Erleei kalte larria eragiten dietela-eta, hainbat intsektizida neonikotinoideren erabilerari muga zorrotza jartzeko proposatu die Europar Batzordeak bere estatu kideei, oraingoz arrakastarik gabe. Bitartean, substantzion egile diren multinazionalak nekaezin aritu dira azken urtean, beren produktuak debekatuak ez izateko borrokan.
Neonikotinoideak 1990eko hamarkadatik izugarri zabaldu den intsektizida multzo bat dira, baina iritzi publikoak oraintsu izan du haien berri. Joan den urtarrilean argitara emandako txosten batean, Elikagaien Segurtasuneko Europar Agintaritzak (EFSA) adierazi zuen neonikotinoideen erabileraren eta erleen desagerpenaren arteko lotura estua zegoela. Horren ondorioz, Europar Batzordeak substantzia horietako hiruren (imidacloprid, tiametoxam, klotianidina) erabilera zeharo mugatzeko proposamena egin zuen. Gogoan hartu behar da erleen kopuruaren beherakada ingurumen arazo larria dela, oso funtzio garrantzitsua betetzen baitute landareen ugalketan. Bidenabar esateko, hainbat estatuk aspaldi erabaki zuten, beren kasa, neonikotinoideen erabilera zeharo murriztea.
Martxoaren 14 eta 15ean bildu zen Elikadura Katearen eta Animali Osasunaren Batzorde Iraunkorra, Europar Batzordearen proposamenaz eztabaidatzeko. Europar Batasuna osatzen duten 27 estatuetako adituek bozkatu zuten. Proposamenaren aldeko botoak aurkakoak baino gehiago izan ziren, baina gehiengoa ez zen nahikoa erabakia loteslea izateko. Hortaz, datozen asteetan proposamena berriz bozkatuko da Apelazio Batzordean.
Europar Batzordeak 2012ko apirilean eskatu zion EFSAri aipatutako intsektizidek erle populazioetan duten eragina aztertzeko, Science aldizkariak argitaratutako ikerlan biren karietara.
Ikerketa horietako baten arabera, tiametoxam dosi txikiekin kontaktua izandako erle langileek hilkortasun tasa handiak agertzen zituzten. Beste ikerlanak zioen imidaclopridak –kantitate txikietan halaber– kalte larria egiten diela erlastarrei, haien ugalketa-gaitasuna gutxituz eta erregina asko hiltzea eraginez.
Ia berehala, eta artean EFSAk bere txostena amaitzeko urte erdi inguru falta zela, pestizida neonikotinoide horiek ekoizten dituzten enpresak, Bayer (imadacloprid, klotiniadina) eta Syngenta (tiametoxam), indar biziz hasi ziren beren produktuen aldeko kanpaina egiten, ECPAren laguntzarekin. Pestizida ekoizleen europar lobbya da ECPA.
Lobbyen jarduna hurbiletik jarraitzen –eta, maiz, salatzen– duen CEO elkarteak kanpaina horren historia laburbildu du bere webgunean, besteak beste aipatu enpresetako ordezkariek Europar Batzordeko kargudunei bidalitako gutunen edukia erakutsiz. Ondoren datorrena historia horren sintesi bat da.
Ekainean, Bayerrek eskutitza igorri zion John Dalli, EBko Osasun eta Kontsumitzaile Politikako komisarioari. Alemaniar multinazionalak zioen ez zegoela ziurtasun zientifikorik erleen desagertzeak neonikotinoideekin zerikusi zuzena duela esateko. Bayerren hitzetan, erle intoxikazio masiboek –iraganean gertatuak, betiere– arrazoi bat baino gehiago dute, horien artean nekazariek egindako erabilpen okerra.
Bayer baino lau egun lehenago, ekainaren 8an, Syngenta izan zen Dalli komisarioari bere ikuspuntua helarazi ziona. Michael Mack operazio zuzendariak sinatu zuen eskutitza, eta ez zuen aukera galdu Dalliri gogorarazteko “kasualitatez”, aste bi lehenago, Barack Obamarekin, François Hollanderekin eta botere handiko beste zenbait agintarirekin bilduta egon zela, eta bilera hartan, besteak beste, Syngentak elikadura-segurtasunaren alorrean eta partikularki Afrikan, gastatuko zuen dirutzaz hitz egin zutela. Nolanahi, gutunaren helburu nagusia Science-n argitaratuko ikerlanen balioa gutxiestea zen.
ECPAk ere posta aukeratu zuen Dallirekin harremanean jartzeko. Ekainaren 13ko data dauka aste berean komisarioak gai berarengatik jasotako hirugarren gutunak. Funtsean, pestiziden patronalak Dalliri gogorarazi nahi zion –eta egia zioen– ezin zaiola faktore bakarrari egotzi erleen populazioaren murrizketa. Espero zitekeenez, EPCAk aipatutako mehatxu zerrenda oparotik kanpo geratu zen susmagarri bakarra neonikotinoideak ziren.
Bide batez esan dezagun handik gutxira, iazko urrian, John Dallik dimitutu egin zuela, ustelkeria politikoagatik salatua izan eta gero. Eskandaluan Suediako tabako konpainia bat ibili zen nahastuta.
Hurrengo pasartea, CEOk argitara emandako kronologiari segika, azaroan etorri zen. Ordurako Dalli ez zegoen karguan, baina bai beste batzuk. Hala, Syngentak neonikotinoideen afera berraztertzeko eskaria egin zien, eskutitz bidez nola ez, Nekazaritza eta Ikerketa komisarioei, hala nola EBko nekazaritza ministro guztiei. Gutunean, Syngentak zioen “Tiametoxam bezalako hazientzako tratamenduei trabak jartzen bazaizkie, laborariak ingurumenarentzat kaltegarriagoak diren intsektizidak erabiltzen” hasiko zirela, eta horrek 17.000 milioi euroko galerak eragingo zituela bost urteko epean. Baieztapen hori ikerketa independente batean oinarrituta zegoela zioen Syngentak, baina ez zuen xehetasunik ematen ikerketa horretaz.
Bien bitartean, bai multinazional biek bai EPCAk neonikotinoideen arriskuak agerian uzten dituzten lan zientifikoak gutxietsi eta haien onurak nabarmentzen dituztenak mahai gainean jartzen zebiltzan. Hala eta guztiz ere, aurtengo urtarrilean EFSAk emandako txostena industriaren interesen aurkakoa suertatu zen erabat, dagoeneko esan dugunez. Syngentak, orduan, epaitegietara jotzeko mehatxua erabili zuen kontraerasorako arma modura.
Suitzako konpainiak, argitaratu aurretik eskuratu zuen EFSAren prentsa oharra –gutunen datengatik ondorioztatu daiteke hala izan zela–, eta Agintaritzari jakinarazi zion ez zuela baztertzen bere kontrako salaketa jartzea, oharraren edukia aldatu ezean. EFSAk ez zuen koma bakar bat ere aldatu ordea, eta CEOren esanetan, harrezkeroztik Bayer eta Syngenta EBko politikariei ari zaizkie presio egiten. Momentuz, lehen borrokaldiaren emaitza aldekoa izan dute. Ea zer dakarren bigarren bozketak.
Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]
Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]
3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".
Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".
Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.
Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]
Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute.
Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu
Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]
Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]
Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]
Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]
Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.
Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]
Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]