Bi urteko hausnarketa prozesuaren ostean Edo! argitaletxe kolektiboa jendaurrean aurkeztu dute. Argitaratzeko zailtasunak izan ohi dituzten lanak kaleratuko ditu euskara hutsean, liburu formatuan zein digitalean, bazkide eta harpide sare batentzat. Edizio zaindua eta begirada kritikoa bultzatu nahi ditu, borondatezko lanean oinarrituz.
Hamaika lagunez osatua dago Edo! argitaletxe jaioberriaren talde eragilea. Idoia Beratarbide ilustratzaile eta artista eta Iratxe Retolaza literatur kritikari eta irakaslea etorri dira, taldearen ordezkari, Argiarekin egindako hitzordura. Orain bi urte ardura bertsuekin elkartu ziren kultur zaleok egindako irakurketaren arabera, argitaletxe gehienek, etekin ekonomikoen mende dauden neurrian, liburua merkantziatzat hartzera jo dute. Edo!-k sorkuntza eta literatura merkantilizaziora eraman dituen bideari itzuri egin nahi dio. Publikatzeko aukera gutxi dituzten lanak kaleratuko ditu, ohiko argitaletxeen eskaintzatik at geratu ohi direnak. Testu laburrez, itzulitako lanez, antzezlanez, gidoiez, marrazkiez, argazkiez, hitzaldiez eta katalogatzen errazak ez diren piezez ari gara. Bestalde, edizio lan txukuna eskaintzeko asmoarekin sortu da Edo!, egun Interneten testuak zintzilikatzeko aukera badago ere, kalitateko edizio lana eskuratzea besterik baita. Argitaletxeek abiadura jakin bat izan ohi dute ediziorako epeak bete behar dituztelako. Horrek lan pausatua eragozten du eta Edo!-k eskaintzeko zerbait badu, hori denbora da. “Badira edizio lan onak, baina bada hainbat sortzaile, sentitu duena argitaletxeak ez duela behar bezalako lanik egin. Guk edizio zaindua eskaini nahi diegu sortzaileei”, azpimarratu du Iratxe Retolazak. Liburu bakoitzak izango du egileak egoki iritzitako edizio-taldea, berarekin elkarlanean ariko dena. Ondoren, taldean egon ez den beste batek berrirakurriko du, distantziatik azken iritzia emateko.
Argitaletxea bazkidez, harpidez eta laguntzailez osatua dago. Urtean gutxienez bost liburu ateratzea du xede, formatu fisikoan eta digitalean, harpidedun zein bazkide sare batentzat. Azken horien ekarpen ekonomikoa harpideenen bikoitza den neurrian, proiektuan parte hartzea bermatuko die, aldian-aldian egingo diren batzar irekietarako sarbidea emanez. Nolanahi dela, dirurik eza ez da mugatzaile proiektuan parte hartzeko. Lankideek aldikako kolaborazioa edo ardura iraunkorrak hartzeko aukera izango baitute, nahieran. Edo!-ren apustuetako bat diseinua eta arlo grafikoa zaindu eta behar duen garrantziaz hornitzea izan da. Hitzari bakarrik ez, irudiari ere garrantzia eman nahi dio. “Hemengoen aldean atzerriko argitaletxeetan diseinua asko zaintzen da, bai estetika mailan, bai lan grafikoak editatzerako orduan. Hemen liburuetako ilustrazioak haurrei zuzenduak dira ia beti, ez helduei. Argitaratzen ez diren lanak berreskuratu nahi ditugu, eta gainera, lan zainduak argitaratu, egilea gustura gera dadin” adierazi digu Idoia Beratarbidek. 2012an kaleratzea aurreikusi dituzten bost liburuen artean Maite Gurrutxaga ilustratzailearen lan bat dago, egunero gainean eraman ohi duen koadernoaren erreplika bat, ohikoak dituen ilustrazioen ondoan lan intimoagoa dena. Gainera, obra bakoitzaren azala artista batek egingo du argitaletxeak izango dituen hiru bildumatan. Hiru sailok dira Begikoak –album ilustratua, nobela grafikoa, argazkia, artea...–; Literola, –saiakera, narrazioa, nobela, poesia, antzerkia...– eta Xortak –orrialde gutxiko testuak: hitzaldiak, saiakera laburrak, iritzi artikulu luzeak, elkarrizketak, manifestuak...–.
Talde lana eta 2012. urterako uzta
Proiektu irekia da Edo!, hasierako pausoetan funtsezko erabakiak hartu bitartean taldea “itxia” mantendu badute ere, gaur-gaurkoz ateak zabalik ditu edonorentzat. Urte hasieratik bazkide eta harpide bila jardun dira eta Retolazak gogorazten duenez: “Behar beste izatea eta nahi beste jende hurbiltzea da asmoa. Gogoeta berrietara zabalik gaude. Hemendik aurrera bilerak irekiak izango dira, bazkide guztiak etortzeko moduan”. Edo!-k literatur sisteman dauden aktoreak saretu nahi ditu. Talde eragileko partaide bakoitza sorkuntza esparru ezberdinetatik etorri izana –izan Sareinak, izan Mikelazulo Kultur Elkartea...– abantaila izan du eta aurretik aberastu egin du sarea. Sare horrexen borondatezko lanari esker gauzatu da 2012rako aurreikusten den beste lan bat, artikulu bilduma bat. Transfeminismoaren inguruko esperientziak jasoko ditu, esparru horretako aktibisten ekarpenen bidez –Medeak taldekoak, esate batera– eta artikulu akademiko itzuliekin –Judith Butler, Beatriz Preciado…–. Hori guztia, liburuak beste modu batean osatzeko saiakerari lotua dago eta egile gehienekin zenbait puntu adosten ahalegindu dira, informazioa elkartrukatzeari garrantzia emanez. “Liburua egiteko moduetan ere izaera kolektiboa sustatu nahi dugu. Horregatik doaz gauzak geldoago” azpimarratu du Retolazak. Hain justu, elkarlan horretan oinarritu da baita ere proiektu kideen jarduna. “Taldean hainbeste izateak eztabaida bermatzen du. Lana delegatzen ikasten da, besteen lana errespetatzen, batak besteagandik ikasten” adierazi du Idoia Beratarbidek.
2012. urterako aurreikusi dituzten bost liburuak paperean eta formatu digitalean argitaratuko dira, baina mundu digitalean zer jarrera hartu erabakitzeke dute oraindik, irizpide nagusia doan izatearen aldekoa bada ere. Beste hainbat argitaletxerekin harremanetan jarri ostean, orotariko erantzunak jaso dituzte eta urtean aterako diren bost ale ziurrez gain, zabalik dute formatu digitalean lan gehiago ateratzeko aukera, ez baita ahaztu behar borondatezko lanerako aurkezten den jende kopuruak ere baldintzatuko duela lanaren martxa. Aipatutako Maite Gurrutxagaren koadernoaren erreplika eta artikulu bildumaz gain, Gari Garaialderen erreportaje grafikoa argitaratuko dute, zuri beltzeko argazkiz osatua. Harkaitz Canoren txaloaren eta ikuskizunaren gaineko hitzaldi gogoeta bat ere bai, eta azkenik, Eta Karmele? Samara Veltek idatzitako antzerki obraren gidoia. Sortzaileentzako ateak zabalik ditu Edo!-k. Dagoeneko makina bat lan eskaini dizkiete eta bazkideen asanbladak egingo du liburuen aukeraketa, ale argitaragarrien kopurua aurrekontuak baldintzatuko baitu.
Gizartean eragitea helburu
Argitaletxea oinarrituko duten printzipioak aski argi adierazi ditu Edo!-k prentsarako atondu duen aurkezpen dosierrean (Interneteko helbide honetan irakur daiteke: www.argitaletxeaedo.org/?page_id=10). Independente da ezein erakunde politiko zein bestelako instituziotatik eta pentsamendu kritikoa sustatu nahi du. Beste hainbat argitaletxe eta eragilerekin elkartu dira azken bi urteotako prozesuan eta gehienek halako proiektuaren beharra azpimarratu dute. Edo!-k ez du beste argitaletxeekiko talka bilatzen. Bere asmoa ez da “argitalpenen eremuan dagoen ezer ordezkatzea, kontrakoa baizik: egun dagoen eskaintza osatzea eta aberastea”.
Bere irakurketatik, hori bai. Lehen aipatutako merkantilizazioak dakartzan galerak ezagun ditu eta bestelako norabidea bilatzen du argitaletxearentzat. “Badira epe batzuk argitaratzeko, dela Durangoko Azoka, dela Liburuaren Eguna. Aldi horietara lerratzen dira argitaletxeak saldu beharra dutelako, langileak dituztelako. Guk borondatezko lanarekin mekanismo hori saihestu nahi genuke” diosku Retolazak. Horrekin batera, Edo!-ren ezaugarri erakargarrienetakoa gizarte eragile izateko saiakera da, kultur sormenak gizarteari zer eskainia duela uste izateaz gain, eragin dezakeela uste baitu. “Liburuaren gizarteratzeko filosofia bat dago indarrean, jeneralean, publikazioa eta prentsaurrekoari lotua. Gure ardura ez da argitaratzea bakarrik, baizik liburuaren inguruko eztabaida sortzea, ekimen, ekitaldi, zein mahai-inguruen bitartez. Argitaletxeak liburuaren gainean dinamika soziala sortzeko ardura hartu nahi du”. 2012. urterako bazkide eta harpideak biltzeko azken data San Juan egunean jarri dute. Facebook eta Twitter-en bisita daiteke, jadanik, baita www.argitaletxeaedo.org atarian ere. Ongi etorri, Edo!
Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.
Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.
Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.
Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]