Donostiarekin batera, Poloniako Wroclaw hiria Europako Kultur Hiriburu izango da 2016an. Behe Silesia eskualdean, Polonia hego-mendebaldean, 650.000 biztanle inguru ditu Wroclawek. 112 zubik lotzen dituzte Odra ibaiko hamabi irlak eta Behe Silesiako Venezia ezizenez ezaguna da horregatik. Wroclaweko historia kontatzea Europa erdialdearen historia koloretsu eta mingarria kontatzea da, erregimen eta herrialde ezberdinen menpe, etnia eta kultura anitzen elkargune.
Hiriak izen desberdinak izan ditu historian zehar. Hiriaren izena latinez jaso zen lehendabizi, "Wrotizlava” bezala. Hiriaren lehen zigiluak ostera Sigillum civitatis Wratislavie zioen. 1175ean Wrezlaw, Prezla edo Breslaw laburtutako izena agertu zen. Latinezko dokumentuetan ordea txekierazko Wratislavia edo Vratislavia izena erabili zen. Garai haietan erabiltzen zen Ipar eta Erdiko alemanezko dialektoan Prezla erabiltzen hasi zen eta hortik Preßlau izenera eratorri zen. XIV. mendearen hasita Breslau izenak aurreko bertsioak ordezkatzen hasi zuen.
Tribu eslaviarrek ingurua VI. mendean kolonizatzen hasi baziren, IX. mendera itxaron beharko zen Slezan tribu eslaviarreko kideak bertako lehen biztanle iraunkorrak bihurtu arte: orduan Odraren urez inguraturiko irla zen Ostrów Tumski gunean gotorleku bat eraiki zuten. Geroago, egonleku hau txekiar lurraldeari gehitu zitzaion. Baina 990. urtera arte Wroclaw ez zen Poloniako lurralde izan, garai hartan Piast dinastiako Mieszko I.a printzeak (960-992), Poloniako estatuaren sortzaileak hartu baitzituen Silesiako lurrak Polonia barruan sartuz.
1000. urterako, Wroclaw nolabaiteko garrantzia zuen hiria zen, izan ere Boleslaw I.a Kementsuak (992-1025) Poloniako errege-tituluaren jabe egindako lehenak, Poloniar lurraldearen lehen hiru gotzaingoetako bat hemen ezarri zuen.
XIII. mendean hiria sortu zen eta Wroclawek Magdeburgeko estatutuak jarraituz autogobernuko lehen eskubide eta pribilegioak jaso zituen. Hiriak zuen ekonomia emankorrari zein eskulangintza oparoari esker, hurrengo bi mendeetan hazten jarraitu zuen; dena dela ere, Polonia hegoaldeko lurralde gehienak bezala, 1241ean bertaratu ziren Mongoliako Tartariarren eskutan erori eta hiria suntsitu zuten.
1336an Piast dinastiako azken Printzea hil eta Silesiako Dukerria Bohemiakoari gehitu zitzaion. 600 urte pasatu beharko ziren ostera Wroclaw poloniarren eskuetan berriz itzuli arte. Hiria Prezzla gisa ere ezagutzen hasi zen eta Bohemiarren agintepean hazten jarraitu zuen. 1387an Hansako Ligan (Europa erdialdean salerosketa-monopolioa ezarri eta mantendu zuten merkataritza-taldeen batasunean) sartu zen. Baina garaiak berriz XVI. mendean aldatu ziren, izan ere Luis erregea, oinordekorik utzi barik, 1527an batailan hil eta ondorioz Habsburgotarren Fernando I.a Dukea aukeratu zen errege bezala, hiria Austriako Etxeko agintepera igaroz.
XVII. mendean hiriak Hogeita Hamar Urteko Gerrak (1618-1648) zein izurri bubonikoak bertako populazioa erdira jaitsi zuten. Dena dela ere, Westfaliako Itunaren bakeak egonkortasuna ekarri zuen berriz eta Wroclawek ohi zuen bezala, ekonomikoki zein kulturalki hazten jarraitu zuen.
1702an Jesuitek Akademia ireki zuten.
Hiriaren historia koloretsuko hurrengo atala 1741eko apirilaren 10ean Mollwitzeko Bataila Austriako armadari irabazi ondoren burutu zen. Orduan Federiko II.a Handia erregeak Behe Silesia konkistatu eta Prusiarren esku utzi zuen. Orduan eman zitzaion hiriari Breslau (edo Prezzla) izen ofiziala, 5 mendez bertan bizi ziren alemanen talde etnikoa izena erabiltzen ari bazen ere. Horrela Wroclawek beste 200 urtez alemanen esku igaro zuen eta XIX. mendearen amaierarako Berlin eta Hanburgoren ondoren Prusiako hiririk handiena izanik, nabarmenki industrializatzen hasi zen.
1807an Napoleonen armadak hiria hartu zuen; 4 urte geroago, 1811n hain zuzen, Wroclaweko Unibertsitatea sortu zen.
XIX. mendean hiriak emandako pertsonai militar ospetsuen artean Manfred von Richthofen hegazkin pilotua nabarmendu dezakegu, Lehen Mundu Gerran Baroi Gorriaren ezizenarekin ezaguna izango zen militarra Breslau hirian jaio baitzen 1892ko maiatzaren 2an.
1932an burututako hauteskundeetan, Breslauk NSDAP Alderdi Naziari ehunekotan boto gehien emandako bigarren hiria izan zen.
Naziak 1933an agintera iritsi zirenerako, Breslau hiriaren jatorri poloniarreko azken aztarnak ia desagerrarazirik ziren eta bertan bizi ziren 20.000 bizilagun poloniarrak (judutarrekin batera) bertatik alde egitera adeitasunez gonbidatu zituzten.
1939ko irailaren 1ean, Alemaniarrek Polonia okupatuz, Bigarren Mundu Gerra piztu zen.
Errusiar Armada Gorria hiriaren ateetara ekialdetik hurbiltzen ari zelarik, 1945eko urtarrilaren 19an, Gauletier Hankek Wroclaw osorik ebakuatzeko agindua eman zuen, eta populazioa trenez edo bestelako garraio-bidez eramateko biderik ez zegoenez, oinez atera zedin agindu zuen. Garai hartan, milioi bat lagun inguru –Alemaniatik etorritako errefuxiatu askorekin batera– bizi ziren Wroclaw hirian. Otsailaren 8rako dagoeneko 700 mila lagunek hiria utzi zuten. Baina horietariko 100 mila lagunentzako heriotzako martxa izan zen. Tenperatura zero azpiko 16 gradu zentigrado mailara iritsi zen. Hotzak, pertsonak eta animaliak akabatu zituen.
Festung Breslau(Breslau Gotorlekuak) 14 asteko setioaren ondoren, Alemaniak Sobietarren aurrean 1945eko maiatzaren 6an hain zuzen, etsiarazitako azken hiria izan zen. Breslau Gotorlekua irabazteko batailetan, 170.000 biztanle, Armada Gorriko 8.000 soldadu inguru, eta 6.000 soldadu alemaniar inguru hilik suertatu ziren. 55.000 lagun inguru zaurituta atera ziren.
Breslau Gotorlekua Alemanian denbora gehien zutik iraun zuen hirietako bat izan zen -Berlinek maiatzaren 2an kapitulazioa eman eta 4 egun geroago etsi baitzuen hiriak. Maiatzaren 7an, Naziek armak Reimsen utzi zituzten, eta maiatzaren 9an bigarren kapitulazio akordioa sinatu zuten, oraingoan Sobietarrekin. Gotorlekuaren agintariek metodikoki lurraren gainean airea baino ez uztearen agindu zuzena eman zuten. Alemaniako Nazien prentsak, oraindik Naziek okupaturiko lurretan Wroclawen ateratako argazkiak argitaratu zituzten ostera, "Errusiaren bandalismoa"-ren ebidentziak omen ziren alemaniarrek birrindutako eraikinak.
Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, Wroclaw Europan larrien deuseztatutako hirietako bat zen. Txikizioa, Berreraikuntza Ministerioren 1945eko abuztuko datuen arabera, hiriaren egituraketaren %50-60ra iristen zen.
1945eko uztail-abuztuan egindako Postdameko Konferentzian Polonia berriaren mugak erabaki ziren. Horren ondorioz, Polonia –garaileen nahia beterik– sartalderantz mugitu zen (200 Km inguru) eta Bug ibaiaren eskuinaldeko bazterreko lurrik gabe geratu. Egun Lituania, Bielorrusia eta Ukrainiakoak diren lurrak galdu eta Alemania ekialdeko ziren lurrak (Poloniako erregimen komunistak deitutako “Errekuperatutako Lurraldeak”) irabazi zituen. Halaxe itzuli zen Breslau, Wroclaw izenarekin, berriz poloniarren eskutara. Guztira, Poloniako zabalera %20 gutxiagotu zen. Mugen lekualdatzeak gerra amaitzean, 6 milioi lagunen mugimendua ekarri zuen. Gaur egun Poloniar jatorriko biztanle talde nabarmenak bizi dira oraindik Lituania, Bielorrusia eta Ukrainiako lurretan.
Hasierako asteetan, Wroclawen hiru administrazio izan ziren. Poloniarren aldetik hiria kontrolpean hartzea egintza burutuak sortzearen printzipioetan oinarritu zen hainbatetan. Liapunov Tenienteak gidatutako sobietarren agintea zen hiriaren benetako autoritatea. Poloniar aldearen eskubide administratiboak formalki ezagutarazi izan baziren, errusiarrek ez zuten soilik alemaniarren administrazio alternatibo batekin ados izan, baizik eta ezkutuan egin barik, horren alde ere nabarmen egin zuten.
1945 eta 1946a artean hirian oraindik ziren alemaniarren lekualdatzea gertatu zen. 1945eko ekainean 160 bat mila alemaniar zeuden Wroclaw hirian eta 1946an 67 mila baino ez. 1945eko ekainean 2 mila poloniar zeuden. Urtebete geroago, 150 mila. 1945eko abuztuaren azken egunetan, alemaniarrek hiria borondatez utz zezaten eskatzen zuten posterrak agertu ziren hiriko kaleetan, eta irailean geratzen ziren bizilagun alemanak beste bizilagunen etxeetan birkokatzearren, alemaniar biztanleria hainbat auzotara eramatearen operazioari hastapena eman zitzaion. Irteeren benetako uhina 1946ko otsailean baino ez zen hasi. Mugitutako alemaniarren garraioa 1946ko abendura arte Britainiarren alderdira bideratu zen, izan ere une hartan beste inor gehiago euren mugen barruan hartzeari uko egin zioten.
Ostera, trenak Sobietarren aldean gelditzen hasi ziren. Sobietarrek Alemaniarren administrazioaren alde egin bazuten ere, euren soldaduek populazio alemaniarraren kontrako indarkeria eta bortxaketa ekintza ugari burutu zituzten. Poloniarrek bestelako lapurretak eta indarkeria ekintzak ere egin zituzten, bereziki MO milizia gizonek zein Wroclawera iritsitako gaizkile eta arpilatzaileek hain zuzen.
Ofizialki alemaniar populazioaren lekualdatzea 1947an amaitu zen.
Hiritik botatako alemaniar batzuk hala idatzi zuten: “Bi egun pasa ondoren poloniarrek inspekzio operazio bati ekin zioten, eta hartan muga zaintzen zuten ofizialek generamatzan diru eta jabetza gehienak kendu zizkiguten. Azkenik Breslauko Freiburgeko tren geltokira eraman gintuzten. Bidean, talde batzuk hainbat aldiz eraso gintuzten eta ahal zuten guztia lapurtu eta kendu. Gauerdi inguruan, ganadua garraiatzeko tren-bagoi hotz eta ilunetan sartu gintuzten, eta berehala mendebalderantz mugitzen hasi ginen.”
Hiria birpopulatzearren Lwówetik (egun Ukrainiako Lviv eta inguruetako Polonia ekialdeko “Kresowiacy lurraldeetatik), Wilnotik (egun Lituaniako Vilnius hiriburua) zein Poloniako Varsovia eta Poznan ingurutiketorritako biztanleak iritsi ziren. Etorri berriek, edo ‘pioneroek’ –hala deitzen zituzten– %70an birrindurik zegoen hiri arrotza heredatu zuten. Gobernu komunista berriaren politika berdintzaileak ‘poloniartzat’ hartzen ez zen oro ezabatzea ekarri zuen.Azken hauei ere Gerra aurreko Polonia ekialdean bizi eta ukrainerako dialektoak mintzatzen zituzten Lemko eta Boyko etniako kideak gehitu zitzaizkien. 1947an egindako Vistula operazioaren ondorioz (Ukrainaren independentziaren aldeko Ukrainiako Armada Matxinatua (UPA) ere deuseztatzeko helburuarekin), 530.000 inguru lemko, boyko eta ukraniar Polonian eta Ukrainian sakabanaturik izan ziren: Lemko horietariko asko Wroclawera eraman zituzten.
Lwóweko biztanleekin batera, Lwóweko irakasleak Wroclawera bloke batean etorri ziren. Unibertsitate berriaren inaugurazioa partzialki eraberritutako Gela Leopoldoarrean burutu zen. 1945. urtea baino lehenagoko unibertsitatearen historian nabarmentzen den gela honetan, haren lehenengo errektoreak, Lwóweko irakasle batek hala adierazi zuen: “Alemaniar kultura materialaren eta Lwóweko Unibertsitateko Poloniako kultura espiritualaren herederoak gara.”
XIV. mendetik aurrera Lwów Poloniako hiri aurrerakoi eta ospetsuenetakoen artean izan da. Mende askotan, kulturan, arkitekturan, artean… Krakoviarekin lehian izan zen eta Breslau germaniarraren kontrapartida bihurtu zen. Haren unibertsitatea 1661ean sorturik, 1817tik aurrera Poloniako kultura preserbatzeko Ossolineum Institutua ere izan zuen. Bere biztanle eta irakasleek Wroclawera Lwówen ereindako balioak eraman zituzten. Lwóweko kultura ordezkatuz, Rynek enparantzan Aleksander Fredro (1793 – 1876 Lwów) idazlearen estatua ikus daiteke. 1956an Lwówetik ekarri zuten eta Rynek enparantzan Bigarren Mundu Gerra aurretik zegoen Frederiko II.a Handiaren estatua ordezkatzen du.
Irakaskuntza berrezartzearen hastapenak ez ziren errazak izan. Hala zioen irakasle batek ikasgelak osatu ondoren klaseak ematen hasitakoan: “Ikasleak Poloniako hainbat eskualdeetatik etortzen dira, baina gehienak Ekialdetik etorritakoak dira, edo beraiek esaten duten moduan, Bug ibaia baino haratago dauden lurraldeetatik. Horietariko gutxik gerrako preso ohien ofizialen kanpoetan igaro zuten Gerra, beste batzuk laborari edo morroi edo neskame gisa Alemanian. Gainontzekoek erresistentzian edo Varsoviako Altxamenduan borrokatu zuten. Ikasleetako batzuk Auschwitzeko edo Gross-Roseneko kanpoetatik bizirik atera ziren. Ez da erraza izango ez eurentzako baso zein kanpaleku batetik eskolako mahai batera mugitzea.”
Eta etorri berritako poloniarrak bertako etxeak okupatzen hasi ziren: – Hemen bizi zara? – galdetu zuen emakume sendokote batek. Oraingoz, hemen bizitzea erabaki dugu, zure etxearen aurrean. Lwówen genuen etxearen antza handia du, eta horregatik aukeratu dugu. Aizu, bizi daiteke hemen? Arriskutsua da? Nire senar heldua oso urduria eta beldurtia da, eta ni ere oso kezkaturik nago.
Bertako ez sentitzearen sentsazioa leundu nahian, poloniarrek euren denda eta jatetxeetan polonieraz idatzitako kartelak jartzen hasi ziren. Hala zioen bertan izandako lekuko batek: “Soilik egun t’erdi batez Wroclawetik kanpo izan nintzen eta itzultzean dagoeneko hainbat aldaketa ikusi nituen. Nabarmenenak denden fatxadetan zein bulegoak zituzten eraikinetan jarritako izen poloniarrak. Paper marroiez eginiko kartel baldar samarrek, tranbien leihoak zein jatetxe, kafetegi eta denden erakusleiho eta fatxadak “dekoratzen” zituzten. Eta estetikaren zein edertasunaren urruti baziren ere, horrenbeste gauza alemaniarraren artean hala eta guztiz ere poloniartasunaren ezaugarria agerian adierazten zuten.”
Langile trebatuen eta kualifikatutako pertsonalaren faltak buruhausteak sortzen zituen gaia zen egoera hartan, eta horren ondorioz patroi poloniarrek espezialista alemanak, zuten trebezia eta abilezia altuak emandako erreputazioagatik, euren lanetan eusten saiatu ziren. Hala ere, alemaniarrak, markaturiko erropetan jantziak eta “segregaturik”, nagusiki jatekoaren truke ordainduak izaten ziren. Batzuetan zera gertatzen zen, ez zutela jasotzen aurretik akordioan ordainduko zietela esandakoa, eta orduan, lanuzteak gertatzen ziren.
Wroclawen atari zabalean bi azoka zeuden eta bertan praktikoki edozein gauza erosterik zegoen: Grunwaldzki eta Nankier apezpikuaren enparantzak. Azokak, toki horietan 50. hamarkadara arte iraun zuen. Alemaniarrek abandonatutako ondasunak ere saltzen zituzten bertan eta honexek tokioi ospe txarreko kondaira beltza ematen lagundu zien. Dena dela, jakin dezagun hala ere, agintari komunisten erabakia dela eta, alemanek abandonatutako ondasunak ezin zirela jabetza pribatu bihurtu –gehienez, agintariek zehaztutako denbora tarte baterako berrerabiltzeko baimena ematen zuten, hartzaileak eskatutako eskaera ofizial bati erantzuna eman ondoren.
Hiria kontrolpe osoan izan ostean, sobietar okupatzaileek dagoeneko suntsitutako hiria erretzen hasi ziren. Auzo osoak sugarretan jarri zituzten. 1945eko maiatzaren 10ean, Unibertsitateko bibliotekako balora ezinezko liburu bilduma ere erre zuten. Baita ere bi egunez, Sternstrasse kalean zeuden alemanen janari dendak irabazi nahian borrokan aritu ziren elkarren aurkako bi unitate sobietarreko soldaduak.
Gerra amaitu osteko hilabeteetan Wroclaw Babeleko dorrearen antzeko egitura izan zen. Bertatik nazionalitate desberdineko ehunka mila lagun igaro ziren: bortxazko langileak, gerrako preso ohiak... Gerraren liskarrek sakabanatutako jendeak etxera itzultzen ari ziren, euren familiak bilatu nahian, bizitza berri bat hasteko asmoz. Horietako askorentzako, Wroclaw Mendebalderako bidean egindako pausu bat baino ez zen, ez bertan geratzeko azken geltokia.
Lehen Wroclawtarrak 1945eko ekainean jaio ziren, hilaren 11n, lehen mutila, Aleksander Olbratowski eta 21ean, lehen neskatila –Aniela Zalewska. 1945eko maiatzaren 29an, lehen ezkontza ekitaldia egin zen erregistro zibil berrian. Orduan ezkontza-botoak elkarri eman ziotenak Janina Krupa eta Maksymilian Heller 2. Tenientea izan ziren.
Eliza katolikoak Poloniako gobernuak baino azkarrago erreakzionatu zuen egoera aldaketen aurrean. Espero ez zelarik, 1945eko abuztuaren 12an, Vatikanoko indar nabarmenak ondoan zituela, Poloniako primatu August Hlond kardinala iritsi eta Alemaniako elizjendeari diozesiaren administrazioa berak hartu behar zuela jakinarazi zien. Hau, Polonia eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) arteko ituna sinatu baino lau egun lehenago gertatu zen, non sobietarrek alemanek abandonatutako ondasunei guztiz uko egingo zien ituna sinatuko zuten. Hilaren amaiera aldera, Karol Milik apaiza, diozesi poloniarraren administratzaile berri gisa izendatu zuten eta Katedralaren agintea hartu zuen.
Egoera berriak enpresa pribatuak sortzeko aukerak ireki zituen. Dirua zutenek, jatetxe bat irekitzeko aukera zuten. 1945eko udazkenean, hainbeste jatetxe zeuden ezen Hiriaren Kontseiluak lizentzia berrien ematea aldi baterako bertan behera utzi zuen. Alkohola saltzeko baimena zuten pub eta tabernak, ardo-etxeak, kafetegiak eta buffetak hiriaren auzo guztietan zabaldu ziren -1946ko urtearen hasieran, hirian halako 600 baino gehiago establezimendu zeudela uste da.
1948ko abuztuan lau egunez, Wroclaweko Politeknikoan ’Bakearen aldeko Intelektualen Nazioarteko Kongresua’ ospatu zen. 45 herrialdeetatik etorritako ospe handiko pertsonek hartu zuten parte eta Sobietarren Blokeak nazioartean zeraman politikari errespetua emango ziola suposatzen zen. Horien artean Pablo Picasso, Aldous Huxley, Frédéric Joliot-Curie, Irène Joliot-Curie, Bertolt Brecht, … izan ziren. Kongresuak anti-amerikartzat eta komunisten aldeko ukitua izan zuen. Propaganda aparatuaren ekintza izan zen.
1949an, bertako agintariek Wroclaw hondatzeko eraiste eta “garbiketa” prozesu planifikatu bat indarrean jarri zuten, ofizialki “berrerabilitako adreiluen” biltzea zelarik. “Erreklamatutako” eraikuntza materialak, hots, adreiluak Varsoviara, Nowa Hutara eta beste hirietako eraikin-guneetara igorri zituzten. Zalantzarik gabe, 1949tik 80. hamarkada arte, demaseko eraisteak agintari zentralaren baimenarekin egin ziren, izan ere Wroclaw zuen metropoli-izaera germaniar ezabatzea beharrezkotzat jo zuten agintari komunistek. Baina, kontraesana badirudi ere, hondakin itsasoaren erdian bere biztanle berriek 1946an sortutako Wroclaw Berreraikitze Nagusiaren Bulegoak gainbegiraturik eliza historikoak eta erabilera publikoko eraikinak berreraikitzeari ekin zioten. Lehendabizi eraikin gotikoak berreraikitzen hasi ziren, nolabait Piast errege-dinastiaren testigantza ziren, eta ondorioz, Wroclaweko afiliazio poloniarrari indarra ematen zioten. Ostera, Agintari poloniarrek Wroclaw Berreraikitze Nagusiaren Bulegoak erakunde gisa eramaten zituen “iniziatiba pribatuak eta elizen berreraikitzea” bertan behera utzi zuten. Hala ere, 1953an, Wroclaw gune historikoaren berreraikitzea eta planifikatutako garapena abiatu zuten.
Poloniarrek ere euren Memoria Historikoaren Errekuperazioaren prozesua bizi izan dute komunismoa agintetik irten ondoren. Bigarren Mundu Gerran indar alemanen kontra borrokatu zuten Armia Krajowa (AK – “Herri Armada”), Wolność i Niezawislość (WiN - "Askatasuna eta Subiranotasuna") eta Narodowe Sily Zbrojne (NZS - Armada Indar Nazionalak) taldeetako partaideek arrazoi desberdinak direla medio, agintari komunisten partetik mehatxua eta jazarpena jaso zuten. AK taldeak esaterako, erbestealdian zegoen gobernu poloniarrarekin lotura sendoak izan eta ondorioz estatu poloniar komunista berriaren kontrako oztopo izateagatik jasan zituen. 1944-1956 tartean, AK-ko partaide edo laguntzaile izateagatik Polonia osoan milaka lagun atxilotu eta fitxatu zituzten, lagun askok 10 urte baino gehiagoko kartzela zigorra jasoz. Atxilotutako asko gulagetara bidali zituzten, edo exekutatuak izan zein desagertutzat eman ziren. Józef Franczak, AK-ren azken partisanoa 1963an Polonia ekialdean hil zuten. Wroclaw hiria hauentzako aterpe bilakatu zen. Sufrimenduzko berrogei urtez, gudari izandako lagun ugari isilpean mantendu ziren.
Agintarien jazarpena jasotako beste talde bat Katin basoan lepatzean tiro banaz eraildako 22.000 ofizial poloniarren emazte eta seme-alabak izan ziren (horietariko asko Siberiara deportaturik izan ziren, lan egitea eta goi-mailako hezkuntza zein pentsioak jasotzea debekatu zitzaien). Gizarte poloniarraren aurrean lagun eta anaia abegikor gisa ageri ziren Sobietarren aurrean, 40 urtez ofizialki isildutako Katingo sarraskia isilik mantendu behar izan zuten. Horietariko batzuk Wroclawera eraman zituzten. Katin basoan hildakoen omenezko estatua Odra ibaiaren ondoan kokaturik dago.
Gerra-osteko garaietan bertako bizilagun berriek kulturaren aldeko gogo eta grina sutsua erakusten hasi ziren. Txarrago ezin zitekeen egoeran, erabat hutsetik hasitako bizitza kultural poloniar oparo baten sorkuntza mirarigarria izan zen. Sei urteko Gerra izan ondoren hezkuntza gosea amaiezina zen. Askotan, erdi eroritako auditorioetan emandako antzezpen dramatiko, opera-emanaldi, zein kontzertu sinfonikoen maila eta eskaintza sekulakoa zen.
Dena dela, hirian gertatutako benetako pizkundea joan den mendeko 60. hamarkadan gertatu zen. 1962tik 1967ko tartean, hiriaren kultura-indarra dela medio, baina baita beste zenbait arrazoi probetxuzko eta politikoengatik ere, Wroclaw “modako” hiria bihurtu zen. Silesia Beheko hiriburua jende ugarik bisitatu zuen… delegazio desberdinak, ofizialak, dozenaka joaten ziren kazetariak, lanbide honetako izarrak ere barne. 1966an hain zuzen, egun oraindik ospatzen den Wratislavia Cantans (Oratorio eta Kantata Musikako Jaialdia) lehen aldiz ospatu zen. Hiria kultura-eraberritze prozesu emankorretik igaro zen eta bertako biztanleek komunismoak zein Sobiet Batasuneko opresiotik ihesbidea aurkitu zuten.
Poloniak kristau-bataioa 966. urtean jaso zuen. Mila urte geroago, agintari komunistak eskura zituzten ahalegin guztiak egiten ari ziren Elizaren kontra Poloniarren identitate nazionalean eragitearren. 1966an, Wroclaweko agintariek –baita beste hirietakoak ere- Poloniar estatuaren 1000. urteurrena ospatu zuten; Elizak ordea, Polonia kristautzearen mila-urteurren erlijio-ekitaldiak antolatu zituen.
Gerraren ostean, juduak, Juduen Fedearen Kongregazioan elkarturik, dagoeneko poloniarra zen Wroclaweko biztanleriaren bigarren talde handiena bilakatu ziren hogei bat mila lagunekin. Sinagoga bat zuten, euren hilerria (Lotników kalean), eta baita hiltegia ere non kosher hilketa errituala egiterik zuten. Baina juduen jasandako sufrikarioa ez zen 1945ean amaitu, are gehiago, 1968an ere gauzatu zen. Israelgo estatuaren sorrerarekin, Poloniako hiri nagusietatik (Varsovia, Gdansk, Wroclaw…) egotzi zituzten eta horren ondorioz euren kopurua izugarri jaitsi zen.
1980. hamarkadako hasieran, Solidarnośćen (“Elkartasuna”) sindikatuaren hastapenetan, Wroclaw makro-erregio indartsu baten bihotza bihurtu zen, Polonian sindikatuetan parte-hartze eta kidetzan bigarren hiri handiena hain zuzen. Sindikatuek gizarte kontzientzia piztuarazteko ahalegin oso ausart eta eraginkorra egin zuten. Hau nagusiki, sindikatuen prentsaren bidez gauzatu zen, media ofizialaren monopolioa apurtu baitzuen, eta nahiz eta ahultasun batzuk bazituen ere mugimendu autentikoa izan zen.
1981eko abenduaren 13ko egunsentian, Poloniako beste hiri guztietan gertatu bezala, tankek tranbien tokia hartu zuten Wroclaweko kaleetan. Solidarnośćeko 400 buruzagi atzeman zituzten. ZOMOko segurtasun poliziak Solidarnośćen eskualdeko bulego nagusiak suntsitu zituen. Jaruzelski Jeneralak gerra-legearen egoera deklaratu zuen. Gerra-legeak 1983ko uztailaren 22ra arte iraun zuen.
Baina erregimen komunistaren kontrako mugimendua dagoeneko ehuntzen ari zen bertako gizartean. 1987an lehendabizikoz, Wroclawek herriaren kausaren aldeko emandako ekarpenik originalena azaldu zen –Alternatiba Laranja. Absurdoaren Antzerkiaren erreputazioa zuen hiri batean, artearen historia ikasten ari zen ikasle adoretsu batek, Waldemar Frydrychek (1953an jaioa), -‘alkate’ estilo propio erakutsiz- agintari diktatorialak jokoz kanpo uztearren barregarri uzteko ideia izan zuen.
Baina herriak, erregimen komunistaren aurka elizaren sostengua izan zuen, eta poloniarrentzat Juan Pablo II.a Aita Santua, esperantzaren pelegrina, erlijio-agintari bat baino gehiago izan zen. 1982ko uztailean, Juan Pablo II.a Aita Santuak Wroclaw bisitatu zuen Polonian egiten ari zen 2. bisitaldian eta atari zabalean 700 mila entzule gogotsurentzako meza eman zuen.
Berlingo harresia erori ondoren, hiriaren lehen udal-hauteskunde demokratikoak 1990an egin ziren.
1997ko maiatzean, Juan Pablo II.a Aita Santuak Wroclawen egindako 2. bisita burutu zuen. Helburua, 7 mila sinestunek parte hartuko zuen Nazioarteko 46. Kongresu Eukaristikoa zabaltzea izan zen. Oraingo bisitaldian, tonua askoz ekumenikoago izan zuen. Hala ere, Aita Santuak Orbis estadioan emandako sermoiaren gai nagusia ‘Askatasuna’ izan zen.
Ibaiaren ondoan izateak ez du beti onurarik ekartzen. 1997ko uztailaren 9an hasi eta Wroclaw hiriak zein inguruko herriek Odra ibaiaren uholde handia jasan zuten. Uztailaren 11ko arratsaldean, Opatowice urak harturik zegoen, eta larunbatean zehar Olawa, Siechnice, Kotowice, eta Radwanice urpean gelditzen hasi ziren. Kozanów auzoa ere uren azpian geratu zen -unerik kritikoenetan, urak 2-3 metroko garaiera hartu zuen. Wroclawen ez zegoen edateko urik. Ostrów Tumski salbatzeko ahalegin ikaragarriak egin ziren. Hilaren 13an, igandean, hiriaren ia heren bat uren azpian zegoen. Jendea etxe barruan inkomunikaturik geratu zen. Jateko eta edateko ura helikoptero bidez banatu ziren. Uztailaren 14an uholde-urek pixkanaka beherantz egiten hasi ziren. Astebete geroago, Wroclaweko biztanleek oraindik ura husten ari ziren. Uholdea jasandako lurraldeetan larrialdi-egoera deklaratu zen, eta egun haietan 56 lagun hil ziren. Gaur egun zenbait kaletako paretetan urak iritsitako maila markaturik dago.
2000. urtean, Wroclawek milurteko urteurrena ospatu zuen.
Breslau/Wroclaw historian zehar zientzia, arte eta kultura arloetan aitzindaria izan den hirietako bat izan da. XX. mende hasieran alemanera zientziaren lingua franca izanik, 10 Nobel Sari emandako hiria da fisikan, kimikan, medikuntzan, ekonomian eta baita literaturaren esparruan ere.
Breslau hiriarekin harreman zuzena izandako beste zientzialari ospetsuetako bat Aloysius "Alois" Alzheimer dugu. 1912an Breslau hiriko unibertsitateko psikiatria irakasle izendatu zuten. 1915eko abenduko erdialdean ordea, 51 urte zituela, unibertsitaterako bidean trenean gaixorik sentitu ondoren zendu zen Behe Silesiako hiriburuan.
XXI. mendean, 6 milioi lagunen lekualdatzeak sortutako zauriek oraindik sendatu gabe jarraitzen dute.Alemaniako CDU alderdiko Erika Steinbachpolitikariak zuzentzen duen Bund der Vertriebenen (BdV) Erbesteratuen Federazioak Europa erdialde eta ekialdeko lurraldeetatik alde edo bota egin zituzten alemaniar etniako biztanleen interesen alde egin du. Federazio honen laguntzarekin, hainbat alemanek Wroclawen zein Poloniar lurraldean kokatzen diren arbasoen etxeak errekuperatzen saiatu dira. Eskriturak berregin gabe zituzten etxeen birjabetzea lortu dute.
Egun Wroclaw industria eta ekonomia eragin eta garrantzia handienetako hiria da Polonian, eta bigarrena da Polonia Varsoviaren ostean. Bertan kokatuak dira Europa eta mundu osoko multinazional nagusietako fabrikazio- zein garapen- plantak (etxetresnen fabrikazioak pisu handia duelarik)… hala nola, Volvo, Toyota, Bosch, LG Electronics, 3M, HP eta Whirlpool enpresenak bertan kokatuak dira, baita bertako teknologia parkean IT, bioteknologia zein industria farmazeutikoko hainbat enpresa ere.
Euskaldun askori ez zaigu ezezaguna hiria, izan ere euskal enpresak 1999an hasi ziren bertan kokatzen. Lehenak, Wrozamet SA (egun FagorMastercook S.A.) enpresa erosi ostean Fagor Electrodomésticos Koop. Elkartea eta MCC Inversiones izan ziren. Haren ondoren MCC zein kanpoko beste hainbat euskal kooperatiba eta enpresa etorri dira Wroclawera zein inguruetara, hala nola Coinalde S. Coop., Eika S. Coop., Embega S. Coop., Industrias Tajo S. Coop. (Tabiplast Sp. z o.o. izenarekin) eta Panel Fijaciones S. Coop. ... Ez da harritzekoa beraz, hirian SPRI-k (Euskal Autonomi Elkarteko Industria Birmoldaketarako Elkarteak) euskal enpresak laguntzeko Euskarri Wroclaw bulegoa ireki izana Rynek (merkatu) plaza nagusiaren erdian.
Kultura eskaintza bestalde zabala da hirian. Wratislavia Cantans Jaialdiaz gain, beste kultur ekintza ugariren artean, Aktore abeslarien Jaialdia, Antzerki Irekiko Nazioarteko Jaialdia, Katedralaren Irlako Gauak eta Nazioarteko Marrazki Hiru Urtekoa nabarmendu ditzakegu.
Iragan alemaniarra bere egiteko gai izan da Wroclaw, izena eta izan indartuz. Miasto spotkań da hiriaren lema, “Elkargunerako hiri”. Behe Silesiako Veneziaren historiari eta orainari erreparatuta, lema aproposa, dudarik gabe.
Bidaiaren gogoetak ‘aberriratuen’ memorian gordeko ziren betirako. Michal Sobków erosotasun erlatiboan, bidaia ondo horniturik egin zuen lagunetako bat izan zen. Hala deskribatzen du:
“1945eko irailean, Koropiecen genuen etxea beldurrez eta mesfidantzaz abandonatu genuen. Polonia hitz polita da… baina gu iluntasun ilunenerantz gindoazen. Itzuli artean, gure gauzak zaintzeko hitz eman zuen ukrainar fededun hari agur esatea ez zen gauza erraza izan… Gure ama dagoeneko zahartuta zegoen. Nire arreba zenbait urtez gaixorik zegoen… eta ni 17 urte berri egindako mutikoa nintzen, eta oinarrizko baserri-lanak egiten baino ez nekien.
Gurdia gure ondasun gutxiekin kargatu genuen, atzealdean behorra eta behia lotuz… Ukuilura joan eta azkeneko aldiz nire gaztaina-koloreko moxala ikustera joan nintzen, eta barkamena eskatu.
Bilgunea Pyszkowicen, 30 km-tara zegoen. Ez zegoen geltokirik, bertan amaitzen zen trenbide bat besterik ez… baita trenbidearen alde banatan lastoz estalitako kanpadendak ere. Ebakuazio Komitean, basora joateko eta lapurren erasoen kontrako makil sendo bat mozteko esan zidaten…
Guk bi hilabetez itxaron genuen, baina beste batzuk askoz gehiago itxaron behar izan zuten. Kanpalekua jendez gainezkaturik zegoen. Gero eta janari gutxiago geratzen ari zen. Abereak hiltzen ari ziren. Gure gainbegiralea beti mozkortuta zegoen… Egun batean, Sobietarrengandik bagoi gutxi batzuk lortzeko aukerarik izango zuela esan zigun, baldin eta berari denon dirua bildu eta bota eder pare bat erosten bagenion. Euria egiten hasi zuen…
Gure gauzak, zanga sakon batean gelditu ziren ganadua garraiatzeko tren-bagoi irekietara mugitzeko bi orduko denbora eman ziguten. Oihuak, garrasiak, negarrak entzuten ziren, pertsonak eta abereak bagoietan sartzeko arrapaletatik behera irristatzen ziren bitartean. Ostera, aurretik abisurik eman gabe, trena soilik bagoi erdiak hartuta abiatu zen. Txistuak jo, eta etapa hura atzean uzteagatik Jaungoikoari eskerrak eman genizkion.
Kopczyncen ustekabea jaso genuen. Trenbide-langileek gurpilak mailu batez jotzera etorri ziren, eta ondoren bagoia askatzea agindu zuten. Gainkargaturik omen ginela esan ziguten. Arrazoinamenduak atzera egin zuen, trenetik salto eta eskutan bi botila vodka jarri nienean. ‘Ez duk nahikoa…’ Beraz hirugarren bat eman nien. Hurrengo geltokian gauza bera gertatu zen…
Jende ugari Pyszkowicetik irten ginenetik jan gabe zegoen. Jateko makarroi lehor gutxi batzuk geratzen zitzaizkigun, baina ez ginen ausartu inork hauek jaten ikus gintzan. Gure behorrak umea galdu zuen. Ur eta bazkaren faltagatik, abereak hiltzen ari ziren. Gero eta maizago trenbidearen ondoan, landu gabeko bagoietako egurrez egindako gurutzeen ondotik pasatzen ginen, aberriratuak ehortziak izandako lekua erakusten zuten…
Geltoki batean, errifle automatikoa bizkarrean zutik zegoen guardia batenganantz lasterka abiatu nintzen:
- ‘Non gaude?’ – galdetu nion urrutitik.
- ‘“Errekuperatutako Lurraldeetan”’ – erantzun zidan.
- ‘Eta badakizu nora garamatzaten?’
- ‘“Errekuperatutako Lurraldeetara”’, erantzun zuen irribarre batez…
Guretzako, hilabete baino luzeago iraun zuen tren-bidaia Wroclaw ondoko Brochów-en amaitu zen. Jende askok ezin zituen bere ondasunak aurkitu… Gaua, trenbidearen beste aldean zegoen leiho-begi ugariko eraikin batean pasa genezakeela esan ziguten. Erabat hutsik zegoen, hormak besterik ez zituen. Baina hainbat astetan lehendabiziko aldiz sabai egoki baten azpian loak hartu ninduen…
Hiru egunez ez ginen jabetu zer gertatzen ari zen… Orduan, Wroclaw-era gurdiz eraman gintuzten, eta Grunwald Zubiaren beste aldean, milaka lagun ziren enparantza batera iritsi ginen. Horrelakorik ikusi gaberik nengoen. Nonahi saltzeko gaiak ikus zitezkeen. Gure gidariak Szaberplatz zela esan zigun. Paretan kartel bat zintzilikaturik zegoen: ‘PIONIER BUDUJE – SZABROWNIK RUINUJE’ (pioneroak eraikitzen du, arpilatzaileak suntsitu) zioen. Shabrovnik-ek zer esan nahi zuen galdetu nuen. ‘Kriminalak’ esan nahi zuela esan zidaten…
Gure helmugan, GROSS MOCHBERN zioen kartel baten ongietorria jaso genuen… Etxe zoragarri batzuen ondotik igaro ginen, gidariak Polonia erdialdeko jendearentzako gordeak zirela soilik esanez…”.
Nekazari eta abeltzainentzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea etsigarria izan bazen –eta izan zen–, ez pentsa askoz alaiagoa izan denik 2023ko uztailean horri jarritako 4.217 alegazio-egileri emandako erantzunen txostena... [+]
María Chivite lehendakariak esan du kezkatuta dagoela Alemaniatik Volkswagenetik datozen albisteekin, baina aldi berean, konfiantza duela multinazionalak Iruñean duen lantegian, orain arte iragarritako planak betetzen ari direlako.
Sindikatuen ustez, absentismoa ez da arazoa, “baizik eta lan osasunerako araudia errespetatzen ez duen patronala”. Patronalaren jarrera salatzeko baliatu dituzte azaroaren 7an, Bilbon, Confebaskek gai horren inguruan antolatu dituen jardunaldiak.
Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Sendagaien garapena "bizkortzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko" erabiltzen ari dira adimen artifiziala. Enpresen % 33k erabiltzen du gaixotasunen analisian, eta % 29k sendagaien garapenean eta fabrikazioan.
Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]
Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.
Lo Que No Te Cuentan De Donosti taldeak mobilizazio berri bat antolatu du datorren astelehenean, hilak 11, Amara Berrin, Kaleko Afari Solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean. Hiriko hainbat eragile antifaxista eta antirrazista batzen dituen plataformak... [+]
Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.
Israelgo armada urria osoan bereziki gogor aritu da Gazako iparraldean, eta egunotan ere azken urteko erasorik gogorrenak egiten ari da bertan, ehunka pertsona hilda, gehien-gehienak zibilak eta tartean hamarnaka ume. Herritarrei Gazako hegoaldera joateko agindua eman diete... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.