Herritarren eskubideak lurperatzearen kontra

  • Irailaren 26an Hego Euskal Herriko langile eta herritarrak greba orokorrera deitu dituzte beste behin, bosgarrena 2009tik. Sindikatu eta gizarte kolektibo ugarik bota dute erronka, kapitalismoak bultzaturiko murrizketa sozial eta laboralen aurrean planto egiteko.

Barakaldoko Berri Otxoak taldeak antzerki ikusgarria egin zuen eskubide sozialak lurperatzen ari direla salatzeko.
Barakaldoko Berri Otxoak taldeak antzerki ikusgarria egin zuen eskubide sozialak lurperatzen ari direla salatzeko.

Abuztu betean antzerki harrigarria egin zuten Ezkerraldeko langabetuen asanbladak eta Berri Otxoak kolektiboak Sestaoko Lanbideren bulegoaren aurrean: hileta bat. Modu horretan salatu nahi izan zuten herritarren gehiengoari eragiten dioten murrizketa sozialak, eta biziki kritikatu zuten Espainiako Gobernua, langabezia saria jasotzeko baldintzak gogortu nahi izateagatik.

Manifestariek hilkutxa zeramaten bizkarrean eta honakoa irakur zitekeen: “Hemen datzate eskubide sozialak”. Hilkutxaren inguruko lore-koroak ere lelo adierazgarria zeraman: “Murrizketa sozialek gure eskubideak lurperatzen dituzte”. Langileria doluan da. Sestaoko ekimeneko partehartzaileek salatu zuten murrizketa politikek ez gaituztela krisitik ateratzen “kontrakoa baizik”, eta hori errealitateak eta eguneroko datuek erakusten dutela azaldu zuten: “Urte luzetako borrokez lortutako eskubideak deuseztatu nahi dituzte, osasun arloan, hezkuntzan, laguntza sozialetan...”. Sindikatu abertzaleek  eta eragile sozialek nahiz politikoek deituriko greba orokorra babestea eskatu zuten ekitaldian.

Horrelako ekintzek balio dute herritarren asperraldiari termometroa jartzeko. Abuztua sargoria izanagatik, talde eta sindikatuak ez dira geldirik egon, eta mobilizazioekin jarraitu dute. Kapitalismo basatiak eragin ditu murrizketak, “merkatua” deiturikoak. Baina zer da merkatua? Izen-abizenak dituzten inbertitzaile handiak dira: bankuak, funts pribatuak, Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua... horiek guztiek osatzen dute “merkatua” deituriko zorigaiztoko toki hori.

“Madriletik inposaturiko diktadura ekonomikoari planto”

Murrizketak herritarren gehiengoari ari zaizkio eragiten, lanean daudenei eta langabeei, oraindik lehenengo lanik aurkitu ez duten gazteei, baita inflazioaren gorakadaren ondorioz soldatak murriztuta dauzkaten pentsionistei ere.

Testuinguru horretan, eta Espainiako ekonomia oso laster erreskatatua izango dela begi-bistakoa izanik –murrizketa gehiago ekarriz, jakina–, ELA, LAB, ESK, CGT-LKN, STEE-EILAS, EHNE, HIRU eta CNT sindikatuek greba orokorra deitu dute irailaren 26an. Deialdia hamaika elkarte, kolektibo eta eragile sozialek babestu dute jadanik. Beste talde batzuk, CCOO eta UGT sindikatuek gidaturik, ez dute grebarekin bat egin, baina mobilizazioak deitu dituzte asteotan Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Gainera, ez dute baztertu Espainia osoan greba orokorra egitea. Azkeneko aldian sindikatu abertzaleek Euskal Herrian deitutako egunean antolatu zuten greba orokorra eta jarraipen itzela izan zuen sektore guztietan.

Sindikatuek adierazi dute edukiz bete nahi dutela greba deialdia. Murrizketa sozialen ondorioz azkenaldian pilatu den haserrea egun horretan erakutsi nahi dute. Horrez gain, autogobernuaren kontra iragarri diren guraizekadei harria jarri nahi diete. Hargatik, burujabetza politiko eta ekonomikoaren aldarrikapena ez dute bazterrera utziko egun horretan.

Irailaren 4an erregistratu zuten greba orokorraren deialdia Bilbon eta irailaren 5ean Iruñean. Deitzaileek kaleratutako eskuorri bateratua datu harrigarri batekin hasten da: Gobernuak 100.000 milioi euro gastatu ditu, herritarren poltsikoetatik, bankuak garbitzeko: “Inoiz ikusi den iruzurrik handienaren aurrean gaude” dio eskuorriak, eta amaieran aldarria egiten dute: “Bada ordua Madriletik inposatu diguten diktadura ekonomikoaren aurrean planto egiteko”. 

Bestalde, sindikatuek mezu garbi bat helarazi diete herritarrei: irtenbideak badaude. Greba orokorra iragartzeko prentsaurrekoan LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek adierazi zuen erreforma justifikatzeko “gezurrak erabiltzen” ari direla: “Langileria espekulatzaileen esanetara jartzea eta haien aginduak betearaztea ez da derrigorrezkoa, hautu politikoa da”.

Jadanik makina bat bilkura eta batzar egin dituzte greba orokorra prestatzeko. Joan den astean LABek Bilbon egin zuen ordezkari sindikalekin lehen bilkura eta ELAk Gasteizen. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak alderdi politikoei desobedientziarako deia egin zien.

Hiru urte, bost greba

Irailaren 26ko deialdiarekin, jadanik bost dira gehiengo sindikal abertzaleak murrizketen eta finantza krisiaren ondorioen kontra Hego Euskal Herrian antolatutako greba orokorrak.

Lehena 2009ko maiatzaren 21ean egin zen krisi ekonomikoaren, enplegua suntsitzearen eta patronalaren xantaiaren kontra. Bigarrena, 2010eko ekainaren 29koa, Zapaterok gidaturiko Espainiako Gobernuaren lan erreformaren kontra izan zen, hala nola sozialistek inposaturiko hainbat doikuntzen kontra. 2011ko urtarrilaren 11n hirugarren greba orokorra deitu zuten sindikatuek, pentsioen erreforma zela-eta; erreforma horrekin jubilazio adina 67 urtera atzeratu zuen PPren Gobernuak eta jubilazioa lortzeko kotizaturiko gutxieneko urte kopurua igo zuen.

2012an, Rajoyren exekutiboak lan-erreforma berria onartu zuen, langileek ordura arte lortutako eskubide ugari bertan behera utziz eta kaleratzeak erraztuz. Ondorioz, sindikatuek greba orokorra deitu zuten martxoaren 29an Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Lehenengo aldiz Hego Euskal Herrian sindikatu nagusi guztiek deituriko greba orokorra izan zen eta eragin itzela izan zuen; greba baloratzeko orduan hain zuhurra izaten den patronalak inplizituki onartu zuen deialdiaren arrakasta.

Pentsioak, Rajoyren hurrengo jomuga

Rajoyk esaten duen aldiro ez duela honakoa edo halako neurririk hartuko, azkenean inposatu egiten du, Moncloara eraman zuen bere hauteskunde programaren kontra bada ere. Jo eta su aritu zen esanez ez zuela BEZa igoko, hori kontsumoaren kontra zihoala eta ondorioz hazkundearen kontra, eta azkenean men egin zuen. Irailaren 1etik herritarrek balioaren gaineko zerga handiagoa ordaindu behar dute. Zapaterok urtebetez ezarritako pentsioen izozketaren aurrean, Rajoyren konpromisoa izan zen ez zituela pentsioak ukituko.

Bada, berriki, Espainiako telebista publikoan egindako elkarrizketa batean konpromisoa berretsi duen arren, pentsioen sistemaren inguruan zein neurri hartuko duen jakingo dugu laster. Sistema horri likidezia falta zaio eta egoera tamalgarrian dago. Rajoyk bi gai garrantzitsu erabaki behar ditu berehalakoan. Lehenak zerikusia du BEZaren igoerarekin. Nola eragingo dio gizarte-segurantzari? Aurreikusi den moduan KPIaren eragina gizarte-segurantzan %3ra hurbiltzen bada, horrek esan nahi du Gobernuak pentsionistei ordaindu behar diela hasieran aurreikusten zen %1etik %3rainoko tartea, azaroan seguruenik hala izango baita. Estatuak 3.000 milioi euro ordaindu beharko lizkieke pentsionistei 2012ko aurrekontutik eta 2013an kopurua finkatu beharko luke. Legeak dioen moduan egingo al du hori? Beldur gara ezetz. Bigarren kontu garrantzitsua da, ea nola geratuko diren pentsioak 2013an, izoztu egingo ditu? Beldur gara baietz.
 


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude