Euskal? Zinemaren? Garapena?

  • Lan gaitza jarri zidaten joan den uztailaren 2an Heletan Euskal Herria Zuzenean festibaleko lagunek. Kulturaren inguruko jardunaldien baitan, Antton Lukuren ondotik, “euskal zinemagintzaren garapena” bota zidaten puntua niri, eta horretaz berba egin nezan eskatu. Ipuin kontalari edo apaiz paperean ikusi nuen bat-batean nire burua, esistitzen ez den zerbaitez mintzatu beharrez. Izan ere, ezin garapenik izan hasierarik ez duenak. “Euskal Zinemagintza” ez baita esistitu ere egiten.

Antton Ezeiza 1989ko argazki batean, 'Ke arteko egunak' estreinatu baino lehen. Egileak artikulu honetan aipatzen dituen zenbait ideia eta kezka planteatzen aitzindaria izan zen, bai teorian, bai praktikan.
Antton Ezeiza 1989ko argazki batean, 'Ke arteko egunak' estreinatu baino lehen. Egileak artikulu honetan aipatzen dituen zenbait ideia eta kezka planteatzen aitzindaria izan zen, bai teorian, bai praktikan.Karlos Corbella

Probokazioa bilatu nahian nabilela usteko du irakurleak. Eta ez. Argi eta garbi errepikatu beharra dago, ez gaur egun ez eta historiari begiratuta ere, Euskal Zinema ez dela esistitzen eta ez dela inoiz esistitu. Kasik enpirikoki frogatu litekeen errealitatea da. “Zinema espainola”, “zinema yankia” edo “zinema frantsesa”, edonork aintzat hartu eta aitortzen ditu korpus berezi eta identifikagarri gisa, baina Euskal Zinema definitzerako orduan, kontzeptu metafisiko guztiekin gertatzen den bezala, ez dago ados jartzerik.

Nire ustez, bi arrazoi nagusik eragin dute inesistentzia hori. Batetik, Euskal Zinemagileak ez direla gai izan esistitu dadin –eta hemen, sorkuntza kontuez gain, Zinemaren industria izaera aipatu behar da– eta bestetik, Euskal Zinemarik ezin omen dela esistitu, Euskal Herria bera ere ez delako esistitzen. Mapetan agertuko bagina, inork ez gintuzke auzitan jarriko. Baina kartografoek geografia kulturalaren atlasetik ere ezabatu gintuzten.

Lau multzo nagusitan sailkatu nituzke nik, Aturritik Ebrorako eremuan mustutako filmak. Lehenik, euskarazko filmak leudeke, gutxien espero duzunean agertzen diren loretxo hauskor eta maitagarriak. Ondoren, euskaraz ez izanik ere bertoko begirada batekin osatutako obrak. Hirugarrenik, atzerritarrek Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz egindako filmak sailkatuko nituzke. Eta azkenik, Film Kolonialak dei genitzakeenak; hau da, Euskal Herria kolonia kultural gisa ulertzen dituzten pelikula baskoak.

Aitortzen dut, beraz, Euskal Herrian zinema egin izan dela. Aitortzen ere euskal filmak –definizio ezberdinen arabera euskal filmetzat aitortuak– egin izan direla.... Baina edonola ere, euskal filmak egonik ere, Euskal Zinemarik, hau da Euskal Zinemagintzarik, hau da Euskal Zinematografiarik ez dago eta ez da egon.

Hurrengo galdera, bistan denez, nahiko argia da. “Euskal Zinemarik ez dago orduan. Baina... Posible ote da egotea?”. Erantzunak, nire ustez, kategorikoa da: “Bai, Euskal Zinema esistitzea posible da. Eta posible izateaz gain, beharrezkoa”.

Posible da, lehenik, Euskal Herria mapetan agertu ez arren, egiaz, esistitu egiten delako. Geuk, euskaldunok, egunero sortzen dugulako hala imaginatzean, Joseba Sarrionandiak berriki ondo gogoratu digun gisan. Eta posible da, bigarrenik, beste arteek horrela erakusten digutelako: “euskal literatura” edo eta “euskal musika” esistitzen baldin badira, zergatik ez da bada izango “euskal zinemarik”?

Baina posible izateaz gain, beharrezkoa ere badela nioen. Izan ere, Euskal Herriak bizirauteko borrokan duen gaitzik arriskutsuenetako bat alzheimerra da eta horri aurre egiteko moduen artean, zinema memoria kolektiboaren adierazpide oso baliagarria da. Patricio Guzman dokumentalgile txiletarrak ezin hobeki azaldu zuen aspaldi: “Zinemarik gabeko herria, argazki albumik gabeko familia bezalakoa da”. Horrez gain, herri batek bere burua pantailan ikusten duenean –ez ahaztu filmak normalki taldean ikusten direla, isilik eta iluntasunean–, herria “sortzen” ari da; zeluloideak “ispilu efektua” eragiten duenean ikusleengan, de facto, herri bat dago hor; bere esperientzia, emozio eta kode konpartituekin.

Ingurura begiratzea aski da ohartzeko, bizirauteko borrokan munduan zehar dauden hainbat herrirentzat zeinen baliagarria izan den zinema. Irlandan edo Algerian, adibidez. Edo Eskozian; non, duela gutxi irakurri nuenez, hamarkada batean independentismoa hirukoiztearen arrazoietako bat, (Estatu Batuetan egindako) Braveheart film abertzalearen oihartzun izugarria izan omen den. Historiari begiratuta, ikusiko dugu Euskal Herrian ere saiakera zenbait egon direla. Antton Ezeizaren kasuan, gainera, praktika teoriarekin uztartuz; nik hemen aipatutako hainbat ideia eta kezka planteatzen aitzindaria izan baitzen. Alta, bai Ezeizarenak bai beste saiakera guztiek loriatsuki frakasatu zuten, begiz begi hausten den katea bezala.

Baina etor gaitezen gaurko egunera berriro. Euskal Zinema posible eta beharrezko zela esan dut lehen. Bada, gaur egun inoiz baino aukera hobeak ematen dira horretarako, bai teknikoki, bai humanoki. Azken urte hauetan euskal film zenbait burutu dira, batzuetan kalitate handiarekin gainera. Baina orain, lore bakartietatik, baratzera pasa behar dugu. Euskal filmak egitetik, Euskal Zinemagintza osatzera.

Euskal Herri esistente bati dagokion Euskal Zinema esistentea eraikitzeko langintza kolektibo horretan, bakoitzak bere ideiak ekarri beharko ditu. Nik, apaltasunez, iradokizun txiki batzuk egin nahi nituzke. Berandu baino lehen eman behar liratekeen urratsak; haien urgentziaz oharturik, artistek, herri mugimenduek eta instituzioek elkarrekin bultzatu beharrekoak.

Lehena, zirkuitu komertzialetatik kanpo euskal filmak proiektatzeko sare nazional bat osatzeko beharra da. Zazpi probintziak barne hartuz, udalek babestu eta herri taldeek kudeatuko duten armiarma sarea. Horixe litzateke, dudarik gabe, biziraupenerako bermerik handiena; gure arnas aparatua.

Bigarren, ugalketa aparatua: umetokia. Kubako EICTV-aren ereduari jarraituz, gazteak formatzeko Zinema Eskola nazional potente bat sortzea, baliabide handiekin eta lehen mailako irakasleak gonbidatuz. Hauek atzerritarrak izanik ere, baitezpadakoa litzateke eskolako hizkuntza euskara izatea –azken finean, berdin da alemanez emaniko lezio bat euskarara edo gaztelaniara/frantsesera itzultzea–. Urtero hamabost gazteri beka eman eta hilabeteko iraupena luketen hiru ikastaro antolatzearekin has liteke. Eskola Ipar Euskal Herrian kokatuz, adibidez. Izan ere, beste klabeetako bat, gorputza belarrietatik oinetara eta Aturritik Ebrora luzatzen dela ez ahaztea baita.

Eta hirugarren proposamena: begi eta belarri, bihotz eta buru izango den Euskal Zinemaren Festibala. Euskarazkoa osoki, baina azpitituluen bidez mundu osoari irekia. Euskaldunontzat, aldi berean, topagune eta eztabaida-plaza izango dena. Aurrekoen lan ahaztuak ezagutu eta berriak kaleratzeko lekua. Ez du zertan hamar eguneko iraupena izan behar; hasteko, “Euskal Zinemaren asteburua” izan liteke bakarrik. Orain arteko harribitxi ezezagunak deskubritu, eta gaur eguneko film labur eta luzeak gozatzen, badugu edizio batzuetarako lana.

Bukatzera noa. Diotenez, 2016an Donostia Europako Kultur hiriburu izatean mundua geurera etorriko da urte batez. Aukera paregabea izan daiteke geu ere mundura jalgitzeko. Jarri gaitezen lanean, beraz, eta agian, 2016rako esistituko da Euskal Zinema; Euskal Literatura, Euskal Antzerkia edo Euskal Musika bezala. Orduan, munduak, Zurriolako hondartzan eserita, ezker eskuin begiratuko du, Aturritik Ebrora, eta ez du zalantzarik egingo Euskal Herria esistitzen dela.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude