Doinua: Gure herri ttiki hau da.
                                                    
	
	Moja bat meza laguntzen
	preso habito baltzean,
	aktoresa bat antzezten
	emaztea eskaratzean,
	modeloak kulerotan
	udaberriko pasean,
	ziklisten podiumeko
	txanpainaren lorratzean…
	Horrela agertu ginen
	androk oholtzaratzean;
	isilik, biluzik edo
	gizonezkoen atzean.
	
	Gaur egun izan gaitezke
	etenik bako katea:
	mimoa, margolaria,
	bertsolaria, alkatea…
	Zergatik ez berreraiki
	oholtza eta artea?
	Sentipenak hitzez jantziz
	edo erantziz jakea,
	sorkuntzatik haratago
	hau baita libertatea:
	nola biluztu nahi dugun
	hautatu ahal izatea.
	
	Gure aurretik hamaika
	Maurizia Aldeiturriaga,
	bakarrik kantatzeko gai
	izan zirelako gara.
	Feminitatea islatuz
	bakoitzak bere erara,
	malko, irrintzi, hasperen,
	ulu, txalo zaparrada…
	Egin jauzi oholtzara
	amona, ama, alaba!
	Zure sorgina askatzen
	animatuko al zara?