ARGIA.eus

2020ko urriaren 22a

Kristoren esnea

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2014ko irailaren 21a
Pikondoa, Ficus carica, zaurituz gero esnea edo latexa ematen duen landare ugarietako bat.
Pikondoa, Ficus carica, zaurituz gero esnea edo latexa ematen duen landare ugarietako bat.Rob Hille

Latexa ez da izerdia. Landareek, gehienetan zuhaitzek, jariatzen dituzte bata zein bestea. Ez omen dira, ordea, gauza bera, ezta gutxiagorik ere. Izerdiak bi dira: gordina eta landua. Sustraietatik gora doan izerdi gordina lurretik hartutako urez eta mineralez osatutakoa da. Izerdi landua hostoetan sortzen da, urari eta mineralei airetik hartutako karbonoa erantsita. Gordina lantzeko energia eguzkiaren argia da. Lan horri “fotosintesi” deitzen zaio: hau da, argiaren bidez sortzea.

Latexa ez dago landarearen elikadurarekin lotua. Itxuragatik esnea badirudi ere, bere izena ez dator “esne” esan nahi duen lac, lactis latinotik, “likore” edo “ardo kondar” esan nahi duen grekoko “λάταξ”-tik baizik. Batez ere landarearen babeserako da. Izerdiak eta latexak bakoitzak bere bide-sarea du landarean. Latexa dabilen hodietakoren bat puskatuz gero, isuri egingo da. Airea ukitutakoan zihatu eta zauria itxi egingo du, ez da izerdiustuko eta gaitzei aurre egingo die. Era bateko edo besteko pozoia izan ohi du latexak. Landarearen hodietako haustura edo urratua animalia belarjaleren baten hozkak egin badu, ederki damutuko zaio: sutan izango ditu, puska baterako, ezpain eta oi. Matraila mugitu ezinik utz dezake zenbaiten edenak.

Zaurituz gero esnea edo latexa isurtzen duten landare asko etxeko ditugu: uraza (Lactuca sativa), pikondoa (Ficus carica), txikoria belarra (Taraxacum officinale), zaran belarra (Chelidonium majus), tartikua (Euphorbia lathyris), kristoren arantza (Euphorbia malii), pazko lorea (Euphorbia pulcherrima), marugatzea (Morus alba), marugatze beltza (Morus nigra), kautxu landarea (Ficus elastica) eta abar. Haien latexa mina eta garratza da eta ukitzen duena (azala, begia...) minberatu edota erre dezake. Adibidez, enara belarra ere deitzen zaion zaran belarraren latex gorria garatxoak erretzeko erabiltzen da. Esan ohi da ukitzen dituen zelula guztiak hil egiten dituela. Garatxoak maiz-maiz igurtzita, desagerrarazi egiten ditu. Neureak behintzat arin asko eraman zituen.

Bada latex jangarria ematen duenik ere, esnearen arbola (Brosimum utile), adibidez. Utile horrek argi asko dio: esne jangarri gozoa jariatzen du. Brosimum galactodendron eta Galactodendron utile ere deitu izan zaio, hau da, “esnearen arbola”. Venezuelan, palo de vaca deitzen dute. Eta, harrapazank, esnea eta hostoak galaktogenikoak dira; hau da, hartuz gero, bularraren emana areagotzen dute.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Bestelakoak

Bestelakoak kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2014ko irailaren 21a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude