Big Bang-ean gertatutakoa ulertzetik hurbilago

Big Bang-aren teoriaren araberako unibertsoaren sorrera eta garapena erakusten dituen irudia.
Big Bang-aren teoriaren araberako unibertsoaren sorrera eta garapena erakusten dituen irudia.NASA

Albert Einsteinek, 1915ean erlatibitate orokorraren teoria ezagutzera eman zuenean, grabitazio-uhinen existentzia aurreikusi zuen. Alegia, espazioak eta denborak osatutako sistemaren ondulazioak, masadun gorputzek eragindakoak. Grabitazio-uhinen aztarna ez-zuzenak neurtu izan dira, baina ia mende bat itxaron behar izan dugu lehen froga zuzena aurkitzeko.

Erlatibitatearen teoria orokorra nahitaezkoa izan zen urte batzuk geroago Big Bang-aren teoria osatzeko. Haatik, leherketa handiaren ondorengo uneetan –duela 13.800 milioi urte inguru– gertatutakoa ezezaguna da oraindik. Denbora luzez, zientzialari askok grabitazio-uhinak aurkitzeko itxaropena izan dute, denbora tarte labur hartan zer gertatu zen ulertzeko lagungarria izango delakoan.

Proposatutako azalpenen artean, onartuena inflazio kosmikoa da. Eredu horren arabera, Big Bang-a gertatu ondorengo 10-35 segundotan unibertsoaren bolumena 1040 aldiz handitu zen. Hau da, unibertsoa izugarri hedatu zen denbora izugarri laburrean. Hori horrela izan bazen, grabitazio-uhinek derrigorrez barreiatu behar izan zuten espazioan.

Hego Poloan kokatutako BICEP2 irrati-teleskopioak eta inguruan dituen 100 antenek aurkitu dituzte uhinok. Zientzialariek hondoko erradiazio kosmikoa aztertu dute, hau da, Big Bang-a gertatu eta 380.000 urtera eratutako mikrouhinezko erradiazioa –Big Bang-ak utzitako “oihartzuna” dela esan ohi da–, eta mikrouhin horien polarizazioan hainbat aldaketa atzeman dituzte. Aldaketa horien jatorria, esan dutenez, inflazioaren unean sortutako grabitazio-uhinak baizik ezin daitezke izan.

Oraindik behin betiko berrespena falta bada ere, aurkikuntzak zirrara eragin du kosmologo, fisikari eta, oro har, zientzialari guztiengan. Astronomian aro berri bat hasi dela uste du batek baino gehiagok.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kosmologia
2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Indiako espaziontzia Ilargiko hego polora iritsi da

Herrialdea hego polora iritsi den lehena da, eta ilargiratu den laugarrena. Asteazkenean 14:34ean iritsi da.


Alarma faltsua: iaz behatutakoa ez ziren grabitate-uhinak

2014ko maiatzean zenbait zientzialarik iragarri zuten unibertsoko lehen grabitate-uhinak izan zitezkeenak detektatu zituztela, Planck satelite europarrak jasotako datuetan oinarrituz (ikus Argia 2.410). Uhin horien presentzia ezinbestekoa da Big Bang teoria baieztatzeko. Haren... [+]


Unibertsoa jaio eta berehala gertatu zena ulertzeko giltzarria

Inflazio kosmikoa unibertsoa sortu osteko lehen momentua hobekien azaltzen duen teoria da, eta baditu dagoeneko 30 urte, Big Bangaren teoria osatzera heldu baitzen 80ko hamarkadan. Alan Guth zientzialari estatubatuarrak proposatu zuen eta berau egiaztatatzen duen froga... [+]


2009-02-08 | Unai Brea
Kosmologia
Zein unibertsotan bizi gara?
Zientzian indar hartuz doan ildoaren arabera, izenburuko galderaren erantzuna hau litzateke: “Bizi gaitezkeen bakarrean”. Edo bestela esanda: “Naturaren ezaugarriek gu hemen egoteko propio sortuak dirudite”. Sostengatu daiteke halako baieztapen bat... [+]

Eguneraketa berriak daude