Natxo Urkixo (Laudio, 1960) euskara irakasle izan da joan deneko hogeita hamahiru urtean herriko Lanbide Heziketa Eskolan. Euskal Filologia egina da, eta inguruko euskararen inguruko ikerketa ere bai. “Euskaltegiak asmatu aurretik ikasi nuen euskaraz. Lehenengo, Alberto Mugira fraidearekin Laudioko kolegioan. Euskalduntzen 1 eta Euskalduntzen 2 egin nuen harekin. Euskalduntzen 3 irakatsiko zuen inor ere ez zegoen garai hartan Laudion. Orduan, gaur egun udaleko itzultzaile den Juan Mari Iriondorekin hasi nintzen. Gramatika liburuak erosi genituen eta ekin genion, 1975ean”.
Alkatea euskaldun eta euskaltzale izateak zer garrantzi du?
Garrantzizkoa da alkatea euskaltzalea izatea, jendeak norbera euskararekin identifikatzea. Euskaltzalea naiz, eta alkate naizenetik ez dut esfortzurik egin beharrik izan udaleko hainbat langilek beren hizkuntz erregistroa aldatu eta bat-batean, nirekin euskaraz hitz egiteko. Nik ez dut ezer egin, jendeak euskararekin lotzen nau, eta horren arabera jokatu du. Automatikoa izan da.
Zertan eragin dio zure soslaiak udalaren jardunari?
Hainbeste ere ez, oraindik. Edo nahi baino gutxiago. Bihotzeko min handiarekin sinatu behar ditut gaztelania hutsean datozkidan paper asko eta asko. Espero dut horretan ere aurreratzea. Gauzak mantso egin nahi ditut, baina ganoraz. Neurririk hartzen ez bada, horrela luzatuko da egoera, inertziaz. Muga jarri behar zaio horri. Atalez atal egin behar da lan. Oso lan konplexua da.
Euskara Arloa Kulturaren azpiko izateak onura ala kalte du hizkuntzak? Gainerako sail, arlo eta atalak libre dira euskara erabiltzeko konpromisotik?
Batetik, zer den euskara eta zer kultura bereizi behar ditugu. Euskara Arloak erabileran eragin behar du. Kultur ekintzak baliabide izan litezke, lanabesak, besterik ez. Arriskua da euskara kulturaren arloko eginez gero, ekintzak antolatzea helburu bihurtzea. Kultur ekitaldiak Kultur Arloari dagozkio, izan euskaraz, gaztelaniaz edo dena delako hizkuntzan. Euskara Arloak erabilera du helburu eta elkarlanean jardun behar du Kultur Arloarekin, eta gainerakoekin: udalaren menpeko diren langileen euskalduntzea, motibazioa, erabilera…
Noiz emango zaio zentraltasuna euskarari, noiz ekarriko da alkatetzara?
Noiz, ez dakit. Baina posible da. Horrela, gainera, alkateari ematen diozu ardura, normalkuntzarena.
Nola hartu du Laudiok euskararen erabilera bikoiztu baino gehiago egin delako berria?
Kontrako hitzik ez dut jaso. Urrats naturala izan da. Ni euskaldun eta euskaltzale izateak ez dakit eragingo zuen. Egoera diglosikoak behartzen gaitu egunero lubakietara jotzera, lanera. Ezin pentsatu dena eginda dagoenik, dena eginda dagoela pentsatuz gero, pikutara! Hainbeste urte eman dugu jendea euskalduntzen eta uste genuen jendea euskaraz hasiko zela, ikasi ahala, baina ez da horrelakorik gertatzen. Horren gainean egon behar da, eta eragin.
Hamar urte barru, berriz bikoiztuko da euskararen erabilera Laudion?
Hamar urte barru, ez. Bost urte barru! Kar, kar, kar…