Uztailaren 11tik 13rako asteburuan antzerkiz bustiko dira Lekeitioko bazterrak, Nazioarteko Kale Antzerki jaialdia egingo baita bertan. 25 urte daramatza jaialdiak ikusle eta zaletuak harritzen eta harrotzen, eta denbora tarte honetan ezinbesteko hitzordu bilakatu da, han eszenaratu diren ikuskari handi eta berritzaileei esker.

Lekeitioko jaialdiak, Euskal Herriko lehena, urtez urte irauten asmatu du eta egun ikusle eta kultur programatzaile ugari hurbiltzen dira bertara, azken edizioak zer berri ekarriko duen ikusteko irrikitan.

Herriak berak ere bat egiten du jaialdiarekin, eta apurka kale antzerkian aditu bilakatu dira lekeitiarrak. Egunotan besterik ez da entzuten kale, taberna eta zokoetan. Aittitte Txikia herritarrez osatutako lantaldea da eta ahalegin aparta egiten du dena ondo atera dadin, urterik urte lortutako emaitza dugu horren lekuko.

Jaialdirako espresuki sortutako hiru ekoizpenek osatuko dute aurtengo eskaintzaren funtsa. Bata Itsaslaboa. Txoriak: Zoroen Itsasoa dugu, Dantzaz konpainia garaikideak taularatuko duena. Izenean iradokitzen den bezala, Mikel Laboaren musika du oinarri, eta harekin pianoa jo ohi zuenak, Iñaki Salvadorrek, egin ditu konponketak. Mikel Laboaren formakuntza du abiapuntu lanak, kantaria sendagilea baitzen ikasketaz, psikiatra hain zuzen ere. Hala, Lekeitioko hondartza zoroetxe bilakatuko dute dantzaren bidez.

Konpainia berezia da Dantzaz. Plataforma modukoa da izatez, dantza ikasketak bukatu eta profesionalizatzeko bidean dauden gazteek osatua. Kalitatea, berrikuntza eta freskotasuna bermatzen dute aldioro. Bestalde, hondartza eszenatoki bihurtzeak eta emanaldia gauez, 23:00etatik aurrera izateak ere xarma berezia emango diote ikuskariari.

Jarraian perkusioa eta sua nagusituko dira Lekeitioko kaleetan. Frantziako Les Commandos Percu eta Euskal Herriko Deabru Beltzak antzerki taldeen eskutik helduko da Danbor Talka. Euskal Herrian inoiz erakutsi den ikuskaririk handiena eta garestiena da, sua eta perkusioa batzen dituzten lanei dagokienez.

16 lagunek osatuko dute ikuskari erritmiko hau. Zati bat geldia eta bestea ibiltaria ditu.

Espresuki sorturiko hirugarren ikuskaria Oreka TX musika taldeak eta Kukubiltxok ondu dute: Gure Musikari Handiak. Aupa Maurizia!. Gure historian garrantzi handia izan duten bost musikariri eskainitako omenaldia izan nahi du lan honek. Alde batetik, Arratiako trikitixaren aintzindari izandako Maurizia, Leon eta Fasio, eta bestetik, Gipuzkoako bi txalapartari historiko, Zuaznabar eta Goikoetxea dira omenduak. Bost panpina erraldoi sortu dituzte horretarako.

Salitre taldearen clown suntsitzaileak, Loco Brusca clown argentinarraren ironiak edota Frantziako Tout Samba´l-en taldearen kalejira poetikoak osatuko dute aurtengo egitaraua.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude