“Lehoi Erregea”, diktaduraren apologia

The Lion King. Zuz.: R. Allers, R. Minkoff. AEB, 1994.

Indarrez ezarritako ordenak betiko berdin jarraitzea, klase zapalduak are gehiago zapaltzea, emakumeen azpiratzea… Ez neukan buruan horrelako konturik 10 urterekin The Lion King ikusi nuenean eta horregatik, inori kalterik egiten ez dion fikziotzat neukan. Berriz ikusi, eta konturatu nintzen gizarte antolamenduari buruzko mezu eskuindarra, ia faxista eskaintzen duela.

Mufasa oihaneko diktadorea da, sistema aristokratiko baten buru, eta semeari –Sinba, protagonista– erakusten dio zein diren menpean dituen lurraldeen mugak, herentzian jasoko dituelako bera hiltzen denean. Tiranoa, noski, oso modu atseginean irudikatua dago. Kontrako aldean Scar, Mufasaren anaia, aristokraziako kidea izan arren animalien erreinuko proletarioen laguna –tipo ilun eta itsusi irudikatu dute–. Hienekin tratua daukan lehoi bakarra da eta haiekin elkartuko da estatu-kolpea prestatzeko: Mufasa hilko du, Sinba erbesteratzera behartuko, eta oihana sistema sozialista bihurtzen saiatuko da. Scarrek kolektibizazioa martxan jartzean lehoi emeen emantzipazioa ere etorriko da; ordura arte zeukaten lana –ehiza neketsu eta arriskutsua– alde batera utziko dute.

Azkenean ordea, diktadura gailenduko da berriz. Filmaren bukaerako eszenak erakusten digu boterea dutenen seme-alabek agintea herentzian hartzea “bizitzaren zirkulua” dela. 2011n pelikularen bertsio berria estreinatu zuten zinema aretoetan, 3Dra egokitua. Faxismoa fronte guztietan borrokatu behar dela uste baldin baduzu, hauxe nire gomendioa: ez eraman umeak horrelako gauzarik ikustera. Pottokiak, euren balore kolektibista sanoekin, askoz aukera hobea dira.


ASTEKARIA
2012ko maiatzaren 13a
Azoka
Azkenak
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude