Eguneroko paisaia aldatzeko artea

  • Abuztuaren 28an hasi zen Getxo Photo. Irailean barrena, mundu zabaleko eta inguruotako 20 argazkilariren lanak egongo dira ikusgai Algortako kale, plaza eta aretoetan. Gai nagusia bat eta bera da denentzat: Borrokak. Argazkilari beterano eta ezagunak gazte eta berritzaileekin batu ditu Christian Caujolle komisarioak, zortzigarren edizio honetan.

Fotokazetaritzatik eta dokumentaletik gertu dauden irudiek ez ezik, estudioan landutako argazkiek eta kontzeptualagoak izan litezkeen beste askok eraldatuko dute Bizkaiko herri honetako eguneroko paisaia. Hori baita Getxo Photoren ezaugarri nagusia: espazio publikoa erabiltzea. Ereaga hondartzako pasealekua, Algortako Portu Zaharreko kale estuak eta San Nikolas Plaza, besteak beste, argazki handien eta zenbait bildumen erakustoki bilakatuko dira hilabetez, herritarren eguneroko bizitza eta artea, edo kasu honetan argazkilaritza, uztartzeko ahaleginean. Ereagako Punta Begoña galerian paratuko diren bi erakusketa ditugu aurtengo berritasuna. Francoren garaiko eraikin zaharrean, normalean itxita egon ohi bada ere, bisitaldi gidatuak antolatu dituzte, gaztelaniaz eta euskaraz.

Borrokak, amets kolektiboak

Getxo Photoko zuzendari eta argazkilaritza jaialdia antolatzen duen Begihandi elkarteko kide den Jokin Aspuruk halaxe dio: “Kultur ekintzaileak gara. Kultur elkarte garenez herria dinamizatzea dugu helburu, aztoratzaileak gara –barrez–, eta herriko beste eragile batzurekin (tabernariak, merkatariak...) lan egin nahi dugu, Artea herriratzeko eta herrikoitzeko. Azken finean, jaialdiaren bidez nahiz antolatzen ditugun beste ekimenen bidez, herrian gogoeta bultzatzea dugu helburu”.

Begihandi elkarteak 20 bazkide ditu, eta ez dago argazkilari profesionalik euren artean, baina kultur elkartea argazkilaritza jaialdia antolatzeko xedez sortu zen duela 8 urte, “herritik herrirako lan egiteko”, Jokin Aspururen hitzetan.

Iaz Ametsak izan ziren Getxo Photon erakutsi ziren argazki lanen gai nagusia. Aurten, kontzeptu horrek bilakaera izan du, eta Borrokak izango da erakusketa osoaren haria.  “Azken finean, borrokak amets kolektiboak dira. Borrokak dituen alde guztiak irudikatu nahi izan ditugu: bizirauteko borroka, herrialdeen artekoak, duintasunaren aldekoak, emakumeen berdintasunaren ingurukoak, lan borrokak, justiziari lotuak...”, azaldu digu programazio arduradun Jone Zubiagak.

Christian Caujolle frantziarrak hautatu ditu argazki eta serie guztiak. Bigarren aldia du –hiru urtetik behin aldatzen da komisarioa–. Hainbat hitzaldi, ikastaro eta erakusketaren antolatzailea, kritikaria, egun Kanbodiako PhotoPhnomPenh jaialdiko zuzendaria ere bada. Parisen eta Kanboian bizi da. Beraz, Asiako argazkilaritza ondo ezagutzen du eta, nabarmena da aurtengo jaialdiko programazioan. “Ekarri dituen argazkilari asko pertsonalki ezagutzen ditu, eta gertutik jarraitzen du haien lana” dio Zubiagak.

Argazkigintzaren helburua, salaketa

Besteak beste, Maika Elan (Vietnam, 1986) argazkilariaren The Pink Choice argazki bilduma ekarri du Caujollek Getxo Photora. Elan-en argazkiek eguneroko bizitza eta intimitatea dute funtsa. Bilduma honetan, Vietnameko bikote homosexualen etxeetan sartu eta hauen egunerokotasuna jaso du bere argazki kameraz. Adin eta klase sozial desberdinetako bikote homosexualak ageri dira bere irudietan, eguneroko zereginetan.

Beste parte-hartzaile bat, Yemengo Boushra Almutawakel (Sana´a, 1969) dugu, bere jaioterriko unibertsitatearen arabera, herrialdeko lehen emakume argazkilaria.

Almutawakelek The Hijad Series izendatu duen lana erakutsiko du Getxo Photon. Yemeneko emakumeei eta beren alabei ateratako argazkiak biltzen ditu lan horrek. Zapia erabili behar izateagatik, emakumeok ikusezin nola bihurtzen diren eta prozesua nola den azaltzen du batik bat.

Munduko borrokek edo gerrek, Irakekoak edota Ukrainakoak adibidez, toki bana izango dute jaialdian, fotokazetaritza lantzen duten argazkilarien eskutik. Edouard Beau (Nevers, 1982) argazkilari frantsesak, Yanni, Irak Etat des Lieux izeneko bilduma ipini du ikusgai. 2012an eta 2013an Iraken bizi izan zen Beau. 10 urteko okupazioa jasotzen duten argazkiek osatzen dute bere bilduma.

Martí Llorens (Bartzelona, 1962) kataluniarrak beste borroka bat ekarri du Getxora: 36ko Gerra. Memoria, denbora eta lurraldetasuna batzen ditu bere Memorias Revolucionarias erakusketak.

Kosorukov errusiarrak lan eskubideen aldeko borroka jaso du Gleb Heroes of Labour izenburupean. Errusiako Shakarov meategiko langileen irudiak dira oro har. Meategitik atera berritan, zikin eta akituta ageri dira protagonistak. Heroi kutsua eman die argazkilariak.

Badira zeinbait argazki gaiagatik oso gordinak egingo zaizkigunak. Kasura, Abu Ghraib izeneko bildumakoak. Abu Ghraib Iraken dagoen espetxea da, preso politikoak torturatzeko baliatzen zuen Saddam Huseinek. Gerora, gartzela erraldoia estatubatuarrek hartu zuten agindupean. Argazki bilduma honetan, 2004an The Washington Post eta The New Yorker medioetan argitaratutako argazkiak bildu dira, non torturatzaileek tortura saioetan amateur gisa ateratako argazkiak ikus daitezkeen. Kartzelan jasandako torturak ageri dira irudietan, hala nola, elektrodoen erabilera, tortura eskatologikoak eta sexualak, eta presoak txakurrak bailiran lotuta. Errealitate gordina baina benetakoa, gizakiaren alderik ilunena azaleratzen duena. Salaketa da nagusi erakusketa honetan.

Euskal Herriko argazkilariak ez ditu ahaztu Getxo Photok. Hala, Mikel Bastidak (Bilbo, 1982) War Theatre bilduma erakutsiko du, eta Jesus de Etxebarriak (Bilbo, 1882) aurreko mende hasierako argazkilari aitzindaria: Gernikako bonbardaketan ateratako argazkiak izango dira ikusgai 3D formatuan. Gainera, ELA sindikatuaren argazki artxiboa ere erakutsiko da. 1911n sortu zenetik, sindikatuaren mende osoko historia, beraz, argazkitan.

Bisita gidatuak, ekitaldi bereziak...

Fotokazetaritzari eta foto dokumentalei ere tokia egin nahi izan zaie. Ildo honetatik, argazkigintza eta kazetaritzaren arteko erlazioaz hitz egiteko, Walter Astrada (Argentina, 1972) argazkilariak master class deituriko ikastaroa eskainiko du. Astrada Word Press Photo sariaren irabazlea izan da hiru aldiz. Argazki erreportajea nola egin izango du mintzagai.

Bestalde, Itxialdia eta hitzaldiak, argazkilarien arteko topaketa eta elkarlana bultzatzea xede duen egun osoko jarduna ere antolatu dute Getxo Photoko lagunek. Halaber, Gauplaza izeneko ekimena ere antolatu dute. Jon Cazenave, Txetxu Berruezo, Asier Altuna, Javi Julio, Olmo Calvo, Pilar Aymerich, Anna Turbau, Humberto Bilbao eta Clemente Bernad argazkilarien lanak proiektatuko dituzte Beste borrokak izenburupean, gauez, San Nikolas plazan.

Argazkiak, herriko tabernetan eta dendetan, nonahi. Kasu honetan, herriaren partaidetza bultzatzea da helburua. Argazki zaletuek bidalitako fotoen aukeraketa egingo da, eta horietatik 30 dendetako erakusleihoetan erakutsiko dira. Tabernariek Kanboiako Mark Remissaren Fish and Ants lana erakutsiko dute, baso-azpikoak inprimatuko baitira edizio mugatuan. Irailaren 13an, Photowalk izeneko ekimena burutuko da eta asteburuetan bisita gidatuak egingo dira Algortako metro geltokian, hango erakusketa iraunkorra ezagutzera emateko.


Azkenak
2024-03-19 | ARGIA
NBEk ohartarazi du maiatza baino lehenago gosetea Gaza iparraldera iritsiko dela

31.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Natasha Rueda, Gasteizen euskaldundua:
"Euskarak duen traba nagusietako bat da ikasteagatik dirutza ordaindu behar izatea"

Astelehen iluntzean ibili da 23. Korrika Gasteizko kaleetan zehar, eta euskaltzaleek hiria aldarriz bete dute. Bertan izan da Natasha Rueda ere, eta prestaketa lanetan zebilela hitz egin dugu berarekin. Kolonbiarra jatorriz, Gasteizen bizi da duela 25 urtetik; Korrika pasa dela... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Elkarrekin Arabak Euneiz-en proiekturako zuhaitz mozketa masiboa salatu du

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduera horrek “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude