"Pasa zena pasa bazen ere, kantuetan behintzat gogora ekarri nahi dugu 1977. urtea"

  • Jakin-minak 1977ra eraman du Bide Ertzean taldea berriki kaleratu duten 77 diskoan. Seigarren abestiari izenburua eman dion Araneko iturrian bildu gara Imanol Ubeda abeslari eta gitarra-jotzailearekin, trantsiziorainoko bidaian hausnartutakoak ezagutzeko.

Joni Ubeda, Ima Ubeda eta Karlos Arancegui.
Joni Ubeda, Ima Ubeda eta Karlos Arancegui.Baxi Ubeda
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Oinarrietara itzuli zarete, bost taldekide izatetik, hasierako hirurak izatera igarota. Horrez gain, Suso Saezek eta Jordi Morak ordezkatu dute orain arte soinuaz eta ekoizpenaz arduratu den Kaki Arkarazo. Zer eragin du horrek abestietan?

Eragin handia izan du. Elementu artistiko gutxiagorekin lan duin eta zentzuzko bat egiteko gai ote garen ikusi nahi izan dugu. Disko honetan ez dute gurekin lan egin Fran Iturbe gitarra-jotzaile bikainak eta Euskal Herriko piano-jotzaile onenetarikoa den Joserra Senperenak. Elementu horiek gabe asko aldatu da emaitza. Gainera zuzenean grabatu dugu, hiru taldekideek batera joz. Diskoak beste aire bat du soinuari dagokionez, eta instrumentazio aldetik askoz ere oinarrizkoagoa da. Oinarrian utzi ditugu abestiak, eta saiatu gara elementu gutxi horiekin ahalik eta gauza txukunena egiten.

77-rekin, Non dira diskoan hartutako bideari jarraipena eman diozue.

Bai, hala da. Disko haren itxura baduela uste dut. Duela zazpi urte plazaratu genuen Non dira, eta 36ko gerrari buruzko diskoa zen. Gure etxean izan zuen eraginetik abiatuta, gerrari buruzko hausnarketak egin genituen. Disko honetan ere, berdin. Gure osabaren erailketatik abiatu gara, gertaera horrek jakin-mina piztu digu, 1977ko testuinguru historikoa ezagutzeko nahia. Garai hura askorentzat ezezaguna dela iruditzen zaigu, baina oso garrantzitsua da, era berean.
Bestetik, atzera begira jartzen garenean, idealizatzeko joera dugu maiz. Orain, zazpi urte beranduago, uste dut Non dira diskoa sortzerakoan ere hala izan zela. 1977ari begira jarri garen honetan arrisku hori bazegoen arren, ez dut uste idealizazioan erori garenik. Ez diogu garaiari nostalgiatik begiratu, jakin-minetik baizik.

Trantsizio garaiko gazte belaunaldiari eskainitako lana da. Zer du berezi belaunaldi hark?

Orain garai historiko batean gauden bezala, 1977 ere urte esanguratsua izan zen. Francoren ondorengoek monarkia parlamentarioa betikotu nahi zuten erreformaren bitartez, eta hori errotik aldatu nahi zuten gazte asko eta asko altxatu egin ziren. Mundu berri batekin egiten zuten amets, eta horren alde borrokatu zuten. Errepresio izugarria jasan arren, aurpegia eman zuten gazte haiek.
Esaterako, 70eko hamarkadan hasi ziren ikastolak sendotzen. Ibarran adibidez, Uzturpe ikastola jarri zuten martxan gure osabak, amak eta beste askok. Gaur egun, ikastola da Ibarran dagoen ikastetxe bakarra. Badirudi ikastolak bat-batean sortu zirela, baina ez zen erraza izan. Sekulako ahalegina egin behar izan zuten. Ikastolen fenomenoari esker, gainera, Tolosaldeko eskola publikoetan eta mojenetan ere euskaraz ikas daiteke gaur egun. Bestalde, garai hartako langileek lan handia egin zuten haien eskubideen alde borrokatzeko. Elkartasun giroa erabatekoa zen. Haiek lortutako guztia galtzen ari gara orain; ez dugu asmatzen horri nola aurre egin.
Orduan ere izango ziren okerrak eta kontraesanak, baina orokorrean, belaunaldi eredugarria izan zen, gaur egun kontutan hartzeko modukoa.

Zergatik ekarri duzue gogora zuen osaba Sebasen erailketa? Omentzeko? Salatzeko? Korapiloa askatzeko?

Ez dut uste omenaldia denik, gertakari ilun baten konstatazioa baizik. Badirudi inbentarioa egiteko garaia iritsi dela. Nagusiki ETAren jarduerari begiratzen diote gehienek. Jende asko hil du ETAk, hori argi dago. Baina hildako gehiago ere egon dira azken hamarkada hauetan, eta ez bakarrik GALek edota GALen parekoek eragindakoak. Segurtasun indarren eskuetan edota errepresioaren ondorioz bizia galdu zutenak ere badira. Eta horiek ez ditut zerrendatuta inon ikusi. Garai bat itxi eta berri bat irekitzeko, hildakoen arteko mailaketa saihestu beharko litzateke.
Badago besterik ere, disko hau prestatzen hasi ginenetik hona deigarri egin zaiguna. Zein babestua dagoen polizia. Edozein gehiegikeriaren denean, agerian geratzen da adierazten ari naizen hauxe. Hori ez da aldatu azken 40 urteotan. Pareta baten kontra jotzea bezala da. Administrazioaren jarrera, zentzu horretan, oso hermetikoa da.

Franko hila zen Sebas eta Zaharra erail zituztenean, eta amnistia iristear. Haatik, orduko zenbait hedabidek ezin izan zuen gertatutakoa nahi bezala kontatu.

1977ko martxoaren 8an erail zituzten Sebas eta Zaharra, Guardia Zibilaren kontrol batean. Bertsio ofizialaren arabera, ohiko kontrol batean geratu zuten haien autoa; dokumentazioa eskatu zietenean, autoaren barnetik tiroka hasi ziren eta enfrentamendu armatu horren ondorioz hil ziren biak. Baina lekukoen esanetan, kontrolak iraun zuen denbora horretan Guardia Zibilaren metralletaren soinua besterik ez zen entzun. Kontrolaren erruz sortutako auto-ilaran zeuden moja batzuek zauritutakoak lagundu nahi izan zituzten, baina ez zieten utzi. Sebas eta Zaharraren ebakuazioa ere, lekukorik gabe egin zuten. Segada izan zela zabaldu zen.
Baina garai hartan oraindik, Franko hil eta gero ere, zentsura giro izugarria zegoen. Adibidez Anaitasuna aldizkariaren orduko aleari erreparatuz gero, argi eta garbi islatzen du gertatu zena. Adierazgarria da Loiolako Herri Irratiaren pasartea ere. Ezin izan zuten lekukoen bitartez jasotako bertsioa kontatu, eta nahiago izan zuten emisioa eten, gezurretan aritu baino.

Entzun bakarrik ez, irakurri eta arretaz begiratzeko diskoa ere bada 77. Abestiek iradokitzen dutena gorpuzten dute testu eta irudiek.

Kantuak grabatu genituenean eta diskoko liburuxka osatzen hasi ginenean, konturatu ginen kantuek helduleku baten beharra zutela. 70eko garaia ezezaguna da batzuentzat, eta orduko testuinguruan kokatu behar genituen abestiak. Kazetariak gara eta kronika moduko bat egin genezakeen. Baina hori egina dago aurretik. Kantu hauekin hasi ginenean, Egarri egunak portualdean (Susa, 2011) nobela plazaratu zuen Koldo Izagirrek. Garai hartan kokatzen da nobelaren trama. Guretzat opari ederra izan zen, urte haietara garraiatzen baitzaitu nobelak. Horregatik, erabaki genuen kantuei beste oinarri batzuk eranstea. Kantu bakoitzak bere azalpena dauka diskoko liburuxkan, eta horretaz aparte Garbiñe Ubedak eta Koldo Izagirrek idatzitako narrazioak gehitu ditugu. Gainera, Koldoren kontakizunak osaba eta gu lotu gaitu, nola gainera. Zentzu osoa du, gure ahalegina hori baita azken finean: osabaren eta bere belaunaldikoen ahalegina nahiz oroimena biziaraztea.

“Atzera begira jarraitzen dut kantatzen, pasa zena pasa zen, baina sustraiak dauzkat, sustraiak zainen ordez.” Diskoa justifikatzen duen esaldia dirudi.

Gaur egungo gertakari asko uler daitezke atzera begira jarriz gero. 77ko garaia ulertzeko ere 36ko gerra ezagutu behar da. Ekidin ezina dela uste dut. Buruan banuen noizbait osaba Sebasi buruz idaztea. Baina ez nekien noiz aterako zen, edo nola. Kantu horrekin esan nahi izan dudana da, aurrera begiratu beharra dagoen arren, ezin dugula dena ahaztu. Pasa zena pasa bazen ere, kantuetan behintzat gogora ekarri nahi dugu.

Mikel Ibargurenen olerki bat ere moldatu duzue. Maiz errepikatu duzuen esaldi eta guzti: “kantu baten barruan kabitzen den aberria da gurea”.

Kantu horrek historia xelebrea du. Taldea martxan jarri genuenean, 1998an, musikatu egin genuen abesti hori, baina LP txiki hartan ez ziren 21 minutu besterik kabitzen, eta sei kantutatik bat kendu behar zen. Mikel Ibargurenen poemarekin egindakoa baztertu genuen azkenean. 77 diskoko kantuekin hasi ginenean, ez genuen oso argi disko bat aterako zen edo ez. Abesti horiek sortzean gogoratu nintzen lehenengo lanean baztertu genuen kantu harekin. Doinu berria jarri genion eta diskoan sartzea deliberatu genuen. Poemak hala dio: oroitzapenez osaturiko aberria da nirea. Esaldi horrek gure ibilbidea definitzeko balio du. Gainera, aberriaz egiten diren hausnarketa poetikoak asko gustatzen zaizkigu.

Webgunea berritu duzue, eta bertan 77 salgai dago jada. Noiz ikusiko zaituztegu taula gainean? Berezitasunik izango du zuzeneko emanaldiak?

Diskoa aurkezten iraila bukaeran hasiko gara. Lekunberrin egingo dugu lehen emanaldia, Kantinan. Musikarako beti dira garai konplikatuak, baina are gehiago gaur egun. Oraindik musika programatzeko aretoak eta kontzertuak antolatzeko prest dagoen jendea badaudela ikustea zoragarria da guretzat. Horregatik, polita izango da Kantina bezalako toki batean hastea. Horrez gain, Bilboko Kafe Antzokian, Donostiako Gazteszenan, Arrasateko Gaztetxean, Azkoitiko Matadeixen eta Barañaingo Auditorioan joko dugu.

Bestetik, diskoan bezala, zuzenekoetan ere hirukote gisa arituko gara. Zentzu horretan, Bide Ertzean izaten jarraituko badugu ere, zuzeneko emanaldiak kutsu ‘rockeroagoa’ izango duela iruditzen zait.

Musikagintza ez duzue ogibide, baina 9. diskoa da honakoa. Denbora eta inspirazioa lortzea ez da erraza izango. Bide Ertzeanek bide luzea du oraindik?

Bide luzea egin dugula esan dezakegu behintzat. Ez da erraza musika talde bat mantentzea. Azken finean pertsonak gara eta norberak bere kezka eta lehentasunak ditu. Orain arteko ibilbideari erreparatuz gero, hamabost urtean bederatzi disko plazaratu ditugu. Hasi ginenean ez nuen uste horrenbeste egingo genuenik. Ez dakit bide luzea izango ote dugun, baina gustatuko litzaidake. Guk giro onean jarraitzen dugula, publikoa badugula eta gure diskoak argitaratu nahi dituztela adieraziko luke horrek. Unean unekoa bizi dugu. Orain 77 diskoa dugu buruan; gero gerokoak.


Azkenak
Subflubiala Ez plataformak protesta zaratatsua egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean

Subflubialaren behin betiko proiektua onartu zuenez Aldundiak pasa den astean, eta dozenaka pertsona batu dira proiektua gelditzea eskatzeko.


71 urteko espetxe zigorra ezarri diote Hondarribiko surf irakasle bati, 11 adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita

2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]


Frankismoko dokumentu klasifikatuak argitaratuko dituen legea onartu du Espainiako Gobernuak

Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.


Espainiako Auzitegi Gorenak Loiolako kuartelari babes berezia ematen zion epaia bertan behera utzi du

2022an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen kuartela Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartzea, Voxek jarritako helegite bat onartuta. Gorenak baliogabetu egin du epai hori, eta bidea ireki dio Donostiako Udalari eremu horretan 1.500-1.700 etxebizitza... [+]


Galizieraz egiteagatik eraso egin diote espainiar batzuek turismo-gida bati Galizian

Inguratu, iraindu eta besotik heldu eta bultzatu ere egin zutela salatu du Galiziako gida gazteak. Valladolidekoak dira sei pertsona galegofoboak.


Legazpiko Udala eta Sidenor kalte ordainak ordaintzera zigortu dituzte langile bat amiantoaren eraginpean jartzeagatik

Langileak amiantoak eragiten duen minbizi mota bat dauka eta 376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote, EAEko Auzitegi Gorenak zigorra berretsi baitu. 


Zabaltzen ari den morofobiaren azken adibidea, Gasteizen

Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]


Donostiako auzitegi batek ebatzi du zaharren egoitzako langile denek ez dutela euskarazko B2 maila eduki beharrik

Euskarazko B2 maila dutela ez ziurtatzeagatik Eibarko Egogain zaharren egoitzako lan eskaintza publikotik kanpo utzi zituzten bi langileen alde ebatzi du Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak, CCOOk jakinarazi duenez. 2024ko urrian, Gonzalo Pérez Sanz epaileak... [+]


Jesus Maria Gomez Ezkerro preso iruindarra aske geratu da zigor osoa beteta

Jesus Maria Gomez Ezkerro 'Txutxo', 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, 2021ean hirugarren gradua ezarri zioten, eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna eman zioten. 24 urte geroago aske geratu da. 


2025-07-22 | Estitxu Eizagirre
Frutazaintza ekologikoa ezagutzeko txangoa deitu du Biolurrek

Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak frutazaintza sustatu nahi du eta horretarako egun-pasa ederra antolatu du uztailaren 29rako; hiru proiektu ezagutuko dituzte bertatik bertara: Erroak mintegia Ahatsan (Nafarroa Beherea), Kibbi Sat Donezteben (Nafarroa) eta... [+]


2025-07-22 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Japoniar nazionalismoa hasi da berragertzen mozorrorik gabe

Japoniako goi-ganberaren erdia berritzeko uztailaren 20an egindako hauteskundeek berretsi eta ondu egin dituzte aurreikuspenak: Alderdi Liberal Demokratikoak eta haren ia betiereko aliatua den Komeito konfesional eskuindarrak galdu egin dute Aholkularien Batzar horretan zuten... [+]


2025-07-22 | Mara Altuna Díaz
Haien hizkuntzak hiltzen uzteko prest ez dauden zortzi gazte grinatsu

Uztailaren 14tik 18ra munduko hizkuntza gutxituen hiriburua izan da Gasteiz. HIGA, hizkuntza gutxituetako gazte hiztunen topaketetan, lau kontinenteko dozenaka gazte elkartu ziren esperientziak eta estrategiak trukatzeko. Hizkuntza “txikiak” babestea dute helburu... [+]


2025-07-22 | UEU
Elisa Peredo Quiroz (Maitelan)
“Emakume eta migrante izateagatik ez gaituztela kontuan hartzen hautematen dugu”

Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen jardunaldia izan zen ekainaren 19an eta 20an Usurbilen, Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk elkarlanean antolatuta. Praktika kooperatibo eraldatzaileen adibide gisa, besteak beste, [+]


2025-07-22 | Kote Camacho
Aurtengo baraualdirako jada hamalau lagunek eman dute izena

Barau kolektiboak beti erdaraz izaten ziren, baraualdi bat euskara hutsean antolatzen hasi ginen arte. Irakurketa dramatizatuak taldean, abestu, dantzatu, arnasketa kontzientea, masaje trukaketa, Bergarako igerilekura jaistea, kanten liburuxka... eta pilota partiduak.

Aurten,... [+]


2025-07-22 | Bertsozale.eus
Bertsolaritzaren dokumentazio bilketa sendotzeko aurrerapausoetan

 Xenpelar Dokumentazio Zentroak dokumentazio bilketan sakontzeko aurrerapausoak eman ditu: Bertsozale Elkarteko egitasmoen bilketa prozesuak berrikusi dira eta tokian tokiko eragileekin harremanetan jarrita, eremu horretako jarduna aztertu eta hobekuntzak bideratu... [+]


Eguneraketa berriak daude