Euskaratik salbuesteko plana

  • Dekretu zirriborroa aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak joan den udazkenean. Euskara ziurtagiriak aurkeztetik –eta horiek lortzeko azterketak egitetik– salbuetsiko ditu ikasle asko. Ikusi dugunez, dekretuaren kontrako ahots eta iritziak bat baino gehiago dira.

EGA eta bestelako euskara azterketak prestatzera doa jende asko euskaltegira. Irudian, Donostiako euskaltegi bat.
EGA eta bestelako euskara azterketak prestatzera doa jende asko euskaltegira. Irudian, Donostiako euskaltegi bat.Miel.A Elustondo

Joan den urriaren 3an irakurri genuen berria. Euskaraz ikasi duten ikasleak hizkuntza horren ezagutza bermatzeko agiriak aurkeztetik salbuetsiko ditu Eusko Jaurlaritzaren dekretuak. Ikastorduen erdia euskaraz egitea erabiliko du langa Gobernuak –ikusi 6. orrialdeko koadroa–.

EAEko Hezkuntza sailburu Isabel Celaák eta Kultura sailburu Blanca Urgellek egun hartan egindako agerraldian adierazi zutenez, ISEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak 2004. eta 2006. urteetan egindako ikerketak oraingo dekretua sustengatzera datoz. Alta, ikerketa horien arabera, ikasle gehienek Lehen Hezkuntzako 6. mailan B1 maila gainditzeko moduko ezagutza izaten dute, eta DBH bukaeran B2ra heltzen dira. Dekretuak atzera begirako eragina izango duela ere esan zuen Hezkuntza sailburuak, eta, horrela, 2008ko apirilaren 16tik aurrera lortutako titulu guztietan izango duela eragina. Inondik ere, egun horretan homologatu zituzten Eusko Jaurlaritzaren tituluak eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuak seinalatzen dituenak.

Kontrako iritzien arabera, ikasketen truke tituluak eman beharrean ikasleak titulu horiek aurkeztetik salbuetsi nahi ditu Jaurlaritzak. Aldiz, tituluak ematea baino bide egokiagoa eta “normalizatzaileagoa” dela esan zuen Kultura sailburuak. Hezkuntza arduradunak gaineratu zuen dekretuarekin euskaraz ikasten duten ikasleenganako “injustizia” amaituko dela, euskaraz ikasi ostean ez zaielako maila frogatzeko eskatuko, gaztelaniarekin horrelakorik ez dela gertatzen. Dekretuak ikasle askorentzat “askatzea” ekarriko duela, “askok orain dirua eta denbora xahutu behar dutelako euskara maila frogatzen”. Laster etorri ziren bestelako iritziak, euskararen aldeko normalizazio lanean gogorren ari diren sektoreetatik etorri ere.

Euskaratik salbuesteko dekretua

Esaterako, gaiari lotu zitzaion Lionel Joly Jakin aldizkarian egin ohi duen analisian. Iraila-urriko 186. zenbakitik ari gara, non Udazkeneko saltsa soziolinguistikoa izenburupean idatzi baitzuen Jolyk: “Euskara normalizatzen ari da, euskararen egoera soziolinguistikoa normalizatzen ari da, hori da Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuaren aurkezpenetik atera daitekeen ondorioa”. Dekretuaz ari, eta “euskaratik salbuesteko dekretuaz” ari zela idatzi zuen, eta gaineratu: “Euskara salbuespen egoeratik atera nahi bada, esan nahi du euskararen egoera normala ez zela eta dekretu bidez gauzak normalizatuko direla, salbuespen egoeratik egoera normal batera iristeko… euskararen egoera normala dela frogatzen saiatzea neurri batean oiloei hortzak bilatzea bezalakoa litzateke”. Soziolinguista honen aburuz, egia da euskararen bidean “hobekuntzak ageri direla, baina beste fronte batzuetan, funtsezkoak direnak eta hizkuntzaren egoeraren normaltasuna adierazten dutenak –hizkuntzaren eguneroko erabilera arruntak, arnas guneak eta abar–, aurrera ez da egin, baizik atzera”.

Lionel Jolyk bi ariketa soziolinguistiko egin zituen Jakineko artikuluan. Batetik, Jaurlaritzak prentsaurrekoan agertu zuen diskurtsoa aztertu zuen; bestetik, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari buruz agintariek agertu zituzten iritziak.

Isabel Celaáren hitzok hartu zituen hizpide: “Ez da normala herrialde batek herritarrei beren hizkuntza ofizialean inolako hizkuntz ziurtagiririk exijitzea administrazio publikoan, adibidez, lanpostu batera sartzeko orduan”. Jolyk, normaltasunari buruzko gogoeta egin ondoren, dio: “Hainbat herrialderen kasuan, haien egoera soziolinguistikoak kontutan hartuta, egia da bertoko hizkuntz ziurtagiririk eskatzea zentzugabekeria litzatekeela, normala ez litzatekeela. Baina euskararen, Euskal Herriaren egoera soziolinguistikoa, ez da herri horien egoera, eta agian beste testuinguru batean normala ez denak zentzua du hemen, bertoko testuingurua kontuan hartuta, eta erabat normala beharko luke izan, egoera aldatzen ez den bitartean behintzat. Bilbo ez da Paris edo Londres, euskara Bilbon ez da frantsesa Parisen edo ingelesa Londresen. Horregatik, hezkuntza sistema, hizkuntza politika eta hizkuntzen ziurtagirien kudeaketa han eta hemen ezberdin egin behar da. Baina Parisen eta Londresen ere gauzak ez dira hain sinpleak”. Prentsaurrekoan sailburuek adierazi zutenez, “euskara normaltzeko, herrialde normal batean bizi garela eta herri honek hezkuntza-sistema normala duela onartu behar dugu”, eta, soziolinguista honen erantzuna: “Euskal Herria herrialde normala da, zalantzarik gabe, baina bere ezaugarriak ere baditu eta horietariko bat eleaniztasun sozial desorekatua da, eta ezaugarri hori kontutan hartu behar da, bereziki hizkuntzak eta hezkuntza ereduak kudeatzerakoan”.

Lionel Jolyri interesgarri zitzaion bigarren azterketa ere, hau da, diskurtsoari zegokiona: “Ikustea nola krisi ekonomikoa eta diskurtso instrumentala zabaltzen ari diren gizartean”. Agintarien hitzok ondoren: “Gaur egun 37.000 pertsona ari dira euskara ikasten HABEko euskaltegietan. Haien artean, laurden bat baino gehiago 16 urtetik 25era bitarteko gazteak dira eta salbuesteari buruzko dekretuak onurak ekarri ahal dizkie, azterketetara aurkeztu behar ez izateak dakarren dirua eta denbora aurreztearekin. Baina ez da diru kontua bakarrik. Ezin dugu onartu gazteek beren urte onenak ezertarako balio ez duten alferrikako tramiteetan murgilduta ematea”. Eta Jolyk, zorrotz eta ozpin: “Noski, ikasle gutxiago bada euskaltegietan irakasle gutxiago beharko da eta krisi garaian administrazioarentzat hori garrantzitsua da. Euskararen aldeko hizkuntza politikarik ez egiteak ere diru gehiago aurreztuko luke baina, agian, eta momentuz, horrek koste sozial eta politiko handiegia suposatuko luke”.

Paris eta Londresko ereduez ere mintzatu da soziolinguista: “Nola egiten ote dute Parisen eta Londresen langile egokiak, hizkuntza ‘behar den bezala’ dakitenak kontratatzeko? Parisen frantses ziurtagiririk eskatzen al da? Gehienetan ez, gaitasuna ziurtatzeko modua askoz errazagoa, naturalagoa da: administrazioan zein enpresa pribatuetan sartzeko, hautapen prozesuan zehar hainbat ariketa ahoz, idatziz, elkarrizketa eta abar egiten da. Ariketa horietan guztietan hautagaiak hizkuntza erabili behar izaten du eta beraz prozesu osoan bere hizkuntza gaitasuna neurtzen da eta ondorioz, modu errazean, naturalean kanpoan gelditzen da hizkuntz gaitasun nahikorik ez duena (edo estandarrarekin ondo moldatzen ez dena). Naturaltasuna, normaltasuna aldarrikatu badira dekretua defendatzeko, ondoriozta genezake, beraz, laster administrazioetan sartzeko frogak euskaraz egingo direla... baina noski, testuinguru soziolinguistikoak ezberdinak dira”.

Euskaltegiak, bigarren mailako seme-alabak

Jon Zabala eta Mailu Lasarte izan ditugu solaskide. Biak ere IKA euskaltegiaren zuzendari dira Gasteizen. Galdezka joan gatzaizkie eta, elkarrizketaren harian, min zorneak ere agertu dira: “Oraingo Gobernuak esan bai –eta lehengoak ere berdin–, euskaltegiak hau eta hura, baina gu bigarren mailako seme-alabak izan gara beti. Sektore estrategikoa garela esaten digute, beti. Azkena, joan den irailaren 27an entzun genuen”. Egun hartan agerraldia egin zuten euskaltegiek Gasteizko Legebiltzarrean. Euskaltegiek hitz egin zuten, eta baita alderdietako ordezkariek erantzun ere. “Gure alde hitz egin zuten denek! Baita PPk eta UPDk ere. Gure alde, zalantzarik gabe. Eta, hortaz, zer pasatzen da hemen? Mundu guztia ados, Aralar, EAJ, PSE-PSOE –‘baina ez dago dirurik’, esaten zuten sozialistek–, denak ados, ‘sektore estrategikoa’ eta gainerakoak. Orduan, zer?”.

Esatekoak dituzte bi arduradunok, esateko zahar eta berriak: “Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohi Patxi Baztarrikak idatzia du, joan deneko 25 urtean 300.000 lagun euskaldundu omen dira. Horietarik 100.000 euskaltegien lanari zor zaio. Bada zerbait, gero. Zenbat gastatu dute Hezkuntzan, 200.000 horiek produzitzen? Zenbat dirurekin euskaldundu ditugu guk euskaltegietan, hau da, gainerako 100.000 horiek? Esan ere egin genion Baztarrikari: ‘Kontuak atera, mesedez, egin kalkulua, Hezkuntzara bideratzen duzuen diruaren hamarrenarekin erdia produzituko genukeen’. Miren Azkarateren garaian ere ez zen diferente izan, euskaltegiak bai, baina ez. Azkarateren arabera, Hezkuntzak euskaldundu behar zuen Euskal Herria. Edo EAE. Baina 30 urtean ez du egin”.

Zer esan die Jaurlaritzak euskaltegiei? “Bost urtean %30eko ikasle galera izango dugula. Plan estrategikoak dio hori, EAEko euskaltegiez ari dela. Zerk eragingo du jaitsiera? Besteak beste, dekretu zirriborro honek, hau da, hainbat lagun agiriak aurkeztetik salbuesteak. Bestalde, hor da beti krisia. Ekonomia. Gure galdera zera da: %30eko galera izango omen dugu ikasleetan. Hori horrela gertatuko da, ala hori gerta dadin bideak jarriko dira? Azken finean, egiten den hizkuntza politikaren gorabeheran dago hori”, esan digute Zabalak eta Lasartek.

IKAko arduradunon iritziko, hainbat lagun euskara agiria aurkeztetik salbuesteak ez du onik ekarriko. “Ikasle horietarik asko funtzionarioen bidean sartuko dira, euskarazko gaitasun hartzaile bai, baina sortzaile izan gabe. Itxuraz bai, euskaldunak izango ditugu Lakuan –eman dezagun, Jaurlaritzaren egoitza nagusian–, baina gaztelaniaz zuzendu beharko gara hara. Horri dagokionez, esaterako, badugu Trebakuntza Programa bat abian. Haren bidez hemeretzi irakasle ditugu Lakuan, lanean, EGA edo laugarren mailako tituluaren jabe diren langileei euren lana egiten laguntzeko. Ahozko zein idatzizko erabilera bultzatzeko modua da”. Agiriak aurkeztetik salbuesteak, berriz, otar berean jarriko ditu nahasian euskaldun hartzaileak eta sortzaileak. “Askok euskarazko agiriak ematen duen mailaren aitortza izango dute, baina ezingo dute euskara erabili, ez dutelako jakingo; ez bere lana egiteko beste, behintzat. Elebidun hartzaile dira, baina ez sortzaile. Eta nola emango diogu C1 mailako eskola, C1 maila aitortua dioten bati? Barkatu, baina kristo bat iruditzen zaigu. Hezkuntzak teorian eman behar duena emango balu, ados ginateke. Bestela, ez”. Ikasgaien erdia euskaraz egin duten guztiak zaku berean sartu, ez: “Ezin dira Gasteiz eta Aulesti konparatu, adibidez”. Horra inguruko egoera soziolinguistikoaren garrantzia, dekretuak aintzat hartzen ez duena.

Erreportajea ontzen ari ginela, berriz, Eusko Jaurlaritzaren jakinarazpena joan den otsailaren 17an. “Euskara-maila egiaztatzeko azterketen matrikula epeak irekitzear dauden honetan, Hezkuntza Sailak eta Kultura Sailak gogorarazi nahi dute dekretu berri bat tramitatzen ari dela, administrazio publikoan lanpostu bat lortu nahi duten eta ikasketak euskaraz egin dituzten pertsonak hizkuntzen ziurtagiriak aurkeztetik salbuetsiko dituena (administraziotik kanpoko beste lanpostu batzuei ere aplikatuko zaizkie salbuespen horiek, irakaskuntza pribatuko eta euskaltegiak bezalako beste zentro homologatu batzuetako irakasleei esate baterako)”. Eta tar-tar-tar, eman suari egurra.

Baliokidetasunak

Hona tituluak aurkeztetik salbuesteko dekretuak baliatuko dituen oinarriak:

B1 maila. DBHren erdia euskaraz ikasi dutenentzat. Garai bateko 1. Hizkuntza Eskakizunaren baliokidea da. Euskarazko testu argietako ideia nagusiak ulertzeko gaitasuna dute B1 dutenek; oinarrizko gaitasuna dute ahozko komunikazioan eta idaztean.

B2. Batxilergoaren erdia euskaraz ikasi dutenentzat. 2. Hizkuntza Eskakizunaren baliokidea da. Testu zehatz edo abstraktuen ideia nagusiak ulertzen dituzte maila honetan, solasaldietan erraz molda daitezke, eta gai askori buruz idazki argi eta zehatzak egin ditzakete. Bi mailotan, B1 eta B2, ikasleek, ezarritako ikastorduak betetzeaz gain, Euskara eta Euskal Literatura ikasgaia gainditua izan behar dute.

C1. Unibertsitate ikasketak euskaraz egiten dituztenentzat. EGAren baliokidea da. Nolabaiteko zailtasuna duten testu luze mota asko uler ditzakete C1 lortu dutenek, esanahi inplizituak barne.

C2. Doktore tesia euskaraz egin dutenak eta hainbat titulu dituztenak. Entzun eta irakurtzen den ia guztia ulertzeko gaitasuna eskatzen du C2k. Erraz komunika daitezke ahoz eta idatziz, zehaztasun handiarekin eta era ondo egituratuan.

Blanka Ugarte, Gasteizko Hegoalde euskaltegiko zuzendaria
«Agintariek arazo bat dute Hezkuntzan, baina estali nahian ari dira»

Egina duzue gogoeta dekretuaren inguruan.

Gozoki pozoitua da. Neurri popularra, oparia jendearentzat, baina euskararen kalitatearen kontra egiten duena argi eta garbi eta behin indarrean jarriz gero, atzera egiterik ez duena. Gurea oso euskaltegi txikia da, ez dugu pisurik sektorean, eta eragin handia izango du gure geroan. Urteko batzar nagusian hitz egin genuen. Hemeretzi kidek osatzen dute zuzendaritza batzordea, badira adinekoak, oso adinekoak, eta gazte sasoikoak. Bada, zaharrenek jo zuten gogorren: “Dekretua hau? Manifestazioa egin behar dugu! Euskaltegiak bildu behar ditugu”. Horretan gaude oraindik. Irabazi asmorik gabeko elkartea gara lanean.

Kalte egingo dizuela esan diguzu...

Gure euskaltegiari, bai. Neurri ekonomikoa da. Celaák zioenez, ez da normala hizkuntza egiaztatzea eskatzea. Ez da normala? Euskararen egoera ere ez da normalizatua! Diskriminazio egoera bizi du. Celaák esan zuen beste hori ere, “ikerketa zientifiko-teknikoa” hartu zutela oinarrian. Bai, eta helburua duzue politikoa, eta ekonomikoa! ISEI-IVEIren ikerketaren emaitzak ezagutzen ditugu, ondo ezagutu ere, eta emaitzak ez ziren onak. Esaten zuten 16 urtera arte curriculumaren %50 baino gehiago euskaraz egin duenak B1 maila ez izatea, hezkuntza sistema kuestionatzea dela. Irakasle konpetenteak, material konpetenteak, habitat konpetentea aipatu zituen Celaák. Bada, irakasleak eta materialak alde batera utzita, Gasteizen, habitat delako hori ez da oso konpetentea, ala?

Euskaltegiaren geroaz mintzatu zatzaizkit…

Gerora, askoz jende gutxiago etorriko da. Jendea, euskara maila aurkeztetik salbuetsita egongo delako. Hara, guri B eta D ereduko hainbat jende etortzen zaigu Gasteizen. 17-18 urte dituzte, EGA atera nahi dute, baina ez dute C1 mailarik. Dena euskaraz eman dutenak ere, larri. Hor zerbait gaizki ari gara egiten. Ikastola jakin batean, D ereduan ikasten ari diren ikasleak ditugu, EGA prestatzen. Horien %20k gainditu ohi du froga lehenengoan. Ikasle horiek, oro har, ez dute mailarik, eta geroan ez zaie exijituko. Tituluaren mailako aitortza emango diete, mailarik izan gabe. Dekretua euskararen kalitatearen kontra doa, zuzen-zuzen. Eta ondoko belaunaldien mailan ere eragingo du. Beste kasu bat: ikastetxe jakin batean H ikastaroa ari gara eskaintzen, hau da, EGAtik gorako ikastaroa. Irakasleak EGAdunak dira, baina ez dutenez euskaraz hitz egiteko ohiturarik, maila galdu dute. Egoera iraultzen saiatzen ari dira orain... Bai, agintariek arazo bat dute Hezkuntzan, baina estali nahian ari dira.

Maren Belastegi, Udal Euskaldunen Mankomunitateko zuzendaria
'Dekretuz euskalduntzea' ez da euskalduntzea

Eusko Jaurlaritzak iragarri zigun 2011. urtearen bukaera aldera dekretu bat aterako zuela, herritar batzuei euskara ziurtagiriak emateko: unibertsitateko ikasketak euskaraz egin dituztenei EGAren pareko maila aitortuko die, DBHren erdia euskaraz ikasi dutenei B1 maila, Batxilergoaren erdia euskaraz egin dutenei 2. hizkuntz eskakizuna… Siglen saltsa horren erdian arriskua dugu arazoaren muina zein den ez konturatzeko.

Eta arazoaren muina hau da: Jaurlaritzak euskara maila bat aitortuko dio euskara mailarik ez duen jende multzo bati. Iritziez harago, Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindutako ikerketen ondorio nagusia da hezkuntza sistemaren baitan ikasle batzuk ez direla iristen euskara maila jakin batzuetara. Hona hemen 2005eko txostenean Josu Sierra Orrantia garai hartako ISEI-IVEIko zuzendariak adierazitakoa: «Irakastereduek lortu dezakete maila jakin bat edo bestea, baina ez batak ez besteak ere ez du ziurtatzen ikasle guztiak 'euskaldunak' izango direnik». Ezin da besterik ondorioztatu datuak irakurrita.

Bestalde, bada kontu harrigarri bat. Jaurlaritzak orain arte euskara azterketak nazioartean horretarako irizpideak paratzen dituzten erakundeekin bat eginik diseinatu ditu, kalitatezko egiaztatze sistema bat lortu nahian: ILTA, ALTE eta EALTArekin, eta azken biekin batera Europako Kontseiluarekin. Izan ere, HABE EALTAren sarean dago gaur egun, eta Jaurlaritzaren EGA titulua ALTEko kide da. Eta orain, halako batean, dekretuz egiaztatu nahi da herritarren euskara-maila. Baina argi dago horrela Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoan proposatzen diren ebaluazio irizpideak hankaz gora jartzen direla. Erakunde horien arabera, azterketarien gaitasun komunikatiboaren maila neurtzeko bi printzipio nagusi bermatu behar dira: ebaluazio prozesuen kalitatea eta zuzentasuna. Eta horretarako, oinarrizko irizpideak bete behar dira: azterketen baliotasuna, proben konparagarritasuna eta egonkortasuna, eta zuzenketen fidagarritasuna eta zehaztasuna.

Dudarik gabe, Jaurlaritzak orain planteatzen duen egiaztatze sistemak ez ditu irizpide horiek betetzen, eta ez du batere berme teknikorik. Talka egiten du, bete-betean ebaluaziorako oinarri zientifiko guztiekin. Ez dago bidezidorrik; ez da onartzekoa euskaldunen euskara maila dekretuz neurtzea.

Sierra Orrantia jaunaren adierazpenaren arrastotik, galdera bat egin nahi dugu: irakastereduek ikasle euskaldunak izatea ziurtatzen ez badu, zergatik ziurtatu behar du hori dekretu batek?

Gehiago ematen du entelekia bat sostengatzen ari direla: irakastereduek euskalduntzen dute eta kito! Izan ere, Jaurlaritzaren argudio bakarra Blanca Urgell Kultura sailburuaren hitz hauek laburbiltzen dute: «Herrialde batean hizkuntza bat ofiziala bada, ez da normala herritarrei hizkuntza ofizial horren ziurtagiria eskatzea administrazio publikoko lanpostu bat eskuratzeko». Gauza bera esan zezakeen Nafarroako Gobernuko kide batek, Nafarroan ere hasiak baitira ikasketak euskara ziurtagiriekin parekatzen.

Gure ustez, hausnarketa horrek bi hutsune ditu. Alde batetik, galdera honi erantzutea falta zaio: normala al da berezko hizkuntza euskara duen lurralde oso batean euskara ofiziala ez izatea? Eta, beste alde batetik, esaldiari bigarren zatia falta zaio: toki batean hizkuntza ofiziala bada, zer da normala hizkuntza ofizial bateko hiztunarentzat? Ofizialtasunak bere horretan ez du bermatzen euskaraz normal jarduteko eskubidea —hau da, normalizazioa—. Beste hitz batzuekin esanda: Hego Euskal Herriko hizkuntz legeek euskarari lurralde jakin batzuetan (Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroaren zati batean) ofizialtasun estatusa emateak ez dakar bere horretan euskara eta euskararen erabilera normala izatea. Gure aburuz, ofiziala izatea ez da lortutako helburua, baizik eta administrazioak euskararen alde neurriak hartzeko akuilua. Eta, horren baitan, administrazioari dagokio euskaldunari euskarazko tratua eman behar izatea. Horixe da normala, edo, horrek izan beharko luke normala. Euskaldunari, euskaraz. Eta euskararen legeek eta legeon garapenek (garapenik ezak?) horretarako balio ez badute, esan nahi du legeek ez dutela euskalduna asetzen, ez EAEkoa, ez Nafarroakoa.

Argi daukagu bide horrek orain arteko desoreka mantendu ez ezik handitu egingo duela: gaztelania euskararen gainetik, erdaldunak euskaldunen gainetik. Bi hizkuntza ofizialen ezagutzari begiraturik, elebakarrak elebidunen gainetik. Eta hori egiturazkoa da, orokorra; ez da kasu bakan bat.

Hemen, Euskal Herrian, eragile asko ari gara euskararen normalizazioan. Horien artean dago Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Geure gabeziekin eta akatsekin, hortxe gabiltza, tirrika-tarraka, udalerri euskaldunak euskaldun(ago) izateko borrokan pedal kolpeak emanez. Eta aurrera goaz euskararen normalizazioaren bide malkartsu eta gorabeheratsuan. Eta Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak aldapa gogorra jarri digute dekretu bidez euskalduntzearen formularekin.

Errepidea lauago egin, zuloak estali, euskalgintzan ari direnei ura eskaini edo tarteko helmugetan sariak eman ordez, nahiago dute ibilbidean aldapak jarri. Baina trabak traba eta mugak muga, aurrera jarraituko dugu, argi daukagulako hau: zenbat eta bide malkartsuagoa egin, orduan eta gozamen handiagoa helmugara iristen garenean.


ASTEKARIA
2012ko martxoaren 11
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude