ARGIA.eus

2021eko urriaren 25a
Lekuko monetak

Ehunka txanpon txiki herriak biziberritzeko

  • Urte bete barru Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan lekuko moneta propioa eduki dezakete, Bizi! mugimenduak sustatuta. Munduan horrelako lekuko txanponak ehunka dira gaur egun, globalizazioari aurre eginez bertako ekonomiak, enplegu berriak, herritarren arteko elkarlana eta iraunkortasuna sustatzen dituztenak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2011ko urriaren 16a
www.hunnio.com gunetik hartutako irudian Alemaniako Bavarian Chiemgau eskualdean 2003tik darabiltzaten chiemgauerrak, 1, 2 eta 5 euroren baliokideak diren billeteak. Lekuko moneta hauen helburua herritarrek ez gordetzea baina herri barruko salerosketetan
www.hunnio.com gunetik hartutako irudian Alemaniako Bavarian Chiemgau eskualdean 2003tik darabiltzaten chiemgauerrak, 1, 2 eta 5 euroren baliokideak diren billeteak. Lekuko moneta hauen helburua herritarrek ez gordetzea baina herri barruko salerosketetan erabiltzea denez, urteko paperak usatu behar dira; bilete bakoitzak beheko aldean garbi erakusten du hiru hilabetero erantsi beharreko kupoia, diruaren depreziazio edo herdoitzeari dagokiona.

Bizi! mugimendua, Iparraldean 2009tik ekologiaz eta justizia sozialaz okupatzen den talde gaztea, joan den udaberritik ari da aztertzen lekuko diru berri bat abiaraztea. Gara egunkarian irailean azaldu duten ideia maiatzean Noel Txetx Etxeberrik aurkeztu zuen Enbata astekariarekin banatzen den Alda gehigarrian: Demain une monnaie basque?.

“Bihar euskal moneta bat?” ikusita zenbaitek ulertu lezakeen arren diru abertzale bat aipatzen duela, nazionalismoarekin ez baina justizia sozialarekin eta ekologikoarekin kezkatuta mundu osoan ugaritu diren ehunka sasi-diruen ildotik dator asmo berria. Antolatzaileek aitortu dutenez, Okzitaniako Villeneuve-sur-Lot herrian darabilten Abeille (erlea) eta Alemaniako Bavariako Chiemgau eskualdean darabilten Chiemgauer (chiemgautarra) dauzkate inspirazio iturri.

Villeneuve-sur-Lot eta inguruetan bizi diren biztanleek aukera dute euroaz gain delako erlearekin ere erosketak egiteko 2010eko urtarriletik. Prezioetan ez daukate nahasterik: abeille 1 = euro 1. Badira 1, 2, 5, 10 eta 20 erleko billeteak. Agir pour le Vivant elkarteak kudeatzen du lekuko moneta, bere bulegoetan saltzen ditu erleak.

Ez denetik baina gauza eta zerbitzu asko eros daitezke erlez ordainduta: jokoan parte hartzea erabaki duten dendari, artisau, profesional eta elkarteek atarietan iragartzen dute. Beraz, abeillak usatu ditzakezu Villeneuve-sur-Loten ogia erosteko, ordularia konpontzeko, umearen zaintzaileari pagatzeko, eta abar luze bat.

Erakunde eta profesionalek baldintza plegu zehatza onartu behar izan dute horretarako. Agir pour le Vivantek produkzio eta zerbitzu ekologikoak eta hurbilekoak sustatzen baititu, lan baldintza duinetan ekoitziak, ahalik eta iraunkorrenak. Sei hilero erleak balioaren %2 galtzen du, horrela lekuko dirua gorde ez baina erabili dadin.

Ipar Euskal Herriko proiektuaren sortzaileek aipatu duten beste eredua Alemaniako Chiemgau eskualdekoa da. Erleak bezala, chiemgauerrak ere euroen parekide dira. Baina sei hilabetero balioaren %8 galtzen dute. Diru honekin funtzionatzen duten herritar eta saltzaileek hiru hilabetez behin jasotzen dute billete bakoitzaren %2 balio duen tinbrea, paperari erasteko. Horrela eragotzi nahi dute sos horiek herdoiltzea.

2003an sortu zuen chiemgaurra Christian Gelleri maisuak bere ikasleekin elkarlanean. Helburuok ezarri zizkioten txanpon berriari: enplegu berriak sortzea, kultur jarduerak ugaritzea, iraunkortasuna sustatzea, elkar-laguntza sendotzea, lekuko ekonomia indartzea eta espekulazioa eragoztea.

2008an diru hori 3.000 herritarrek usatzen zuen, 600 komertziotan onartzen zen eta 370.000 chiemgauer zeuden zirkulazioan. Urte hartan hiru milioi fakturatu ziren chiemgauerretan, horiei esker eskualdeko elkarteen artean 33.000 banatu zirelarik diru-laguntzetan.

Hurbiltasuna eta integrazioa

Frantsesez SEL Système d’Echange Local eta ingelesez LETS Local Exchange Trading System deitzen diren lekuko diruok mundu osoan daude zabalduta. Horretan dabiltzanek diote lehenbizikoa Kanadako British Columbia estatuan Michael Lintonek abiarazi zuela, 1983an. Frantzian lehenbiziko SELa 1994an sortu zuten, guregandik hurbil Ariège departamenduan.

Munduan lekuko diruon paradisutzat Australia aipatzen da, 1995erako 250 sare baino gehiago zeuzkalako. Kanadan asko dira. Ekuadorren 140. Hortik aurrera, Japonia, Holanda, Hego Afrika, Hego Korea, Erresuma Batua, Suitza, Venezuela eta abar luze bat.
Ugaritasun horrek berekin ekarri du aniztasuna ere. Gorago aipatu erleak eta chiemgauerrak euroaren baliokide eta beste asko nor bere moneta ofizialaren parekide diren moduan, badira beste batzuk denbora banku legez funtzionatzen dutenak, unitatetzat lan ordua harturik. Internetek are gehiago bilakarazi ditu sistemok, kudeaketa asko burutzeko bezala kontrolatzeko ordenadoreak usatzen direlako orain.

Diru “sozialak”, “paraleloak”, “alternatiboak”, “osagarriak” eta horrelako izen gehiagoz bataiatu direnokin beren bultzatzaileek erantzun nahi izaten diete sistema finantzario nagusiak burutzen dituen desmasiei. Ez dira antzinako moneta txiki lokaletara edo diru nazionaletara itzultzeko ahaleginak.

Patrick Viveret filosofo eta ekonomia sozialean adituak bost funtzio aurkitzen dizkie sos berrioi. Salerosketen izaera aldatzen dute, gizarte barruko harremanak berrantolatuz. Ekonomia berriro lekuan finkatzen laguntzen dute, txanponok ez daukatelako baliorik hurbileko zirkuituetatik kanpo. Txirotasunari aurre egiten laguntzen dute, bestela saldu ezingo liratekeen produktuak edo zerbitzuak zirkulazioan sartuz. Bazterketaren kontrako borrokan balio handia dute, lanposturik gabeko jendeen integrazioa ahalbideratzen dutelako. Eta ingurumena zaintzen laguntzen dute, hurbileko produkzio eta kontsumoa sustatzeaz gain produktuak behin eta berriro usatzea baimentzen dutelako.

Abantailak asko izanik, diru berri bat abian jarri bezain pronto azaltzen dira arazoak ere. Hasteko, zer egin zergekin: non-nola ordaindu BEZa. Espainian eta oro bat Hego Euskal Herrian ez da arazo handia, hemen diru beltza barra-barra baitabil ohiko sistema ekonomikoan ere. Gauzok zorrotzago kontrolatzen dituzten Frantzian salaketak eta epaiketak izan dira, elkarlaguntzan ari ziren batzuk lantegi klandestinoan ari zirelakoan. Parisko Gobernuak gaur ez du BEZik eskatzen baldin eta SELez pagatzen dena tartekako lan bat baldin bada, enplegaturik gabea.

Jardinons la planète blog interesgarriak martxoan plazaratutako De l’écologie monétaire artikuluan pausatzen zituen lekuko diru hauen zenbait kontraesan. Bere burua decroissance edo herturaren militantetzat daukan egileak ikusten die gaur nagusi den neoliberalismoari jokoa egiteko arriskua: “Estatuek monetaz duten monopolioa hausten dute, baina gainera sustatzen dituzte harreman sistema batzuk berekin dakartenak lanpostuen malgutasuna, zerbitzu publikoen kostuak pagatzetik aldentzen dira; sozialdemokraziak ekarritako ongizate estatuaren eraisten laguntzen dute”.

Alderantzizkoa uste du Txetx Etxeberrik: “Tokiko diruak balioa duen lurraldean, proiektu komunitate bat sortzen da, idekia eta integratzailea, jendeen neurrikoa, bere oraina eta geroaren aktorea, munduaren beste parteekin eta datozen belaunaldiekin solidarioa dena”. Laster ikusiko dugu

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak


ASTEKARIA
2011ko urriaren 16a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude