ARGIA.eus

2022ko abenduaren 08a
Jorraketarik gabeko nekazaritza

Iraultza ortuan: fuera golde-aitzurrak!

  • “Zuen bekokiko izerdiz eskuratuko duzue eguneroko ogia” kondenatu omen zituen Yavehk Adan eta Eva. Geroztik, goldea eta aitzurra izan dira laborantzaren ikurrak. XX. mende bukaeratik, ordea, mundu osoko ortuzain eta lurginen artean bestelako ikusmoldea ari da zabaltzen: lurra irauli gabe haztea barazki eta laboreak. Lurrik ez urratu. Asko baratzegintza ekologikoan ari dira, baina horretara jotzen dute soro handien jabe makinadunek ere.

Bi andre eserita Jean Marie Lespinassek Bordele inguruan daukan baratzean. Landareak altuera batean daudenez, haien parean daude jarrita: jesarririk ere erraz egin daiteke lan. Landare eta loreak nahasian daude, orbelez eta lastoz estalitako lurzoruan.
Bi andre eserita Jean Marie Lespinassek Bordele inguruan daukan baratzean. Landareak altuera batean daudenez, haien parean daude jarrita: jesarririk ere erraz egin daiteke lan. Landare eta loreak nahasian daude, orbelez eta lastoz estalitako lurzoruan.Jean Marie Lespinasse
2012ko apirilaren 22a

Jorrailla izendatu genuen garai batez apirila. Eta hona non nekazari eta arlo horretako aditu askok landareen ustezko mesedetan aitzur-jorran aritzeari uko egiten dioten. Neolitikotik hona bederatzi mila urte gerriak hausten eman eta gero hau!

Berrikitan gaztelaniaz El huerto más natural tituluz Lizarrako La Fertilidad de la Tierra argitaletxeak publikatu duen liburuan (jatorrizko frantsesez Le jardin naturel, Ed. Rouergue) Jean Marie Lespinasse agronomo eta baratzezain ezagunari utziko diogu laburbiltzen ideia: “Duela mende bat baino lehenagotik buruetan alderantzizkoa sartzen diguten arren, guk ez dugu lurra elikatzen honek landarea elika dezan. Lurra bere gisan bizi da, ez da euskarri soil bizirik gabea. Bizi hau elikatzen dute landareek sortu eta gero bertan lagatzen dituzten organoek (adarrek, orbelek, fruituek, eta abar). Azken finean, bizia sustatzen du lurrak mantentzen dituen landare guztien egoteak eta aritzeak berak.

Baratzean nire preokupazio nagusia da lurreko bizia bere osotasunean kontuan hartzea: zizareak, bakteriak eta beste mikroorganismoak hondakin organikoak desegin, nitrogenoa finkatu eta lurra samur eta aireztaturik atxikitzen dutenak. Bizi hau da estimulatu behar dena, lurraren emankortasuna sostengatu eta indartzen duelako. Horregatik, ekosistema hau ez da aztoratu behar. Beraz, ez dugu lurra irauli behar, ez pilatu behar barazkien inguruan, ez eta ere lurreko landareak sustraitik atera behar”.

Lespinassek aitortzen du, baserritar-seme izanik, kosta egin zaiola gainetik kentzea lurra goldatuz irauli eta eten gabe aitzurrez jorratzeko ohitura zaharra. Frantziako nekazaritza naturalean erreferenteak diren Claude eta Lydia Bourguignon agronomo eta enologoek flash hori bera aipatu dute Le sol, la terre et les champs (Ed. Sang de la Terre) liburu txit gomendagarrian: “Lurra jorratzeari uko egitea kultur txoke bat da nekazarientzako. Goldeketan milaka urte daramatzagu, laborantzaren mito fundazionaletako bat da. Lurra bortxatu egin behar dugu, uste izan dute baserritarrek, ernaldu dadin. Horrela uler daiteke laborarien artean zein bortizki baztertzen den semis direct (zuzenean ereitea) sistema”.

Semis direct, No-dig gardening, No till-gardening, Jardinner sans labour… Ortuak eta soroak lantzeko ideia honek ezaugarri komun berdinekin aldagai asko ditu. Batetik, jarduera oso ezberdinetan aplikatzen delako, batzuek baratze txikietan edo permakulturan; gero eta gehiagok zereal alor zabaletan. Bestetik, aitzurrik gabeko nekazaritzara ailegatu direnak oso eremu ezberdinetatik datozelako.

Ez iraultzea iraultzaile

Nekazaritzak Neolito arotik egin duen urratsik garrantzizkoena omen da lurra irauli gabe lantzea, hala diote Bourguignon senar-emazteek: “6.000 urte pasa behar izan dira nekazariek lurra zaintzen duen teknika bat asmatzeko”.

Nekazaritza ekologikoak salatu ditu industrializazioak pestizidekin eta ongarri kimikoekin lurraren langintzari ekarritako kalteak, eta horiek konpontzen saiatu da. Baina beranduago iritsi zen lurraren goldaketaren eta jorraketaren kritika, eta hau oraindik ez da behar adina zabaldu. Zergatik ez irauli eta jorratu lurra?

Lurra iraultzea lotuta dago gaineko azala belar txarrik gabe eta garbi mantentzeari. Lurra iraultzen da ustez arintzeko, aireztatzeko, garbitzeko, gainean zabaldutako simaur eta ongarriak barruratzeko. Hortik asmo onez egindako lehenbiziko kaltea: haize eta eurien mende biluzirik uztean lurrazalaren higadura sustatzen da. Neolitotik munduan zabaldu den teknika atzeratu horri egozten diote askok planetak dauzkan basamortuak eta galdu dituen lur on asko, Lurrak nozitzen duen gai organiko gabezia izugarria.

Goldatzean, bestalde, lurzorua organizatuta dagoen geruzak azpikoz gain jarri eta nahasten ditugu. Geruza bakoitzak dauka bere fauna, guk iraultzean suntsitzen duguna.

Baratzegintza nagia

Gero eta gehiago ikusten dira lastoz, orbelez edo adaxka birrinduz estalitako ortuak batean eta bestean. Baserri lanetan betidanik zailduek harriturik begiratzen diote asmakizunari, mesprezuz ez denean: baina zertan ari dira zorook?

Hasteko, baratzea era natural horretan lantzen duenak ez du gehiago sartuko laiarik edo aitzurrik bertan, askoz gutxiago motordunik. Landareentzako aurreikusitako eremuak ez ditu ahal dela zanpatzen. Esan bezala, lurrazalean lasto edo BRF (zuhaitz adaxka birrindu) geruza atxikitzen du eten gabe. Hori ezean, lurrari elikatzen lagunduko dion laboreren bat dauka ereinda, gehienetan alpapa (luzerna), hirusta edo txirta bezalako landare lekadunen bat.

Gaineko estaliak eragozten du ditxosozko belar gaiztoak ugaritzea, baina helburu askoz garrantzizkoagoa ere badauka: lurrazaleko gai organiko horrek desegin ahala elikatzen ditu inguru osoa osasun betean edukitzeko beharrezkoak diren bakteria, onddo eta gainerako xomorro ugariak. Hauen oreka lortu denean, lurzorua berez elikatzen da, eta landareek ez dute bestelako ongarri beharrik.

Landarezko geruza horrekin, azken finean, ortulariak lortu nahi du basoan dagoen lurraren antzekoa sortzea bere barazkientzako. Oihaneko landare eta zuhaitzak ez dira elikatzen inoren simaurretatik, are gutxiago duela ehun urte asmatutako ongarri kimikoetatik. Oihanak bere burua fertilizatzen du eten gabe.

Abantaila gehiago baditu irauli gabe eta estali organikoari esker lurzoruan flora eta fauna txikiak berriro ugaritzeak. Lurrak baldintza horietan hezetasunari askoz gehiago eusten dio, erauntsietan ura hobeto irentsiz eta, alderantziz, idorteari hobeto aurre eginez. Horrelako lurzoru baten bioaniztasunak ez duenez kasik zerikusirik larrugorritan eta sintesizko gai kimikotan itota daudenekin, bertako landareek gaixotasun askoz gutxiago nozitzen dituzte.

Oihan basatietatik ideia gehiago ere hartu dute Lespinasse bezalako baratzezainek. Esaterako, ez ezarri landareak espezieka pilatuta, ahalik eta gehien nahastuta baizik... elkarrekiko tirria ez daukatenetan, jakina, bai baitira txakurra eta katua baino elkarren etsaiago direnak, hala nola babak eta tipulak. Beste ideia bat: barazkien artean erein jateko ez baina landareok aberasteko balio duten espezieak; Lespinassek alpapa edo luzerna ereiten du edozeinen aldamenean, honek lurzoruan bere zainak sakonean luzatu eta ondokoei bere nitrogenoa eskaini diezaien.

Horrela antolatutako lurra, gizakiaren oinak gehiago zapaltzen ez duelarik, bera joango da arintzen, aireztatzen, gizentzen, zizareen eta gainerako moxorroen lan eskergari esker.

Ez erauzi sustraiak

Oso esperientzia ezberdinetatik heldu dira nekazaritzan adituak jorraketarik gabeko jarduerara. Askorentzako aita fundatzailea Masanobu Fukuoka izan da, Lasto izpi baten iraultza liburu famatuaren egilea. Honen ibilbidea naturaren ezagutzak adina taoismoan oinarritutako espiritualitateak gidatu zuen.

Garai beretsuan, 1940eko hamarkadan, A. Guest delako batek Gardening without Digging liburuxka plazaratu zuen Britainia Handian, gaiari ikuspegi mendebaldarrago batetik helduz. Geroztik oso bizipen ezberdinetako baratzezain eta laborariak iritsi dira ez jorratzeko erabakira.

Permakulturaren oinarrietako bat da, eta jakina da ikur nagusitzat Bill Mollison duen pentsamendu korronte honek asko edan duela Fukuokaren iturritik. Ildo horretatik Emilia Hazelip katalanak Nekazaritza Sinergikoa aldarrikatu du. Horiekin batera nekazaritza ekologikoa, biologikoa edo organikoan ari diren asko ez jorratzearen aldekoak dira, ez ordea gehienak.
Beste batzuk agronomiatik heldu dira leku berera. Claude eta Lydia Bourguignon ere agronomoak dira, Jean Marie Lespinasse bezala. Hauen liburuetan nekazaritza ekologikoen printzipioek adina edo gehiago eragin dute laborantza industrialaren mugez eta kalteez ohartzeak.

Munduko soroen emankortasunak nekazaritzaren industrializazioarekin atzera egin duela egia den arren, gero eta aditu gehiagok auzitan jartzen dute askoz lehenagotik datorrela malurra. Baso izan ziren garaietatik alorrek daukaten bizia zaindu eta landu behar dela aldarrikatzen dute.

Lur barrenean dagoen bizia ulertu egin behar da estreina. Zoruaren geruza bakoitzak dauzka bere flora eta fauna, eta geruzen arteko trafikoan ari dira milioika eta milioika izaki, zizare, sator eta abar luzea. Hildako edo uztan moztutako landareen zainek ere elikadura handia daukate guztientzako, baldin eta errotik ateratzen ez baditugu.

Irakurle, ikusten duzularik baratze bat lastoz estalia, pentsa dezakezu ortularia alferra dela. Baina asmatuko duzu pentsatuz jakintsua izan behar duela, gutxiago eginez gehiago lortu nahi duena.

Zuzeneko ereintza soro industrialetan ere modan

Alor handietan garia, artoa edo soja egiten dituzten nekazariak gero eta gehiago ari dira zuzeneko ereintzan, frantsesez semis direct eta gaztelaniaz siembra directa esaten dioten teknikan. Horretarako, labore bat biltzean berehala ereiten da haren osagarria den beste bat. Esate baterako, argazkian ikusten den moduan: traktorearen gurpil ondoan ageri dira hilabete batzuk lehenago bildutako gariaren lastoak eta tartean berde koltza landareak; koltzak lurraren azala estalita atxiki du hilabeteotan eta makinak orain moztu edo zanpatu egingo du tartean berriro garia ereiteko.

Teknika hau erabiltzen dute lurjabe handiek ohartu direlako hainbeste pesitizidarekin oinpeko fauna eta flora guztia birrindu ondoren gainera lurra goldatuz gero higadurak urte gutxitan pobretu dituela lurrok. Aldiz, goldatu gabe zuzenean ereinez etekin ekonomiko oso garbia ateratzen dute: lurzoruaren orekari hobeto eusten diote, herbizida gutxiago jaurti behar dute (belar txarrak nekezago sortzen dira estaliaren azpitik) eta koltzak edo beste lekariak ongarriak direnez abonotan ere aurrezten dute, gehi horiek ez zabaltzeagatik erregaitan aurreratzen dutena.

Landarezko geruza gaineko zuzeneko ereintza (Semis Direct sur Couverture Vegetale) bultzatzen dute herrialde txiroekiko elkarlaguntza programa batzuek ere, bidenabar Frantziakoek. Elikadura arazoak dituzten herrialde gehienek higadura arazo handiak dituzte, lehorte handien ostean ekaitz galantak nozituz. Goldatu ez eta beti landare berdez edo orbel iharrez estalita dauden lurrek hobeto eusten diote urari, erregadio behar askoz txikiagoa dute eta nekazariei errentagarritasun handiagoa eskaintzen diete, lan neketsua kentzeaz gain. “Nekazari, nekez ari”? Ez derrigorrez.
 


Azkenak
“Ukrainako gerra gelditu behar da, nahiz eta lurraldea galdu”

Esta gerra no termina en Ucrania (Gerra hau ez da Ukrainan amaitzen / Katakrak) liburua idatzi berri du Raúl Sánchez Cedillok (Madril, 1969). Ukrainarren defentsarako eskubidea ulertuta ere, gerra gelditzea aldarrikatzen du, hori delako modu egokiena ukrainar... [+]


Hautsa finkatzen denean

Jendearen joan-etorria etengabea da Jordaniako Mafraq erdiguneko kale eta dendetan 11:00ak jo berri direnean. Trafikoaren zalapartak eta martxa motelak gauzak patxadaz eta arnas sakon batek akuilatuta hartzera behartzen gaitu. Zaatariko errefuxiatuen kanpalekutik hamabost... [+]


Aldirietako trena. Helmuga: Durango

Hainbeste liburu publikatu da aurten ere Durangoko Azokara begira, Landakon itsu-itsuan sartuz gero galtzea erraza dela. Hiri ezezagun bateko estazio batean bezain erraza. Lasai, zerbitzu publikoa emateko gaude hemen: generoka antolatutako bost linea aurkezten dizkizugu,... [+]


2022-12-11 | Jon Torner Zabala
Gazteak eta sare sozialak
Erakusleiho digitalean eta hari begira haztearen berezitasunak

Teknologia digitalaren garapenak aldaketa handiak eragin ditu harremanetarako moduetan eta gure nortasuna osatzeko prozesuan. Interneten zer kontsumitu eta sare sozialetan zein rol jokatzen dugun, horiek ere definitzen dute nor garen. Areago ingurune digital batean jaio diren... [+]


2022-12-11 | Nicolas Goñi
COP27-ak klima kudeatzeko eredu falta eta legedia ekonomikoen indarra agerian utzi ditu

Aurten Egipton iragan den COP27 gailurrak emaitza gazi-gozo bat eman du: klima aldaketaren aurrean estatu zaurgarrienen galerak eta kalteak konpentsatzeko funts baten sorrera. Garaipen historikoa izanik ere, funts hori oraindik mekanismo ahula da, eta zehaztu gabeko osagai asko... [+]



Irakurrienak
ASTEKARIA
2012ko apirilaren 22a
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude