Doinua: Txikitatikan edukia dut.
	Zure aldeko edo aurkako
	izaten bada zoria
	bizitza bera bihur liteke
	zahartutako noria
	egon zintezke gora igoa
	edo behera eroria.
	Zor diet letra lodia,
	miresmena, memoria...
	nahiz gizonena izan mundua,
	ospea eta gloria
	idatzi nahi dut emakumeen
	ezkutuko historia.
	
	Emakumeen zeregina zen
	lurzorua goldatzea
	idiak zuzen akuilatzea,
	artosailak jorratzea,
	hamabi aho elikatzea,
	maindireak lisatzea,
	atariko belazea
	sarri ongarriztatzea...
	Betebeharra zen kanpokoa
	zaindu eta mimatzea
	baina ahaztu egin zitzaien
	barrura begiratzea.
	
	Oilagor asko ekarri ditu
	aurtengo neguko ehizak,
	gaztainak ere irribarretsu
	saltzen ditu Maria Luisak,
	errege sagar eta intxaurrak
	udazkeneko emaitzak,
	pikondo hosto likitsak,
	ta udaberriko zizak
	gizadiaren legetzat ditu
	launa urtaro bakoitzak
	Ordiziako azokak eta
	urteak eta bizitzak.
Oharra: Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketako irabazlea. Sorta osoa, argia.eus-en.