusgarri da. Jakingo duzue honezkero duela urte batzuk gorbatadun grazioso-usteko batzuek web telebista saio bat egin zutela Argiaren webgunean. Bada, aurrekontu faltagatik kameraren aurrean berriz jarriko ez badira ere, aukera utzi diegu aldizkari berrian orrialde satiriko bat egiteko: beste zereginen bat bilatzeko esan nahi genien, baina Beranduegi zen.
Prozesu gisa planteatu genuen Argiari soineko berria josi behar hau. Zeregin horretaz arduratuko zen lan talde bat sortu genuen iaz, kurtso hasieran eta hilabeteetako lana izan da, profesional bikainei esker gauzatu ahal izan dena: Ametzagaiña taldean bazkide dugun Antzako kideak.
Kazetaritza alorreko premiak asetzeko forma egokienaren bila aritu gara, edukietatik abiatu den gogoetan. Zer argitaratzen dugun baita garrantzitsuena guretzat. Baina, jakina denez, edukiak huts-hutsean zaila dauka gaur egun irakurlearengana iristeko, hura milaka estimulu komunikatiboz inguratuta bizi baita. Ikusgarritasunean irabaziko zuen maketa behar genuen beraz. Berehala ohartu ginen ordea, lehen momentuan deigarrienak egiten diren aurkezpenak nekagarri suerta daitezkeela denborak aurrera egin ahala. Asteroko erronkari eusteko, maila berean behar genituen ikusgarritasuna eta iraunkortasuna.
Lortu dugulakoan gaude: datorren astetik aurrera jasoko duzun aldizkariaren itxurak indartsua izan nahi du irakurlearen begietan, baita dotorea ere; eta uste dugu denborak mesede egingo diola.
Aldaketaren lekuko izateko aukera ere eskaini nahi dizugu: etorri azaroaren 12an 18:30ean Lasarte-Oriako gure egoitzara eta eman zure iritzia Argiaren itxura-aldaketaz.
Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.
Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.
Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.
Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]