Kaligula zentzudunena

Kaligula (K.o. 12-41), beste asko bezala, sumindu egiten zen ikusleen zalapartak ikuskizuna eragozten zuenean.
Kaligula (K.o. 12-41), beste asko bezala, sumindu egiten zen ikusleen zalapartak ikuskizuna eragozten zuenean.Metropolitan Museum of Art

Erroma, K.o. 37. Gaius Julius Caesar Germanicus gaztea enperadore izendatu zuten. Baina Kaligula ezizenez –eta agintaldi laburrean egindako aldrebeskeriengatik– da ezaguna.

Dantza eta antzerki ikuskizunen zale amorratua omen zen enperadorea. Ekitaldien amaieran, artistengana hurbildu ohi zen, muxuka, losintxan. Dantzari eta aktoreak suharki babesten zituen eta gozo jartzen zen zerbaitek edo norbaitek ikuskizuna eragozten edo eteten zuenean.

Suetoniok jaso zuenez, behin, Kaligulak oso gustuko zuen artista bat jardunean ari zela, ikusleetako bat zalaparta eta iskanbila sortzen hasi zen. Enperadoreak eskutitz bat idatzi zuen hantxe bertan eta ehuntari bati luzatu zion, zalapartariari eman ziezaion. Ehuntariak enperadorearen mezua Mauritaniako Ptolomeo erregeari helarazteko agindua eta gutuna bera eman zizkionean, ikusle gajoak ez zuen ezer onik espero. Bazekien enperadorea gogaitu zuela eta auskalo Kaligulak zer zigor krudel idatzi zuen eskutitz horretan.

Bizitzako azken bidaia izan zitekeena egin zuen, Ptolomeoren gortera iritsi zen eta gutuna eskura eman zion erregeari. “Mesedez, mezua dakarrena itzul dadila Erromara” irakurri zuen hark ozen. Mezuak ez zuen besterik esaten. Ikusle iskanbilatsuarentzat ez zegoen zigor krudelik. Baina bide luzea erabat larrituta eman ondoren, ederki damutu zitzaion ikuskizunean izandako jarrera, eta lezioa ederki ikasi zuen.

Garaiko iturri urriek Kaligula megalomanoa, ankerra eta apetatsua deskribatzen dute. Incitatus izeneko zaldi kuttuna kontsul izendatu zuela diote, arrebekin intzestu-harremanak izan zituela, aristokraziako kide aberatsenak hil zituela haien ondasunak bereganatzeko...  Mezuaren hartzailea bera ere, Mauritaniako erregea, Erromara egindako bisitaldi batean hilko zuen, Britainia konkistatzeko ahaleginen porrotak eta Inperioaren ekialdeko probintzietatik zetozkion berri txarrak suminduta. Agintaldiaren hasieran kudeatzeko gaitasuna zuela erakutsi zuen enperadore gazteak, baina gaixoaldi larri baten ondoren burua galdu omen zuen, eta zentzu ona berreskuratzeko tarte handirik ere ez zuen izan, pretoriar guardiako kideek 28 urte besterik ez zituela hil baitzuten. Horrenbestez, tirano zoroaren irudia da iritsi zaiguna. Ikusle iskanbilatsuaren pasadizoa haren eszentrikotasunaren seinaletzat jo ohi da, nahiz eta beste protagonista bat izanez gero, jakinduriaz emandako leziotzat joko genukeen ziurrenik. Eta, antzokietan edo zine aretoetan, denok izan dugu inoiz ikusle berritsua Mauritaniako erregearengana bidaltzeko gogoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromatarrak
Gerra Hotza eta Erromatar Inperio baketsua

Ekialde Hurbila, K.o. II.-III. mendeak. Erromatar Inperioak 1.000 kilometro inguruko defentsa lerro bat osatu zuen ekialdeko limes edo muga zaindu eta persiar armadaren nahiz tribu nomaden erasoei aurre egiteko. Lerro hura iparraldetik hegoaldera luzatzen zen, Palmiratik egungo... [+]


Erromatar legioaren "hozkailua"

Varsoviako unibertsitateko arkeologoek, Danubio bazterreko erromatar garaiko indusketa gune batean Antzinaroko "hozkailua" aurkitu dute.


Erroma salbatu zuten antzarak

Erroma, K.a. 406. Hiriak gerra deklaratu zion Veii herriari, handik 10 milia ingurura zegoen kokaleku etruriarrari. Urte luzez Veii aberastu egin zen, nagusiki gatz merkataritzaren kontrolari esker, pixkanaka erromatarrei itzal eginez.


Ponpeia baino lehen

Vesuvio, duela 3.800 urte. Sumendiak eztanda egin zuen enegarren aldiz, eta mendi magaleko Brontze Aroko Afragola herrixka errautsek estali zuten, K.o. 79an Ponpeia eta Herkulanorekin gertatu bezala.


Eguneraketa berriak daude