Prentsa independenteak asko dezake, herritarrekin

  • Komunikazioaren ikuspuntutik ere emango du zer ikasia Donostiako Aske Guneak: sare sozialek eta hedabide independenteek kontatu dute bertan gertatua, medio nagusiek estali duten hein berean. Bistan da, garai berriak bizi ditugu, baita komunikazioaren esparruan ere.

#Askegunea eta gaiarekin lotutako beste etiketak bolo-bolo ibili dira sarean.
#Askegunea eta gaiarekin lotutako beste etiketak bolo-bolo ibili dira sarean.

“Inoizko albisterik txiokatuena euskaraz eta ziurrenik ez dugu ikusiko hedabide gehienetan”. Asier Sarasua eibartarrak joan den igande goizean Twitter sare sozialean bidalitako mezua da, Ertzaintzak Lander Arbelaitz Argiako kazetariari egindako erasoa erakusten duen bideoari buruz. Dokumentu hori bezala, Donostiako Bulebarrean antolatu den mugimendu zibilari buruzko beste hainbat albistek, bideok eta argazkik ere milaka ikusle izan dituzte Interneten.
Joan den asteko gairik beroena izan da sare sozialetan baina, hedabide nagusiek, publikoek barne, ez diote tokirik egin. Medio batzuk izan ezik (Berria, Gara, Naiz, Info 7, Irutxuloko Hitza, Argia…), Segikoak izateaz akusatuta kartzelan sartu nahi zituzten Donostiako zortzi gazteen inguruan isiltasuna nagusitu da.
Isiltasuna? Ez. Ez da hitz egokia. 34.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute Youtuben Bulebarreko Herri Harresiaren azken 20 minutuetan gertatutakoa erakusten duen Argiaren bideoa (askoz gehiago izango dira hau irakurtzen duzunerako).
Aske Guneari buruzko informazioak mundu osora iritsi dira: Errusiako Ruptlyk, Russia Today hedabidearen albiste agentziak, Donostian grabatutako hainbat bideo zabaldu ditu. Twitter bidez Europako puntu askotara heldu dira berriak: Ingalaterra, Herrialde Katalanak, Espainia, Frantzia, Italia.

Inflexio puntua hedabideentzat

Nola lortu dute Donostiako gazteek halako oihartzuna? Aske Gunea abian jarri eta berehala agertu zen kezka gaiak izan zezakeen jarraipen informatiboaz. Espainiako hedabideek isilaraziko zutela argi eduki zuten, gero jabetu ziren EITBk ere ez zuela informatuko. Eta Herri Harresia eraikitzearekin batera, harresi informatiboa gainetik pasatzeko estrategia prestatu zuten: atxilotzera zihoazen zortzi gazteen egoera esplikatzen duen manifestua hainbat hizkuntzatara itzuli; Bulebarrean bildutako jendeari galdetu eta atzerriko hedabideei berri emateko gai ziren pertsonak lanean jarri; gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez Twitter kontuak sortu (apirilaren 16an itxi egin zizkieten, eraginkorrak izaten ari ziren seinale argiagorik?).
M15 edo Occupy mugimenduen antzeko komunikazio estrategia izan da, mezu positiboetan oinarritua, herritarrei ahotsa eman diena, momentu bakoitzean gertatzen ari zenarentzat Twitterreko etiketa egokia prest eduki duena (#resist8 eta #basque8 eguneko tag erabilienen artean izan ziren Espainiako Estatuan). Gainera, igorritako mezuek kondenatutako gazteen egoera pertsonalari garrantzia eman diote, maila estrategikoan erabili dute atxiloketen giza-drama, Segiko militanteen kideko ez diren jendeak ere erakarriz.
Komunikazioaren ikuspuntutik ikasgai asko eman ditu Aske Guneak. Inflexio puntua izango da euskal hedabideen historian. Kazetaritza independenteak herritarren laguntzaz asko dezake. Orain, fenomeno puntuala izatetik egunerokora nola pasa asmatu behar da.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude