Soinulojea naiz

  • Joxe Mendizabal::Soinujolea naiz

    Autoekoizpena, 2012

Izenburu honekin argitaratu du Joxe Mendizabal tolosarrak bere bakarkako lana.

1987an grabatu zuen bere lehen diska Xaximiku taldearekin. Geroztik, ibilbide zabala egin du hainbat plaza taldetako kide bezala. Proiektu asko eta ezberdinetan murgiltzeko aukera izan duen musikari eta ekoizleak, soinujolea dela aldarrikatu nahi izan du kaleratu berri duen lan honekin.

Eskusoinu kromatikoaren doinua da nagusi berak sortutako kantuetan, eta dudarik gabe, tinbre hau gustuko duenak atsegin handiz entzungo ditu  erritmo askotariko hamaika kanta.

Diskari izenburua eman dion Soinujolea naiz abestia, kunbia erritmoz lagunduta dator, eta zuri-beltzean sortutako ametsetatik, egun ogibidea duen lanari kantatzen dio.

Kaiolatik pasoboblean, bi emakumeren balentriak herrian sortutako istiluen kronika azaltzen digu.

Erritmo latinoak astindu ditu Ez dut izenik abestian, eta inongoa ez den emakume batek utzitako arrastoari egiten dio keinu.

Gaztetako pasarteak ekartzen ditu gogora Santutegiko sakristian fandangoan, haurtzaroan irratian entzundako piezak, gaztetan erromerietan egindako makina bat parranda, soinuarekiko sortutako zirrarak bultzatuta grabatutako lehen kaseta…

Ederra benetan alabari eskainitako Matxalenen baltsa, elkarrekin sortutako mundu zoragarrian, piraten printzesari izaren azpian amets egitera luzatzen dion gonbitea.

Bereak ez diren hiru kanta ere entzun ditzakegu, Isidro Larrañaga eskusoinujole tolosarraren Alai arin-arina, herrikoia den beste arin-arina eta Itoitz taldearen Lo egin sonatuaren bertsioa.

Melodi erakargarriak, letra biziak, interpretazio fina… Lan txukuna, azken finean.

Aipatzekoa da etxeko garajean muntatutako estudioan grabatu eta ekoitzi duela diska, eta abestien egile eta jotzaile honek, melodiak, letrak, ahotsak, baseak, diskoaren grabaziorako pauso guziak kudeatu dituela.

Erromeria.com helbidean ikus daiteke musikari eta ekoizlearen ibilbidea, eta gaur egun eskuartean dituen proiektuak.

Seguruenik ez duzu Top zerrendetan topatuko, baina egunen batean, ospakizun edo herri eta auzoko jairen batean, auspoa eraginez dantzan jarriko zaitu. Dudarik ez ezazula egin. Eskarmentu handiko plazagizona baita. Errekurtso ugari dituen musikaria. Eta, sasi guzien gainetik, soinujolea.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude