Moonpalace Records zigilu diskografikoak 9 urte daramatza merkatu nagusitik at sortutako musika independentea kaleratzen, pasioz eta mimoz, dirua baino eskaintzaren koherentzia bilatuz.
Juanra Pradok 35 urte ditu eta Enpresa Zientzietan diplomatua da. Badu bere lana, baina aisialdian diskoak editatzen ditu “beste batzuk korrika egitera irteten diren bezala”. Donostiako Gladys Enea parkean elkarrizketatu dugu eta bere jarrera bareak, zigiluaren ikurra den Dodo txoriak bezala, editatzen duen musika lasaiaren adierazle dirudi. “Bakarrik lan egiten dudanez nire gustuen arabera hautatzen dut musika. Soinu barea eta sustrai antzerakoak dituzten taldeak bilatzen ditut, erosleak koherentzia bat topa dezan zigiluan”. 23 lan atera ditu orain arte, 100 disko inguruko edizio mugatuak plazaratuz. Indie, folk zein pop alternatiboa belarrien gozagarri. Espainiako artisten eskutik Segunda Vedette edo Ursula taldeak ezagutu ditugu. Belarria Europa aldera luzatuz, Burzinski artista frantziarraren ahots lokartua eta Erresuma Batuko Tex La Homa taldearen malenkonia, besteren artean. Euskaldunak ere badira katalogoan: Manett, Saioa, Elurretan eta Joseba Irazoki. Pradok musikari maila teknikoan eskurik sartzen ez badio ere, ongi lanpetuak izaten ditu hatz-mamiak diseinu lanetan. Diskoetxeko bereizgarri dira kartoiz, kartoi mehez, kautxuz eta seiluz sortzen dituen kaxak. Saioaren Matrioska heart diskoa matrioxka itxurako kaxa eder eta kurios baten barruan dator. “Balio erantsia diseinuarena da. Ez da plastikozko kaxa huts bat. Pertsonalizatuak dira”.
2000. urtean hainbat talderen bilduma lan batekin ekin zion musika editatzeari. Fabrikatik pasatako lana izan zen hura: “Mila kopia egin genituen. Europan eta mundu osoan zehar saltzen zen. Eromena zen. Nazkatuta amaitu nuen burokrazia eta administrazio lanekin. Orduan erabaki nuen beste modu batera lan egitea”. Dirua irabaztea ez da lehentasuna Moonpalacen. Ezta aukera bat ere, autofinantzatzeko izaten baita ateratakoa. “Dirua irabazteko tentazioa baino, dirua ez galtzeko tentazioa eman izan dit” dio umorea galdu gabe Pradok. Disko batzuk oso ondo saltzen dira eta beste batzuk ez. Batzuek besteak konpentsatzen dituzte. Nolanahi, Pradoren helburua atsegin duen lanean jardutea da. “Errealista naiz. Editatzen dudan musikarekin bizibidea ateratzea ezinezkoa litzateke, ziurrenik. Eta, hala ere, ez nuke nahi. Ahal dudan neurrian lan eginda hartzen dut atsegin”.
Editatu dituenen artean, izan dira batere seilurik izan ez eta beragana jo duten sortzaileak. Baina askok ez dute beste seilu handiagorik nahi. Goranahi berezirik gabe ekin diote Pradorekin lan egiteari, katalogoa atsegin zutelako. Ez dio kalterik ikusten berak zigilu handiagoei. “Beharbada talde batzuk hala nahi izango balute zigilu handi batera helduko lirateke. Hala balitz primeran! Poztuko nintzateke”. Bidehuts bezalako proiektu autogestionatuek ondo funtzionatzen dutela uste du, baina maila apalagoan ez du ezagutzen berea bezalako zigilu txikirik, apenas. “Euskadi mailan betikoek diraute. Gaztelupeko Hotsak, Gor… Lanak autoeditatzen dituen talde ugari dago, bestalde. Eta ona da hori. Erraza da eta jendearengana irits daitezke”.
Euskaldunak eta egile eskubideak
Euskal musikarien lanak grabatu aurretik, euskaldunek ez zioten diskorik erosten. Espainiako beste txokoetatik jasotzen zituen eskaerak. Joseba Irazokiren aurreneko lanarekin aldatu zen egoera, Folk me, laztana izeneko lana Brian Michael Roff artistarekin atera zuenean 2006. urtean. Artista bakoitzaren bosna abesti editatu zituen Pradok eta horri esker hasi zen euskaldunen artean salmentak egiten. Urtebete geroago, Saioaren Particular Land lehen lanarekin areagotu zen joera. “Euskaditik jaso nituen lehen eskariak bi artista hauen lanak jasotzeko baziren ere, orain erosle berberek katalogoko lan gehiago eskatzen dizkidate. Horretan lagundu du Joseba Irazokik. Leku askotan jotzen du, jende ugari ezagutzen du eta bere bitartez jendea zigilua ezagutzen ari da”.
Bandcamp plataforma erabiliz katalogo osoa entzun daiteke interneteko atarian. Kalitate bikaina du eta nahi adina musika koloka daiteke. Deskargagarri ez badaude, ez da deskargen aurkako filosofiagatik. Aipatutako esku lanari emandako garrantziak du errua, diskoa objektu bezala zaintzearen alde dago. Espainiako Diputatuen Kongresuan onartu zen Sinde legea iragan otsailaren 15ean. Deskargak egitea ahalbidetzen duten atariak ixtea baimen dezake lege honek. Autore eskubideen gainean Moonpalaceko musikariek hautu ezberdinak egin dituzte. “Artista batzuek SGAEn erregistratzen dituzte kantak, beste batzuek ez. Nik ez dut eskubiderik eskatzen, kopiak ateratzeko behar dena bakarrik”. Deskargagarri ez badaude ere, bada salbuespenik. Joseba Irazokik Euria ari du jaisteko moduan ipini nahi izan zuen. Artista gehienentzat helburua ez da salmentekin dirua egitea. Promozioa eta kontzertuak lortzea baizik.
Profesioa eta pasioa
Gaur arte aurkeztu dituen musikarien hautua bide ezberdinetatik egin izan du Pradok. “Jendea nigana etorri izan da zigilua ezagutzen zuelako eta beste batzuk nik bilatu izan ditut webguneetan”. Bederatzi urteko bide luzean inoiz erretiratzeko gogorik izan duen galdetu eta irribarrez erantzun digu inoiz nekaturik sentitu arren, pasioak proiektua mantentzera daramala. Beti heltzen zaio musika berriren bat belarrietara. “Atera dudan azken lana, House of Wolves taldearen Fold in the wind izenekoa, urtetan entzun dudan gauza ederrenetakoa da. Iaz proiektua baztertu izan banu ezin izango nituzkeen plazaratu! Beti agertzen da tentatzen nauen musika berriren bat”. Hasiberrientzako aholkua eskatu eta norbere burua ez behartzeko gomendatu digu: “Ez hartu serioegi. Atseginez aritu. Nik ondo bereizten dut zaletasuna dela eta ez profesioa”.
2025eko Aberri Egunean, Imanol Pradales lehendakari jaunak “Euskadi Nazioa da” eta “hemen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, gure hizkuntzarekin eta gure nazio nortasunarekin, ez izan zalantzarik”, ozenki esan zituen.
Euskalduna naizen aldetik,... [+]
Auzo elkarteak, herri mugimenduak eta ekologistak batu ziren asteazkeneko kontzentrazioan. Lantegien jardueraren amaiera itxaroten ari dira duela hamar urte.
Nafarroako landa gune asko daude despopulazio arrisku larrian eta horietako bat da Urraul Goiti Pirinioaurreko bailara. Hango Adoain herrian biztanle bakarra bizi da iraunkorki eta 93 urte ditu. Han da ere Perotx oinetxe zaharra eta berau birgaitzeko herri ekimena abiarazi dute.
Asteartean pasa zuten Tunisia eta Libiaren arteko muga, ondotik Egiptora sartu eta bertatik Gazara heltzeko asmoz. Berez, Libiako autoritateen babesa jasota du ekimenak, eta jarrera horri segika bidea berriz irekitzea galdetu diete poliziei antolatzaileek.
Israelek Iranen aurka orain arte egindako aire eraso gogorrena egin du ostiral goizaldean, Leon operazioa-rekin. Erasoan, Israelgo Armadako 200 bat gerra hegazkinek hartu dute parte eta kalte handiak eragin dituzte Iraneko nuklear programa garatzeko eta misil balistikoak... [+]
Erasoa Bilboko kale horretako ile apaindegi batean egin zuten maiatzean. Erasoa grabatua izan zen eta auzokideek salatu zuten.
Gazarako Martxara bidean, Kairoko aireportuan atxilotu zituzten euskal herritarren artean dago Agus Gorbea, eta momentuz deportatu duten bakarra izan da. Euskal Herrira bidean dagoela erantzun ditu ARGIAren galderak.
Palestinako herria pairatzen ari den genozidioa salatzeko bi eguneko baraualdia egingo du Argituz elkarteak Donostian asteburu honetan, larunbatean eta igandean. Garibai kaleko 19. zenbakian egingo dute elkartasun ekintza.
Espainiako Estatuak eta Palestinak bultzatuta, 146 herrialdek alde bozkatu dute, 12k kontra eta 19 abstenitu dira. Ebazpenak Gazako sarraskia eta Israelen hedapena Zisjordanian salatu ditu eta nazioarteko ebazpen judizialak betetzea eskatu.
1984an, Lemoizko zentral nuklearrak bere ateak betirako itxi zituen, konpondu gabeko urteetako gatazka eta zauriak atzean utzita; zentralaren azpiegitura ia berdin mantendu da, eta gertatutakoa, isilpean iraun du. Orain, tokikoek hainbat proiektu proposatu dituzte Basorda kalako... [+]
Euskararen Defentsarako Sareak elkarretaratzea egin du Nafarroako Parlamentuaren aurrean ostegunean, aldarrikatzeko lanpostu publikoetan hizkuntzak baloratzen badira, euskara baloratzen ez den lanposturik ez litzatekeela egon behar. Eta beraz, Nafarroako Gobernuak egindako... [+]
Egiptoko Gobernuak Israelen presioei men egin eta ehunka pertsona atxilotu ditu, Gazara egitekoa den martxa gelditu nahian. Hala ere, milaka lagunek martxari hasiera emateko prest jarraitzen dute, Israelen blokeoa apurtu eta genozidioa gelditzeko presioa egin asmoz. Melisa... [+]
Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.