Makatza


2012ko azaroaren 18an
(Irudia: euskarazko wikipedia)
(Irudia: euskarazko wikipedia)(Irudia: euskarazko wikipedia)

Sagarrak gora eta sagarrak behera nabil sagarrondoan, jateko bezala sagardotarako, azken aldi luze honetan. Eta udareak? Ez al ditut udareak sagarrak bezain gure?

Gure udareak ahazten ari gara. Tarteka datorkidan gogoeta da, eta oraintxe, sagarrez zintzurreraino, gogora ekarri dut. Bukoi, upel eta barrika, etxeko ontzietan irakiten ari den sagardoa egunean hirutan osatzen dut. Gal-gal sortzen duen aparrak, datorren sagardoa garbitzeko, gaineko zulotik gainez egin behar du. Eta gaindika egiteko txuloaren ertzeraino lepo beteta egoteko muztioz osatu behar. Horixe eginda abiatu naiz lanera, Madariaga ingurura, eta madariak ahazten ari garenaren gogoeta berriro bueltan.

Udarea, madaria, makatza, txermena... zenbat izen! Sagarrak ez bezala izen ugari du euskaraz. Lehenagotik geurea dugunaren seinale ote? Arbolari ere era askotara deitzen zaio: madariondoa, madari-makatza, madari latza, madaritza, madaritze, udalondoa, udareondoa, udaretze, udare-arbola, txintila makatza... Gurean maaltza esaten diogu. Madari latzatik etorriko da, noski.

Makatza deitzeak pizten dit arreta. Guretzat, Gipuzkoako Beterrin, makatza basatia dena da: sagar-makatza, udare-makatza... Ia beti basoan edo txaran bere kasa hazten dena, bera bezalako beste baten hazitik sortua, inork landu gabea, eta txertatu gabea, txertaka.

Eta zergatik eman makatza izen soila fruitu horri? Nire ustez, nekazaritza eta fruitu-zaintza hedatu aurretik basoan bildu ahal zena jaten zen garaietako hondarra da. Harrapatzen zen tankera horretako fruitu bigun eta pipittadun guztia makatza izango zen: sagarra, udarea, maspila, hostazuria, gurbea, otso-lizarra... Gero kanpotik ekarri diren fruituen aldaera basakei makatza deitzen zaie: mahats-makatza, gaztaina-makatza... Bi erabilpen horiek gelditu zaizkio makatza hitzari: basaka eta udarea. Azken horrek, baina, garrantzia ematen dio fruitu horri. Etxekoa eta asko erabiltzen zena zela dio, agian sagarra baino lehenago eta gehiago. Udare ardoa ez da gure kulturan arrotza, oraindik udaredi zaharrak badira. Eta sagardoak sona hartu zuen garaietan, hura bereiziago eta hobea egiteko gurbea bezala udarea ere nahasten zitzaion sagarrari. Aldiz, lehen baserriero ikusten zen perilla deituriko udare txiki goiztiarra ere topatzea mirakulua da gaur.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udarea
Eguneraketa berriak daude