Elizak feudo bat galdu du

  • Apaiz pederasten eskandaluak zeharo aldatu du Irlandako gizartearen egitura. Estatua eta Eliza elkarrengandik gero eta bereiziago daude. Keinu adierazgarri bat: Vaticanoan zuen enbaxada itxi berri du Gobernu irlandarrak.

San Patrizioaren irudia Irlandako eliza bateko beirategian. Elizak sekulako boterea izan du orain arte Irlandan.
San Patrizioaren irudia Irlandako eliza bateko beirategian. Elizak sekulako boterea izan du orain arte Irlandan.Amaia Alvarez Berastegi

Irlandako hegoaldean presidentea aukeratzeko egin dituzten hauteskundeek datu esanguratsua jarri dute mahai gainean. Batetik, Michael D. Higgins, alderdi laboristaren hautagaiak, botoen %58 eskuratu ditu eta garaile suertatu da, eta bestetik, Dana Rosemary hautagai independienteak botoen %2,9 besterik ez ditu jaso. Lehendabizikoak abortatzeko eskubidea eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak defendatu ditu; Rosemaryk, aldiz, gai horien kontrako kanpaina gogorra egin du.

Datu horiek erakusten dute aldaketa handia izan dela irlandar gizartean. Eta aldaketa horretan, azken urteetan apaiz pederasten kasuak publiko egin izanak eragin itzela izan du. Izan ere, historikoki, eta bereziki irlako hegoaldeak independentzia eskuratu zuenetik, Irlanda Elizari estu lotuta egon da bai instituzioei  baita gizarteari dagokionez ere. Historia hurbilean, harreman hori erakusten duten adibide ugari ikus ditzakegu: dibortzioa 1998an legeztatu zen; iaz Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Gobernua zigortu zuen arriskuan zegoen emakume bati abortoa egitea ukatzeagatik; eta oraindik gaur egun ere, eskolen %90ek Elizaren kontrolpean jarraitzen dute.

Azken hauteskundeen emaitzek erakutsi dutenez, hamar urtetan iritzi publikoaren jarrera Elizarekiko aldatu egin da. Hain justu, sexu abusuen ikerketak egiten hasi direnetik. Lau ikerketa nagusi egin ditu Gobernuak 2000. urtean osatu zuen Batzordeak. Estatuaren eta Elizaren kontrolpean dauden hainbat eskoletan eta elizbarrutitan milaka kasu egon direla ondorioztatzeaz gainera, Hezkuntza departamentuko langile askok, apezpikuek eta polizia batzuek horien berri bazutela azaleratu dute txostenek. Azken abusuak, halaber, 2008an egin zirela frogatu dute ikerketek, alegia, Elizak abusuei aurre egiteko neurriak martxan jarri eta askoz geroago, 1996an egin baitzuen abusuak eragozteko gida. Besteak beste, Amnesty International erakundeak Vaticanoaren ardura salatu du Irlandan haurren kontra egindako “tortura eta tratu iraingarrietan”.

Ikerketak egiteko Batzordea orain hamaika urte martxan jarri bazuten ere, haurren kontrako abusuak 90eko  hamarkadan hasi zen azaleratzen. Kasurik ezagunenetariko bat Brendan Smyth apaizarena izan zen. 1994an atxilotu zuten 100 haur baino gehiagoren kontrako sexu abusuak egiteagatik. Dublin, Belfast eta AEBetan egin zituen delituak eta gerora frogatu izan denez, apezpiku batek baino gehiagok zeukan gertatzen ari zenaren berri.

Hala, ikerketa nagusiak orain dela hamar urte hasi zituen Gobernuak. Azkena, Cloyne txostena, aurreko uztailean eman zen argitara eta apaizek Corkeko elizbarrutian egindako sexu abusuak estali zituztela ondorioztatu du. Ordura arte argitaratutako txostenek diozesien jarrera “desegokia” izan dela esan dute, baina Cloyne ikerketa pauso bat harago joan da eta ezagutzera eman du Corkeko diozesiko arduradunek Estatuari informazioa ukatu eta gezurrak esan dizkietela. Diozesi horretan 19 apaizek jaso dituzte alegazioak adingabeen kontrako abusuak egiteagatik. Abusu horiek estali zituzten apezpikuen artean Aita Santuaren konfidantzazko gizon izandako John Magee agertzen da. Ikerketa egiten ari ziren bitartean, 2010eko martxoan, Elizan zuen kargua utzi zuen Magee-k. Edonola ere, kargua utzi duen bakanetakoa izan da.

Cloyne txostena izan da, hain zuzen, Gobernuaren haserrea piztu duena. Ondorioz, 2011ko otsailetik Irlanda hegoaldeko Taoiseach (Lehen ministroa) den Enda Kennyk (Fine Gael alderdi kontserbadoreko kidea) lehen aldiz egin du Vaticanoaren kontra. Apaiz pederastekiko Elizaren “nartzizismoa” gogor salatu zuen 2011ko uztailean Kennyk eta harrezkero, harremanak hoztu egin dira instituzio bien artean. Berriki, esate baterako, Irlandako Gobernuak keinu adierazgarria egin du Vaticanoan Irlandak duen enbaxada itxiz. Bertsio ofiziala krisi ekonomikoa izan bada ere (Iranen zuen enbaxada ixtea ere erabaki du), horren atzean Vaticanoarekin duen liskarra dagoela ez du inork zalantzan jarri.

Txostenek argitara eman duten kasuen larritasuna ikusi ondoren eta haien aurrean Elizak izan duen jarrera agerian geratu eta gero, Irlandako Gobernuarentzako eutsiezina izan da Vaticanoa denbora gehiagoz babestea.

Nolanahi ere, Eliza katolikoaren krisiaren erroak Irlandan, sexu abusuen eskandalutik harago doaz, Dublingo artzapezpiku Diarmuid Martinek azaldu zuenez. 201ko otsailean Cambridge Unibertsitatean egin zuen hitzaldi batean, Irlanda osoan eztabaida piztu zuten adierazpen batzuk egin zituen Martinek. “Eliza katolikoa kultura minoritarioa bilakatuko da Irlandan”, aurreikusi zuen, katolizismoaren “krisi sakonari” buruz ohartarazi zuen heinean. Martinen ustez, Elizak ez du erantzun apaiz pederasten kasuen aurrean “behar bezala” – “egia estaliz gizartearen konfidantza galdu dugu”– eta horretaz gain “gazteak erakartzeko erronkan porrot egin du”. Azken batean, Elizak “behar dituen erreformak egin ez dituenez”, katolizismoa kultura minoritario bilakatuko dela uste du. Nahiz eta adierazpen horiek pisu handiko apezpiku batek egin zituen, salbuespena dira, orokorrean apaiz irlandarren jarrera isilik egotearena izan baita.

Justizia lortzeko, beraz, oraindik bide luzea dago. Irlandako hegoaldean oraindik ere ikerketak egiteke daude eta iparraldean oraindik ez dute tamaina handiko ikerketarik egin. Hala ere, duela aste batzuk, Cloyne txostenak eragin duen presioaren harira, iparraldean ikerketa bat egingo dutela erabaki zuen Stormonteko Gobernuak. Aurrerapauso gisa hartu dute abusuak salatu dituzten erakundeek –iparraldean abusu asko egin zirela ondorioztatzeko ebidentzia asko dago haien ustez–, baina aldi berean, ikerketaren prozedura salatu dute, gutxienez bi urte beharko dituzte-eta ikerketa hasteko. “Gehiegi itxaroten ari gara egia ikertzeko, zergatik behar dituzte bi urte lanean hasteko?”, salatu du prensa ohar baten bidez Eliza Katolikoaren Abusuetatik Bizirik Irten Direnen Elkarteak.
 

Magdalenak, zigorrik gabe

Apaizek haurren kontra egin dituzten sexu abusuak azaleratzen ari dira gutxinaka Irlandan. Ordea, Magdalenen ordenaren etxeetako tratu txarrak iluntasunean jarraitzen dute. Eta hala jarraituko dute epe laburrean behintzat, kasu horiek ikertzeko prozedura askozaz opakoagoa baita. XVIII. mendetik 30.000 bat emakume eta neska gazte pasa dira Magdalenen etxeetatik. Azkena 1996an itxi zuten Waterforden.

Gakoa erakundeen izaera juridikoan dago. Gaur egun ikertzen ari diren abusuak, oro har, Elizak eta Estatuak kontrolatutako eskoletan eta haiei lotutako diozesietan egin dituzte eta beraz badago ikerketa publikoa egiteko bide legala; Magdalenen kasuan, aldiz, neska gazteek jaso zituzten tratu txarrak ikertzeko bidea zailagoa da, Elizaren ordena horrek ez daukalako Estatuarekin harreman zuzen ofizialik.

Magdalendarrentzako Justizia (Justice for the Magdalenes) kanpainak, halere, bertan izandako tratu txarrak –emakumeak esplotatuak eta sistematikoki kolpatuak izan ziren– ikertu behar direla defendatzen du. Halaber, Estatuak horretan ardura daukala ere aldarrikatzen du. Izan ere, Gobernuak bertara bideratzen zituen emakume gazteak espetxera bidali beharrean.  Haien ustetan “galduta” zeuden emakumeak bidaltzen zituzten Magdalenetara; ama ezkongabeak eta kalean bizi ziren neskak, besteak beste.
 


Azkenak
2024-05-13 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


2024-05-13 | ARGIA
Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko da Herri Urratsen jasotako dirua

Maiatzaren 12an Senpereko lakuaren inguruan egin da Herri Urrats, ohi bezala. 41. edizioan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna.


Aragonesek dimisioa aurkeztu du, ERCren emaitza txarren ondoren

Itxura guztien arabera, PSCko Salvador Illa izango da Generalitateko hurrengo presidentea, norbait izatekotan. Bestela, hauteskundeak errepikatzeko aukera dago. Egungo presidente Pere Aragonés eta ERCk jaitsiera handia izan dute. Abstentzioa %41ekoa izan da.


2024-05-13 | Estitxu Eizagirre
Lurra Taupaka festa
Amillubi martxan da

Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak Amillubi proiektua abiatu du, Gipuzkoan toki estrategikoan kokatua dagoen Amilibia baserria eta bere bederatzi hektarea lurrak kolektibizatzeko. Maiatzaren 11n festa egin dute Amillubin: herritarrek proiektua bertan arnastu... [+]


Hiru itun zail Kataluniako Generalitateko presidente izateko

Kataluniako Parlamentuko gehiengo independentistaren galerak eta hemizikloa eskuinerantz eta espainolismorantz biratzeak gobernagarritasuna zailtzen dute. Maiatzaren 30eko Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak, Amnistiaren Legea bozkatu behar duenak, eta ekainaren 9ko... [+]


Eguneraketa berriak daude