"Oso azkar doa dena, Europako Estatu libre izango gara"

  • Sekula politikan parte hartu gabea da Josep Colomer (Bartzelona, 1961), baina gogo biziz hartu du ANCk, Kataluniako Biltzar Nazionalak, bere herriarengatik lan egiteko eman dion aukera eta erantzukizuna. Irailaren 11n Kataluniako herriak Bartzelonako kaleak kolapsatuz erantzun izanak ilusioz bete duela aitortu du. Hitzetan ere hala nabari zaio.


2012ko irailaren 30an
"Pazientzia, katalanon ezaugarri bereizgarrietako bat da".Lander Arretxea

Zergatik egin du independentzia nahiak gora Katalunian?

Hasteko, Espainiako Estatuak ematen digun tratua koloniala dela uste dugu. Gure hezkuntza, osasungintza eta gainontzeko zerbitzu publikoak mantentzeko beharko genituzkeen baliabideak baditugun arren, Espainiako Estatuari eman behar diogunak zorpetzera behartzen gaitu. Erokeria hutsa da. Espainiak gaizki kudeatu du Kataluniarekin duen harremana alor guztietan: fiskalean, linguistikoan, instituzionalean… Esaterako, enpresari kataluniarrak boikota jasaten dute gainontzeko autonomia erkidegoetan; gure hizkuntzaren eta kulturaren garapena ere oztopatzen da.

Laburbilduz, Carme Forcadellek [ANCko presidenteak] zioen moduan, Europan zutik bizitzeko aukera izanda, ez dugu Espainian belauniko bizi nahi.

Alderdi politikoek lortu ezin izan dutena erdietsi du ANCk: Kataluniako independentismoa bateratu eta bideratzea.

Gizarte-mugimendua garela ikusteak konfiantza eman die herritarrei. Tamalgarria bada ere, politikariak eta alderdi politikoak desprestigiaturik daude Espainian, ustelkeria kasuak tarteko. Bestalde, orain arte alderdi nazionalistek kontu handiz jokatu dute gai honekin, ez baitzekiten independentziarako nahia horren zabaldua zegoela. Beraz, une eta leku egokian egon gara. Gizarteak Estatu propioaren aldeko herri-mugimendua behar zuen indar independentista kanalizatzeko, eta hori izan da gure ekarpena. Hala ere, bidea ez dugu bakarrik egin, hainbat asoziazio, politikari eta eragilek jardun du gurekin elkarlanean.

Kataluniako herritarrek, irailaren 11ko erakustaldiarekin, klase politikoari aurre hartu bakarrik ez, alderdi politikoen agenda eta norabidea ere markatu dute.

Hala da. Guk independentziaren aldeko martxak, kontsultak eta manifestazioa antolatu ditugu, baina hau guztia indartu duena jendearen ilusioa izan da. Manifestazioa bereziki jendetsua eta zabala izan zen, eta zalantzarik gabe, independentziaren gaia gizartearen eta agenda politikoaren erdigunean kokatu du, baita Espainian eta Europar Batasunean ere.

Artur Mas presidenteak ere, dirudienez, bat egin du Bartzelonako kaleak bete zituen leloarekin.

CiUn badira kide independentistak eta hala ez direnak, baina gauzak nabarmen ari dira aldatzen. Jordi Pujolek esaterako,  nazio kataluniarraren biziraupenerako alternatiba bakarra Estatu propioa dela onartzen du gaur egun. Artur Mas eta CiUren erantzukizuna, katalanak ordezkatzen dituzten aldetik, gizartearen gehiengoaren nahiei erantzutea da eta horretarako independentziaren alde egin beharko dute lan. Are gehiago, uste dugu manifestazioren biharamunean jada horretan hasi zirela. Pauso garrantzitsua eman du Masek sezesiorako bidea jorratzeko konpromisoa hartuz.

Itun Fiskalak Estatu izateko grina baretuko luke?

Ez, berandu da horretarako. Noski, ekonomikoa da gizartearen haserrearen arrazoi nagusia, baina duintasunak ere badu bere pisua. Kataluniako herria iraindua sentitu da eta nortasuna mantentzeko beharrezko duen Estatua nahi du. Itun Fiskalak ez du hori aldatuko.

Eta prozesuaren geldotasunak?

Ez dut uste horrek herriaren ilusioa itzaliko duenik. Pazientzia kataluniarron ezaugarri bereizgarrietako bat da, eta bidea zaila bezain luzea izango dela badakigun arren, prest gaude egin beharreko guztia egiteko. 2010ean autodeterminazioaren alde egindako manifestazioa oso jendetsua izan zen,  bada are jendetsuagoa izan da aurtengo Diada-koa. Hau gorantz doa.

Bada gai sozialak albo batean uztea aurpegiratu dizuenik.

Guk independentziaren alde egiten dugu lan. Hori lortuz gero, alderdi politikoek Parlamentuan hartutako erabakien bidez zehaztuko lituzkete gai sozialei dagozkien erabakiak. Independentziara bidean edozein talderekin elkarlanean aritzeko prest gaude, baina ez ditugu beste gai batzuekin loturiko alderdi politikoen iritziak baloratzen. Hori ez da gure lana.

Zeintzuk dira sezesio prozesuan eman beharreko hurrengo pausoak? Zein izango da biltzarraren ardura prozesu horretan?

Gure bide-orrian markatutako hurrengo pausoa 2013an, ahal dela instituzio ofizialen bitartez, independentziaren inguruko kontsultekin jarraitzea da. Horrez gain, erreferendum posible batean ezezko boza eman edota abstenituko liratekeenak informatu eta gugana hurbiltzea da asmoa, gutxienez, gure argudioak ezagutu ditzaten. Bitartean, alderdi politikoen lana da erabakiak hartzea. Baina oso azkar doa dena, eta baliteke bide-orriak zehaztutakoa ez betetzea. Hauteskundeen aurrerapenak eta indar independentisten garaipen hipotetiko batek, prozesua nabarmen azkartuko luke. Hala egiteko eskatu diogu Kataluniako Gobernuko presidenteari.

Eta zer egin Espainiako Gobernuak banaketa oztopatzen badu?

Badakigu ez dela dibortzio adiskidetsua izango, bideak mila zailtasun izango dituela, baina horretarako daude nazioarteko legeak. Uste dugu Europak begi onez ikusiko lukeela Kataluniaren independentzia, gurea aberastasuna sortzen duen herrialdea baita. Horregatik, aliatuak Europar Batasunean bilatu behar genituzke. Gainera, Espainiako Estatuaren gainbehera ukaezina da. Mundu guztia du begira, krisiaren kudeaketa penagarriak izan ditzakeen ondorioak direla medio, eta horrekin batera, egungo estatu ereduak ere indarra galdu du.

Katalunia Estatua izatera iritsiko al da?

Bai, herriak berak bultzatutako prozesu hau geldiezina da. Diadaren eguneko manifestazio historikoarekin aro berria hasi da, independentziaraino luzatuko dena. Guztia oso azkar ari da gertatzen eta lehenago edo beranduago, Katalunia Europako Estatu berria izango da.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude