Aldaketa haizea erresuma zaharreko jauregietan

  • Nafarroako Legebiltzarrak bere lehen zentsura mozioa bizi berri du. Eta Sanz, Miranda eta Mayak lehen aldiz deklaratu dute epailearen aurrean Nafarroako Kutxako dieten harira. Barcina lehendakaria falta da. Eta auzitegietan gertatuko dena klabea da Nafarroako etorkizun hurbilerako. Oposizioak oraindik badu aukerarik Barcina kanporatzeko.

jagoba manterola / Argazki Press

Nafarroan sarri aipatzen da abertzaletasuna soziologikoki populazioaren herena dela gutxi gora behera, baina instituzioetako ordezkaritzan urruti izan da kopuru horietara gerturatzetik ere. NaBai izan zen indar abertzale batek Nafarroako Legebiltzarrean lortu duen emaitza onena, 2007an 12 parlamentario. Baina abertzaleek 2011n lortu zituzten emaitza onenak: NaBaik 8 eserleku eta Bilduk 7.
Orain arte ordea, nekez irudika zitekeen abertzaleek zentzura mozio bat bideratzeko moduan, are gutxiago horren buruan ezker abertzalea egotea. Egoera politikoa aldatzen ari da Nafarroan, denbora gehiago beharko da joerek hori baiezta dezaten, baina krisi garai honek ere eskaintzen ditu aldaketaren hainbat zertzelada. Azken greba orokorretako herritarren mobilizazio maila dago adierazle horien artean, edo azken bi hilabeteetan izandako mobilizazio handiak, azkena apirilaren 6an, Yolanda Barcina lehendakariaren dimisioa eskatzeko 10.000 bat lagun bildu zuena.
UPN azken bi hamarkadetako beren garairik makalenean dago, CDNren eszisioaren garaira gerturatuz (1995), baina krisiaren ondorioz, orduan baino egoera estuagoan. Denbora honetan, halaber, PSN giltzarri izan da UPNk boterean jarraitzeko, bereziki azken legealdian. Koalizio gobernua osatu zuen nabarristekin, baina esperimentuak urtebete iraun zuen, 2012ko ekainera arte, Yolanda Barcinak Roberto Jimenez Gobernuko lehendakariorde postutik kendu arte.
Hilaren 18ko zentsura mozioaren lehen bor-borrak orduan hasi ziren. Berriz ere –azken aukera 2007an izan zen, PSN, NaBai eta NEBen eskutik– UPN oposiziora bidaltzeko aukera teorikoa zegoen. Oposizioak ia urtebete behar izan du zentsura moziora iristeko, eta gainera, bazekien ez zela aterako, 26 parlamentario behar eta 18 bestetik ez zituen eskuratu: Bilduko 7, NaBaiko 6, Ezkerrako 3 eta Geroa Baiko 2 –2012 urrian banandu ziren NaBaitik Legebiltzarrean–.
Zentsura mozioa sostengatu dutenentzat UPNren aurkako beste tresna bat izan da hau eta, funtsean, Barcina baino PSN jarri du ataka estuan. Orain galdera nagusia da ea Barcina 2015eko udaberrira arte gobernuari eusteko gai izango den edo hauteskundeak aurreratu beharko dituen. Kontua da, oposizioaz gain, bere alderdiaren erdia ere aurka duela. Alberto Catalanek –eta itzaletik Miguel Sanzek– gidatuta, sektore honek uste zuen martxoko UPNren kongresuan Barcina gainetik kenduko zuela, baina kontrakoa gertatu zen, honek ozta-ozta irabazi eta alderdiko eta Gobernuko lehendakaritzekin jarraitzen du.
Barcina alboratu eta berriz PSNrekin akordio maila bat lortzea zen UPNko aparatuaren jokaldia. Gaizki atera zaie eta, bidenabar, PSNri ere egoera biziki korapilatu zaio, nafar gizartean sumatzen den aldaketa gogoa zapuztu duelako. Roberto Jimenez egoera larrian dago, egungo bidetik UPNren makulu izatera kondenatua, eta epe motz-ertainera badirudi bereak egin duela idazkari nagusi moduan. Ezkutuan aritzeko inongo ahaleginik egin gabe, PSN-n aginte makila nork duen argi utzi zuen Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak martxoaren 5ean Iruñera egindako bisitan: PSNren lehentasuna UPNrekiko akordioa da. Baina bide horrek gainbehera besterik ez dio ekarri gaur arte: 1991n Gabriel Urralbururekin 20 parlamentario eskuratu zituen eta egun 9 ditu.

UPN eta Nafarroako Kutxa

Nafarroako gizartean oso modu mingarrian sumatzen da Nafarroako Kutxaren (CAN) galera. Gutxiengoarentzat, finantza sistemaren krisiaren ondorio izan da, baina gehiengoaren ustez, UPNren kudeaketa txarra erabakigarria izan da CANek Caixabanken eskuetan bukatzeko: 2009aren bukaeran bere ondare balioa 1.295 milioi eurokoa zen eta 2012ko bukaeran, Caixabankek bereganatu zuenean, 250 milioikoa. Hiru urtetan 1000 milioi euroko balio galera izan zuen CANek. Tartean Banca Cívicaren abentura dago: zergatik Caja Canarias, Caja de Burgos eta Cajasolekin bai eta ez bere historian txertatuak diren beste euskal aurrezki kutxekin?
Hego Euskal Herria edozein modutan banatuta izatea giltzarri da Estatuarentzat, baina emaitza larria da: Nafarroako Kutxa desagertu da edo, bestela esanda, Caixabanken %1 da eta honen finantza marka Nafarroan.

Auzitegietan

CANeko galera sentimendua, alabaina, ez da haren bezeroen edo herritarren uste hutsala. UPyDk salaketa jarri zuen Banca Cívicaren burtsaratzea ikertzeko eta gaia gaur egun Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasko epailearen esku dago.
Baina CANeko kudeaketa txarra eta ustezko ustelkerien benetako ikerketa lana Kontuz! kontsumitzaile elkarteak egin du, orain arte UPN eta CANeko agintarien benetako buruhauste bihurtzeraino. 2012ko urrian, adibidez, Jesus Pegenaute Nafarroako Gobernuko Politika Sozialen sailburuaren dimisioa behartu zuen, 2007an CANeko zuzendariordea zenean, honek 180.000 euroko diru zuriketa egin zuela salatu ondoren.
UPN berehala saiatu zen abertzaleen ohiko erasoarekin lotzen, baina Iruñeko Auzitegiko Instrukzioko 3. Epaitegiko epaileak aintzat hartu ditu Kontuzen hainbat salaketa eta ikertzen ari da ea Nafarroako Gobernuko agintariek zein jokaera izan duten CANeko kudeaketan.
Bata bestearen atzean etorri dira CANekin lotutako eskandaluak. Entzutetsuenetakoa Santiago Cervera PPko diputatuaren auzia izan da, iragan abenduan Iruñeko harresietara kutxari buruzko informazioa ei zuen ezkutuko gutun-azal bat jasotzera joan zenean Guardia Zibilak atxilotua. Honek hedatu zituen CANeko eskandaluak Espainiara, ordurarteko albisteekin estatuko hedabideek ez baitzuten ia interesik agertu.
Azaleratutako aferak asko dira: Washingtoneraino iritsitako bulegoen zabalkundea, bezero bereziendako helikoptero bidaiak Parisera, altzari oso garestien erosketak, opari oso garestiak, agintariei CANeko negozioetan parte hartzeko aukera berezia –Navarra Building eta Barcina adibidez–, pertsona zehatzei emandako mailegu merkegoak...

Prebarikazioa eta sobornoa

Kontuzeko salaketen harira, Maria Paz Benito epaileak, dagoeneko UPNko goi mailako hiru agintari edo agintari ohi inputatu ditu prebarikazioa eta soborno delituak egon daitezkeelakoan: Miguel Sanz lehendakari ohia, Alvaro Miranda sailburu ohia eta Enrique Maya Iruñeko alkatea.
Hiru hauek eta beste hainbat agintarik partehartzen zuten CANeko Erakundeen Sortzaileen Batzordean, kutxaren estatutuetan instituzioek honen kontrolerako aurreikusitako batzordean. Horko lau kidek –Barcina, Sanz, Miranda eta Maia– halaber, organu honen batzorde iraunkor batean partehartzen zuten, horregatik dieta gisa dirutzak jasoz: Sanzek 39.028 euro, Barcinak 31.324 euro, Mirandak 27.472 euro eta Mayak 6.868 euro. Barcina lehendakaria da oraindik inputatu gabekoa, baina arrazoiak besteen berdinak dira. Epaileak, hala ere, zuhurtziaz jokatu du eta datu gehiago bildu arte ez du Barcina inputatu, bere izaera medio, Barcina aforatua delako eta, ondorioz, bere kasua Espainiako Auzitegi Gorenera iragango litzatekeelako.
2010ean eta 2011n egindako bilera horietan ez zegoen gai-ordenik eta ez zuten inolako paperik eramaten etxera, entzun eta listo. Eta sarri, bilera bat egin, bi gisa agertu eta bi dieta patrikaratu.
Batzorde iraunkor honen lehen bilera 2010eko abuztuan egin zen, baina ofizialki bere sorrera 2011ko uztailekoa da. Data horretatik aurrera, beraz, jadanik lehendakaria ez zenean, Sanz noren izenean zegoen bilera horietan? Sortzaileen Batzordekoko gainerako agintariek ba al zuten batzorde iraunkor honen berririk? Zergatik Nafarroako Gobernuak ez zuen ikuskatzen CAN zeregin horretarako eskumenak bereak direnean? Zergatik bilera bat egin eta bi gisa kobratu? Zergatik dirutza horiek? Galderak eta kontraesanak saldoka datoz.
Eta epailearen susmoa da kutxa ez ikuskatzearen truke, inputatuei dietak eskaintzen zizkiela eta, hortaz, hauek prebarikazioa eta soborno delituetan erori zirela. Jadanik hartu die deklarazioa hirurei eta orain ikusi beharko da epailearen hurrengo urratsa zein den. Ikusi beharko den moduan Barcina inputatuko duten ala ez eta honek hauteskundeen aurrerapenean nola eragiten duen.


Azkenak
Mañeruibarko haur euskaldunak omendu dituzte Euskaltzaindiak eta IKF fundazioak

Atzo eguerdian, Mañeruko herriko plazan egindako ekitaldian, diploma bana eman zieten zortzi eta hamabi urte arteko ibarreko 45 haur euskaldunei. Horretaz gain, Oskar Alegriak umeokin ondutako film laburra estreinatu zuten.


2024-05-28 | Euskal Irratiak
Kanboko Marieniako eraikuntza proiektua gaitzetsi dute larunbatean

Kanboko Marieniako higiezin proiektuaren kontra bildu dira elkarte eta herritarrak larunbat honetan. Larunbatean, mahai inguru eta tailerren bidez herritarrak sentsibilizatu nahi izan dituzte Bouygues Immobilier agentziaren proiektuaren desmasiez.


Eguneraketa berriak daude