Oposizioaren kontsentsua edo planto egiteko modua ezbaian

  • LOMCE (Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa) edo Wert erreforma ipini dugu eztabaidan. Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxeak antolatutako mahai-inguruan EAJko Jone Berriozabal, EH Bilduko Juanjo Agirrezabala eta PSE-EEko Juanma Aramendi izan dira hizlariak, artikulu honen egilea moderatzaile izaki. Hona laburpena. 

Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiak gonbidatu ditugu mahai-ingurura, PPren LOMCE edo Wert erreforma aztertzeko xedez. PPren aldetiko ezetza jaso dugu?

Zer egin beharko luke Eusko Jaurlaritzak LOMCEren aurrean. Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek neurriren bat hartu al du?

Jone Berriozabal: EAJk lege egitasmo horren zirriborroarekin desadostasun handiak ditu, Cristina Uriartek hala adierazi zuen kargua hartu berritan. Hezkuntza Saila alde biko edota berdinen arteko negoziazioa izaten saiatu zen, baina ministroak atea itxi zion aukera horri. Jaurlaritzak urratu ezin diren lerro gorriak seinalatu dizkio Wert ministroaren lan taldeari. Jaurlaritzak kritika politikoa egiteaz aparte, nekez egin dezake zerbait une honetan. LOMCEri osoko zuzenketa jartzea aurreikusita dauka EAJk, hala ere, denok kontziente gara PPk gehiengo osoa duela Espainiako Gorteetan. Beraz, guk edo beste inork aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota ditzake. Guk zuzenketa partzialak aurkeztuko ditugu, ahal den neurrian negoziatu ahal izateko. Izapidea amaitu ostean ikusiko bagenu, Euskadik dituen hezkuntza eskumenak urratzen direla eta Euskal Hezkuntza Sistemarentzat kaltegarria den lege proiektu hori onartzen dela –zeren eta baliteke Wertek aurkeztu duena ez onartzea, beste talderen batek proposatutako zuzenketak sartuta baizik–, une horretan EAJk autogobernuaren defentsarako tresna guztiak abian jarriko ditu, bai politikoak baita, adibidez, besteak beste, Auzitegi Konstituzionalean helegiteak jarri ere.

Juanjo Agirrezabala: Cristina Uriarte sailburuak Madrilgo lehen bileran “hitz egin behar dugu, uste dut akordioetara iritsi gaitezkeela” esan zuen. Alegia, elkarrizketa izango dela lege proiektu honi buelta emateko modua. Beraz, Jaurlaritzaren jarrera oso txepela izan da. Ez du egoera, ez herri hau, LOMCEren kontra lideratu. Kataluniako Gobernuak egin duena, adibidez. Erkidego honetan hori faltan hartu dugu. Orain, badirudi, Jaurlaritzak jarrera tinkoagoa landu nahi duela. Egia izango ote? Wertek lege egitasmo hau 2014ko ikasturterako onartuko dela dio. Zer egingo du Jaurlaritzak? Zuk, Jone, dauden bideak urratuko dituzuela diozu, baina bide horiek jorratuta ere, legea ezartzen bada, Jaurlaritzak ezarriko al du? LOMCEri erabat aurre egiteko prest al da EAJ? Egoera larria da. Legebiltzarrean denok gaude LOMCEren kontra. Eragile politikoak eta hezkuntza eragileak ados jartzeko ordua da. Legebiltzarrera etorriko denean ausardia espero dut EAJren eta PSEren aldetik, lege horri planto egitea.

Zure ikuspuntua, Aramendi.   

Juanma Aramendi: Ni bat nator Juanjorekin...
 
J. Agirrezabala:. Argitu aldera, EAJk eta PSEk bat egin dute Legebiltzarrean...  
 
J. Berriozabal: ...eta zuk azaldu beharko zenuke, zer dela eta abstenitu zen EH Bildu Eusko Legebiltzarrak lege proiektua erretiratzea eskatu zuenean.
 
J. Agirrezabala: Gu ez geunden erretiratzearen kontra, gu neurri guztien alde geunden. Diferentea da. Guk planto egin behar dela sinatu nahi genuen, LOMCE ez dela inolaz ere hemen ezarriko.

J. Aramendi: Juanjo, zuk nik bezala, hainbat urte egin duzu Gobernuan, eta ez dakit zertan egin duzun planto.

J. Berriozabal: Horixe ba!

Desobedientziaren bidea, intsumisioa, planto egin... Noraino irits daiteke Jaurlaritza LOMCEri aurre egiteko?

J. Aramendi: Gobernuan egon garenok badakigu noraino iristen den intsumisioaren esparruan jokatzea. LOMCEren aurrean denon arteko kontsentsuak bilatzeko eta arduraz jokatzeko garaia da. Ni, neurri batean, bat nator Juanjok lidergotzari buruz adierazi duenarekin. Gu zeharo harritu ginen Uriarte andereak “ikusiko dugu noraino ematen duen negoziazioak” esan zuenean. Guk erreforma hau kontrarreforma dela diogu, espiritu bereizlea dakarren legea atzerakoia. Eskola eredu hori ez dugu nahi ez Espainian ez Euskal Herrian, frankismoaren garaira itzultzea baita. Isabel Celaak ‘[iragan legealdiko Hezkuntza sailburua] Wert ministroaren dimisioa eskatu zuen Gobernuan ginen garaian. Guri gustatuko litzaiguke oraingo Hezkuntza sailburuak beste jarrera bat izatea, baita hezkuntza komunitatearekin batera LOMCEren aurka buru izatea ere, nahiz eta komunitatea ez dagoen Juanjok dioen bezain batuta. Artean, Rajoyk hezkuntzarekiko atera zituen neurri bereziak –irakasleen ordutegiak edota ordezkapenak– errekurrituta daude, ezarri gabe. Beraz, jarrera tinkoak mantendu behar dira, baina, artean, ezin da intsumisiora jokatu. Mugak badaude.  

J. Berriozabal: Planto egitearen kontua dela eta, Gipuzkoan ezaguna den agintari batek “agintari on batek ez lituzke lege injustuak bete behar” esan berri du. Mezu hori bera ekarri digu Juanjok, baina esaldi hura esaten zuen agintariak berak makina bat lege injustu betetzen ditu herri honetan. Hortaz, ez zait oso serioa iruditzen proposamen hori egitea, ez behintzat, gainontzeko bideak urratu ez ditugunean, hau hasi besterik ez da egin. Hilabete asko daramagu zirriborroen gainean lanean, aztertzen, kritikak egiten. Benetako unea orain iritsi da. Orain ikus beharko dugu zer egin dezakegun, eta noski, ahalik eta adostasun zabalenarekin egin ere. Jaurlaritzaren neurriek autogobernuaren eta Euskal Hezkuntza Sistemaren defentsan joan beharko dute, ahalik eta babesik zabalena jasoz hezkuntza eragileen aldetik. Hori da landu behar dugun bidea. EAJk hezkuntza komunitatearekin harreman zuzena du, eragileak askotan datoz Legebiltzarrera. Urtarrilean adierazpen bateratua zabaldu zen, eragileen sinadura jaso zuena. Guk bat egin dugu manifestuarekin, baita Legebiltzarrean legearen kontra egiteko hartu zen erabakiarekin ere.

J. Agirrezabala: Hezkuntza eragileen %99 ados agertu zen manifestuarekin. Adibide ona da LOMCEri erantzuteko. Hezkuntza eragileek alderdi politikoei eskatzen digute ados jartzeko PPren egitasmoaren aurrean. EH Bilduk prestutasuna adierazi dio Jaurlaritzari. Honek aurre egiteko pausoak ematen baditu, bidean elkar topo egin dezakegu. Desobedientzia, planto egitea edo intsumisoaren bidea ezberdinak dira, gradualki gauzatzen diren kontzeptuak, ados, baina zergatik ezin da desobedientziaren bidea kontuan hartu eta landu? Hori da hain zuzen ere Gobernu honen aldetik ikusten ez duguna, zeren eta platera jateko ematen baldin bazaigu azken finean jan egin beharko dugu osorik. Hori da arduraz jokatzea? Nahi ez dugun plateretik jatea? Madrilek ez du atzera egingo. Legea Kongresuan aterako da mobilizazio guztien gainetik, Estatuko Hezkuntza Kontseiluak berak esaten duenaren gainetik. Jone, emendakinaren bat egin, eta hau edo hori aldatu daitekeela esan duzu, baina edukia, oinarria, ez da aldatuko. Neronek Jaurlaritzak horren kontrako oposizioa lideratu behar duela diot, esan nahi baita, lehen unetik aurrean jarri eta azkeneraino joan. EAJri asko gustatzen zaio Gipuzkoari begiratzea [Joneri]. Pozten naiz, eredugarria delako, ikasteko gauza asko daukazuelako. LOMCE injustua da, herri honi kontra egiten dio. Beraz, herri honen subiranotasuna aldarrikatu behar da. Legebiltzarrean gehiengoa gara. Gu prest gaude desobedientziaren bidea esploratzeko, zuek prest egongo bazeundete.

J. Aramendi: Subiranotasuna? Oso ondo. Egunen batean, herri hau EH Bilduk  nahi duen bezala egoten bada, beste jokaleku batean egongo gara, baina gaur egun jokatu behar dugu gauden lekuan eta unean, daukagun ordenamendu juridikoarekin. Diskurtso horrek balio lezake jokaleku horretan kokatuta bageunde. Adibidez, EH Bilduko EA, Juanjoren alderdia hain justu, urtetan egon da agintean. Non zeuden zure planteamenduak orduan? Nik uste dut diskurtsoak beste bide batetik joan behar duela, orain arte herri honek landu dituen ondarearen balioak aintzat hartuz. Hau da, lege berberarekin Euskadin ez da eskola porrotarik izan, besteak beste, herri honetan kontsentsua egon delako.

Euskal Hezkuntza Sistemaren gabezietako bat lege propio eza omen da.

J. Aramendi: Nik lege propioa dugula aldarrikatu nahi dut.

J. Agirrezabala: Dauzkagun legeak dira: Euskal Eskola Publikoari dagokiona –1984an onartua, harrezkero ez da berritu– eta Euskararen Normalizaziorako Legea. Besterik ez.

J. Aramendi: Baina horiek izan ditugu oinarri azken urteetan hezkuntzan eman diren urratsak eman ahal izateko. Non zegoen euskara lege horiek gauzatu ziren arte? Zer ibilbide egin du euskarak ordutik hona? Zenbat irakasle genituen euskaldunduak orduan, irakaskuntza euskaraz garatzeko? Irakasleen %5a. Egun %90 dira. Lege horiek izan ditugu aurrera egiteko, eta hori Euskal Herriko eta EAEko berezko ondare bezala aldarrikatzen ditut. Bestelako jokaleku batean bagina, beste egoera batean ginateke, baina egun, gure ordenamendu politikoarekin eta eskura dugun legediarekin, gure sistema propioa eraiki ahal izan dugu. Emaitzak lekuko. Nik indarra hor ipiniko nuke. Orain, berezko hezkuntza sistema garatzeko prest al gauden? Ados. Legedia berritzeko prest gaude, baina orain arte egin duguna aintzat hartuz. Kontsentsua izango da oinarrizkoa legea egiteko.

J. Agirrezabala: Guk ez diogu uko egiten berezko legea izateari. Legea tresna bat da. EAEn egin dezakegu berezko lege bat. Egia da dependentzia dagoela Madrilekiko, han finkatzen baita oinarrizko araudia, autonomia guztietan berdina dena. Guk nahiko genukeen esparrua ez daukagu, geure legez jantzita. Guk subiranotasuna nahi dugu, bertatik erabakitzeko bertakoentzat, hori da gure eredua. Euskal Hezkuntza Sistemak norantz goazen argitzeko definizio bat behar du, eta EH Bilduk egina du: demokratikoa eta euskalduna. Eredua badaukagu, gehiago definitu beharra dago eta horren arabera gauzatu behar dugu legea. Egia da, Euskal Eskola Publikoa 1993tik abian da, dekretu eta arau asko garatu dira. Juanmak esan duenarekin bat nator, hemengo emaitzak ez dira Estatukoak bezalakoak, adierazle ezberdinak daude: Haur eskoletako, DBHko eta Unibertsitatera bitarteko datuek ez dute Espainiakoekin ezer ikustekorik. Eskola porrota hemen %12 da eta Estatuan %26. Europan, berriz, batez bestekoa, %10. Beraz, garapenak emaitza onak ekarri ditu, baina badira defizit asko hala ere, eta etorkizunari begira euskal hezkuntzarako lege propioa garatzea proposatzen dugu. Guretzat legea ez da helburu, tresna baizik.
 
J. Berriozabal: Juanmarekin bat nator, hezkuntza sistema eraginkorra  izan da kontsentsua izan dugulako. Hori ukaezina da hezkuntza eta hizkuntza kontuetan, emaitzak ezinbestekoak dira iritsi garen egoerara iristeko. Hortaz, lortuko dugun akordioak ezin izango du orain arteko adostasuna baino gutxiago izan, babes gutxiago izan. Bestalde, euskaltzale eta abertzale bezala, bat nator Juanjorekin, eskola euskalduna eta herrikoia izatearekin, baina horretaz gain, eleaniztuna eta modernoa ere izan behar du. Bide hori urratzen hasiak gara, horri eutsi behar diogu.

Berezko lege izatea omen den gure gabezietako bat? Bai. Honetan ere Juanjorekin bat nator, legea tresna bat dela esatean. Baina sarritan, tresnak eta helburuak nahasten ditugu. Tresnak abian jarri baino lehen helburuak ondo zehaztu behar ditugu guztion artean. Uneon beharrezkoa den tresna, legea edota araudia osatu beharko dugu, betiere, adostasunez iraungo badu, eta ez hurrengo gobernua iritsi eta aldatua izateko, LOMCErekin gertatu bezala.

“Eusko Jaurlaritzarentzat Wert-en erasoa estrategikoki pagotxa da. Horren aurka jo besterik ez badu egiten, oso eroso egongo da Jaurlaritza”. Horra, Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk esana.

J. Berriozabal: Ez dut ulertzen zer esan nahi duen. Inolako oinarririk ez duten susmoak iruditzen zaizkit. Ez zait arduratsua iruditzen milaka pertsonek osatutako elkarte baten izenean horrelako adierazpenak egitea. Horietako asko ez daude ados pertsona horrek esan duenarekin. Pagotxa litzateke Wert ministroaren legea aldarrikatuko bagenu edo alde bakarreko edo ezberdinen arteko eztabaida onartzeko prest bagina.

J. Agirrezabala: Tellituk dioena da, zuek jarrera aktiborik hartzen ez baduzue, zuentzat egoera erosoa izan daitekeela: “Wertengandik heldu zaigu, eta guk bete besterik ezin dugu egin”. Hori da nik ulertzen dudana. Funtsean, Jaurlaritzak Wert-en legearen aurkako jarrera lideratu behar duela dio. Dena den, Hezkuntzari bestelako ezaugarriak ezarriko zenizkiokeela esan duzu, Jone. Nik ausardia falta ikusten dut EAJrengan. Zuk eleaniztasunaz hitz egin duzu, alderdi sozialistak hiru eleaniztasunaz, PPk gaztelaniaz, UPyDk dio euskarak ez duela lehentasuna sistema honetan. Eta guk Euskal Hezkuntza Sistemak euskaldun eleanitzak egin behar dituela diogu.
J. Berriozabal: Ados, beraz...

J. Agirrezabala: ...tira, bai zuri bai Hezkuntza sailburuari esan nizuen Legebiltzarrean, ea prest zeundeten tribunan esaten duzuena abian jartzeko. Zuek esan, bai, esaten duzue, programan ere idatzita duzue, euskara ardatz izango dela. Baina urratsak emateko prest al zaudete? Prest baldin bazaudete, gu bidean aurkituko gaituzue. Adostasun puntua edo heldulekua izan daiteke euskal hezkuntza sistema gauzatzen hasteko. Juanma, baldin egia bada Celaá andereak dioena, “euskara dela sistemaren zentraltasuna”, ados. Printzipioz, sinetsi behar diot, baina ahal dudan punturaino. Hiru eleaniztasunaren kasuan esan nion, zergatik ez duzu ezartzen %60 gutxienez euskararen alde. Ez zuen erantzun. Behintzat, zuek esan duzue euskarak ardatza izan behar duela. Euskarari buruz hitz egiten dugunean, emaitzak argi eta garbi daude, ezin ukatuzkoak dira hobekuntzak, asko eman dira, bai irakasleetako %5tik %90era pasatzean, baita ikasleen emaitzetan ere. Baina argi dago ere, euskarak badituela erronka inportanteak. Euskara jarri behar dugu hezkuntzaren erdigunean, zalantzarik gabe. Guk euskaldun eleanitzak nahi ditugu lehenik, baita gaztelania, ingelesa, eta zergatik ez frantsesa dakizkitenak ere.  

