"Estatuak uste badu suntsitu zaituela, ez dago negoziatzerik"

  • Hamabi urteko gerla zibilaren ondotik, 1992an sinatu ziren Erdialdeko Amerikako El Salvadorren gerrillaren eta Gobernuaren arteko bake akordioak. Egun lehendakaritzan den FMLNk armak albora utzi eta alderdi politiko bilakatzeari ekin zion orduan. Trantsizio horretan, zuzenki hartu zuen parte Suchitoto herriko alkatea den Javier Martinezek.

El Salvadorreko Suchitoto herriko (25.000 biztanle) alkate da gaur egun Javier Martinez Walter.
El Salvadorreko Suchitoto herriko (25.000 biztanle) alkate da gaur egun Javier Martinez Walter.

Walter komandantea goitizena zeukan gerla garaian, eta lagunek hala deitzen diote beti. Javier Martinez gerrillari ohiak, beste hamabost kidez osatu batzorde batekin, Farabundo Martí Nazio Askapenerako Fronteko (FMLN) gudarien birgizarteratzea eta nazioarteko elkartasunaren bideratzea ukan zituen ardura. Prozesu horretan, faktore batzuk bazterrera utzi zirela uste du eta oraino konpondu gabe daudela, negoziazioek “gerrarekin amaitzeko” ildoa jarraitu zutelako, berreraikuntza eredu estandarretara mugatuz.

Nola hasi ziren gerrillaren eta Gobernuaren arteko kontaktuak?

Hurbilketa saiakera batzuekin hasi ziren, elkarrizketa modukoak. 1989ko azaroan, FMLNk hiriburuan ofentsiba handia antolatu eta argi gelditu zen indar harremanen oreka bere baitan zegoela, bi aldeek ez geneukala arerioa militarki suntsitzerik. Nahiz eta gerla osoan zehar 70.000 hildako zenbatu, armadak sei jesuita espainolen kontra buruturiko hilketak nazioarteko komunitatea inarrosi zuen. NBEn esku hartzeak, baita AEBek ustelkeria aferengatik Gobernuarekiko konfiantza galdu izanak ere, negoziazioaren korridoreak ireki zituzten. Batzordeak izendatu ziren bi bandoetan, guk gure eskaerak luzatu eta pixkanaka desmobilizazioari ekin genion, bermeen truke.

Gerrillatik alderdi politikora pasatzeko bidea zer baldintzatan iragan zen?

Urtebeteko su-etena deklaratu genuen lehenbizi. Desmobilizazioa bost etapatan finkatu zen, Mexikon akordioak sinatu eta indarrean jarri ziren: Konstituzioaren aldaketa, gorputz militarren eraldaketa, eta pluralismo politikoaren legeztatzea, besteak beste. Bakoitzean, gerrillarien %20 desmobilizatzen ziren. Alderdi politikoa sortu zen egunean, FMLNko kideen %40 oraindik armetan zeuden, eta buruzagi askok tarrapatan klandestinitatetik atera behar izan zuten alderdiaren karguetan sartzeko.

Guk, Chalatenango zonaldean, etorkizuneko El Salvador nola aurreikusten genuen idatzia geneukan jada. Borrokaldien arteko etenetan proposamenak irudikatzen genituen, bagenekielako goiz ala berandu gerla bukatu eta berreraikitzea etorriko zela.

Gerlaren amaiera sumatzen ari zela, zer giro zegoen?

Gudaldi gogorrenak negoziaketen hasierekin iragan ziren, alde bakoitzak posizio azkarrenean ekin nahi ziolako hurrengo faseari. Eskakizunetan maximalistak izan ginen, beharrezko minimoen zimenduak finkatzeko. Errakitiko joanez gero, ahultasun marka izanen zen. Halere, gauza batzuk lortzea ezinezkoa zen, armadaren desegitea adibidez, baina dena den, poliziaren eta guardiaren egitura “ukitu ezinak” desmuntatzea kolpe gogorra izan zen haientzat. Ematearen eta hartzearen onarpenean zegoen guztia, gauzak sakrifikatzeko prest egotea.

Benetako garaipen perspektibarik ez badago, borroka armatuaz gain, presiorako beste aliantzak egitea inportantea da, mugimendu sozialen eta nazioarteko eragileen bidez. Halaxe egin genuen. Euskal Herriaren kasuari begiratuz, jendea subjektu izatera pasa da orain, aldaketaren aktore bilakatu dira. Arazoa da Estatuak uste badu irabaziko zaituela, negoziaketak ezinezkoak bilakatzen direla, “nahi dudana ematen dizut suntsitu zaitudalako” eskeman ari delako. Baina garaipenak eta suntsipenak egoeraren araberakoak izan ohi dira, gatazkak errepika daitezke.

Akordioak erdiestearekin, zein bestelako potentzial jarri ziren FMLNrentzat martxan?

Akordioak plataforma gisa hartu ziren, mota guztietako proiektuak abiatzeko eta indartzeko. Testuetan negoziatzen zenaren menpe ez egotea nahi genuen, bestelako taktika obratuz. Dokumentuek emandako babesa, gure eremuak sendotzeko eta hedatzeko erabili genituen. Nire arloan, nazioarteko kooperazioarekin eta elkartasunarekin harremanak estutu eta kooperatibak, GKEak eta lankidetza proiektuak sortu genituen, gure base sozialari ongizatean bizitzeko tresnak ematen saiatu eta hauteskundeetan azkartzeko.

Halere, erran daiteke birgizarteratzeak ez zituela espero emaitzak ekarri?

Epe luzerako begirada falta izan zitzaigun atal horretan. NBEk errezeta berdina aplikatzen du leku guztietan: lehentasuna, belikoa den guztia desagerraraztea da. Baina gero zer? Nik zuzenean parte hartu nuen gudari ohien birgizarteratze programan. Bakoitzari lur atal bat eman zitzaion, mailegu batekin, eta hor konpon. Asistentzia tekniko gabe eta ekoizpen txikiarekin, asko pobrezian geratu ziren. Gizartean txertatzeak berreraikitzea eta laguntza ukan behar du muinean, baita osasun egitarauak, gerlaren trauma fisikoak eta psikologikoak tratatzea ere. Erroldaturiko 25.000 gerrillarien eta laguntzaileen artean, %70 pobrezian daude orain. Gai esekia da gure alderdiarentzat.

Zer bestelako gogoeta egiten duzu gaur trantsizio hartaz?

Gerla bete-betean zegoela gidatze nukleoak zituen FMLNk, norabide estrategikoak aztertzeko. Indar zibil bihurtzearekin, “tronuaren gibeleko” talde horiek desagertu eta hautes-lerroak hartu zuen gaina, funtzionario asko fabrikatuz. Alta, kudeaketa publiko eta soziala ongi eramateko, halako egiturak beharrezkoak ditugu. Suchitoto herrian, esate baterako, gerlak utzitako hondamendia ez zen bakarrik fisikoa izan, ehun soziala ere suntsiturik gelditu zen. Berreraikitzea ez da beraz bakarrik diru kontua, adiskidetzea ere funtsezko faktorea da.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude