"Pentsaera ez da aldatzen norberaren kultura, hizkuntza eta espiritualitatetik abiatzen ez den arte"

  • Kanadako jatorrizko herrientzat egindako lanari esker mundu osoko talde indigenak ezagutu ditu Lix Lopezek. Joan-etorriko bide luzea egin du Erdialdeko Amerikako mendietatik, samien lurraldera eta handik Ipar Amerikara. Asko ikasi du eta asko du irakasteko eta hutsik egin gabe joaten da Vancouver-ko (Kanada) unibertsitatera. Ez ordea eskolak ematera, lurra lantzera baizik.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lix Lopez maia da eta hala dio: “Milaka urtez lurra landu du maia zibilizazioak. Gure aurrekoek lurra erein izan dute, eta horri eusten saiatzen naiz ni ere”. Familia maia batzuek auzolanean sortutako baratzean jarduten da. Artoak, babarrunak eta kalabazak duten garrantziaz hasi da, baina gero beste hiruko bat txirikordatu du bere hizketan behin eta berriz: Kultura, hizkuntza eta espiritualitatea.

Nongotarra zara?

Ixtahuacan izeneko herrian jaio nintzen, maien lurraldean dago. Ofizialki Guatemala da eta San Ildefonso de Ixtahuacan esaten diote. Gure aiton-amonek ez zuten espainolik hitz egiten; gure amak apurtxo bat baino ez zuen egiten, ez zelako eskolara sekula joan; aitak bai, aita kastellanizazio-maisua zen, elizaren eskolan. Gaztetan, gaztelania pixka bat hitz egiten zuelako, parrokian laguntzea proposatu zion apaizak eta horri eskerrak estudiatu ahal izan dut nik. Etxean mam hizkuntza baino ez genuen hitz egiten.

Hedabideetatik-eta gaztelaniarik ez al zitzaizuen iristen?

Hedabideak? Hamalau urterekin ikusi nuen nik lehenengoz telefono bat! Gaztelania elizaren eskolan irakatsi ziguten. Batik bat espainolez idazten, irakurtzen eta hitz egiten ikastera joaten ginen. Eskola nazionala ere bazegoen, baina ladinoentzako zen; hala esaten diegu maia ez direnei. Oso ladino gutxi zeuden eta ez zuten lurra lantzen, dendariak ziren, maisuak, botikaria...

Zuk ordea gaztelania baino gehiago ikasi zenuen eskolan.

Bai, ikasten jarrai nezan nahi zuen aitak eta nobizio ere sartu nintzen eskola eta mantenua ez ordaintzeko. Bigarren hezkuntza amaituta konturatu nintzen ez nuela elizgizona izan nahi eta marketina ikastera sartu nintzen Guatemalako unibertsitatean.

1969an nola zen maia batentzat unibertsitatera sartzea?

Hiruzpalau bakarrik ginen Unibertsitate Katolikoan, Nazionalean beste aleren batzuk izango ziren seguruenera. Gure aita enplegatu zuen apaizak berak lagundu zidan beka lortzen, badakizu, horiek beren kontaktuak izaten dituzte. Behin eskolan hizkuntzei buruz ari ziren eta nik bi hizkuntza hitz egiten nituela esan nien. Eta ikaskideak hasi zitzaizkidan: “A bai? Eta zein da bigarrena bada, frantsesa? Ingelesa?”. Ez zekiten mama bazenik ere, eta horiek ziren herrialdeko elite ekonomikoaren semeak.

Nolakoa zen ikaskideekin harremana?

Ez ninduten baztertu. Ni orduan ez nengoen politizatua, baina desberdina izatearen kontzientzia umetatik barneratua genuen: gu ginen maiak; eta beraiek, ladinoak.

Marketin ikasketak amaitzean, misiolari flandriar bati esker Belgikarako beka bat lortu eta Europara bidaiatu nuen. Frantsesa ikasten sei hilabete pasa eta irailean Lovainako Unibertsitatean sartu nintzen soziologia ikasle.

Zer iruditu zitzaizun Europa?

Dena zen berria, baina gaztetan moldatzeko gaitasuna handia da... Belgikarrek, horiek ere kolonizatzaile izan diren arren, oso ondo tratatzen ninduten. Exotikoa nintzen beraientzat eta asteburuero familiaren batek gonbidatzen ninduen. Etxean western bateko indiar bat izatea bezala zen haientzat, eta ni konturatzen nintzen horretaz, baina bestalde beren mahaira esertzen ninduten. Eta nire buruari galdetzen nion: “Hauek, zuriak izan arren, ondo tratatu eta errespetatu egiten naute; Guatemalako ladinoek ordea ez. Zergatik?”. Han hasi nintzen gauzak beste alderdi batetik begiratzen. Eta, orduan, ikuspegia ez ezik bizitzako norabidea aldatu zidana gertatu zen: Suedia iparraldean, samien lurraldean, Herrialde Indigenen Kontseiluaren II. Batzar Nagusia egingo zutela jakin nuen. Ez nuen dudarik egin

Estokolmora trenez eta handik autostopez, hiru egun behar izan nituen Kirunara iristeko.

Eta Kirunan zer topatu zenuen?

Mundu osoko indigenak: Erdialdeko Amerika eta Hego Amerikakoak, Australiakoak, maoriak, Ipar Amerikakoak, samiak berak... Begiak ireki zizkidaten han entzundakoek. Boliviatik etorritakoek beraien ordezkaritzan sartu ninduten. Nik ez nuen arrastorik han hitz egiten ari ziren gauza gehienez, baina konturatu nintzen bazela identifikazio sentimendu bat. Denok geunden egoera berean: kolonizatuak. Horrek eragiten zuen, eta eragiten du, herrialde indigenen batasuna. Han ezagutu nituen Kanadara ekarriko ninduten kontaktuak ere.

Nola izan zen Kanadara etortzea?

Belgikan ikasketak amaituta Guatemalara itzultzeko plana nuen, baina aurrez Ipar Amerika ezagutu nahi nuen. New Yorkera etorrita Greyhound autobus konpainian nahi adina bidaiatzeko aukera ematen zuen 100 dolarreko tiketa erosi nuen. Mendebaldeko kostara iristean Vancouverko jatorrizko herrien bulegora joan eta boluntario hasi nintzen. Han topo egin nuen George Manuel zenarekin, Herrialde Indigenen Munduko Kontseiluaren sortzaile eta presidentea. Berak esan zidan: “Badakit Europan, unibertsitatean, ikasi duzula baina gurekin lanean hasten bazara beste gradu bat izango da. Unibertsitatean emango ez dizutena ikasiko duzu gurekin”. Amerikako beste herrialde indigenekin zuten harremanetarako itzultzaile kontratatu ninduten. Autobusa utzi eta mundu osoan hegazkinez bidaiatzen hasi nintzen indigenekin biltzeko. Eta barne-bidaia ere hasi zen orduan niretzat.

Zein iritzi duzu Kanadak jatorrizko herriekiko duen jokabideaz?

Gobernua, eta gizartea oro har, konturatu da jatorrizko herrien arazoez. Eta Ottawa ahalegina egiten ari da. Ahalegina, aurpegia garbitu eta itxuroso ateratzeko. Berradiskidetzea keinu sinboliko bezala ondo dago, baina ez du konpontzen herrialde indigenei egindako kaltea. Kultura eta hizkuntzak kendu dizkiete, eta lurrak ere bai. Itun batzuk badira, bai, baina gobernuak nahieran moldatu izan ditu. Erraza da asko sentitzen dut esatea, baina ez da nahikoa. Erreserbetan bizi dira oraindik. Zein burutan sartzen da pertsonak lur zatitxo batean gordetzea? Diru partiketa desorekatua eginez lortu dute tribuak banatzea. Bestalde, egon badaude diputatu indigenak baina joko-eremu horretan sartzeak ez ditu indigenen arazoak konponduko. Sistema sendo zurkaiztua dute eta barrutik ezin da ezarritakoaren kontra joan.

Zein da orduan modua?

Herrialde indigenek beraiek egin behar dute borroka. Eta horretarako da hain garrantzitsua kultura, hizkuntza eta espiritualitatea berreskuratzea. Elkar hartu, baina gero ekintza ez bada hiru horietan oinarritzen, betiko politikak errepikatzen dira. Pentsatzeko modua ez da aldatzen norbere kultura, hizkuntza eta espiritualitatetik abiatzen ez den arte. Hiru horiek banaezinak dira eta zimendua osatzen dute, baina ez zaie arretarik jartzen. Lehen –eta orain ere bai– gehiago hitz egiten zen lurraz hizkuntzaz baino. Akatsa da hori. Bada, dena den, herrialde indigenen iratzartze bat. Nik badut fedea gazteengan.

Ajq'ij-a

“Jatorrizko herrientzat lanean hasi ahala nire pentsamoldea errotik aldatzen hasi zen. Nire kultura berreskuratzeko premia sentitu nuen. Hizkuntza, urteetan hitz egin ez arren, ez nuen galdu, baina espiritualki... hori beste kontu bat zen. Nire buruari galdetu nion ea zertan jardun nintzen hainbeste urtetan katolizismoan. Hutsunea nabaritu nuen barnean. Ez nekien ezertxo ere maia espiritualitateari buruz, eta horren bila hasi nintzen: zeremoniatara joaten, zekitenei galdezka... prozesu luzea da. Orain dela hamairu urte bihurtu nintzen ajq’ij. Izen horrek esan nahi du: eguzkia ezagutzen dutenak. Ajq’ij izateko berezko sena behar da aurrena, eta gero hori lantzea. Egutegia ezagutzen dugu eta jendeari laguntzen diogu zeremonien bidez. Sendatu eta arbasoekin komunikatzeko dohaina dugu. Seguru nago Euskal Herrian ere badagoela gaitasun hori duen jendea. Energia hor dago, ez da desagertzen”.
 

Estatistiken hotza Iparraldean

Gobernuaren arabera jatorrizko 60 hizkuntza baino gehiago daude Kanadan. Oso gutxik iraungo dute, dozena-erdiak onenera. Lopezen arabera esperantza izpi bat dago hiztun kopuru handi samarra dutenentzat: cree, inuktitut, soto, mohawk, blackfoot eta anishnaabeg. Maia hizkuntzak ere asko dira, 30en bat, eta batzuek osasun hobexeagoa dute. “Guatemalan badira eskola elebidunak duela hogeiren bat urtetik. Horrek bakarrik ezin du hizkuntza mantendu ordea. Jendeak egin behar du ahalegina, eta horretarako kontzientzia politikoa behar da”.
 


Azkenak
Lanbide Heziketa euskalduna, noizko?

Zergatik eskaintzen dira Lanbide Heziketako hainbeste ziklo erdara hutsean EAEn? Zergatik jarraitu behar dituzte ikasketak gaztelaniaz ordura arte D ereduan euskaraz aritu diren ikasle andanak? Lanbide Heziketa euskalduntzeko behingoz plan estrategiko bat gauzatu dezala eskatu... [+]


2025-06-26 | Aiaraldea
Arartekora jo dute, “Osakidetzak ez dielako osasun sistema publiko eta duinaren aldeko 5.646 sinadurei erantzun”

Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan. 


2025-06-26 | Antxeta Irratia
Euskararen Mapa osatu dute Urruñan engaiatu diren herriko 42 eragilerekin

Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko interesa agertu duten herriko 42 elkarte eta establezimenduekin Euskararen Mapa osatu dute Urruñan. Euskara «biziago» egiteko pausoak emateko prest liratekeen eragileak identifikatu ondoren, urratsak egiteko laguntza emango zaie,... [+]


Zuberoako Chaumes gasnategian eta Iratiko Txaletetan sexu erasoak jasandakoei babesa erakusteko dinamika abian da

Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]


2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


Billabesa gidariek greba mugagabea eginen dute uztailaren 1etik aurrera

Hilabeteetako protesten ostean, TCC enpresako zuzendaritzak ez du aurrera urratsik egin eta langileek leher egin dute. Greba mugagabera doaz, baita sanferminetako ez ohiko zerbitzuetan ere. “Enpresak erantzukizunez jokatuko balu saihestu litekeen zerbait” dio langile... [+]


Sustrai Erakuntzak salatu du enpresa batek Nafarroako lau eremutan kobre meategiak ireki nahi dituela

Fundazioaren arabera, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan ustiatu nahi dute kobrea. Iberian Copper SL izan da Nafarroako Gobernuari lau eremu horietan prospekzioak irekitzeko baimenak eskatu dizkion enpresa. 


Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra

Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]


Sánchezen NATOko tratuak hautsak harrotu ditu zenbait estatu kideren artean

Asteazkenean bozkatuko dute NATOra bideratutako diru kopurua, eta Pedro Sánchez Espainiako presidenteak kuoten igoeran lortutako salbuespenak haserrea piztu du AEBetako eta Europako zenbait herrialdetako gobernuetan.


Galdakao-Usansoloko eta Gernika-Lumoko ospitaleetako “prekaritatea” salatu du ESK-k

Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.


Ezusteko bila

Madrilgo presidente Ayuso faxistak itsuskeria egin dio EAEko lehendakari Pradalesi, euskaraz aritu delarik, harrokeriaz, aldibereko itzulpen sistema erabiltzeari uko egin eta alde eginda. PPko senatari batek ere “txorradatzat” hartu du “hogei... [+]


Oporrik ez elkartasunari

Prekaritateak prekaritate, Euskal Herriko ezkerreko militanteak, oro har, ez gara txarto bizi. Udako oporrak dira horren adibide, asko baikara atseden plan bikaina dugunok; ikastaldi aroko gure ekologismoari, ordea, keroseno kiratsa dario. Zein baino zein hegaldi garestiagoak... [+]


2025-06-25 | Castillo Suárez
Alferrikako bidaia

Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik... [+]


Eguneraketa berriak daude