J. Aramendi: Gu Gobernuan egon garenean, hori egin dugu, ez sinetsi bakarrik. Ibilbide hori jorratzen hasi gara eta gaia mahai gainean ipini. Inposaketarik gabe. Hiru eleaniztasuna indarrean jartzeko esperimentalki jardun dugu, adostasun batera iritsi ginen hezkuntza komunitatearekin. Pauso horiek eman behar dira. Erronka, eskola XXI. mendean kokatzea da. Eskola osoki, euskara ere bai, gure atal eta ondaretako bat da, baina hori bezala, teknologiak, elkarbizitza.... Herri honek bizi berri duen historia ezagutu eta landu egin behar da. Elkarbizitzan lortutako akordioak hor daude, biktimak eskoletara ekarriz. Eskola 2.0 delakoren bidetik etorri diren aurrerapausoak, horiek denak, ebaluatu eta zehaztu behar ditugu. Adostasunera iritsi behar dugu. Akordioak behetik gora eta ibilbide bateratua egin beharko dugu. Ea bide horretan aurkitzen garen, oxala! Eskola mota berri hori denon artean bultzatu behar dugu.
 
J. Berriozabal: Nola ez gara ados egongo euskaldun eleanitzak sortzearekin? Mundu guztia dago horrekin ados. Ez jarri aurpegi hori [Juanjori]. Euskaldun eleanitzak aberastasuna baino ez dio ekartzen norbanakoari eta gizarteari. Orain erronka da ikasle guztiek hizkuntza gaitasuna hobetzea, ez ingelesean soilik, baita bi hizkuntza ofizialetan ere, euskaraz eta gaztelaniaz. Euskara oinarrizko zutabe da gure sisteman. Euskara ardatz duen sistema orokortzea proposatzen du EH Bilduk, baina denok kontziente gara euskara ardatz duen D ereduak Zumaian primeran euskalduntzen duela, inguruak aukera paregabea ematen duelako. Baina euskara ardatz duen D ereduak beste zonalde batean ez du eragin bera. Beraz, ikasle guztiek hirugarren edota laugarren hizkuntzan hobeto egin dezaten erronka daukagu, eta lehenik, noski, euskaraz hobeto egin beharko dute Euskadi osoko ikasleek. Horretarako eskolaz kanpo eta eskolaren inguruan bestelako ekimenak planteatu behar ditugu. Eskolak asko eman dezake, baina batzuetan ezin dezake dena eman. Eskolak gehiago emateko gainontzeko eremuek ere lagundu beharko dute. Inguruak asko laguntzen du, ez bakarrik hizkuntza kontuetan, hezkuntzari dagokionean ere bai. Astelehenetik ostiralera bitarteko orduak direnak dira, hortik kanpo ere lan egin behar da.

JONE BERRIOZABAL (EAJ)

LOMCEk ez du hezkuntza sistema eta kalitatea hobetzen. Lehen akatsa hauxe da: gobernu aldaketa dagoen bakoitzean, hezkuntza legeak aldatzen dira, eta gobernu edota alderdi bakoitza bere arrastoa jartzen saiatzen da. Ondorioz, hezkuntza arloko araudiaren jarraikortasuna eta egonkortasun falta dira ikastetxeetan. Bigarrena: eskola porrotari dagokionean, datuak makilatu nahi ditu, Espainiako Estatuaren datuak Europar Batasunekoetara hurbilduz. Euskal Hezkuntza Sistemaren eta Europako sistemaren tasak hurbil daude, ez ordea Espainiakoak. Ahalegin hori egiten ari dira lege proiektu horren bidez, halaber, Estatuko autonomia erkidegoetan dauden eskumenak eta ezaugarri propioak urratu egiten ditu. Uniformatzeko eta zentralizatzeko begi-bistako nahia dago. EAJ aurka dago, LOMCEk ez duelako Gernikako Estatutuak ematen digun eskumen esklusiboa errespetatzen. Euskadik hezkuntza araudien eskumen esklusiboa du, eta lege egitasmo horrek erabat ukatzen ditu gure eskumenak. Oinarrian ez dago inongo azterketa zientifikorik edo teorikorik, inork ez daki zertan oinarritu den ministroa proposamen hau egiteko. Azkenik, honetan denok ados gaude, proposamenak ez duela adostasun sozial eta politikorik, kontrakoa. Gizartea batu egin da egitasmoaren kontra, ez alde.

JUANJO AGIRREZABALA (EH BILDU)

Werten egitasmoak kutsu ideologikoa dauka. Espainiako Gobernuak ezarri dituen murrizketekin bat egiteaz gain, inboluzioa dakar, eskolaren birzentralizatzea eta uniformatzea. Atzerapauso handia da, euskal herritarron hezkuntzaren eta hizkuntzaren aurkako erasoa. Euskal Herriak burujabetza osoa behar du hezkuntza arloan, euskal jendartearen araberako berezko erabakiak hartu ahal izateko. LOMCE Wert-en “ordenu eta agindu” delakoaren araberako egitasmoa da. Wertek ez duela sekula negoziatuko dio, legea “bai ala bai” onartuko dela. Beraz, ez du kontsentsurik nahi, hezkuntza komunitatearekin ez du ere hitz egin; PPren ideologiaren araberako legea izango da. Espainia gehiago planteatzen du,  espainiar curriculumari begirako planteamendua da: EAEk %55aren eskumena dauka orain, aurrerantzean aldiz, Espainiako Gobernuak %60an finkatuko luke zeregina. Azterketak berak egingo ditu, curriculumaren ehuneko ehuna finkatuko du. Geure curriculuma finkatzeko aukerarik ez dugu izango. Ondorioz, euskal curriculumik ez eta euskara are murritzagoa. Euskara ez bigarren mailakoa, baizik eta hirugarren mailakoa izango da. Erlijioa ere gehiago. Euskal Hezkuntza Sistema gutxiagotu nahi du. Aginduak Madrilek eman eta Jaurlaritza delegazio bat izatea nahi du. Euskal Herria gutxiago izatea planteatzen du funtsean.

JUANMA ARAMENDI

LOMCE irakurrita ematen du Francoren garaitik hona ez dela pausorik eman. Beraz, azken hamarkadatan irakaskuntzan eman diren aurrerapausoak baloratuta, nire ikuspegia oso ezkorra da. Estatuko erkidego autonomoetan lege berberarekin emaitzak ezberdinak dira. Egun, eskola porrotaz hitz egitean, Estatuko porrotak eta EAEko porrotak ez dute zer ikusirik. Datuek ez dute parekorik eta legea bera da. Alderdi sozialistak oso garbi dauka, lege egitasmo horrek inboluzioa eta kontrarreforma eragin nahi ditu, ez da erreforma bat egitea. Wert-ek kontsentsuaren beharra aipatzen zuen iraganean, gaur egun, zeuden kontsentsuak apurtu nahi ditu eta horiez gain lege proiektu hori atera dute, eskola porrotaren aitzakian eratu dute beren proiektua, eta lege horren bidez eskola merkea egin nahi ote duen nago. PSOEko ministro ohi Gabilondok esan zuenez, hezkuntzan inbertitzea oso garestia da, baina pentsa dezagun zein garestia den ez inbertitzea. Zer etekin aterako dugu, hezkuntzan inbertitu gabe? Krisia eta ekonomia arazoak ditugu, baina ez badugu  inbertsioa sustatzen hezkuntza sisteman oker goaz. Kontrarreforma hau hor kokatzen da. Alderdi sozialistaren iritziz, LOMCEk PPren eta Espainiako alderdi kontserbadoreen eragina jaso du, hiritartasunaren aurka doa, urtetan landu den espirituaren aurka.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude