Zorria, txindurria eta eskinosoa

Eskinosoak (Cyanocitta cristata) txindurrien azido formikoa baliatzen du lumen arteko zorriak akabatzeko intsektizida gisa.
Eskinosoak (Cyanocitta cristata) txindurrien azido formikoa baliatzen du lumen arteko zorriak akabatzeko intsektizida gisa.

Txindurriak ez ditut inoiz areriotzat izan. Erleak edo gure espeziea bezala taldekoia izateak, agian, halako begirune bat izatera bultzatu izan nau. Buelta etorri den arte. Aurreko batean, mahastiko belarrak txukuntzen, belauniko jarri eta txindurri-muntotik txindurri-muntora belarrei tiraka ari nintzela, horra eskularruetatik gora non igotzen zaidan txindurri gorri oste bat. Eta belaunburuetan gora beste bana. Hozkaz josi naute ni jabetzerako. Hilabeteak igaro dira, eta guda zelaia ederki markatua dut oraindik azalean.

Zorriek eta txindurriek badute elkarrenganako joera berezi bat, oraindik erabat ezagutzen ez duguna. Toki askotan ikertzen ari dira batzuen eta besteen espezie desberdinen arteko zerikusia. Ahizpen arteko hartu-emana dute. Elkarri mesede egiten diote: landareen puntta berri gurietan, elikadura gozoena eta errazena duten kimuetan, zorriak zaindu eta arerioengandik babesten dituzte txindurriek, gero haiek egingo duten sabel-hustearen gorozkia gutizia goren baitute beraiek. Etxerik onenetan itoginak bezala, ahizpen artean bestelakotik ere gertatu gertatzen da: ustez ezin xaloagoa dena, benetan ezin makurragoa izan. Eta ez jakin... Gaur jakin dudanez, txindurriei muturrera barre egiten dieten zorriak aurkitu dituzte: txindurri kumeen usaina imitatu eta zorri kumeak txindurritegiko haurtzaindegira eramaten dituzte, gero hango kumeen jatena bertatik bertara lapurtzeko.

Zorria ez da eskinosoa, baina horiek ere badute elkarren berri. Iledunon azalean bezala, animalia lumadunen azalean ere zorriak ederki bizi izan ohi dira. Txist han, txist hemen, tarteka odol pixka bat zurrupatu eta aurrera bolie! Eskinosoak ere izaten ditu nonbait, eta ahizpa gisa datorkiona baina benetan bizkarroi gogaikarria besterik ez dena nola bazterreratu eta lumajea garbitu? Horra han eta hemen, nonahi, txindurritegia. Mokoa maltzur okertu eta saltoka-saltoka lasai ederrean txindurritegira hurbildu, zorabioak joko balu bezala gorputza bertan etzan, hegoak zabal-zabal egin, lumatza lainezaz astindu eta harrotu eta datorkion kili-kilialdirako apain-apain gertatzen da. Txindurriak lumadian sartu, eta azido formikoa askatuko dute. Eskinosoaren kilimagarri, baina zorria akabatuko duen intsektizida. Txindurrien mendekua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bestelakoak
2019-05-19 | Jakoba Errekondo
Zaldaleak irabazten

Egunak gauari gaina hartzen dio udaberriko ekinozioarekin. Aurten martxoaren 20an gertatu da, 22:59an, udaberriaren atea irekiz. Eki aurrizkiak gauza bera esan nahi du. Ordura arte gaua luzeagoa zen. Egun hartan egunak eta gauak hamabina ordu izan zituzten. Ordutik eguna... [+]


2019-03-31 | Jakoba Errekondo
Klima aldaketa eta paisaia

Eguraldia aspaldian dugu hizpidean jarria; klimarena, ordea, berri samarra da. Klima aldaketa zer den argitu behar handirik ez dago. Paisaia zer den azaltzea bai, horren premia gorriagoa da. Puri-purian dago klimaren aldaketaz hitzaldi, mahai inguru edota nazioarteko... [+]


2018-09-16 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren emakumeak

Fruituak bildu eta dolarerako bidean jartzeko sasoia da. Udarea (Pyrus communis), sagarra (Malus x domestica), mahatsa (Vitis vinifera)... Bide motz eta azkarra dirudi baina makina bat itzulinguru eta hauen saihesbide landu behar dira fruitua muztio eta muztioa edari alkoholdun... [+]


2018-07-22 | Jakoba Errekondo
Alde guztietatik jatea

Euskal Herrian nekazaritza etengabeko kolonizazioaren historia da. Toki guztietan bezala. Lehen lantzen ez zen lurra lugorritu; lehen ereiten ez zen uzta erein; lehen jaten ez zena gozatu. Dena beste nonbaitetik ekarria. Historia horietako asko idatzi dituzte nonahi laboreek;... [+]


2018-04-22 | Jakoba Errekondo
Kurka-kurka

Laboreekin egiten diren ardoetara itzuliz, ezker-aihena (Humulus lupulus) kontserbatzaile eta dasta mikatzaren eransle dute. Laboreak eta ezker-aihena uztartzeak makina bat zurrustada gozo sortua du, kurka-kurka, batik bat garagardoaren herrialdeetan. Lagun batek azaldu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude