Komiki hiria

  • Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean paratu duten Hiriko Fikzioak erakusketak komikiaren eta hiriaren arteko harremanean sakondu nahi du.

Beheko irudian Pushwagner artista norvegiararren They are asleep lana. Hiriari buruzko ikuspuntu alienatzaile eta zapaltzailea adierazi zuen bere obren bidez.
Beheko irudian Pushwagner artista norvegiararren They are asleep lana. Hiriari buruzko ikuspuntu alienatzaile eta zapaltzailea adierazi zuen bere obren bidez.

Hiriari begiratzeko moduak. Artista adina hiri modelo. Trazu beste hiri. Distopiak sortu dituzten komiki egileak, hiria esperimentu lekutzat dutenak, utopiak irudikatu dituzten arkitektoak. Horiek guztiak eta gehiago aurki daitezke Hiriko Fikzioak erakusketan, artista ugariren proposamenetan. Bi bilduma izan ditu Neus Miró komisario izan duen erakusketak oinarri. Batetik, Luis Gasca Gipuzkoako Foru Aldundia bilduma eta bestetik Julian Armendarizen bilduma. Hiria eta komikia lotzen dituen aurreneko arrazoia historikoa da. “Komikia XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera inguruan sortzen da, Europako hirien zabalkundearekin batera”, argitu digu Nerea Izagirre Hezkuntza Saileko Koordinatzaileak bisitan zehar. “Estetikoki harreman estua izan zuten biek eta horrek bere isla izan zuen komikien egituraketan hiriaren paisaiari erantzunez. Komikian irudiak, pertsonaiak, eszenak eta testuak baldin badaude, hirien egunerokotasunean, publizitatean du isla horrek, kalean ikusten ditugun testu eta irudietan”.

Hirien gainean hausnar egitera garamatzan materiala anitza da eta, anitza halaber, artistek gaia jorratzeko modua. Erakusketako aipagarriena Pushwagner (Oslo, 1940) norvegiarraren lana da. 1960-70 hamarkadetan, Pop Art-aren momenturik garrantzitsuenean, hiriaz zuen ikuspegia islatu zuen artistetako bat izan zen Pushwagner. 1969-1975 bitartean argitaratu zen Soft City lana dago ikusgai. “Hiriari buruzko ikuspegi alienatzaile eta zapaltzailea adierazten du, errutinazkoa. Jendea bata bestearen berdina da. Denek lan bera egiten dute eta berdin jantzi. Errutina hori mantentzeko goizero pilula bat hartzen dute, Live izenekoa” diosku Nerea Izagirrek. Trazu dardaratiz egindako marrazkiek identifikatzen dute Pushwagner. Boteredunek hiritarren gainean duten kontrola, zainketa, militarizazioa, inkomunikazioa eta elkartasun eza dira gai nagusiak. Genero rolen asignazioa nabarmena da eta literaturak irudikatutako distopia ezagunenak dakartza gogora. Hiru formatutan aurkeztu dute Soft City. Horma batean lerrokatu dituzte komikiaren orri orijinalak, batetik, eleberri grafikoa liburu formatuan ekarri dute, bestetik, eta 2008. urtean egindako animazio bideoa ere bertan da. Bideotik eratorritako soinu metaliko errepikakorrak hirien erritmo itogarri eta hertsitik ezin atera gaitezkeela sentiaraziko digu obra bisitatu bitartean.

Utopikoagoak izan ziren proiektuen artean, Archigram Londres inguruko arkitekto taldea da aipatzekoa, 1961-1970 bitartean lan egin zuena. Proiektu gutxi eraiki bazituzten ere, erakusgelan beraietako batzuen zirriborroak daude, baita argitaratzen zuten aldizkariaren ale bat ere, bosgarren zenbakia, hain zuzen, Metropoli izenekoa. “Hiria hiritarren mesedetara egon zedin nahi zuten, hiritarrenbeharrei erantzuteko. Komunikazio sistemari ematen zioten garrantzia”, dio Nerea Izagirrek. Arkitektura eta hiria lotzen dituen beste autore bat Txuspo Poyo da (Altsasu, 1963), Passenger. 50 segundos en vertical lanarekin, Bilboko Begoña auzoko igogailua eta bere eraikina 3D bideoan birmoldatuz. Beste askoren artean, Julian Armendarizen bilduman komiki egileen lan orijinalak ikus daitezke eta ondoren orijinal horien publikazioak arakatu irakurketa gelan. Batetik bestera, autoreek aurrera eramandako prozesu formala prezia daiteke: zuri-beltzetik margorako bidea, bunbuilo hutsetatik testurakoa.

Erakusketarako espresuki egindako lanak

Elkartu dituzten lan ugarien artean hiru artistei beren-beregi eskatu zieten obra bana burutzeko. Erakusgelako bi patio zentraletan bina mural ikusten ditugu. Bata, Judas Arrietarena (Hondarribia, 1971), DonostiLand edo Hiri faltsutuak izenekoa. Ekialde Urrunarekin duen harremanagatik ezaguna den artistak Donostia posible bat irudikatu du, manga ukitukoa, Donostiarekin zerikusirik ez duten komikietako pertsonaiak zein komikietako hiriak erantsiz. Bestea, Javirroyo diseinatzaileak (Zaragoza, 1972) osatu duen murala da, errotuladorearekin hiri asmatu bateko hainbat eszena margotuz, gaztelaniazko eta ingelesezko esaldiekin makro hiri bateko egunerokotasuna islatuz, eta fikziozko King-Kongi edo estralurtarren nabeei muzin egin gabe. Eta, azkenik, hiriarekin harremanetan jartzera gonbidatzen gaituen Francesc Ruiz-en (Bartzelona, 1971) instalazioa dugu. Eusko Trenen Gipuzkoako zenbait geltokiren izenak dituzten panelak jarri ditu erakusgelan. Eta bakoitzaren azpian komiki atal bat eta graffiti spray bat. Nerea Izagirrek esplikatu digu hamabost egunez egon zela artista Euskal Herrian eta Hendaia-Lasarte trena hartu zuela. Ibilbide horren inguruan egindako komikiak sei atal ditu, geltoki bakoitzeko bat. Graffitiei egindako erreferentzia da nagusi komikietan, neurri handi batean borroka sozialen isla ere badena (Aldi Baterako Lan Enpresen aurkako edo ANVrentzako bozka eskatzen duten pintadak ikusten dira). Erakusketa ireki berritan komikia Easo plazako topo geltokian banatzen aritu zen artista eta ez da hau komikia eta hiria uztartzen dituen lehenengo aldia. Egiptoko Kairon egin zuen beste proiektu bat ikuska daiteke gelan, Saihesbide Berdea izenekoa. Orduko hartan komiki bat utzi zuen hiriaren puntu batean eta bertan pista batzuk hirian barrena komikiaren bigarren zatia aurkitzeko.

Erakusketaren diseinua eta muntaia Alvaro Matxinbarrrena diseinatzailearena da. Kartoiz osatutako mahaietan jarrita daude bildumako komikiak eta irakurketa gelako altzariak ere kartoizkoak dira. Bertan komiki liburuak kontsulta daitezke. Euskaraz goza daitezkeenak, hauek: De Rerum Naturaren hiru liburu (Zaldieroa), Piztia Otzanak (Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgado), Pololoak (Patxi Gallego) eta Kristalezko Hiria (Paul Auster). Erakusketa 2012ko Urtarrilaren 28ra bitartean dago zabalik. Aukera bikaina komiki hirien fantasian barneratzeko eta hiri modeloen gainean hausnartzeko.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude