"Lehenengo presoen ongizatea dago, eta gero zu"

  • Espetxea tarteko duten bikote harremanak aztertu ditu Oihana Etxebarrietak (Hondarribia, 1987). Aurrez aurrekoak espetxetik irteteko une bakar moduan deskribatzen dituzte presoek, baina askatasun une bat al dira?

“Emakumeek zaintza lana bere gain hartu nahi ez izatea ez da ulertzen. Batzuetan gertatzen da harremana egoera horretan ezin dutela garatu sentitzea, eta herritarrek horregatik epaitzea”.
“Emakumeek zaintza lana bere gain hartu nahi ez izatea ez da ulertzen. Batzuetan gertatzen da harremana egoera horretan ezin dutela garatu sentitzea, eta herritarrek horregatik epaitzea”.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zure tesinaren izena da: “Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une? Hainbat euskal emakumeren esperientziak”. Zergatik aukeratu zenuen gai hau?

Gaia aukeratzea oso sinplea izan zen. Nire bikotekidea, Ibai, 2009ko azaroaren 24an gazte mugimenduaren kontra egindako sarekadan atxilotu zuten. Hortik aurrera bizitza erabat aldatzen zaizu, eta espetxea ezagutzen duzu. Ibai bost egun inkomunikatuta egon ostean, torturatua izan ostean, espetxeratu egin zuten. Ia hemeretzi hilabete pasatu zituen espetxean. Egoera horren aurrean bizipen eta sentsazio berri asko dituzu, baita lagun berri asko ere. Bizitza beste modu batera antolatzen zaizu.

Niri gertatutakoa beste neska gazteengan ere ikusten nuen. Momentu batean agian obsesio bilakatzen da, oso bortizki gertatzen zaizulako, etengabe zaude gaiari buruz hitz egiten, gaia konpartitzen. Nik une hartan asko hitz egiten nuen gaiaz, behar nuen. Eta masterra egitean argi izan nuen hain modu desordenatuan landutakoa ordenatzea izango zela nire lana. Tesina egin baino lehen banuen kontraste bat egina, eta gero hamar pertsona elkarrizketatu nituen.

Guneak eta uneak, elkarri lotutako bi ideia dira?

Txanponaren bi aldeak dira. Batetik, presoarengan bikote harremanek nola eragiten duten aztertu nuen. Espetxetik burua ateratzeko aukera ematen dio presoari. Baina, aldi berean, aske sentitzeko behar guzti horiek bikotearengan zentratzeak eragin dezake harremana obsesio bilakatzea.

Bestalde, haren bikotea preso duen neska dago. Espetxealdia askatasun gune bilakatu daiteke, inoiz ez delako hain bakarrik egon.  Neskei bikote harremanaz galdetutakoan konfiantza eta denbora ziren eurek aipatutako ezaugarri nagusietako bi. Kasu honetan ezin du denbora asko pasatu pertsona horrekin. Beraz, inoiz baino denbora gehiago du beretzako, ingurukoekin egoteko. “Nire buruaz inoiz baino gehiago ikasi dudan momentua izan da”, zioten neskek. Orduan, bada ahalduntze prozesu bat oso askatzailea izan daitekeena. Baina bikotekidea zaintzaile gisa ulertzen dugu. Eta zaintza lan hauek ez dira askatasun gune bat, kontrakoa baizik.

Tesina egin nuenean ideia nagusietako bat bikotekidearengan ikusi nuen “ni”-aren galera deitzen diodana izan zen. Bat batean ez zara Oihana, Ibai preso politikoaren bikotekidea zara. Lehenengo presoaren ongizatea dago, bere senide eta lagunekiko harremana, bere guztia, eta gero zu.

Preso dauden emakumeak eta presoaren bikotekide emakumeak. Bakoitzak zein paper jokatzen du bikote harremanean?

Oso paper ezberdinak dira. Presoaren bikotekideak oso paper garrantzitsua betetzen du, batez ere zaintza lanagatik. Eta batzuetan zaintza lan horiek beren gain hartu nahi ez izan arren berari ezartzen zaizkio. Maitasun adierazle gisa ulertzen dira; zenbat eta zaintza lan gehiago orduan eta gehiago maite du.

Horrez gain, emakume presoek bikote harremanetan zailtasun gehiago izaten dituzte. Emakumeek babesa emateko jarrera azaltzen dute. Bera kanpoan dago eta presoa da bere ustez okerren dagoena, ondorioz, babes guztia beregan jartzen du. Eta presoa bera denean, uste du kanpokoak bera baino okerrago daudela eta babestu egin behar dituela.

EPPKren inguruan sortu den sareak babesa ematen diela aipatu duzu, baina kontrolera jotzen duela ere bai.

Babesaren kudeaketa da azken batean. Nik pentsatu dezaket babesten ari naizela eta agian kontrolera jo dut; hori da batzuetan gertatzen dena. Prozesuaren hasieran bikote harremana publiko egiten da, agian lehen inork ez zuen horren berri edo ez zuten bikote harremanaz hitz egiten, eta bat-batean denek esan dezakete zer den egokiena.

Emakumeek gizartearen ikuspegitik dugun zaintza rol horri lotuta asko estigmatizatzen da. Zaintza lan hori bere gain hartu nahi ez izatea ez da ulertzen. Batzuetan gertatzen da harremana egoera horretan garatu ezin dutela sentitzea, eta horregatik herritarrek epaitzea. Elkarrizketaturiko hainbatek esaten zidaten ez zela euren artean gertatutako zerbaitek eraginda, kontziente zirela espetxeak eragin zuela, baina horrela ezin zutela harremana garatu.

Aldiz, gizona denean kanpoan dagoena ez da hainbeste estigmatizatzen. Normalean oso jatortzat dugu harremana aurrera eramaten duena. Eta bai, artista da, baina artistak dira espetxea tarteko harremana garatzen duten guztiak. Eta nesken kasuan hori inork ez du esaten.

Bestalde, oso gogorra da seme-alabak espetxean izatea, eta asko epaitzen da hori ere. Hiru urtera arte haurrak espetxean izateko aukera dute emakume presoek. Gaizki iruditzen zaigu hori, baina ama izatea erabaki eta haurra kanpora ateratzen duenaren kasua ere gaizki iruditzen zaigu.

Aurrez aurrekoak zer dira presoarentzako eta bikotekidearentzako?

Espetxe sistematik hasita gure lagunenganaino, aurrez aurreko intimoaren egitura oso zehaztuta dago. Espetxea zu gaizki eta zelatatuta sentitzera bideratuta dago; identitate eza eta zarata dira horren bi adibide. Eta preso politikoen kasuan, gainera, badakigu ez direla espazio intimoak nahiz eta horrela arautuak egon. Zaila da horrelako espazio arrotzera egokitzea. Batzuk aipatzen zidaten puta sentsazioa zutela; ez bikotekideagatik, egoeragatik baizik. Baina gainditzen da. Goxo pasatzen dituzun uneak izaten dira, hilabeteko politenetako batzuk. Baina sentsazioa gazi-gozoa da.

Gainera, denek dakite zertara zoazen, larrua jotzera, koitoa praktikatzera zoaz eta badirudi hori egiten ez baduzu alferrik galdutako vis a vis-a izango dela. Baina, agian hitz egiteko beharra duzu, edo ordubete besarkatuta ezer esan gabe egotekoa, agian negarrez. Baina iruditegi bat dago, eta horren arabera denbora galtzea litzateke. Eta aprobetxatzea bikotekideak behar duena egitea da. Batzuek esaten zidaten hasierako minutuak bakoitzak zer behar zuen esateko erabiltzen zituztela.

Sakabanaketak eta komunikazioan egoten diren kontrolek zein eragin dute harremanetan?

Asko eragiten dute. Sakabanaketak izugarrizko neke fisikoa eragiten du. Espetxeek ezartzen dizute ordutegia. Pentsa goizeko 9:00etan 400 km egin eta gero zein gogo duzun vis a vis intimo bat izateko. Frantziako estatuan proiektu pilotu batzuk egiten hasi dira, bungalow moduko batzuetan hasi dira aurrez aurrekoak antolatzen; 4 ordutik 48 ordura bitartekoak. Halere, halako proiektu bateko preso baten senideek esaten zuten lehenengo 24 orduetan aitak lo hartzen zuela eta alabak esaten ziola: “Aita, ez lokartu, 24 ordu hauek aprobetxatu behar ditugu”. Denborari ematen diogun garrantziaren erakusle da.

Kontrolek ere izugarri eragiten dute. Elkarrizketatu nituen bikote asko militanteak ziren. Mugimendu sozialetan, gaztetxeetan… Han ezin da edozertaz hitz egin, beldurragatik. Badakigu hemen politika dela zigortzen duten gauzetako bat. Horrek, adibidez, muga handiak sortzen ditu. Askotan bikote horiek militantziak elkartu ditu, behinik behin militantzia oso garrantzitsua da haientzat. Pentsa zer suposatzen duen horretaz hitz egin ezin izateak. Baldintzatzen du, hitz egiten duzun bakoitzean entzuten egongo direla pentsatzen baituzu.

Emakumearen sexualitatea espetxeak ikusezin bihurtu edo ezeztatzen duela diozu.

Bai. Pornoa da adibide on bat. Gizonezko espetxeetan ikusteko aukera dago, eta zenbait emakume espetxetan debekatzen hasi dira. Ulertzen dugu gizonezkoek behar sexualak izatea, baina emakumeek ez.

Orokorrean esango nuke sexualitatearen tabua handia dela denentzako, eta zentzu horretan garrantzitsua da kideekiko harremana. Emakumeen kasuan, esaterako, askoz onartuago dago elkarri besarkadak ematea, gizonen kasuan ez, eta garrantzitsua da.

Gero masturbazioaren kontua daukagu. Elkarrizketatu nituenak binaka egoten ziren espetxeko ziegan, ondorioz, intimitate galera handia dago. Esaten zidaten biluzik egoteko, beren burua begiratzeko, laztantzeko eta masturbatzeko aukera oso gutxi zutela.

Espetxetik irtetean beste prozesu bat hasten da. Zein zailtasun egoten dira bikote harremanean?

Oso gogorra da. Denbora tarte batean bikote harremana garatzeko modu konkretu bat eraman delako. Espetxea bizitzeko modu ezberdinak daude; bateragarriak. Batetik dago orain aldian bizitzea; beste batetik lehen aldian eta etorkizunean bizitzea; eta azkenik etorkizunean pentsatzea beti. Batzuk etengabe bizi dira orain ez diren denboretan. Askotan pentsatzen dute espetxetik ateratakoan dena lehen bezala izango dela. Eta ez da inoiz hala izango. Nahiz eta espetxealdi txiki-txiki bat pasatu. Espetxeak aldatzen zaituelako, zu eta zure ingurua. Prozesua ez da espetxealdiarekin amaitzen.

Nire kasuan, adibidez, Ibai espetxean zegoenean, zer moduz generaman galdetzen zidaten, “ondo” erantzuten nien, egokitu ginela, “bai, ahal den neurrian ezta?” esaten zidaten. Eta gero kontrakoa. Espetxetik atera zenean, gaizki geundela erantzuten nuen eta “beno, baina amaitu da” erantzuten zidaten. Eta ez da horrela. Niretzat oso prozesu gogorra izan da, biontzat, birmoldatu behar izan gara. Bi pertsona ezberdin ginen. Ez dut esan nahi guztientzat hala denik, baina argi izan behar dugu espetxealdia amaitzen dela, baina ondorioak landu behar direla.

Gainera, uste dut gatazka honen parte izan diren sentimenduak azaleratu behar direla, eta Barrura begiratzeko leihoak dokumentalak zentzu horretan egindako lana ez dut aipatu gabe utzi nahi, testigantzak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkidalako. Uste dut politikoki hitz egin behar dugula gaiaz, maitasunak lagundu digulako egoerari aurre egiten, baina hori ere sufritu dugulako.


Azkenak
“Txistuak, mehatxuak eta irain sexistak” jaso dituzte Laudioko jaietan eraso matxista bat salatzeagatik

Agerraldia deitu zuen Laudioko mugimendu feministak igandean, Odoloste eguneko goizaldean Txosnagunean gertatutakoa salatzeko. 


Donostia 1813

Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.

1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi... [+]


Kirurgialari euskaldunak errektoreorde eta sailburuorde ohi letragabearentzat

Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]


Global Sumud Flotillako euskal ordezkaritza
“Israelek Gazara heltzea eragotzi nahi badigu, indarrez egin beharko du”

Igande arratsaldean irten da Bartzelonako portutik Palestinaren aldeko inoizko ontzidirik handiena: 30 itsasontzi inguru eta 300 bat ekintzaile, Gaza helburu, blokeoa apurtu eta genozidioa salatzeko. Bidean ontzi gehiago batuko zaizkie Mediterraneoko hainbat portutatik. Gauean... [+]


2025-09-01 | ARGIA
Trumpek uste du Auzitegi Gorenak arrazoia emango diola, eta muga zergak ez baliogabetzea lortuko duela

AEBetan, Apelazio Auzitegiak Donald Trump presidenteak ezarritako muga zerga gehienak bertan behera utzi ditu. Dena den, ez ditu urriaren 14ra arte indargabetuko, eta bitartean, ia segurua da Trumpek helegitea jarriko duela. Presidenteak uste du Auzitegi Gorenak arrazoia emango... [+]


Espiritualtasun ukitu bat

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons. Donostiako Orfeoia.
Koru zuzendaria: Esteban Urzelai.
Bakarlariak: Julia Kleiter (sopranoa), Christian Gerhaher (baritonoa).
Egitaraua: Mendelssohn eta Brahmsen lanak.[+]


2025-09-01 | JJ Agirre
Supremazistek beti “win-win”

Euskararen (euskaldunon) aurkako oldarraldiak ertz ugari ditu; horietako bat fronte mediatikoa da, Voxento taldea buru eta PSOE-CCOO-UGTko kide ezagunak ekintzaile nagusi. Sarri eskaintzen digute idatziren bat, barnera dezagun Euskal Herriko hizkuntza ofizialetatik zein diren... [+]


2025-09-01 | Behe Banda
Barra warroak
Makina

Hamar minutu igaro dira lur hartu dugunetik. Bizkaiko kostatik sartu, Leioa gainetik igaro eta gurpilek ordeztu dituzte hegalak Loiun. Bosteko ilaretan irten behar omen da hegazkinetik eta gu hogeita zazpigarrenean gaude zain. Estatubatuarren ikerlanek diote istripu bat egonez... [+]


Labak astelehenean irekiko ditu ateak, eta larunbatean eginen da Irekiera Festa

Eraberrituta dator Laba. Egoitza handiagoak ostalaritza eskaintza zein kultur ekitaldiak baldintza hobeagoetan ematea ahalbidetuko du.


2025-09-01 | Garazi Zabaleta
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela aldatu da, eta hamarkadaz hamarkada ardi, behi eta behor kopurua... [+]


2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Pagatza, bizitza, sutza

Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.


2025-09-01 | Irati Diez Virto
Satitsua
Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa

Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]


Mingain urdina

Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko heriotzak izan direla denak ere.


Eguneraketa berriak daude