Malakologia

Woodlouse-CC By Sa

Malakologo eginak daude nekazariak Euskal Herria hezean. Soinberei edo moluskuei nondik nora gaina hartu ikertzen eta saiatzen belaunez belaun sortutako jakintza da malakologia. Barraskiloak eta bareak dira nekazarien molusku ezagunenak. A zer parea! Barraskiloa eta barea. Hezetasuna gustuko eta gauez lan egiten duen parea. Hotzak eta lehorteak izorratzen dituztenez horien sasoietan babesa topatu behar dute. Hibernazioan eta estibazioan iaioak dira. Lurpean edo aterpean sartuko dira. Teilatupeko parea.

Barraskiloen eta bareen kalte ikusgarrienak landare txikietakoak dira, jo eta erabat jan ditzakete. Kalte horiek baretzeko, pozoi kimikoaz gain bide ugari bada. Teila da onena. Landare artean teilak jarri, bizkarrez gora, itzala eskainiz. Beraiek bilduko dira bertara. Handik zeuk bildu. Teilape hori erakargarriago egiteko gustuko duten gutiziaren bat jar dakieke: laranja-azala, limoi-azala, patata-azala... Gutizia horien pareko da parearentzat garagardoa. Ontzi bat garagardoz ia beteta lurrean sartu eta ahoa lurrazalaren parean, barraskilo eta bare garagardotara plasta, eta bertan ito. Garagardoa euritan urtu ez dadin, eta ontzia aho ertzeraino bete ez dadin, hori ere teilaz estaliko dugu. Tartean animalistaren bat baldin badugu, eta molusku horiek hiltzeari gaizki baderitzo, garagardoa ontzi batean jarri beharrean, garagardoz blaitutako trapu bat jarri. Berdin etorriko dira, baina hartu eta auzokoaren landareetara bota... Animalistek gustuko ez dituzten etxeko oilo, ahate, antzar eta abar molusku ehiztari eta jale amorratuak ere badira. Txoko heze eta ospeletan moluskuen arrautzak ere bilatu, aurkitu eta jango dituzte. Guk egin dezakegu arrautza bilketa hori, baina bi hankako horiek gure aldean erraz egingo dute. Bi hankako molusku-jale horien arrautzak bai guk bildu ditzakegu eta jan ahala azalak jaso. Azal horiek txikitu eta landare aldatu berrien artean zabaldu. Azal puska zorrotzen gainean ibiltzea ez dute gustuko eta moluskuak urrutiratu egingo dira. Horren lan bera egiten du errautsak, gainean ibili ezinik atzera egingo dute. Bustita trinkotu egiten denez, euria denero errauts geruza berritu. Gatza ere atsegin omen dute, baina gehiegian urgabetu eta hilko ditu. Lurra gazitzea ere ez da ona, eta zenbaitek ogi mamiz egindako pilotatxoak gazitzen dituzte. Baratxuriaren estraktua edo ura ere ona da, izan ere nor ez du baratxuri kiratsak uxatzen? Eta besterik ez bada, ilunabarrean hartu eskuargia edo kriseilua eta hasi bila. Bildu eta jateko jaso. Bildu eta auzokoaren baratzera bidali. Bildu eta zuzenean akabatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bareak
2014-11-16 | Jakoba Errekondo
Dena zipiztuta

Baratzeko gurutzedun landareek arerio salo edo jatunak dituzte. Familia horretako ezagunenak aza jendea, Brusela aza, azalorea, brokolia eta erromaneskua dira, Brassica generokoak, alegia. Landare horiek osasunerako oso onak diren berri aspaldi dakigu. Jan aza. Itxuraz,... [+]


2013-07-28 | Jakoba Errekondo
Bare festa

Aurten adina barraskilo eta, batez ere, bare ez dut sekula ezagutu. Hau da gasteropodo desdetxa, hau da festa. Ur festak dakar bare dantza. Eguneko ordu beroenetan izan ezik, hankaperaino hurbiltzen dira, lasaipoto asko. Horra etxe aurreko klematisaren (Clematis sp.) petalo... [+]


Eguneraketa berriak daude