Erleen demokrazia liderrik gabea

  • Liderrik gabeko anarkia zorrotz organizatua. Autogestioa. Erabaki-ahalmen berdineko kideek ekarritako proposamenak eztabaidatzen dituen batzarra. Erleek demokrazia asanblearioz ebazten dituzte koloniaren hil ala biziko hautuak. Milioika urteko efikaziaren bermearekin eskaintzen digute eredua gizakioi.

Erlemulkoa leihoburutik zintzilik;  kokatu zenean leihoak tapak itxita edukiko zituen, kaxa handia osatuz.
Erlemulkoa leihoburutik zintzilik; kokatu zenean leihoak tapak itxita edukiko zituen, kaxa handia osatuz.

Ahaztu erreginarena, ipuina zen: erleek ez dute monarkiarik maite. Neguan 10.000 eta uda betean 30.000 kide inguru eduki ditzakeen eultzan denak dira erlama edo erlandere –horiek bai hitz egokiak!– bakarraren arrautzetatik ernetako anai-arrebak.

Erregina? Biziraupenari begiratuta hala iduri luke, ama 3-4 urtez bizi baita, aldiz, alaba langile antzuak 45-60 egunez besterik ez, ar/erlamandoak aste batzuk gehiago. Baina mundualdi luzeago horretan erlanderea gau eta egun lanean ariko da, arrautzak errun eta errun edukiko dute alabek derrigorrean, aski emankor ari ez bada bultzaka eta haginka. Erlama sekula ez da irtengo erlauntzetik, ez bada zahartutakoan kolonia berria sortzeko... Baina geroxeago helduko gara horretara.

Gora langileen Emepublika!

Erreginarena ez da gizakiak jende denetik erleez sortu dituen ipuin, legenda eta mito ugarietako bat baizik. Erlearen irudi harrian margotuak badira gutxienik Mesolito arotik. Mesopotamian, Egipton, Grezian, Indian, Txinan, Erroman, Mayatarretan... Zibilizazio guztietan lehen mailako lekua eman zaie sineskerietan, erlijioan, jaiotzetiko hil arterainoko usadioetan, ekonomian eta jaietan. Gizakiek eskura zezaketen ia gozagarri bakarra eztia zen kasik atzo arte, eztiz egin zen lehenbiziko ardoa.

Erlearen ezagutza zientifikoa txit berandu iritsi da. Ez da Virgiliorenganaino urrundu behar irakurtzeko erleak usteldutako idien larruazaletatik sortzen omen direla eta antzekoak. Euskaraz erleez plazaratutako libururik zaharrenean, 1827an Iruñean inprimatutako Erle gobernatzalleen guidariya, edo erleac gobernatceco modua hartan, Joaquin de Santa Bárbara fraide karmelita arabarrak gogor erantzuten zien erleak erreginak erlamandoek ernaldutako arrautzetatik sortzen zirela ziotenei, tartean erlearen sexualitatea zientifikoki demostratu zuen R.A.F. Reaumour-i. Ez, omen, sexu harremanik ez da erleetan, erlea da Andre Dona Mariarekin batera Jainkoak birjinik ama izatea baimendu dion izaki bakarra, kristauoi garbitasunaren etsenplu emateko.

Hala ere, urrun geratu dira Charles Butler-ek 1609an bataiatu bezala erle jendearena “The Feminine monarchie” jotzen zen garaiak. Zientzialari erlezaleek asko ikasi dute geroztik erlearen benetako izaeraz eta bizimoduaz. Ikertzaileen artean klasikotzat jotzen da Karl Von Frisch zoologo austriarra, 1973an Nobel Saria irabazi zuena, Erleen bizitza famatuaren egilea, zeinetan ordura arte erleez demostratutakoak bildu zituen. Tartean, abereok elkarri informazioa pasatzeko erabiltzen duten dantzarena.

Orain Honeybee Democracy (Princeton University Press, 2010) plazaratu duen Thomas D. Seeley biologoak bere ikerlanak Von Frischek markatutako ildoan mamitu ditu. Cornell University-ko Neurobiologia sailaren buru Seeleyk aurretik argitaratuak ditu dagoenekoz xomorrootaz klasikotzat jotzen diren The Wisdom of the Hive eta Honeybee Ecology.

Erlearen benetako erditzea

Erleen demokrazian Seeleyk laburbildu du nola burutzen duten animaliok demokratikoki familiaren eta espeziearen biziraupena jokatzen deneko hauturik garrantzitsuena: kale gorritik aterpetzeko premiazkoa duten bizileku berria non kokatu. Eta ez du erabakiko inongo erregina edo liderrek, langileek deliberatuko dute eztabaida luzez eta biziz.

Kontua da “erlauntz”, “eultze” edo “kofoin” deitzen dugun erle-unitatea bere burua erdibanatuz ugaltzen dela. Taldea aski handitu denean, leku faltan, edo erregina zahartzen ari zaionean, erleek ulertzen dute batez bi egiteko ordua heldu dela. Hasteko, bigarren taldea sortzeko, langileek amagai –erreginagai– berriak jaioaraziko dituzte. Langile antzuek ondo dakite –40 milioi urte baino gehiagoz erabili dute sistema–, beraiek bezala antzu sortu behar zuten milaka ahizpetako bakan batzuk erlama jaio daitezkeela, baldin eta era berezian elikatzen badituzte sortu aurretiko egunetan. Horra nola burutu duen Errepublika Emeak –“Emepublikak?”– eszinditzeko hautu estrategikoa.

Espeziearen biziraupena dago jokoan zatiketan. Erlauntz zaharra ondo frogatutako egoitza denez, bertan geratu da odola berrituko duen familia gaztea: ama zaharrak errundako ume-sabia, milaka arrautza, larba eta ninfa jaiotzear daudenak, gehi langile gazteenak, jaioberriei lehen egunetan laguntzeko entrenatuta daudenak. Bertan geratuko dira amaren gene altxorra daramaten erlamandoak, inguruko eultzeetako eme birjinei semenarekin pasatzeko irrikiz. Eta, horra inportanteena, familiari jarraipena emango dioten eme-erreginagai berriak, odol berriz segurtatzeko koloniaren jarraipena.

Bitartean, erlauntz zaharretik alde egin behar du erregina zaharrak langile zaharrenekin. Irten aurretik bidaiarako eztiz ondo ase dira eta soinu bereziak egiten aritu: “Erlea kantari ari da” diote erlezainek. Eta halako batean, etxolatik jalgi eta inguruko adaxkaren batean zintzilik kokatuko dira, “erlekumea” edo “erlemulkoa” osatuz. Apiriletik uda bitartean nork ez ditu ikusi kaleko zuhaitzen batean? Ez janaririk, ez babesik, ez umeak eta eztia pilatzeko aberaskarik gabe, egun gutxiko tartea dauka mulkoak bizileku berria aurkitzeko. Hil ala bizikoa izango dute ondo eta azkar erabakitzea. Lauzpabost egun horietako ahalegin agonikoaren kontakizun zientifikoa da Thomas Seeleyk egin duena Honeybee Democracyn.

‘Sherpak’ familiarentzako babesleku bila

Gehienetan akabera ona duen exodo honetako protagonistak erle langileen arteko zaharrenak dira, ingelesez “scout” deitu dituztenak, heldutasunean ondo aurreratutako langile espezializatuak. Langileetatik edozeinek 6-8 asteko bizitza laburrean ofizio ezberdin andana burutzen ditu: jaio eta berehala garbitze lanetan aritu ostean, bere ahizpen inude izanen da, almazenaren kudeatzaile, argizari ekoizle eta aberaska eraikitzaile, atezain, eta azkenik larrelari, hau da, ezti, polen eta ur ekarle. Lantegirik arriskutsuena azkenerako uzten dute xomorrook, horrela hiltzen dira gehienak kanpoan, garraioan leher eginda, istripuz edo etsaiek harrapatuta. Lorerik lore bilketan dabiltzan erle zaharrenen artean batzuk berezitzen dira esploratzaile lanetan: besteei ezti edo polen iturri berriak non dauden jakinarazten dieten aitzindari, bidegile edo “sherpak” dira.

Erlemulkoa erlandere zaharra babestuz adarren batean zintzilik dagoen bitartean, ai-tzindariak berehala hasiko dira etxe berri bila. Ondoko ordu eta egunetan bakoitzak emango dio taldeari aurkitu duenaren berri, eta saiatuko da leku hartara kide gehiago eramaten. Informazioa sozializatzearekin batera hasiko da proposamenen arteko lehia luzea, gutxitan ordu batzuk eta sarritan hiruzpalau egun iraungo dituena. Baina nola aukeratzen dituzte bizilekuak, nola eztabaidatzen dituzte aukera ezberdinak, nola erabakitzen dute, nola konbentzitzen dute talde osoa geldialditik atera eta txoko berrira mugitzeko? Hona Thomas D. Seeleyren konklusioak.

Gakoetako bat erleek informazioa elkarrekin partekatzeko daukaten komunikabidean datza. Dantzan, alegia. Ohiko jardunean, erlauntzako beharginak elikagaien bilketan dabiltzanean, aitzindariek familiari ekartzen dizkiote aurkitu dituzten ezti edo polen iturrien albiste eta mostrak. Von Frischek demostratu zuenez, erleek “8” zenbakiaren antzeko irudia marrazten dute, erdiko ardatzaren norabidearekin markatuz ezti-polenak non diren; dantza arinago edo motelago eginez adierazten dute iturria gertuago edo urrunago dagoen. Interneten “honeybee wagle dance” ipinita bideo mordoxka aurkitu daitezke dantzaren irudiekin. Etxe bila dabiltzanean, “scout” bakoitzak dantza hori bera erabiliko du inguruko ahizpei erakusteko non eta nolako etxea topatu duen.

Dantza txapelketa kofoinean

Nolako etxea nahi duten? 40 milioi urtetan selekzio naturalak itsatsi dizkie irizpideak beren burmuin txikietan: aukeran hobetsiko dute 40 litro inguruko kabiera duen hutsune lehorra, lurretik 6 metro inguruko altueran dagoena, 10-30 zentimetro koadroko sarbidea daukana, hego aldera nahiago. Zoko bat aurkitutakoan, sherpak ondo neurtuko du, behin eta berriro hormetatik ibiliz. Gero, mulkora itzulita, dantza bidez jakinaraziko die ingurukoei. Berdin egingo dute bilaketan arituta itzuli diren beste batzuek. Eta ondorengo orduetan ikusiko da erleen eztabaida, dantzakako lehia, erleen demokrazia praktikoa.

“Erlemulko batek bizileku berria bilatzen duenean –idatzi du Seeleyk– zuzeneko demokrazia deitua obratzen du, zeinetan komunitate bateko kideek parte hartzen duten nork bere izenean eta ez besteren ordezkari”. 1970eko hamarkadan “asanbladak” deitzen ziren batzarrak ez daude gaur modan mundu aberatsean, ez bada zenbait elkarte eta kooperatibatan. Politikan, Suitzako herri batzuek atxikitzen dute auzotarren herri batzarra, eta Thomas D. Seeleyk ezagutzen ditu bera bizi den AEBetako kosta atlantiarrean ere. Hauetako eta erlemulkoetako eztabaidek badute, bere ustetan, antzekotasunik.

Erabakia ez du lider batek finkatzen baizik eta kide askok, boto libre eta pisu berdinekoekin. Eztabaidan ehunka erlek hartzen dutenez parte, iturri askotako informazioak alderatzen dira, kide batek bakarka inoiz bildu ezingo lituzkeenak. Abantaila handia da: zenbat eta aukera zabalagoa, onena hautatzeko probabilitate handiagoa. Informatzaile bakoitzak berea iragartzen du, entzuleetako batzuek bisitatzen dute lekua, hauek itzulitakoan indar handiagoz edo txikiagoz egiten dute dantza, ondoko kide gehiagok baloratzen dute... Horrela doaz dantzak kide gehiago edo gutxiago bilduz. Joera nagusiak nabarmentzen dira.

Appeldore uhartean, AEBetako Maine estatuan, egindako esperimentuetan Seeley irakasleak eta bere lankideak ohartu dira une jakin batean erleek eztabaida eten egiten dutela proposamen nagusiaren alde halako dantzari kopuru bat biltzen denean. Aski, denak gelditzen dira. Minoritarioek amore eman dute. Eta eskerrak. Mulkoan zintzilik “probisional” bizi diren erleak bertan akabatuko lirateke hotzez eta gosez dantzaldia sobera luza baledi.

Kontsentsua lortutakoan, berehala hasiko da lekualdaketa. Erle bidegile horiek berek gidatuko dute elkarte osoa jauregi berriraino. Kalean ere askok ikusi dute erlekumearen hegaldia: adarretik askatuta, laino antzeko bat osatzen dute, poliki mugitzen dira hasieran, abiadura handia hartzen gero, kokagunera iritsitakoan berriz frenatu, eta minutu oso gutxitan denak barrura, erlama zaharraren atzetik. Hasi da bizi berria, biharamunetik denak berriro lanera. Urtebete edo bi barru gertatuko da kolonia honen hurrengo eszisioa, hurrengo ugalketa, baina oraingo odisea egin duten milaka erleotatik bakar batek ez du ikusiko.

Bost ikasgai gizakion batzarretarako

Erlearen jokabidea hain sakon aztertu duen Thomas D. Seeleyk irakurleari zenbait ikasgai proposatzen dio, jendez osatu taldeei baliagarri zaizkielakoan. Lehena: erabaki bat hartu behar duen taldea osatzerakoan, kontuan izan kideek interes berdinak eduki behar dituztela eta elkarrekiko begirunea. Erle bakoitzaren etorkizuna taldearen bera da, bakoitzaren geneak eta denenak amak dauzka.

Bigarrenik, ahal hainbat gutxitu lider baten eragina taldearen pentsamenduan. Gizakiek ia beti dutenez liderren bat, honek talde lana bultzatu behar du, ezbaia moderatu, bilatzaileak animatu, baina ez aldeztu aukeretako bat; kontsentsua bultzatu.

Hirugarren lezioa, arazo bati soluzio bat baino gehiago bilatu. Horretarako segurtatu behar da taldea aski indartsu eta anitza izatea, kideen bilaketa lanak sustatu eta proposamenak aurkezteko giro ona segurtatu.

Laugarrena: talde osoak aukera guztiez duen ezagutza hobetu eztabaidaren bidez. Erle sherpa bakoitzak dantzarekin egiten du berearen propaganda eta harekin ados daudenek gero dantza bera egingo dute, baina inork ez du dantza egiten imitazio hutsez, esan dioten lekua bertatik ikusi ondoren baizik. Horrelako komunikazioa bultzatu behar du giza taldearen eztabaidak.

Eta bosgarren ikasgaia: taldearen kohesioarekin batera erabakiaren zuzentasuna eta abiadura bermatzeko cuoruma usatu tresna-tzat. Erleetan, aukera baten alde halako kopuru jakin bat biltzen denean, gainerakoek ulertzen dute aski cuorum lortu duela eta beste aukeren aldezleek amore ematen dute, kontsentsura helduz. Gizakien kasuan, kon-tsentsu bila Seeleyk uste du oso tresna ona dela eztabaida bat aurrera samartua dagoenean sondaketa moduko bozketak egitea; bozketa formal eta sekretuak baina tenperatura hartzekoak, iritziak nola dauden neurtzeko. Normalean –beti egokitu daiteke kide oso-oso setatiren bat– kideen %80 hautu baten alde dagoela ikusten denean, gainerakoak ere biltzen dira kontsentsura.

Enpresa eta elkarteetan mixiolari moduan dabiltzan aholkulariek urrezko aukera lukete, ez balitz hain subertsiboa, erleen liderrik gabeko demokrazian. Thomas D. Seeleyk honela laburbildu du irakaspena: “Milioika urtez erlemulkoetan erle bidegileek beren gain hartu dute norbere taldearentzako bizileku txukuna aukeratzeko beharra. Eboluziozko denboraldi luze horretan, selekzio naturalak egituratu ditu xomorroen bilaketa taldeak ahalik eta hautu onenak egin ditzaten. Orain gizakiok ezagutzen dugu hautaketa prozesu irudimentsu hori nola burutzen duten, eta aukera daukagu ezagutza hau gure bizimoduak hobetzeko baliatzeko”.

Nola deitu sistema honi: liderrik gabeko demokrazia, demokrazia asanblearioa, akrazia egituratua, komunismo libertarioa, emeen errepublika igualitarioa...? Zuk nahi duzun moduan izendatu, baina metodoak 40 milioi urteko esperientziaren bermea dauka.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude