Gin jantzia

Izan ere, ba al da landarerik gabe egina den ezer? Gauza handirik ez, behintzat. Taxuzkorik bat bera ere ez! Egin kontu, edaten dugun ura, adibidez, landareen artelana, maisulana da. Ur guztia behin eta berriz, askotan, landareren baten barrutik igaroa da. Zuztarretik, azaletik edo hostotik hartua eta lurrundua izan da. Hori da hori bahea, irazki naturala. Edan edan!

Landareekin egindako edarien artean bermuta zarrakatu berria dut, eta bere kinina aitzakia hartu. Haren edanean gin-tonica aipatu baita ere. Kininaren iturri kinoari heldu eta tiraka, beste landare ugarirekin bezala, urte guztiko Argiako orri hau osa daiteke. Lasai, ez hartu mehatxutzat, ez dut honelako botika-droga baten bueltan luza eta luza urtetan aritzeko asmorik. Baina, aurrerabidearen bazterrean kinina utzi aurretik arrasto bat, aztarna bat utzi nahi dizut: kino zuhaitz ezagunena Cinchona calisaya da, Boliviako Calisaya mendikoa. Dena ezin egingo dizut nik, zeu ere saiatu...

Kininak tonikara narama eta aipatutako gin-tonicaren kopatik ginera. Eta zer da, bada, gina? Alkohola latz duen edari gogorra da; ia erdia, %40 eta %50 artean du alkohola. Alkohol hori laboreetatik sortzen da: garagarra, garia, zekalea edo oloa ernatu, lehortu eta eho egiten da. Irina beratu eta berotuta aleak zuen fekula azukre sinple, sakarosa, bihurtzen da. Gehitutako legamiak azukre hori alkohol bihurtuko du. Alkohol hori fintzeko destilatu egingo da, hiru aldiz destilatu: lehenengoan irinaren muztioa kenduko zaio, beste bietan aho sabaira aparteko dasta emango dioten landareak erantsiko zaizkio.

Ginak derrigor behar duen landare bakarra ipurua da, ipar-ipurua, Juniperus communis. Ginean ez bezala, tankerako beste edari batzuk egiteko hego-ipurua, Juniperus oxycedrus, ere onartzen da. Ipar-ipuruaren fruitu koxkorrak dira ginari bere oinarrizko dasta erantsiko diotenak. Oinarrizkoa diot, gin bakoitza aparteko landare nahasketak osatu eta jantzi egingo baitu. Adibidez inguruan bolada samarrean sumatzen dudan Citadelle gin frantziarrak han eta hemengo hemeretzi landare erakusten ditu botilan: Frantziako ipar-ipurua, izar-anisa (Illicium verum), bioleta zuztarra (Viola sp.) eta azitraia (Satureja sp.), Espainiako limoi azala (Citrus limon) eta arbendola (Prunus dulcis), Indiako intxaur muskatua (Myristica fragans) eta kardamomoa (Elettaria cardamonum), Alemaniako aingeru-belarra (Angelica archangelica), Marokoko martorria (Coriandrum sativum), Mexikoko laranja azala (Citrus x sinensis), Txinako erregaliza (Glycyrrhiza glabra), Javako piperbeltza (Piper cubeba), Mediterraneoko mihilua (Foeniculum vulgare), Italiako ostargi-belar horiaren zuztarra (Iris pseudacorus), Sri Lankako kanela (Cinnamomum verum), Indotxinako kassia (Cinnamomum aromaticum), Afrikako melegeta (Aframomum melegueta) eta Herbehereetako kuminoa (Cuminum cyminum). Munduak janzten du gin hau!
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bestelakoak
2019-05-17 | Jakoba Errekondo
Zaldaleak irabazten

Egunak gauari gaina hartzen dio udaberriko ekinozioarekin. Aurten martxoaren 20an gertatu da, 22:59an, udaberriaren atea irekiz. Eki aurrizkiak gauza bera esan nahi du. Ordura arte gaua luzeagoa zen. Egun hartan egunak eta gauak hamabina ordu izan zituzten. Ordutik eguna... [+]


2019-03-28 | Jakoba Errekondo
Klima aldaketa eta paisaia

Eguraldia aspaldian dugu hizpidean jarria; klimarena, ordea, berri samarra da. Klima aldaketa zer den argitu behar handirik ez dago. Paisaia zer den azaltzea bai, horren premia gorriagoa da. Puri-purian dago klimaren aldaketaz hitzaldi, mahai inguru edota nazioarteko... [+]


2018-09-11 | Jakoba Errekondo
Sagardoaren emakumeak

Fruituak bildu eta dolarerako bidean jartzeko sasoia da. Udarea (Pyrus communis), sagarra (Malus x domestica), mahatsa (Vitis vinifera)... Bide motz eta azkarra dirudi baina makina bat itzulinguru eta hauen saihesbide landu behar dira fruitua muztio eta muztioa edari alkoholdun... [+]


2018-07-19 | Jakoba Errekondo
Alde guztietatik jatea

Euskal Herrian nekazaritza etengabeko kolonizazioaren historia da. Toki guztietan bezala. Lehen lantzen ez zen lurra lugorritu; lehen ereiten ez zen uzta erein; lehen jaten ez zena gozatu. Dena beste nonbaitetik ekarria. Historia horietako asko idatzi dituzte nonahi laboreek;... [+]


2018-04-20 | Jakoba Errekondo
Kurka-kurka

Laboreekin egiten diren ardoetara itzuliz, ezker-aihena (Humulus lupulus) kontserbatzaile eta dasta mikatzaren eransle dute. Laboreak eta ezker-aihena uztartzeak makina bat zurrustada gozo sortua du, kurka-kurka, batik bat garagardoaren herrialdeetan. Lagun batek azaldu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude