"Don Blasen ilusiorik handiena hizketa laguna aurkitzea da"

  • Egunkarian irakurri zuen Pedro Viegasek Don Blas txana hiztuna hizketarako lagun bila zebilela. Txana hizkuntza XIX. mendean desagertu zela uste zuten adituek. Don Blasekin berriketa luzeak izan ditu txana hizkuntza hitz egiten duela frogatu ahal izateko.

"Historia ofizialak indigenak ezabatu nahi izan ditu, eskola liburuetan haiei buruz lehenaldian hitz egiten da beti, egun biziko ez bailiran".
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zein toki izan dute hizkuntza indigenek Argentinan historikoki?

Konkistatzaileek herri indigenak bortizki zapaldu zituzten eta kultura indigenekiko mespretxuak beste aurrerapauso bat eman zuen estatu argentinarraren sorrerarekin. Europako estatuen ereduari jarraiki, eredu elebakar eta kultura bakarrekoa ezarri zuen. Beraz, biztanleriaren erroldetan indigenen presentzia ezkutatzen saiatu ziren eta ez dago indigena kopuruaren inguruko daturik. Historia ofizialak indigenak ezabatu nahi izan ditu, eskola liburuetan haiei buruz lehenaldian hitz egiten da beti, egun biziko ez bailiran.

Ba al dakigu zenbat indigena bizi diren Argentinan?

2001eko erroldan herri indigenentzako inkesta gehigarria zabaldu zen. Eskuratu ziren datuen arabera, 600.000 indigena inguru bizi dira, 40 herri baino gehiagotakoak. Dena den, datu horiek kritika ugari jaso dituzte, indigena askok bere datuak ez zituztela eman gauza jakina da. Oraindik haien identitatea jakitera emateko beldur dira asko eta ez dira indigena aitortzen. Beraz, estimazio hutsa da.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Argentinan?

Ezagutzen ditugun hizkuntzak –hitz egiten direnak eta desagertu direnak kontuan hartuta– 32 dira. Beraz, aldea dago gaur egun Argentinan bizi diren herri kopuruekin. Herri horietako batzuek izan zuten hizkuntzei buruz ez dakigu ezer. Ezagutzen ditugunen artean, 15 dira gaur arte bizirik iritsi direnak eta hiztun kopuruari dagokionez desberdintasun handiak daude. Adibidez, hiztun gehienak dituztenak Santiagoko kitxua (60.000-100.000 hiztun), maputxeen mapudungun hizkuntza (40.000-60.000 hiztun) eta toba (36.000-60.000) dira. Aldiz, txikien artean daude tapietea (380), txulupia (250) eta txorotea (1.200-2.100). Gainera, hiru hizkuntza daude hiztun bakarra dutenak: vilela, teueltxea eta txana.

Txana hizkuntza aztertzen aritu zara. Aspaldi desagertutako hizkuntza zela uste zen. Nola izan zenuen hiztun bat bazenaren berri?

Don Blas –Blas Wilfredo Omar Jaime da bere izen osoa– bere hiriko irratira joan zen. Parana hirian bizi da bera, Entre Ríos probintziako hiriburuan eta 77 urte ditu. Anaia zaharrena hil berri zitzaion, ama hil zela 20 urte ziren orduan eta txana hiztunik ba ote zen galdetzeko deitu zuen irratira. Bere hizkuntzan hitz egin ahal izateko lagun baten bila hasi zen eta albistea egunkarian ikusi nuenean jarri nintzen berarekin harremanetan. Orduz geroztik, zazpi urtez bildu dut haren testigantza.

Aurretik txanari buruz zegoen dokumentu bakarrenetakoa Aita Larrañaga apaiz uruguaiarrak idatzirikoa zen, 1815ekoa. Ordurako hiztun gutxi zeudela aipatzen du Larrañagak eta XIX. mendearen erdialdean desagertutako hizkuntza zela uste zen, baina emakumeek sekretupean mantendu dute alabei eta bilobei transmitituz. Emakumeak izan ziren kultura gordetzeko eta transmititzeko ardura hartu zutenak.

Eta Don Blasek nola ikasi zuen hizkuntza?

Amak erakutsi zion. Bere arreba bakarra haurra zela hil zenean amak galdetu zion hizkuntza transmititzeko beste inor ez zuela eta ikasi nahiko al zuen. Don Blasek 14-15 urte zituen orduan. Baiezkoa eman zion eta urte gutxira lanean hasi zen arren, ama bisitatzen zuen bakoitzeko txana hizkuntzaz gain, bere herriko ipuinak, historia eta naturari buruzko ezagutzak jaso zituen. Don Blasek uste zuen berak bezala beste batzuek ere amarengandik jasoko zutela hizkuntza, baina oraingoz ez da inor agertu.

Latza izan behar du zure kulturaren azken euskarri zarela jakiteak. Nola bizi du Don Blasek egoera hori?

Berak esaten du sekulako pisua sentitzen duela bere gain eta hitz bat irakasten duen bakoitzeko sorbaldan daraman zaku horretatik harri bat kentzen duela. Orain hizkuntza irakasteko klaseak ematen ditu astean behin. Dozena bat ikasle dauzka, baina inor ez da txana herrikoa eta zaila da ikasten dutenek hizkuntza erabili eta ondorengoei transmititzea.

Azken hiztun direnengan ohikoa izaten den bezala, zenbait gauza oroitzen ez dituela onartzeko zailtasunak ditu. Adibidez, “zerbaiten barruan” nola esaten den jakin nahi nuenean galdetzen nion ea “patatak eltze barruan daude” nola esango lukeen. Berak erantzuten zidan zertarako esan behar ote lukeen halakorik, eltzeko tapa altxatzearekin nahikoa zuela. Orduan “txakurra etxe barruan dago” nola esango lukeen galdetzen nion eta berak ezetz, txanak ez zuela sekula txakurra etxe barrura sartzen utziko. Hortaz, “txakurra patioan dago” txanaz nola esaten den galdetu eta berak halakorik esateak zentzurik ez duela erantzuten zidan.

Bere ilusiorik handiena hizketa lagun bat aurkitzea da, dituen oroitzapenak konparatzeko. Zurrumurru asko iritsi zaizkigu eta hamar bidaiatik gora egin ditugu elkarrekin, baina orain arte ez dugu txana gogoratzen duen inor aurkitu.

Zein da Don Blasekin batera egin duzun lana?

Nire lan nagusia Don Blasen testigantza jasotzea izan da eta, batez ere, bere testigantzaren egiazkotasuna zientifikoki frogatzea. Denbora pasa ahala, Don Blasek gauza gehiago gogoratu ahal izan ditu. Zazpi urteko epean testigantza zentzuduna mantendu du, konplexua. Horregatik, eta Don Blasek gogoratzen zuenaren eta antzinako txanaren arteko loturak, baita txarrua familiako gainontzeko hizkuntzekiko dituen antzekotasunengatik ere, testigantza egiazkoa dela esan daiteke.

Zein aukera dituzte txana, vilela eta teueltxearen antzeko egoeran dauden hizkuntzek ez desagertzeko?

Oso zaila da bizirautea. Herri horietako kide direnek ikasten ez badute ia ziurra da ez dela belaunaldiz belaunaldi transmitituko. Hizkuntzalari gehienen ustez, 20 hiztun baino gutxiagoko hizkuntzen kasuan dokumentazioa da geratzen den baliabidea, datozenei ondarea ahalik eta modu fidelenean deskribatua uzteko lana. Komunitate kulturaleko kideengandik sortu behar da hizkuntza mantentzeko nahia, bestela alferrik da. Kanpotik datorren edozein ekimen beti izango da inposizio gisa ulertua, baldin eta aurretik kideen borondaterik ez badago.

Horrez gain globalizazioaren ondorioak izan behar ditugu kontuan. Aurreikuspenen arabera munduan diren 7.000 hizkuntzetatik erdiak 100 urteren buruan desagertuko dira. Asko dira hamar hiztun edo gutxiago dituzten hizkuntzak, kultura baztertuak dira gainera askotan, gutxiago direnaren ustearengatik baztertuak direnak.

Argentinan hainbat herrik galdu dute haien hizkuntza. Zer gertatu da herri horiekin? Zer gertatzen da kultura batekin hizkuntza galtzen duenean?

Hizkuntzarik gabeko herria kulturarik gabeko herria da. Argentinan bizi diren herri batzuen kasuan, hizkuntza propioa galdu ondoren, beste herri indigena baten hizkuntza bereganatu dute. Adibidez, Santiago del Estero probintziako herri indigena guztiek kitxua egin dute haien hizkuntza. Iparraldeko probintzietan, aldiz, diagitek ketxua ikasi dute; haien berezko hizkuntza, kakan izenekoa, desagertua baita. Kulturaren ohitura zaharrak berreskuratu nahi dituzte, baina hizkuntzarik gabe oso zaila da. Henia herrikoak adibidez, “santuchada” izeneko festan biltzen dira urtero –herri horretan santucho baita abizenik ohikoena– eta lumak jartzen dituzte buruan, indioen estereotiporik ezagunenari jarraiki, baina ez da inolako erreferentziarik herri horretakoek lumaz janzten zirela esaten duenik. Hizkuntza galtzen denean kultura bera galtzen da.

Txana hizkuntza gertutik aztertu duzunez, zer ikusten duzu galduko dela hizkuntza desagertzen bada?

Kultura horrek milaka urtetan pilatu duen ezagutza pikutara joango da. Sendabelarrei buruzko ezagutza, naturaren inguruko ikusmoldea… Zenbait gauza ez dira sekula modu berean deituak izango. Adibidez, aluari “bizitzaren lore” esaten diote, ikatzari “lotan dagoen sua”, geziari “heriotz hegalari”. Nork deituko ditu berriz horrela? Alexandriako liburutegia galtzea bezalaxe da. Desagertzen den hizkuntza bakoitzarekin Alexandriako liburutegi bat galtzen dugu. Nork daki Alexandriako liburutegian antzinako munduari buruzko zenbat ezagutza galdu ote den! Nork daki desagertu den hizkuntza bakoitzean galdu dugun ezagutza guztia!

Zer dakigu txana herriaren historiari buruz?

XVI. mendean txanak egungo Buenos Aireseko probintzian, Santa Fen, Entre Ríosen eta Uruguaiko lurretan bizi ziren. Paraná, Uruguai eta La Platako ibaien ertzetan. Ehiztariak ziren, nekazaritza ere lantzen zuten neurri apalean. Baina nagusiki arrantzaleak ziren. Arrantzaleak eta kanoistak. Behin behineko kanpamenduetan bizi ziren. Kasu askotan ibaietako irletan altxatzen zituzten bizitokiak.

Don Blasek dioenez, bere arbasoek kontatzen zuten txanak aurretik mendian bizi zirela. Basoetan. Iparraldetik iritsitako herria omen da. Erreferentziarik ez dago ordea, ez orain zenbat denbora izan zen hori ezta zein mendi ingurutan bizi ziren ere. Arbasoen kontakizunak dio garai hartan txanek gizarte eredu matriarkala zutela, emakumeek hainbat senar zituztela, baina gosete baten ondorioz, txana herriaren menpe zeuden beste herriak matxinatu eta gerlari gizonek hartu zutela boterea.

Egun dozena bat pertsona inguruk aitortzen dute haien burua txana herriko kide. Denak Entre Ríos probintzia inguruan bizi dira baina sakabanaturik. Ez dute komunitate sentipenik elkarrekiko eta inork ez du arbasoen hizkuntza gogoratzen.

Estatuak zein leku eskaintzen die Argentinako bertako hizkuntzei hezkuntza sisteman?

Argentinan, ia eskola guztietan, ez dira bertako hizkuntzak irakasten. Hezkuntza elebiduna eskaintzen duten eskolak salbuespena dira eta Patagonian eta Chaco probintzian aurkitu daitezke soilik.

Patagoniako probintzietan maputxe hizkuntzako irakasle figura sortu dute, baina ekimenak oraingoz ez du emaitza oparorik eman. Ikasleek oinarrizko komunikaziorako estrategiak barneratzen dituzte: agurrak, zenbakiak, hitz erabilienak. Ez dute, ordea, hiztun osoen baliabide linguistiko-komunikatiboetan sakontzen. Beraz, hizkuntzaren irakaskuntza ez dago bermatua eta hizkuntza ikasten duten gazte gutxien kasuan eskolak ez du protagonismorik.

Chacon, berriz, hiztun indigenentzako irakasle formakuntza bultzatu da. 1995. urteaz geroztik, herri witxi, toba eta mokobietako kideak hiru urteko hezkuntza prozesuan murgildu izan dira, ondoren eskolak eman ahal izateko. Esperientzia honek emaitza positiboak eman ditu. Izan ere, gutxiago dira eskola mailak gainditu ezinik geratzen diren haurrak eta ikasleek haien berezko hizkuntza idazten ikasten dute.


Azkenak
EAEko Kultura Sistemaren Legea, Espainiako eskuinaren esku?

Jaurlaritzak lizitaziora atera zuen proiektua, “lan teknikoegia” delako. Ia 80.000 euro jasoko ditu Estudio Jurídico Gabeiras y Asociados SLP enpresa madrildarrak, “egoeraren diagnostikoa” eta legearen hasierako proiektua egiteko. Enpresa horren... [+]


“Irunen alarde gatazkarik ez dagoela diotenen asmoa da gaiari garrantzia kentzea, inor busti behar ez izateko”

Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]


2025-06-17 | Gedar
“Parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, eta aurten ere ez gara jaietatik kanpo geratuko”

Ehunka lagun mobilizatu dira berriz Gasteizen, txosnetan GKSren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurka mantentzen duten betoa dela-eta, irtenbide bat aldarrikatzeko.


Herri Sanferminak festarako prest

O plazan garatuko dute egitaraua. Bazkariak, bertso saioa, txikientzako antzerkia, pilota txapelketa, herri olinpiadak eta elektrotxarangak izango dira, besteak beste.


UEMAra beste bost herri batu dira eta plan estrategikoa adostu dute

Azkoitian egindako aurtengo lehenengo batzar nagusian batu dira UEMAra ondoko bost herri hauek: Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi.


Istilu arrazistak gertatu dira Martzillan, eta bizilagunek adingabeen zentroa ixtea eskatu dute

Joan den asteko asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean istiluak izan ziren Martzillan (Nafarroa), eta hainbat bizilagunek harriak eta aulkiak jaurti zizkieten zentroan zeuden etorkin adingabeei. Bizilagunak kalera irten ziren igandean, "herri seguru bat defendatzeko"... [+]


BSHko langileek Eskirotzeko lantegiko sarrera moztu dute berriz, kaleratzeen aurka

Joan den astean iragarri zuen BSH enpresak Eskirotzeko lantegia itxiko zuela langile batzordeak, Espainiako Industria Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak eginiko eskaerei jaramonik egin gabe. Asteartean egingo dute Enplegu Erregulazioko Espedientearen negoziatzeko lehen... [+]


B etiketadun ibilgailuak Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan sartzea debekatu dute

Neurriak orain arte, A etiketadun eta etiketarik gabekoei eragiten zien.


Subflubialaren proiektua gelditzea eskatu dute Leioako Artatza parkeko kanpaldian

Ekainaren 14 eta 15ean ibaipeko subflubialaren proiektuaren aurkako kanpaldia egin zuten 200 lagun inguruk Subflubiala Ez! plataformak antolatuta.

 


Israelek eta Iranek elkarri eraso egiten jarraitzen dute, geroz eta intentsitate handiagoarekin

Israelek ostiralean Irani eraso egin ostean, azken horretako lider nagusi Ali Khameneik "mendekua" iragarri zuen. Israelen erasoek dagoeneko 224 lagun hil dituzte Iranen; 23, berriz, Iranek Israelen eginikoek, horietatik zortzi igandean. Irango Parlamentuan NPT Arma... [+]


2025-06-16 | Behe Banda
barra warroak
Berandu zabiltza

Oporretan nago baina oraindik ez dut zutabea hasi. Oporretan nago baina nire gelak ez du igarri. Oporretan nago eta etxeko hautsa ez da mugitu. Oporretan nago eta topaguneko kanpin dendak lokatzez beteta jarraitzen du egongelan. Oporretan nago baina nire agenda ez da... [+]


Ehunka herritar turismo masiboaren aurka manifestatu dira Donostian, Europako hainbat hirirekin koordinatuta

Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko BiziLagunEkin plataformak deituta, Europa hegoaldeko turistifikazioaren aurkako SET sarearekin koordinatu dute ekimena.


Analisia
Kanarietara bidaiatzeko oharrak

Mingainari kosk txikia eginda joan ginen oporretan Kanarietako Lanzarote irlara. Maiatzaren erdian, turista asko-askorik topatuko ez genuela jakinda, prezio guztiak ere merkeago, eta hara eta hona mugitzeko lasaitasun gehiago. Espero bezalaxe izan zen. “Esperientzia”... [+]


Eguneraketa berriak daude