Xaloa Telebista: Erregulazio Espedientearekin

“2012a salbatuko dugu”, esan digu Joseba Igarabide Xaloa Kultur Elkarteko kideak, Oronoz-Mugaireko estudioan. Xaloa telebistako bost langileek Enplegu Erregulazio Espedientea onartua dute, sei hilabete edo urtebete iraun dezake EEEak. Ekoizpena berdin mantenduko dute. 1997an sortu zen telebista eta Urdazubin, Zugarramurdin, Baztanen, Malerrekan eta Bertizaranan ikus daiteke analogikoan. Momentu onenetan zortzi-bederatzi langile izan ditu. Gaur egun ekoizpen bertsua egiten dute langile gutxiagorekin.

Hizkuntza gutxituentzako Europak emandako diru-laguntza baliatu zuen Xaloa Kultur Elkarteak 1997an telebista abian jartzeko, eta 1998an jada egunero emititzen zuen. Igarabidek gogoan du batzuek nola esan zuten proiektua abian jartzea erokeria eta gehiegikeria zela. Bere ustez, esperientziak erakutsi du posible izan dela. Kontua da orain egoera arras katramilatua dutela. Nafarroako Gobernuak laguntzak ezerezean utzi izanak ez dio eragin telebistari, 2010ean eta 2011n ez baitute laguntza horietatik ezer jaso. Hitzarmen berezia dute Gobernuarekin, laguntzak eman beharrean interesekoa duen ekoizpena erosten die Gobernuak. Egoera berezi horretan dago telebista Espainiako toki telebisten zonifikazioan Nafarroako Gobernuak iparraldea (zonalde euskaldunena) mapatik kanpo utzi zuelako. Beste era batera esanda, Nafarroako Gobernuak hainbat eremutan banatu zuen Nafarroa lizentziak banatzeko eta iparraldea kanpoan utzi zuen. Xaloa legala da analogikoan, baina digitalean ilegala. Haien eskaera garbia da: lizentzia deialdia egin dezatela lehian parte hartu ahal izateko. Oraingoz, 2012an ere, hitzarmen bidez moldatu beharko dute Gobernuarekin, nahiz eta Igarabideren ustez, “ekoizpena merke erosten diguten”. Eusko Jaurlaritzak 2011n ez die diruz lagundu, lizentziarik gabeko telebista direlako. Alabaina, aurten nolabaiteko akordio batera iristea espero dute. Tokiko erakunde publikoei dagokienez, Baztango Udalak baino ez die laguntzen. Proiektuari eusteko jendearengana joko dute, eta baita publizitate sarrerak indartzera ere. 2010ean eta 2011n publizitatea lortzeko ekimen arrakastatsua landu zuten. Herriz herri zuen izena proiektuak eta hala, esate baterako, Leitzara joan eta handik emisio berezia egin zuten. Bertako publizitatea erakartzeko baliatzen zuten saioa. Adibidez, Leitzako ikus-entzuleek uhin bidez ezin dute jarraitu telebista, baina bai xaloa.com-en bidez. Horrelako aukerei aurten ere bide emango diete.

Aurten arnasa hartuko dute, baina borrokan segi beharko dute Xaloa Kultur Elkarteak eta telebistak.


Eguneraketa berriak daude