Anna Hazarek XXI. mendeko Gandhi baten itxura dauka

  • Kontsumismoan arrapaladan murgiltzen ari den Indian gutxien espero zitekeen XXI. mendean gizartea astinduko zuenik Gandhi berritzat aurkeztu gizon batek. Baina jendeek kaleak bete dituzte politikoen ustelkeria salatzen duen lider aszetari erantzunez. Anna Hazarek gose grebak egiten ditu, baina agintzea zer den ere ikasita dator.

Berria egunkariak lerroburu hauekin aurkeztu zuen Anna Hazareren borroka joan den abuztuan: “Milaka lagunek bat egin dute Indian ustelkeriaren aurka hasitako protestekin. Anna Hazare ekintzaileak kartzelan geratzea erabaki du, espetxetik irteteko baimena badu ere”. Gose grebaz erkideak mobilizatzen dituen lider zahar bat Indian... Gandhi berri bat ote?

Askok izendatu dute gisa horretan. Hazarek berak ere horretarako bidea eman du: Indiaren aitapontekoa bezalatsu janzten da, Gandhiren erretratuen aurrean azaltzen zaie argazkilariei... Eta Mahatmak kolonizatzaile britainiarrak nola, Hazarek antzera samar dauzka asaldaturik Delhiko aparatu politiko zaharkituak.

2011 honetan bertan pare bat gose greba egin ditu, bata apirilean, bigarrena abuztuan, mundu osoan fama eman diotenak. Indiaren garapen ekonomikoa oztopatzen duen ustelkeria borrokatzeko ombudsman edo ararteko berezia eskatzen du, plaza publikoan barau eginez. Gobernua ahalegindu da karrikatik etxeratzen, Hazareren mezua ahultzeagatik, baina espetxean giltzaperatu duenean, orduantxe egin die gaiak ihes eskuetatik agintariei. Azkenean, gobernuak arartekoa onartu behar izan du.

Munduak uda honetan ezagutu du Hazare, baina indiarrek badute haren agintzeko moduen berri aspaldidanik. Duela 74 urte Kisan Baburao Hazare sortu zen, langile familia txiro batean. Ezin izan zuen ikasketarik burutu eta mutikotatik ahal bezala bizimodua atera behar izan zuen, tartean Mumbaiko karriketan loreak salduz.

India eta Txinaren arteko gerrak harrapatuta, 1963an eraman zuten soldadu. Armada ezin izan zuen berehalakoan laga, 1965ean India eta Pakistanen arteko gerra piztu baitzen. 12 urte eta gero 1975ean lizentziatu zuten. Militarren pentsio bat dauka irabazi bakartzat. Ezkongabea izan da beti.

Ralegan Siddhi izeneko bere sorlekura itzulita, miseriarik gorrienean murgildutako herria aurkitu zuen, Indian hain ugari direnetako bat: gosea, zorrak, basoak desegitearen ondorioz arazo ekologikoak, kriminalitatea, alkoholismoa... Gazte talde bat bereganatuta, herrigintzari heldu zion Hazarek.

Alkohola debekatu zuten herrian, ostatu eta bestelako saltokiak itxiaraziz. Inor harrapatzen bazuten edaten, zutoin bati lotu eta zigorrez jotzen zuten. “India baserritarra lurralde gogorra zen” erantzuten die Annak hertsikeria hura aurpegiratzen diotenei.

Baina moralizaziotik harago –tabakoa pipatzea ere debekatu zuten– herria biziberritzeko estrategia abiarazi zuten. 1980an hazien bankua sortu zuten: laborari aberatsenek beren uzten zati txiki bana utzi behar dute txiroenak ere hurrengo urtean zer ereina eduki dezan. Urtegi bat eraiki zuten, erregadio sistema antolatu, egarri handiko ekoizpenak –azukre kanabera, esaterako–  galarazi.

Beste aldaketa asko ekarri zituen kasta ezberdinen integrazioan, haur eta gazteen hezkuntzan eta abar.

Komunikatzen nagusi

Ralegan Siddhiko ohituretan berrikuntza bat sartu zuen, gaurko Euskal Herrian ere agian usatzeko modukoa: ezkontzako banketeekin herritarrak bizitarako zorpetzen direnez, eztei kolektiboak, gastuak partekatzeko. Gainera, Gandhiren filosofian oinarrituta, auzotarren biltzarra edo Gram Sbha zabaldu zuen herrian bezala Maharashtra estatu osoan.

1991n Hazarek Ustelkeriaren kontrako Mugimendua antolatu zuen sorterrian, oihana kontrolatu behar zuten basozainen eta zura saltzen zuten kontratisten arteko iruzurrak salatzeko. Herritik Maharashtra estatura, eta hortik India osora zabaldu ziren lider berriaren kanpainak, Hazareren fama abonatu duten gose greba, kartzelaldi, manifestazio eta bestelakoak.

Garia, garagarra, arroza eta bestelako laboreak alkohola egiteko usatzearen kontra burututako kanpainaren ostean, 2011n ustelkeriaren kontrakoari ekin dio. Lokpal edo ararteko berezi baten eske apirilaren 5ean gose greban sartu zen, Delhin. Laster 150 bildu zitzaizkion barau egiteko. Beste aktibista ezagunek adostasuna erakutsi zuten eta Twitter eta Facebook bidez sekulako oihartzuna eman zioten militante gazteagoek. 2011ko udaberria ez baitzen Magrebean soilik suertatu.

Apirilaren 9an utzi zion barauari, gobernuak amore emanda. Baina Hazarek abisatu zuen: “Benetako borroka orain hasi da. Lan handia daukagu legedi berria josten. Munduari erakutsi diogu elkar hartuta bost egunez zer lortu dezakegun. Mugimendu honetako gazteria da itxaropen ezaugarri”.

Ekainerako afera nahastu zen berriro. Ustelkeriaren kontrako mugimendua ohartu zen gobernua luzapenetan zebilela, hitzez onartua egintza bihurtu nahi ezean. Hazarek mehatxu egin zuen, abuztuaren 16an gose grebari helduko ziola berriz. Mumbaiko 30.000 taxi gidariek hitz eman zioten liderrari barauaren hasierarekin haiek greba egingo zutela.

Gobernuak Hazareri debekaturik plazan barau egitea, abuztuaren 16a heldu eta atxilotu egin zuten. Epaileak fidantzapean askatzea eskaini zion eta Hazarek pagatzeari uko egin. Istiluak kalean. 1.300 atxilotu gehiago. Albiste nagusia hedabide orotan. Oposizioko alderdi politikoak protestan. Ordu gutxiren buruan, poliziak berak eskatuta, libre utzi zuen jujeak.

Milioika herritarrentzako Anna Hazarek ekarri du egitura politiko zaharkitu ustelduetatik at diharduen lider karismatikoaren indarra. Aldiz, arerio eta kritiko zorrotzik ez du falta. Badirudi inoiz berari egin zaizkion ustelkeria salaketak erraz argitu dituela, ustelkeriak baino kontuetan irregulartasunak baizik ez dizkiotela aurkitu.

Serioagoak dira bestelako kritikak. Hazareri aurpegiratzen zaio, esaterako, agindu duen lekuetan jokabide oso demokratikoa erakutsi ez izana, hindu kastakoen balio, hizkera eta ikurrak erabiltzea, haragia jatea debekatzea, Dalit eta bestelako tribu txikiagoekiko begirunerik eza, eta abar.

Arundhati Roy idazle eta ekintzaile altermundialista famatua dago Hazare kritikatzen dutenen artean, uste baitu bere politika moralistekin politikoei egurra eman bai baina bakean lagatzen dituela Indiako milioika herritar baso eta lurrez desjabetzen ari diren konpainia handiak, benetako agintariak.

Gaur Anna Hazare bihurtu da lehen mailako gertakizun Indian. Mezuak adina, hau zabaltzen laguntzen dioten komunikatzaileen lanak dauka horren meritua. Telebista eta Internet barrutik ondo ezagutzen duten profesional gazteak bildu zaizkio. Irudietan jokatzen direlakoan gaur egungo iraultzak.

Versatile Genie blogak Internetez zabaldu duen irudiak poster bat erakusten du,  Anna Hazare buru zela Bangalore hirian India Ustelkeriaren Aurka mugimenduak maiatzean antolatu zuen bilkura-deia. Testuek diote: “India modernoko Gandhitarra. Ustelkeriaren kontrako mugimenduaren mesiasa. Zatoz. Borrokatu ustelkeria”. Delhiko Open astekariak plazaratu duenez, apirileko mobilizazioetako agerpen publikoetan Bharat Mata jainkosa hindua atzean zuela azaldu zen Hazare, erlijio horretakoak ez diren askoren kexuak eraginez. Geroztik, telebista, zinea, Facebook eta Twitter ondo ezagutzen dituzten aholkulari gazteen gomendioz, Mahatma Gandhiren irudiaren ondoan agertzen da beti, Indiaren aita biziberritua bailitzan. Kaleko lana liderrak eginik, komunikazio taldeko militante gazteen gain doa etxean geratu diren milioika indiarrei mezua helaraztea.


Azkenak
2024-03-19 | ARGIA
Laguntza humanitarioaren bila joandako 400 pertsonatik gora hil ditu Israelek

31.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Elkarrekin Arabak Euneiz-en proiekturako zuhaitz mozketa masiboa salatu du

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduera horrek “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude